Zahar-berri gehiago Aramaioko bainuetxeaz

Arrautza ustelen usaineko uratsa (uretza, aramaioarron hizkeran), horixe zen bainulariek Aramaioko bainuetxean bilatzen zutena, besteren artean, azaleko gaixotasunak eta digeritze-sistemakoak osatzen ei zituelako. 

Ur sulfuroso-kaltziko hura, gorabehera ñimiñoren batekin, 12,5ºko tenperaturan azaleratzen zen iturburuan eta 15 bat litroko jarioa zuen minutuko. Urte guztian zehar berdintsu.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Aitortu behar da, Karlistaldien ondoko garaiak hobeak izan zitezkeelakoan edo, lehen baino gehiago saiatu zirela bainuetxeko jabeak ur minero-medizinalen kalitatea bermatzen eta, garrantzi gehiagokoa zena, baita estatu mailako homologazio-aitortza ofizialen bat ere eskuratzen, hartan antzematen zuten-eta kanporako proiekzioaren eta arrakastaren gako nagusia. 

Hori zela eta, 1882an Madrilen burututako Farmazi Erakusketara abiatu ziren behar zutenaren bila. Domina-zaparrada baten erdian, Julian Lukok ere jaso zuen Aramaioko bainuetxea elikatzen zuten «Santana» eta «Saneduardo» izeneko iturburuetako urei luzatutako domina:

P. Fernandez Izquierdo, La Exposición Farmacéutica Nacional de 1882, Madril, 1883, 207 or.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Azpiegitura berriztatuak eta uraren kalitate onak erakarrita hasi ziren, beraz, jatorri desberdinetako apaiz, militar, politikari, dendari, lantegi-ugazaba… eta jende xehea bainuetxera hurreratzen, inguru hurbilekoak nagusi zirelarik. 

Ikusia dugu jadanik 142 izan zirela 1865ean bainuzaleak. Eta datuak oso urriak ez badira ere, nabarmena da ez zela haien artean falta senar-emazterik, apaizik –bakarrik edo arrebekin joandakoak– edota inoren lagun gisa joandako koinata, adiskide edota ilobarik ere. Ez guztiak, itxura duenez, bene-benetakoak. 

Bitxikerien artean, familia-multzo bezala identifikatutako Güell neba-arrebak eta, haiekin batera, “el ñiño, la nena y la criada” genituzke. 1886an hamalau egun eta erdi egin zituzten bainuetxean, eta erregimen desberdinen kontratazioak medio –ez zuten berdin balio haurrenek eta neskemeenek–, 1.247 erreal ordaindu zituzten egoitza osoagatik (ondoko datu gehienak ere gure Etxezar agiri-bildumatik jasoak).

∞∞∞∞∞∞∞∞

Egonaldiak iraun bitartean, jende hura ez zen egoitzatik atera gabe egotekoa, ez baitzen aukera askoko aisialdia bainuetxeak eskain zezakeena. Hortaz, herrian gora eta behera paseatzen aritzeaz gainera, omnibusak baliatuz, Gesalibar, Aretxabaleta edota Eskoriatzako bainuetxeetaraino ere gerturatzen ziren arratsalde askotan, han zeuden ezagunak agurtzera eta, bainuetxe ospetsuagoak eta handiagoak izanik, giroaz gozatzera. 

Oinez, zaldiz zein gurditan, haranean barrena ere ibili ohi ziren udatiar haiek, eskuarki baserrietara joanez, bertakoekin egonez eta esnea hartuz, horixe zen-eta bainuetxeko arduradunek, denborapasa gisa, aholkatzen zizkieten jardueretako exotikoena. Uste izatekoa da jauntxoen mundukotzat hartzen zituztela baserritarrek hizkuntza aloktonoan, atzerrikoan, hitz eginarazten zieten kanpotar haiek guztiak. Eta aldi berean, turismoak betidanik eragin duen efektua ere nabarituko zutela euren baitan: klase oporzalearen bizimoduaren lilura.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Iiluragarritasun hura areagotu zezakeen izen ezagunik ere ez zen falta bainularien artean. Jadanik aipatua dugu, adibidez, Bizkaiko 50 pertsona aberatsenen artean zegoen Ramon Salazar Mazarredo militar liberalak 1888ko uda osoa pasatu zuela Aramaioko bainuetxean. Bizkaiko senadorea, berdin gobernadore militarra zein gobernadore zibila Bizkaian, Burgosen edo Badajozen, karlisten kontrako gerretan izandako “meritu”-engatik hamaika dominaz betetako militar hari bainuetxeak ezin konpondu zizkion osasun-arazoek ekarri zioten heriotza handik bi urtera Oñatin. 

Orobat, Gasteizko kartagilea zen Heraclio Fournier ere 1886ko uztailaren 11tik 20ra bitartean egon zen Aramaioko bainuetxean eta 238 erreal ordaindu zituen egoitza eta tratamenduengatik. Anselma Novia de Salcedo, Manuel Berastegiren alarguna, alabarekin bainuetxeratu zen uztailaren 5ean eta hamar egun egin zituen bertan, 532 erreal ordainduta. Bizente Sarralde, armadako jenerala, bi umerekin iritsi zen abuztuaren 13an eta 22ra arte geratu zen, astebeteko egonaldia eginez. Ramon Rubalcaba koronelak ere 13 egun igaro zituen bainuetxean. Ruperto Gimenez de Oca, Gasteizko Institutuko katedraduna eta Ateneoko kidea, urte bereko uztailaren 29ko arratsaldean sartu zen, baina, giroak gogaituta agian, 31ko goizean egin zuen alde, 42 erreal ordainduta. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Baten bat, berriz, bainuetxea probatu eta itzuli egin zen beranduago, politikari ospetsu bilakatuko zen Antonio Ibarra gaztearen kasuan bezala, uztaileko 22tik 24ra eta 25etik 26ra bitartean egon ondoren, abuztuaren 11n itzuli eta 21era arte geratu baitzen, tartean, adiskide bati afaria eta gaua ere ordaindu zizkiola. Ezin jakin politika-munduko jendea ezagutzera joan ote zen gaztea, inoizka politikari ospetsuak ere biltzen ziren-eta bainuetxean. 1886ko abuztuaren 12an, esate baterako, aipatutako Antonio Ibarra bertan zela, 200 errealeko faktura ordaindu zen arabar “diputatuen bazkariagatik” (txanpan botilak aparte).

Horrelakoetan, pianoa izateaz gainera, piano-jotzailea ere behar izaten zen. Antza denez, haietako batek 40 erreal jaso zituen “gau eta egun” jotzeagatik, hain zuzen ere inguruko jendea edaten ari zen frantses txanpan-botila bakoitzaren prezioa adinako ordaina (Bordeleko ardoa 8 errealean zegoen).

Argi asko erakusten du horrek guztiak Aramaioko bainuetxearen hiruhilabeteko sasoien “sasoia”. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Arrakastak, baina, amaierarik ere izan dezake, eta hartara, Euskal Herriko beste hainbat eta hainbat bainuetxerekin gertatu legez (Aretxabaleta, Eskoriatza, Legutio…), Aramaioko bainuetxea ere diru-galerak metatzen hasi zen mendearen amaieran. Orduko jabe ziren Patrizio Altube, Lino Unzueta Labeaga eta Ildefontso Imaz bazkideek nekez eutsi zioten porrotari. 1910ean itxi zen bainuetxea. 

Bolada batez aprobetxatu gabe egon ondoren, 1939tik aurrera ezarritako diktadurak baliatu zuen eraikuntza bere jarduera ideologikoa eta errepresiboa aterpetzeko. Bestela esanda, hegoaldeko hegalean guardia zibilen kuartela eta haien etxebizitzak ezarri ziren eta iparraldekoan, erdara hutsez jardungo zuen “eskola nazionala”. 

1971n, gainerako guztia eraitsita, kuartelari zegokion hegala besterik ez zen zutik utzi. Halabeharrez, nonbait. Baina ez denbora luzez.

Kategoria: Historia eta istorioak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude