Lehen Kultur Astea Aramaion (1977)

Intxixu

Urte gogorra izan zen 1977koa Euskal Herrian, jazarpen nazionalaren aurkako borroka politikoak etengabeko oihartzuna eta eragina –eragin latza gehienetan– izan zituen-eta eguneroko bizimoduan. Hildakoen, atxilotuen, torturen eta debekuen albisteez gainera, gurean ez zegoen errepresiorik gabeko egunik. Horren ikur izango zen euskaldun jendeak aurrerantzean hain ongi ezagutuko zuen Auzitegi Nazionalaren sorrera, urte hartako Errege Magoek ekarria. 

Ezin ahaztu daiteke, dena den, gizarte-borbor harengatik hasi zirela lehen fruituak ere agertzen, besteren artean, Ikurrinaren legalizazioa (urtarrilean) eta preso politikoentzako amnistia-legea (urrian). Luze joko luke lorpen haietara eraman zuten dinamika irmoez (batik bat, aurreko hilabeteetako Ikurrinaren legalizaziorako ekimen ausartez eta 1977ko maiatzean amnistiaren aldeko kanpaina sendoaz) mintzatzeak, edo Errepublikaren ondoren burutu ziren lehen hauteskunde “demokratikoez” jarduteak (ekainean), edo urte hartan bertan burutu zen Xibertako bilkuraz (apirilean) aritzeak edo…

Haien guztien lekukoa izan zen 1977. urtea.

Eta lekukoa izan zen Aramaion ere. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Aramaio bezalako herri xumeetan garrantzizko ezer gutxi gertatu ohi bada ere, aurretik gertatu gabekorik gertatu zen 1977an.

Izan ere, urtea guardasobilek inauguratu zuten ofizialki, Belamendi honetako tontorrean zegoen burdinazko gurutzearen azpian lehergailuak jarriz eta eztandaraziz.

Ohikoa izan zen urlia haiek kaleratu zuten aitzakia: urte berriko lehen eguna argitzean, urrundik ikus zitekeen ikurrin erraldoia (6 x 2 m.) azaldu zen gurutzearen goiko aldean, lehergailuak izan zitzakeen zapata-kutxa batez lagunduta. Hortaz, Ikurrinaren debeku larriak bultzatuta, eta zapata-kutxan lehergailu gutxitxo egongo zela-edo iritzirik, badaezpada eurek eramandako lehergailuak ipini zituzten burdinazko bi hankatan, gurutzea azpikoz gora utzirik.

 Haren ondorioz, Urte berriari eta Herriari agur itxaropentsua egiteko paratua zen ikurra ere eraitsia geratu zen urtarrilaren lehen egun hartan.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Hogeita bost egun lehenago, abenduaren 5ean Atotxan burututako derbian, Erreala eta Athletic taldeetako Kortabarria eta Iribar kapitainek Ikurrina eskuan zeramatela irten ziren futbol-zelaira. Keinu hura eta ikusleen aldetik jaso zuten txalo-zaparrada Euskal Herriak irrika bizian espero zuen garai berriaren hasiera sinbolikoa suertatu zen.

Aipatutakoak bezalako gizarte-erreibindikazioen poderioz, otsailaren 19an heldu zion espainiar gobernuak Ikurrina onesteari eta, azken batean, legeztatzeari. 

Aramaiok ere laster asko ekin zion hautsia zuen Belamendiko gurutzea berregiteari: martxoaren 5ean zutik agertu zen gurutze berriztatua, ikurrina ere agerian zuela.

Herri guztiak hartu zuen parte.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Borborrean zegoen giro aberats eta eskuartzaile hura uholdeak bezala hedatzen ari zen Euskal Herrian barrena eta Aramaion ere islatu zen. 

Hartara, urte-hasieran herrian Belamendiko gurutzearen eraiste eta berregitearekin sortutako dinamika indartsuari segida ematea erabaki zuen bertako gazte-taldeak, herri-kontzientzia sustatu zezakeen jarduera interesgarri bat planteatuz. 

Inolako eskarmenturik gabekoak ziren arren, laster lortu zuten, bilerak eta lan sutsua zirela medio, Lehen Kultur Astea izango zenaren zirriborroa prestatzea eta paperean idatzita zeramatena bideratzea. 

Kontaktuak eta konpromisoak hitzartu, Gobernu zibilaren baimenak eskuratu, propagandarako laguntzak lotu…, abentura zoragarrian murgildu ziren gazte haiek eta, guztiaren fruitu gisa, Lehenengo Kultur Astea burutu ahal izan zen 1977ko azaroaren 7tik 13ra bitartean.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Xumea izan arren, astebeteko programa hartan ez zen falta gurean ziharduten alderdi politikoen lekukotasunik, hitzaldi interesgarririk, garrantzi handiko antzerki-lanik, euskal filmik, kontzertu ospetsurik edota herri-dantzaldirik. 

Eta Kultur Asteak amaiera duina baino duinago izan zezan, Euskal Liburu eta Diskaren Azoka ireki zen larunbat arratsaldean eta igande goizean.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Kultur Astea ondo baino hobeto bideratua izan bazen ere, ekitaldi bi nabarmendu beharko lirateke.

Lehena: Eugenio Arozenak eta Xabier Letek idatzitako Deus ez izatetik izatera antzezlana jokatu zuen “Intxixu” izeneko talde oiartzuarrak ostiral gauean herriko zine-aretoan. 

Bost eszenatan banatua, antzezlanak gure herri-antzerkiaren historia agertzea bilatzen zuen.

Debagoiena guztitik etorritako ikusleek ondo frogatu zuten guztiz merezia zutela “Intxixu” taldeak eta antzezlanak berak Euskal Herrian barrena jasoa zuten ospea.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Larunbateko kontzertua izan zen, edonola ere, arrakasta gehien eskuratu zuen ekitaldia. Sarrerak berehala agortuta, jende asko geratu zen zine-aretoan sartu ezinik, emanaldia kanpotik entzuten.

Bi taldek jo zuten, bi-biak lehenengo euskal rock-taldetzat hartuak: Iparraldeko Errobi taldeak eta Koska izeneko talde elgoibartarrak.

Koska taldeak urtebete lehenago izen berberarekin aurkeztutako diskoa jo zuen oro har.

Anje Duhalde-k eta Mixel Ducau-k osatutako Errobi taldeak, bestalde, 1977an bertan grabatutako “Gure lekukotasuna”izeneko diskoan agertutako lanak eskaini zituzten. 

Arrakasta ikaragarria izan zuten talde biek. Alabaina, batez ere Iparraldekoen letrak eta musika gertatu ziren jendearen gogoan iltzatuta, lehen abestia –barka erredundantzia– lekuko:

Gure lekukotasuna

Zuen aurrean, jaun-andereak,
ibiltzen gara askotan,
bozkarioa ezarri nahiz
denen gogo-bihotzetan.
Baina giroa ez dago, naski,
alaitzeko denboretan,
oraindik ere gure Herria
ari baita negarretan. (bis)

Ez dugu segur gauza haundirik
Herriari eskaintzeko,
bakar-bakarrik zenbait olerki
hemen zuei kantatzeko,
guk ere, zinez, gure Herria
asko maite dugulako,
eta kantuaz, gure moldean,
nolazbait zerbitzatzeko. (bis)

Badakigu, bai, kantuaz beste
nahi duela Herriak,
baina ez dira denontzat berdin
iraultzaren iturriak.
Bakoitzak, beraz, bere sailean
ezar ditzala harriak.
Elkarren lanak ongi uztartuz
altxatzen dira etxeak.

Etxe batean nork ez du maite
beti kantuz ari dena?
Baina kantua ez da, ez, aski,
egin behar ere lana!
Gaurko kantu hau izan dadila
gure lekukotasuna.
Borroka gaiten irabazteko
Euskadin askatasuna! (bis)

Kategoria: Historia eta istorioak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude