Putreak Belamendin?

Adiskide batek bere blogean “Sokratesen profezia” gisa kaleratu duen azken post laburra pasatu dio Belamendiko jendeari:

Ziur egon zaitezte, atenastarrok: behiala politikan sartu izan banintz, aspaldi nintzatekeen eraila. […] eta egia diot, zeren eta ez baita bizitza gorde dezakeen inor baldin zuen aurka edo beste edozein herriren aurka zintzoki jokatzen badu edota saiatu egiten bada bere herrian bidegabekeriak edo legez kontrakoak eragozten.

Ez diegu arreta larregirik jarri Sokratesek esan omen zituenei, adiskideak, belamenditarron egonarria frogatzeko edo, beti igortzen baitizkigu kaleratzen dituen apotegmarik ilunenak eta beldurgarrienak. Alabaina, oraingoan bereziki azpimarratu digu gaur egun ere gertatu ohi direla horrelakoak eta erne ibiltzeko, otoi.

Esajeratu hutsa dela erantzun diogu jarraian, eta bizitza beste modu batez eta dramatismorik gabe hartu beharko lukeela aholkatu. Baina badakigu ez digula kasurik egingo, oso gogokoa baitu esku beltzak, konfabulazioak eta konjura gorriak nonahi daudela sinestea.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Gaurkoan, horratik, zer pentsa eman digu guk kasualitate hutsari egotzi nahi geniokeen kontu batek. Izan ere, Belamendin kaleratutako azken mezuan arazo bat gertatu bide da bertan jarritako esteka bat dela medio. Honela dio a posteriori akastun suertatutako pasarteak:

[…] era berezian gogoratu behar da Gobernu espainiarrak –hemengo alderdi abertzaleen aldeko bozkekin– bertan behera utzi zuela duela bi hilabete (abenduaren 28aren bezperan, hain zuzen) ordura arte ezinbestekoa zen Ingurumenarekiko Inpaktuaren Ebaluazioa (20/2022 Errege Lege-Dekretua).

Inor gutxi ohartu bada ere, zeharo desagertu da nabarmendutako estekaren bitartez lortu ahal zen bozken inguruko informazioa. Edo bestela esanda, dagoeneko esteka haren bidez inork ezin ditu ikusi Espainiako Kongresuak zabalik eta guztiontzat eskuragarri utziak zituen bozketari buruzko zehaztapenak (nork zer bozkatu zuen esaten zutenak, alegia). Orain ondoko mezu hau baino ez zaio azaltzen kuxkuxean dabilenari: 

Not Found. The requested URL /webpublica/opendata/votaciones/Leg14/Sesion230/20230124/ Votacion001/VOT_20230124203528.pdf was not found on this server.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Eta horrekin nahikorik izango ez bagenu bezala, Belamendik eta beste hainbatek hondatuta izan dute bloga arrazoi misteriotsuren bategatik, konpontzeko ezer egin ezinik gainera. Gaur arte.

Bizitzan suertatzen diren kasualitateak, pentsatu dugu geure baitan.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Adiskideak esku beltza ikusi nahi izan du bertan halere, eta horrelaxe adierazi digu:

Inozo hutsek zarie! Datuen ezabatze horrek beste zerbait esan gure jok, holako estekak ez dittuk-eta kasualidadez borretan! Etxaukat bape zalantzaik: urduri jarri dozuen putreren bat edo beste jabik horren ostien. Ikusikozue!

Ondo dakigun arren gure adiskidearen hizkeran saiak eta putreak guztiz desberdinak direna –saiak eder eta miresgarri; putreak, aldiz, ustel eta kirats-urrindu–, ez diogu jaramonik egin nahi izan, eta kendutako informazioa berriro jarriko dugula Belamendin erantsi diogu segidan.

Zeren eta, datu horiek Espainiar Parlamentuak berak jarri zituenean sarean jendeak ikusi, ezagutu eta eskura izan zitzan, argi ematen ari zen aditzera ez zegoela –eta ez dagoela– inolako eragozpenik orduko bozketa-orria nahi bezainbat eta nahi bezala hedarazteko eta ezagutzera emateko. Eta horixe egitea pentsatu dugu.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Honatx, bada, ezabatuta geratu den helbidetik jasoa, aipatutako Lege Dekretua alde zein kontra bozkatu zutenen orrialdearen kopia: 20/2022 Errege Lege Dekretua

Esku beltzik ez dagoela sinetsita eta informazio guztia baliagarria izan dakigukeelakoan

Kategoria: Hizka-mizka. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude