Eskertzekoak dira eta, hein batean behintzat, lasaigarriak Statkraftek poligono eolikorako proiektatua duen esparruaren barruko lur-mugimenduei buruz Arabako Foru Aldundiak kaleratu dituen azalpenak. Antza denez, kezkatuta geratu zen Arabako Foru Aldundia (AFA) Belamenditik edo iritsi zitzaion albisteaz eta, manipulazioak eta konspiranoiak ekidite aldera, garbi utzi nahi izan zuen hainbat puntu eta kontu, lehena eta garrantzizkoena honako hau: Kurtzeta aldeko dena delako hori “ez dela obra bat, Legutioko saihesbide berriaren eraikuntzarekin lotutako lanak” baizik.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Aitortu beharrik ez dago zenbateraino lasaitu duen informazio horrek jendearen egonezina! Guztiarekin ere, harago eraman nahi izan du Aldundiak gardentasun-politika eta argitzapenen artean ondoko hauek ere zabaldu ditu:
1.- Mugimenduak jasaten ari den Kurtzeta ondoko esparru hori “Foru Aldundiaren jabetzako lursaila” dela (arabar guztiona dela esan nahi bide zuen ziur asko, baina…).
2.- Inork ez bazekien ere, lursail hori “soberakinen biltegia” dela eta horrexegatik eramaten ari direla hara Legutioko saihesbideko obren lur-soberakinak.
3.- Bertan uzten, metatzen eta zapaltzen ari direna “Legutioko saihesbideko obren lur-mugimenduak sortzen dituen material naturala” dela. Alegia, guzti-guztia datorrela Legutiotik eta ez dagoela bertan naturatik ez datorrenik, hala nola hondakinik, zaborrik, amiantorik, etab.
∞∞∞∞∞∞∞∞
AFAk ez omen daki oraindik, tamalez, “soberakinen biltegi” hori Statkraften poligono-proiektuaren barruan agertzen dela, eta, ñimiñokeria horretaz ezer ez dakienez, ezin izan du argitu noiz eta zein baldintzatan eskaini(ko) dion biltegi gisako lursail zabal hori enpresa norbegiarrari.
Eta bere burua ezjakite-gako horretatik zintzilikatuta, aski iritzi dio legutioarren onerako prestatu nahi den saihesbideko soberakinak besterik ez dutela eramaten esateari. Hau da, “hemengoak hara, dena baita bera” filosofia datzala lur-mugimendu horien azpian.
Eta ezjakintasun epiko horren barnean egonik, ezin izan du aurreratu, noski, Legutioko saihesbidea Statkraften poligono eolikorako material-garraioaren ahalbidetzea eta erraztea bilatzen duen saihesbidea dela nagusiki.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Ahaztu egin zaio argitzea, orobat, zergatik Legutiori dagozkion lur-soberakin horiek ez diren Legutioko udalbarruti zabalaren esparruan geratu. Edo, zer dela-eta ez dituen eraman, eman dezagun, hurbilago zituen Zigoitia edo Arratzua-Ubarrundia aldera, zinez pentsatzekoa baita haietan ere izango zuela biltze-funtzio hori bete dezakeen lurralde propiorik, eta akaso estalia izateko premia gehiagoko arro, troka edota zulo arriskutsurik.
Hortaz, irizpide tekniko on batzuekin eta trafikoaren ziurtasuna beti ikusmiran, Kurtzetarantz eraman nahi izan ditu “material natural” horiek, garraio-kamiotzar prozesio etengabea zortzi-hamar kilometroko errepide ezin estuagoan paratuz.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Arabako Foru Aldundiko berri-emaileari ahaztu egin zaio zehaztea, halaber, nondik ateratzen dituen obren kontzesioa daukan Yarritu enpresak hainbeste kamioikada kare-harri.
Goienak berak kaleratutako argazkian ikusi bezala, sagu albinoak (ez Albinakoak!) baino zuri-garbiagoak dirudite metatutako harri horiek guztiek, harrobi batetik atera berriak balira bezala, eta ez Legutioko soberakinekin batera lokaztuak ateratzen ari diren arbel-xaflak eta harriak.
Eta, nola ez, komenigarria litzateke kare-harri orbangabez betetako kamioikada horien jatorria (ez ote daude Artziniega eta Arraia-Maeztuko harrobiak urrunegi?) eta funtzioa argitzea, zeren eta gaizki pentsatzeaz eta maiseatzeaz lanbide egin dezaketen alprojek –hemengo belabeltz zenbait barne, jakina– erraz asko pentsa lezakete, bete-lana baino gehiago, lur-zoruak gotortzeko eta finkatzeko izan daitezkeela harri horiek guztiak. Eta hortik Statkraften proiekturako plataforma sendoak egitera bideratuak izan litezkeela pentsatzera… urrats txiki bat baino ez dago.
Argituko ahal dira, bada, lehenbailehen kontutxu madarikatuok, segurua baita ez dagoela horren atzean inolako asmo ilun zitalik!