Arabako Gerra-Diputazio karlista Aramaion: liburuxka baten argitalpena eta Karlos VII.aren bisitaldia 

La Ilustración española y americana, 
1874.10.08, 580 or.

Bigarren Karlistaldiak iraun bitartean (1872-1876), ia guda-jendearen erabilera hutserako geratu ziren garraio-zerbitzuak Aramaion eta, ondorioz, berdin gertatu zen kanpotarrez elikatzen ziren bainuetxeko zerbitzuekin eta herriko ostatuekin ere. 

Izatez, Aramaio zabaleko orografiak eskaintzen zuen defentsa naturala zela eta, Arabako gerra-diputazio edo jauregitzat hautatu zuten karlistek bainuetxea eta bertan ezarri zituzten egoitza, bulego nagusiak, telegrafoa eta bizkartzain-, soldadu-, miatzaile- eta mezulari-lanetan ziharduten boluntarioen kuartela.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Lehen Karlistaldian ere, oraindik taxuzko azpiegiturarik ez zenean, Arabako Gerra-Diputazio karlista jasoa zuen Aramaiok bolada batez, Balentin Berasategi izan zelarik Ahaldun Nagusia.

Nolanahi ere, Santa Kruz abadearen ihesaldi ospetsuaren ondoko urtean, karlista arabarren aginte-gune eta gotorleku bilakatu zen Aramaio hiru bat urtez. Bertako bainuetxea egoitzatzat harturik, 1873-1874 bitartean Rodrigo Ignacio de Varona karlista izan zen Arabako Ahaldun Nagusi eta gerrako Landa-maisu (“Maestre de Campo”). 

Une haietan, Aramaiotik 30 kilometrora, beste Ahaldun Nagusi bat zuten liberalek Gasteizko Diputazioan, Estanislao Urkixo izenekoa. 

Ardura haietan urtebete igaro zuela eta, 1874ko abuztuaren 20an utzi zuen kargua Varona diputatu karlistak. Karlos VII-arekin batera erbesteratuko zen gero, 1876an, baina politikari trebe gisara –Madrilgo legebiltzarrean egona baitzen 1871 eta 1872an–, urte hartan bertan makurtu zen Alfontso XII.aren menpera, haren barkamen-legea baliatuz eta leialtasun-zina eginez. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Ondoren, Frantzisko Maria Mendieta izendatu zuten Arabako Gerra-Diputazioaren arduradun eta buru. Haren aginduz inprimatu zen Reglamento para el Régimen de los Naturales Armados de Álava liburuxka, 1875eko abuztuaren 2an. Zipriano Ginearen ardurapean burutua, Aramaion kaleratu izan den argitalpen bakarra bide da. Liburuttoaren xedea tokian tokiko miliziak antolatzea zen, liberalen aurkako defentsa-indarrak areagotu ahal izateko. Bertan xedatzen zenaren arabera, “todo alavés de nacimiento ó vecindad fija, comprendida en las edades de 17 á 55 años, que por cualquiera causa no pertenezca á los batallones activos, pertenece de hecho al cuerpo de Naturales Armados de Alava”, ideologia liberalekoak ziren gizonak barne.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Nabarmentzekoa da, bestalde, karlisten Infanteriako Akademia Militarra finkatu zela Aramaion 1873-1874 bitartean, teniente, alferez eta gainerako ofizialen eskasiari aurre egin ahal izateko. Aldi berean Azpeitian jarri zen artilleriako akademia, Oñatin zalditeriakoa eta Bergaran ingeniarien prestakuntzakoa. 

Harekin batera, eta erreka ondoko burdinolak aprobetxatuz, armak konpontzeko lantegiren bat ere antolatu zen Aramaion.


∞∞∞∞∞∞∞∞

Espainiako errege-nahi eta karlisten buru zen Karlos VII.ak ere ezin izan zuen garrantzi handiko gune politiko eta estrategiko hau bisitatu gabe utzi. Aramaiora egindako bisitan, ordea, ez omen zuen “jauregia” –bainuetxea, alegia– hartu ostatutzat. Erosotasunagatik eta ziurtasun-neurriengatik nonbait, udaletxearen ondoko etxebizitzako azken solairuan igaro zituen egonaldi labur hartako gauak, ahozko tradizioak dioenez. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Ez ziren opor-giroa edota apetak izan Carlos María de los Dolores Juan Isidro José Francisco Quirino Antonio Miguel Gabriel Rafael de Borbón y Austria-Este izeneko errege-nahi hura Aramaiora erakarri zutenak. Izan ere, euskal lurraldeak Karlistaldiaren eszenatoki nagusi izanda eta behin aginte-gunea eta egoitza Durangon eta Lizarran ezarrita, tropa liberalen aurkako fronteak antolatzea eta herritarren artean irabazteko itxaropena sustatzea zituen orduan helburu nagusi. Eta azken batean, jakina, Espainiako tronura eraman zezakeen gerra irabaztea. 

Asmoak asmo, gerra galdutzat jo eta erbestera abiatu zen 1876ko otsailaren 28an, Aramaio liberalen eskuetan erori eta hogeita lau egunera, hain zuzen. Eta alde egin zuen gure lurraldeak gerra galduek dakartzaten odol, sufrikario eta etsipenez beterik utzita.

Historiak dioenez, beste Borboi batzuen antzera mintzatuz (“envuelto en mi bandera, me hallaréis dispuesto siempre a sacrificar mi vida por el bien de España”) eta “Volveré!” oihukatuz zeharkatu zuen Karlos Maria Borboi hark Luzaideko muga. 

Ez zen itzuli, Lonbardiako erbesteratze erosoan zegoela zendu baitzen 1909ko uztailaren 18an.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Antza denez, une haietan inor gutxi ohartu zen errege-nahiak egitasmo eta praktika politikoan inoiz ez zuela kezkarik azaldu bere alde borrokatzen ziharduten euskaldun zintzo eta leialen munduaz, kulturaz eta hizkuntzaz. Nahiz eta kezka-gabezia hura agintari espainolen kromosometan betidanik agertu ohi zen zerbait izan. Baina euskaldunon itsukeria kronikoak…

Kategoria: Historia eta istorioak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude