Aramaio: aldaketa ekosozialerako proposamen integrala

Aramaioko urtegiaren proiekzioa

Aramaioarren nortasunak asko zor die historian zehar egokitu zaizkien paisaiari eta biodibertsitateari. Haiexek dituzte, jendeaz, hizkuntzaz eta kulturaz gainera, aberastasunik ikusgarrienak eta ederrenak, eta halaxe, zuzen eta artez, zaindu eta gorde izan dituzte betidanik.

Guztiarekin ere, beren paradisuan gotorturik geratu beharrean, aramaioarrek beste urrats bat eman nahi izan dute azkenaldi honetan euskaldun guztion ondare sinbolikoa eta praktikoa aberaste aldera. Eta halaxe, euskal burujabetza nazionala arlokako subiranotasunak pausoka eskuratzetik datorrela ohartuta, energia berriztagarrien subiranotasuna lortzeko apustu estrategikoa egitea erabaki dute lehendabizi. 

Geroago etorriko da, egunak gauari segitzen dion moduko naturaltasunez isuria, gainerako subiranotasunak lortzeko garaia: subiranotasun politikoa, ekonomikoa, soziala, linguistikoa, kulturala eta, nola ez, baita egiazko Jainkoak baino ezagutzen ez dituen gainerako subiranotasunak ere.

Eragozpen handi bakarra –beti dago-eta horrelakoren bat altruismoa garatu nahi denetan–, energia berriztagarri alternatiboak era integralean ekoitzi ahal izateko ezarri diren politika estuetan datza, oraingo legediak ez baitirudi Aramaiok nahi eta behar lukeena bezain irekia eta liberala. Izatez, deskarbonizazioaren eta eraldaketa ekosozialaren aldeko etengabeko borrokan, bertako biztanleek nahitaezko jotzen dute haranak, herriak, auzoak, errekak, basoak, erripak eta mendiak behar bezala baliatzeko aukera legala izatea eta, nahitaezkoa den heinean, paisaia ere aldika-aldika subiranotasun-aurpegi berriaz tindatzeko bideak errazturik aurkitzea, hau da, berdin zuhaitzak eta zuhamuxkak erauzteko tolerantzia zein muinoak lautzekoa, bide zabalak irekitzekoa edota bestelakoak burutzekoa. 

Hartara, herri-galdeketa burutu ondoren, proposamen berria plazaratu nahi izan dute aramaioarrek oraingoan, dagozkien gobernu eta legediek –hangoek eta hemengoek, alegia– ontzat hartuko dutelakoan. Erantsi beharrik ez da Aramaioko Udalbatzak 2023ko abenduaren 28ko osoko bilkuran aho batez onartu mozioaren laburpena dela honako hau.

I

Eraldaketa ekosozialerako arrazoien aurretikoak

Aramaioarrak betidanik izan dira ingurunearekin eta biodibertsitatearekin guztiz leialak eta arduratsuak, eta aspaldidanik izan dute giza-aurrerabidearen aldeko joera, bai eta, horren ondorioz, garapen ekonomiko eta sozialen aldekoa ere. Nabarmentzekoa da, ildo horretan, hasiera-hasieratik hartu zutela gogo onez, solidaritatez eta bihotz zabaltasunez Barajuen, Azkoaga eta Untzilla auzoen arteko harantxo liluragarrian, Bolinburuko erreka-arro luzean, oraindik orain bukatzeke dagoen Abiadura Handiko Trenaren hormigoizko azpiegitura erraldoia. Aramaiok, ezaguna denez, espainiar Estatua ongi bertebratua ikustea du lehen xede nagusia, eta badaki jakin ere horretarako eta espainiarrak maila altuko turismo gastronomikoa egitera azkarrago Euskal Herrira daitezen eraiki nahi izan dela AHT miresgarri hori. Eta hori sustatzen ari da gau eta egun, herri-izaera xumeak eman diezaiokeen kemen eta leialtasun guztiarekin.

Zirrikiturik gabeko leialtasun eta erantzukizun horiek sariztatzeko asmoz, oraintsu jakinarazi du espainiar Gobernuak sekretupean egon den estatu-akordio berezia etorriko dela aramaioarren poztasuna areagotzera: AHT delako horrek geraleku bana (apeaderoa esaten zaio euskal politikariekin sinatutako itunean) izango du Zabolan eta Untzillan, aramaioarrak ere Madrilera eta “al Sur” aldera lehenago iritsi eta, argiarena bezalako abiadura medio, bertakoago senti daitezen.

Horren aurrean, eskerrak emateaz gainera, Udalbatzak argi utzi nahi izan du lastima dela akordioa lehenago etorri ez izana eta AHT delakoa euskaldunak Audientzia Nazionalera hain maiz joaten zirenean oraindik martxan ez egotea.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Agerikoa da, bestalde, giza-aurrerabidearen premiak ase behar direla eta, hemendik aurrera aerosorgailu indartsuak ere izango dituela haranak hegoaldetik ixten duten mendien gainean. Zazpi haize-errota Aramaioko lurretan eta bakar bat –gizagaixoak!– Eskoriatzan. Inguruan inoiz ikusi ez bezalako tamainako eiheratxoak: 200 bat metroko garaierakoak. Aerosorgailuen aspak –orain pala deitzen diren horiek– 75-80 metro luze izango dira. Hain dira luzeak ezen, dakitenek diotenez, poligono eolikora osorik bertaratzeko trailerrak ere nekez ibil baitaitezke Legutiotik Kurtzetara bidean. Errepideak zabalago eta zuzenago uzteko, bada, diru-laguntza desberdinak eskaintzeko aukera aurreikusi beharko lukete gure erakunde publikoek. Baina hori, ezaguna da, erraz konpon daitekeen kontua –literalki kontua– da.

Edonola ere, harro egoteko moduko industria-poligono eolikoa izango da Statkraftek eta agintariek haranari oparituko diotena. EAEko handiena, hain zuzen. 60 bat Megawatteko argindarra lortzeko balioko duten aerosorgailuek 45.000 biztanleri argindarra emateko potentzia ei dute. Hori bai, ez da Aramaiora zuzen iritsiko argindar hori: lehenengo, Abadiñoko subestaziora eraman beharko da, eta han haren jabea den Iberdrola konpainia arduratuko da argindarra bueltan ekartzeaz eta merke baino merkeago kobratzeaz.

Abadiñora iristeko 13,6 kilometroko sare elektrikoa ere aurreikusia dago, oro har Ganborraldetik abiatu, Azkoaga-Untzilla zeharkatu eta gero Gesalibartik Udala aldera eta handik Atxondora zuzenduko dena, betiere 30-50 metroko garaierako argindar-dorreak baliatuz. 

Aitortu behar da gustura daudela aramaioarrak Statkraften ekarpenarekin, herria askozaz berriago eta modernoago bilakatzeko bidean jartzeaz gainera, bisualki ere –haizerrotak, posteak, dorreak, kableak– hiri aurreratuenen tankera hartuko baitu oro har.

II

Energia-subiranotasuna lortzeko proposamen integrala

Esan bezala, Aramaiok modernizazioa areagotzeko gogo argia erakutsi du azken boladan, eta orain, EAEko deskarbonizazio-prozesua arintze aldera, energia-berriztagarri berriak saiatu nahi ditu era integralean, eta halaxe jakinaraziko die laster asko gobernu autonomoari eta espainolari. 

Proposamena, laburturik, honako hau izango da: Aramaio osoa (hasieran Gainbarrua izenekoa baino ez), 470 metroko kotaraino gutxi gorabehera (beraz, Ibarra eta Uribarri urpean utziz), interes publikoko urtegi bilakatzea eta, horrekin batera, berriztagarrien garapenerako onuragarri gerta litekeen guztia helburu horretara bideratzea.

Urtegiaren proiekzioa, Alex Mendikuteren argazkiaren gainean egina

Urtegia ixteko dikeak eta turbinak Arrasateko bidean eta Suñabolueta inguruan jasoko dira, AHTaren zutabeak ahalik ongien aprobetxatuz. Era berean, eta kostuak gutxitu ahal izateko, dikeak auzolanean eraikitzea da aramaioarren asmoa. 

Ekoiztutako argindarra Abadiñoko subestaziora bideratuko da, Iberdrolaren esku uzteko, gero konpainia horrek modurik etiko, demokratiko eta merkeenean bana dezan EAEko biztanleen artean eta, batik bat, Aramaion. Horretatik sobran geratzen den energia berriztagarria Kurtzeta eta Albina aldean koka litekeen hidrogeno berdea ekoizteko planta berri batera bideratuko litzateke, betiere taxuzko kopuru bat esportaziorako gordeta.

Aurreneko kalkuluen arabera, energia hidroelektriko hori 1.300 MW-koa izango litzateke (300.000 pertsonaren eguneko kontsumoari aurre egiteko tamainakoa, alegia). 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Aldi berean, eraikia izango den urtegiaren erdian, uraren azalean –offshore–, hogeitaka aerosorgailu erraldoi (200 MW) jarri ahalko dira bertako haizearen indarra ez galtzeko, ahaztu gabe, orobat, poligono hibridoa ere osa litekeela aerosorgailuen artean plaka fotoboltaikoz beteriko eremu luze-zabala atonduz. Azaleraren araberakoa izango litzateke ekoizpen fotoboltaikoa, baina, aurreneko kalkuluen arabera, inoiz ez 150 MW baino gutxiagokoa.

Esan beharrik ez dago energia ekoitzi ostean isuriko den ur guztia araztu, edangarri bilakatu eta Deba Ibarreko biztanleen aprobetxamendurako eskaini ahal izango dela.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Erantsi behar da, bide batez, gaur egun 470 metroko kotaraino dauden basoak eta zuhaitzak moztu egingo direla eta, ondoren, urperatu gabe geratuko diren auzoetan (Azkoaga, Barajuen, Arexola, Arriola, Etxaguen, Gantzaga, Gureia) etxeak berotzeko eraikiko diren herri-galdara erraldoietara bideratuko dela biomasa hori guztia, betiere karbono dioxidoaren gutxitzea xede.

Urtegiaren proiekzioa, J.L. Madinaren argazkiaren gainean egina

Ez da bestelako plaka fotoboltaikorik ere faltako proiektuan, norberaren teilatukoez gainera, udalak planifikatua du hegoaldera jotzen duten mendi-malda guztiak (Anboto, Murugain, Belamendi…) plakaz landatzea.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Ezin izango da, bistan denez, baratze eta orturik landu udalerriaren behealdean, ez eta lurrarekin uztartuta egon litezkeen bestelakoen ekoizpenik ere, urez estalita egongo baita haran guztia aipatutako kotaraino. 

Bestalde, urak hartuko ez dituen esparruetan ere ekonomia-mota berria sustatu nahi da aurrerantzean: modernoagoa, demokratikoagoa, energia berriztagarriekin lotua eta kalitatezko turismoa ere erakar lezakeena. Hori dela eta, debekatu egingo da turismoa eragotzi dezaketen eta metano-iturri handia diren abereak (behi, ardi, txerri…) eta sats eta simaur-klase guztiak izatea eta erabiltzea.

Gauzak gehixeago zehaztearren, jakinarazi ere da proiektuak energia-kontsumo gutxiko eta kutsadura-isurketarik gabeko itsas-kluba, ur-kiroletarako kaia eta turismorako azpiegitura egokiak (heliportua, hotelak, jatetxeak, diskotekak, rokodromoak, aerosorgailuen arteko tirolinak, poligonoan zehar ibiltzeko bisita gidatuak…) aurreikusita dituela aipatu kotatik gora geratuko diren auzo eta lurretan, betiere etekin ekonomikoak herriarenak izango direlarik.

Bihotzezko esker-erakutsi eta oroigarri gisa, Aramaio Suizarekin konparatu zuen errege borboi inteligente haren estatua ekuestrea jarriko da lekurik ikusgarrienean, Aramaio ospetsu bilakatu zuen esaldi distiratsu hura Portoro izeneko marmol beltzean zizelkatua izango duelarik. 

Tamalez, horrek guztiak hasieran ekarriko duen aurrekontu-desoreka dela eta, baztertu egingo dira, momentuz, aixolar-arrixolar zenbaitek zoologikoa irekitzeko duten asmoa eta bajondarrek berreraiki gura duten gaztelu zaharra. 

Urtegiaren inguruan, azkenik, lau erreiko errepide zirkular batek elkartuko ditu auzo horiek guztiak, irteerak Debagoienerantz, Gasteizerantz eta, Etxaguen aldean haitzen azpian zulatuko den tunel zabala medio, Bizkaialderantz. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Proiektua jadanik prest dago, baina ez da informazio publikorik eskainiko, Aramaioko herriak aho batez erabaki duenez aurrera egitea, ez baita inolako alegazio edo helegiterik onartuko. Baimenak baino ez dira falta urtegia eraikitzen hasteko: Sarbide-baimena, Konexio-baimena, Aldez aurreko Administrazio-baimena, Eraikitzeko baimena eta Obrei Ekiteko lizentzia. 

Badirudi, halere, enpresa asko egon litezkeela interesatuta herri-proiektu demokratiko hau bultzatzeko eta etekinetan partaide izateko. Alabaina, Aramaiok erabakia du enpresa berri bat sortzea izan litekeela lan guztiak bideratzeko hoberena. Eta antza denez, Ibarkraft izena jarriko zaio urtegiak irentsiko duen udalerriaren omenez.

Burutuko den konplexu hidroelektriko-turistikoaren izena ere pentsatua dago jadanik: Haran Basque – Polyvalent Park.

Ez da ahaztu behar, azkenik, turismoa saldoka eta trumilka iristen hasten denerako, AHTak geltoki handi bi izango dituela eraikita, bata Untzillan eta bestea Zabola aldean. Azken erabaki hau Madrilgo gobernuaren aldetik etorri berri da, zeharo liluratuta geratu dira-eta presidentea eta ministroak aramaioarrek EAEko deskarbonizazio lasterrerako prestatu duten ekimen honekin. Izan ere, bertako paisaia eta biodibertsitatearekiko erakusten den begiramenaz gainera, teknikoki ere ezin zehatzago, ezin merkeago eta ezin azkarrago burutu litekeen proiektua dela iritzi diote Madrilen eta Gasteizen.

Kategoria: Aerosorgailuak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude