Nori axola zaio arnasarazten digutena? Ingurumen-datuen manipulazioaren adibide bat

Onaindia biriklatze-gunea sutan (Argazkia: Alex García)

Herenegun, apirilaren lehenean, gaueko 9etan, sute izugarria gertatu zen Gasteizko iparraldean, Arriaga eta Abetxuko auzoen ondoan, Onaindia izeneko birziklatze-plantan.

Sortzen ari zen ke toxikoa eta errautsak medio, Udalak etxeetako leihoak ixtea eta eskegitako arropa jasotzea aholkatu omen zuen. Inor gutxik daki nola hedatu zuen larrialdi-abisua jendearen artean, gehienok irrati-albisteen bidez jakin izan baikenuen beranduago. 

Berdintsu gertatu zen hurrengo goizean, apirilaren 2an: eguerdiko albistegien bitartez jakin izan genuen goizeko 7etarako desaktibatuta zegoela larrialdi-abisua. Nonbait pasatuta zegoen ordurako ke toxikoaren arriskua.

Hiriko prentsak azaldu zuenez,

A primera hora de este miércoles los Bomberos han decidido levantar esta restricción y ya no es necesario cerrar ventanas. Pese a todo, el olor a humo y plástico quemado se nota en gran parte de la ciudad. Es un olor no tóxico.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Goizeko errealitatea, halere, bestelakoa izan zen Gasteizko hainbat lekutan. Zerikusirik ez zuena “ofizialki” kontatutakoarekin. Eta inork inon azaldu ez duena. Ez eta alderdi politikoek edo sektore porrokatuenek ere.

Hain zuzen ere, atzo, apirilak 2, goizeko 6etatik 10etara, denbora errealean airearen kalitatearen berri ematen duen aqicn.org delakoaren arabera, 183 µg/m3 ematen aritu zen Zaramagako “Martxoaren 3” plazako estazioa kaltegarrienak diren PM 2,5 partikuletan. Haren eskalak sei maila ditu: “Ona-Moderatua-Ez da osasuntsua-“Insalubre” (Kaltegarria)-Oso osasungarritasun gutxikoa-Arriskutsua”. Eta atzo goizean neurtutako airea “insalubre” horri zegokion. Kaltegarria, hortaz. 

Aire-kalitatearen egoera larria, gorriz

∞∞∞∞∞∞∞∞

Bitartean, neurtze-estazio berberaren datuak jasotzen dituen iqair.com delakoa goizeko 5etan hasi zen kutsadurak 152 µg/m3 gaindituak zituela erakusten. Aire kutsatu kaltegarria, beraz. Ez zuen, tamalez, ondoko orduetakoa behar bezala islatu.

iqair.com

∞∞∞∞∞∞∞∞

Lotsagarriena, nolanahi ere, gure erakunde ofizialen aldetik etorri zen.

Gasteizko Udalak erreferentziatzat duen Eusko Jaurlaritzaren aire-kontrolerako sareak 117 µg/m3 jaso zituen goizeko 7etan. Alabaina, arduradunen bati askotxo iruditurik edo (sare horren eskalan, 50etik gora “oso txarra” da), hurrengo hiru (3) orduetan areagotuz joan zen kutsaduraren neurketa ez zen azaldu bere grafikoetan. Horrelako egoera larrietan denbora errealean eman beharko litzatekeen informazio-premiari muzin eginez, web-orri horretan ez zegoen ­–eta ez dago– inolako daturik. Hutsik daude lauki ofizialak. Hiru ordu horietan ez zen arazorik izan, beraz. Aski garbi mintzo da ondoko grafikoa horretaz:

Eusko Jaurlaritzaren airearen kontrolerako sarea

∞∞∞∞∞∞∞∞

Eskola-orduak iritsitakoan (batzuk 8etan hasten dira), Martxoak 3 plazako neurketa-estazioaren ondo-ondoan dauden bi ikastetxeetako batean, arnastean zerbait berezi nabaritu zutenean, Udaletxera deitu zuten airearen kalitateaz galdetzeko. Han inork ez omen zekien ezer. Inork ez omen zien denbora errealean neurtzen ari zen aire toxiko eta arriskutsu hari buruzko abisurik pasatu. Ofizialki, larritasun-egoera bukatua omen zegoen goizeko zazpietarako. Gasteiz guztian.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Eguerdiko albisteen bidez jakin izan genuen Maider Etxebarria alkatesak eta bere auzokide hurbilek (“mi comunidad” delakoak) ongi asko jaso zutela larrialdiaren amaieraren abisua. Ez zuen zehaztu Es-Alert pribatu baten bidez iritsi zitzaien abisua, watxap-en bitartez ala udaltzainen bat bidali zieten atarira ohar bat jartzera, baina abisuaz enteratu ez zena ergel samarra izan zela adierazten zuen irribarre batekin kontatu zuen hori Gasteizko alkatesak irrati-telebisten aurrean.

Kategoria: klima-aldaketa. Gorde lotura.