Bi urte barru mende eta erdi beteko da Aramaiok tropa liberalen inbasioa jasan zuenetik. Ohikoa da, horratik, inbasio edo okupazio hitzak ez azaltzea kronika eta txosten ofizialetan, inbaditzaileak inoiz ez baitu uste lurralde bat inbaditzen edota okupatzen duenik. Esanguratsua, ildo horretan, orduko albiste batek Aramaion gertatutakoaz zerabilen eufemismo-sorta:
∞∞∞∞∞∞∞
Hitzak haribira, kontua da 1876ko otsailaren 4an Jenaro Quesada jeneral liberalaren mendeko Cordova brigadako militar espainolak Aramaion “azaldu” zirela eta, bertan zeuden soldadu karlista gutxitxoek alde egin zutenez, herri guztiaz jabetu zirela. Hau da, Aramaio inbaditu eta okupatu egin zutela.
Inbasioa erreskadan zabaldu zen inguruetara: Otxandio eta Urkiola (1876.01.29), Abadiño (1876.02.05), Elgeta (1876.02.13), etab. Bizkaia eta Gipuzkoa menderatzeaz arduratu behar zen Quesadaren agindupeko ezkerreko armadak inbaditu zituen lurraldok. Nafarroaz jabetzea, bestalde, Martinez Campos-en eskuineko armadari egokitu zitzaion, horrelatsu, ezker-eskuin –baina gaztelaniaz–, banatu baitzituzten ofizialki tropa liberalak eta, inplizituki, Hego Euskal Herria bera ere.
Baina Aramaioz ere “arduratu” zen Quesada jeneralaren ezkerreko armada. Harrigarri bezain barregarri bada ere, infanteriako alferez izendatu zuten Quesada haurra sei (6) urte zituenean, landa-mariskala eta Santanderreko gobernadore militarra zenaren semea zelako ziurrenik. Hamabost (15) urterekin, buru-belarri ekin zion karlisten aurka borrokatzeari, ordurako jada teniente bilakatua. Hamaika lekutan aritu ondoren, 1839ko abuztuaren 14an, 21 urte zituela, Legution jardun zuen Errege Guardiaren 1. Erregimenduko kapitain gisara, eta, dirudienez, Aramaioraino ere “iritsi” zen jarraian. Hain zuzen ere, Lehen Karlistaldiaren amaiera ekarriko zuen Bergarako Besarkada –eufemismoa berau ere– baino hamazazpi egun lehenago.
1876ko Agate Deunaren egunaren bezperan bazekien, bada, nora zetorren.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Gorabehera zenbaitekin izan arren, Aramaio erresistentzia karlistaren sinbolotzat azaldua zen Lehen Karlistalditik aurrera eta, orografia lagun, bertan kokatuta egon zen Arabako Gerra-Diputazioa ere. Liberalentzat saihestu ezinezko zutarria zen, hortaz, harana irabaztea.
Guztiarekin ere, herri txiki bat baino ez zuten aurkitu espainolek bertan. Txikia eta troparen premietarako eskasa. Alegia, herria okupatzen hasi orduko urri geratu zitzaizkien azpiegiturak eta zerbitzu guztiak (bainuetxea, ostatuak, etxe partikularrak). Horren ondorioz, makina bat kanpadenda eta etxola ezartzeko landak eta esparruak behar izan zituzten ehunka eta ehunka soldaduz osatutako tropa eta zalditeria haiek.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Gertatu zena gerta zitekeela aurreikusiz, Aramaioko Udalbatzak hiru hilabete lehenago (1875eko azaroaren 6an) erabakia zuen etsaien ustezko garaipena apaltasunez onartuz jokatuko zutela liberalen armadak bertaratutakoan, eta zinegotzi-agintariak atxilo eramanak baziren –ohiko mugimendua, egia esan, gerra orotan–, udal-diruarekin ordainduko zirela gastuak, kalteak eta galerak.
Behin inbaditzaileen agindupean, eta gerra-galtzaileek jasan behar izaten dituzten jazarpen desberdinak tarteko –udaletxearen aurrean burututako elikagaien errekisaren irudia, lekuko–, hizkuntza inperialaren balio unibertsala ere dastatu ahal izan zuten aramaioarrek bolada batez.
Jakina, karlismoari egindako abegi onaren ondoren, Aramaio ez zegoen liberalei ezer ukatzeko edo eskatzeko paradan. Zetorkiena jasan, bizirik irauten saiatu eta, ahal zen moduan, aurrera egin.
∞∞∞∞∞∞∞∞
1876ko otsailaren 4 hartan bukatu zen aramaioarrentzat Karlistaldia. Gainerakoentzat, berriz, handik hogeita lau egunera: otsailaren 28an.
Urak ez ziren, horratik, beren hartara itzuli gerra amaitutakoan, ez behintzat karlista edota liberal foruzale izan zirenentzat eta ezta ere, noski, aramaioarrentzat.
Izatez, Karlistaldia galdutakoan –eta galdu zutelako, batik bat– bai Araba eta bai Bizkaia eta Gipuzkoa “lurralde garaitu”-tzat jo zituen Antonio Canovas del Castillo gobernuburu espainiarrak, eta hori gutxi izan balitz bezala, 1876ko uztailaren 21ean euskal autogobernuaren sinbolo ziren Foruak deuseztatuta utzi zituen Madrilek hiru lurraldeotan.
Erantsi beharrik ez da galdutako gerraren ondoko egoera latzari eta berezko etsipen psikologiko eta sozial larriari euskal gizarte-nortasunaren zutarri nagusietako baten suntsiketa gehitu zitzaiela horrela. Halakoetan ohi dena, besterik gabe: gerra galdu eta, jarraian, errepresioa eta zigor gaitza saritzat.
Zoriak nahi izan zuen, halere, 1897ko abuztuaren 8an Michele Angiolillo anarkista italiarrak gobernuburu espainiar hura tiroka zezan Gesalibarko bainuetxe ospetsuan.
Aramaiotik lau kilometro eskasera hil zen euskal Foruen deuseztatzailea, hain justu ere mende-laurden bat lehenago, data haietan (1872.08.12), Santa Kruz apaiz ekintzaile karlista atxilotu eta heriotza-zigorra ezarri zioten lekutik ezin hurbilago. Elduaindarrak ihes egitea lortu zuen, ordea. Kartzelatik eta heriotzatik.
∞∞∞∞∞∞∞∞
OHARRA: Post honetako irudi biak Pellicer izeneko marrazkilariak egindakoak omen dira (La Ilustración española y americana, 7. zkia. [1876.02.22], 113-116 or.) eta errealismo handiz erakusten dute egungo Bizente Goikoetxearen plazak eta Santa Kruz abadearenak garai hartan zuten konfigurazioa: Barrutia eta aurrealdeko aldapatxoa eta harrizko jarleku luzea (egun desgertuak), Mendialdua (Manzano), Doñanjela (B. Goikoetxearen arrebaren etxea, plazarantz sartzean, eskuinaldeko lehena), Ormaetxea (Kuku), Sastiña, Ametzu, etab.