Azkue jakintsua Aramaion Goikoetxea adiskidearen eskutik

R.M. Azkue hitzaldia ematen B. Goikoetxearen jaiotetxeko balkoian (1916).

Behin baino gehiagotan hurbildu zen Resurreccion Maria Azkue abade euskaltzale jakintsua Aramaiora. Etorrera garrantzizkoenak, dena den, Bizente Goikoetxea musikari ospetsuarekin zeukan adiskidetasunagatik gertatu ziren. 

Hemengo honetan hiru “bidaia” bakarrik izango ditugu hizpide. Lehen-lehena, fikzioaren bidez egin zuena (1889). Bigarrena, Goikoetxea adiskideagatik Aramaion antolatu zituen Euskal Jaiak (Lore Jokoak) zirela medio burututakoa (1899/09/9-10). Eta hirugarrena, Goikoetxeari hil ondoren eskainitako omenaldian parte hartzeko egindakoa (1916/10/22).

∞∞∞∞∞∞∞∞

1864an Lekeition jaioa, Azkuek Bilbon eman zituen urterik gehienak. Euskalari-lanetan, noski, izatez, euskal hizkuntza eta kulturaren arlo guztiak jorratu baitzituen sakon eta zabal: hizkuntzalaritza, hiztegigintza, narratiba, musika, kantu-bilketa, folklorea… Eta horri guztiari gutxitxo baleritzo bezala, euskaltzainburu ere izan zen Euskaltzaindia sortu zenetik hil arte (1919-1951). 

Bizente Goikoetxea musikari aramaioarra baino hamar urte gazteagoa zen. Alabaina, oso gazte zirela egin ziren elkarren adiskide min. Honela mintzatu zen Azkue Aramaion, 1916an, Goikoetxearen heriotzaren ondoko omenaldi-eguneko hitzaldian beren arteko loturei buruz:

Egun hauetan bezala sailpean [lanpetuta] nintzelarik, orain hogeita lau bat urte, arlo honetxen antzekoa eman nion buruari. Meza berri bat genuen nire sorterrian [Lekeition, alegia]; meza hori eman behar zuena Aramaioko seme heldu bat zen, etxe honetantxe jaioa, Bizente Goikoetxea. Apaiz egin berri hura adiskide min-mina nuen eta, beraren deia gogo onez adituta, hitzalditxo bat egiteko asmoz utzi nuen nire egote-uria: Bilbo.

Adiskide biziari jarraitu nion honek ez ote nion adiskide hilari jarraitu behar, beronen izena heriotza baino iraunkorrago izatea guztion artean eskuratzeko? (1916).

Aramaioarrak Azkueren hitzaldia entzuten (1916)

∞∞∞∞∞∞∞∞

R. M. Azkuek Bizente Goikoetxearen bitartez eta hari esker ezagutu zuen Aramaio. Eta lehendabizi ezagutu zuen, Goikoetxeak, Lekeition apaiz zegoela, kontatutako istorio eta gertaldien bitartez. Hona Azkuek adiskideaz eta Aramaioz dioskuna:

Hil zen arte askok uste zuten Lekeitioko semea zela, noski han bera eta, batez ere, beraren alderik hurkoenak luzaro bizi izan direlako. Berak, ordea, beraren hizkeran, izakeran eta bihozketa guztietan argiro agertzen zuen beraren jatorria. Musikaz irabazitako lehenbiziko dirua Aramaioko gaixotegirako bidali zuen. Meza-soineko ederrak ugari, kaliza, Misala eta eskuartetxoren bat ere honerakoxe [Aramaiorako] utzi ditu. Itsasaldeko uritxo maitagarri hartan bizi zela, udako opor-egunetan behintzat, iluntzero elkarrekin izaten ginen: Elizan lehenengo, itsasgain-gainean gero. Eta egurats (haize) lodiz birikak sendatzen genituen bitartean, elkar, igarri gabe bezala, egunean baino egunean hobekixeago ezagutu eta samurrago maitatzen bizi ginen. Orduan izan zen niri hemengo [Aramaiori buruzko] berri ematea, hemengo organularia aurpegiz eta bihotzez nor zen adieraztea… Orduan ikasi nituen hemengo auzotegitxoen izenak: Gantzaga eta Barajuen, Arexola eta Etxaguen, Azkoaga, mendiz beste aldeko Oleta eta gainerakoak (1916).

Noraino barneratuko zuen Azkuek Goikoetxearen hitzen bitartez ezagututako Aramaio hura, ezen lilurak eramanda, idatzi zuen lehenengo ipuina euskararen paradisu gisako hartan kokatu nahi izan baitzuen. 

“Ezti-abauak” ezinenaz sinatua, Peru Matraka ta Pedr’Anton zuen ipuinak izenburua, eta Bilbon sortu berria zen La Abeja izeneko albistarian kaleratu zuen. Hilabetekari hura, urte eskas bat iraun zuena (1889-1990; sei zenbaki baino ez), Sabin Arana Goirirekin batera sortua zen eta, nagusiki gaztelaniaz izan arren, ez zitzaion falta euskaraz idatzitakorik. Idazleen artean, Azkue bera, Arrese-Beitia otxandioarra eta beste bakanen bat ditugu.

Esan bezala, Aramaio hartu zuen Azkuek lehen ipuin haren gertalekutzat eta honela eman zion hasiera: 

Bizkai, Gipuz ta Arabako mendien uztaitzat, hiru ahizpa maiteen ondasunak pilotuten legez, Aramaio izentzat daukan ibar bat dago Euskal Herrian (1889).

∞∞∞∞∞∞∞∞

Saiatu zen Azkue, bai, entzunez baizik ezagutzen ez zuen Aramaio hura idatziz irudikatzen, baina mende laurden beranduago Goikoetxearen omenez egindako gorazarre-ekitaldian aitortu zuenez,

Nire buruko ume haiek hementxe, zeuon artean, Aramaion bizi izan ziren. Lantxo hura nire adiskide Bizentek irakurri zuenean, sudurpeko bizarra ezkerraz leuntzen zuen artean, hitz hauek esan zizkidan: “Baina, mutil, hau ez duk Aramaio!” (1916).

Eta arrazoi zuen Goikoetxeak, baiki, nekez aurkituko baitu irakurleak Azkueren ipuin hartako deskribapenetan Aramaioko paisaiarekin antzik duen pasarterik:

Bere inguruetan batzartzen dira noizik noizera itsasotik mendi-muruetara [mendi eta muino] arrainek bialdu daroen [bidali ohi duten] kresalezko arnasa gozoa, Bakioko txakolinari darion usain ezin hobea, Hernaniko sagardoen lurrun eztitsua, eta Ziraurkingo [Zirauki?] ardo mamitsuen likurta: arranoen garrasi beldurkorrarekin txori berritsuen txioak eta bildots negartien alarauak lagun egiten deutse artzain txistulariari. Bere muruetatik Anbotoko dama ezilkorraren bazter eta soroak ikusten dira eguraldi onean, eta Arabako lur gorrixkak, eta Durango aldean unean-unean aitzurlariek ereinda dauzkaten etxe-pilotxoak, eta Mallabiko berezi [haritz] orritsuen inguruan itsasoa gurasotzat ezagutzera doazen ibaitxoak, eta Elgetako mendi konkordunak eta euren azpian Bergarako zelai ederra, euren aurrean Done Antonek euskaldunen erreguak entzuteko Urkiolan eraikita daukan Eliza polita, eta atzean Arantzazuko mendietan ama Mariak daukan gela miraritsua (1889).

∞∞∞∞∞∞∞∞

Baina adiskidearen eraginak eraman bazuen Aramaio fikzio narratibora, adiskidetasun-indar berbera izan zen geroago Azkue Euskal Jaiak Aramaion antolatzera (1899) bultzatu zuena ere eta, aldi berean, benetako Aramaio ezagutzera ekarri zuena. Hona haren aitortza:

Urte batzuk geroago, bera [Bizente Goikoetxea] apaiz zelarik, harako Euskal Jaietan, D’Abbadie jakintsuaren izenean nik, nire herria ere alde bat utzita, hona ekarrarazi nituen jai eder haietan, larunbat arratsaldez elizalde honetara heldu nintzenean, kalean sartuta, mendiak nik uste baino handiago, ibarra meharrago, ezkerrean irudikatu nituen auzotegiak eskuin aldean eta gorengotzat neuzkanak kaletik hurbil ikusi nituenean, nire adiskide aramaioarra etorri zitzaidan burura, eta nirekiko esan nuen: “Aramaio hura, Peru Matrakaren Aramaio, ez huen Aramaio; Aramaio egiazkoa hau duk!” (1916).

Aramaio egiazko hartan, halere, ez zuen espero izandako abegi pozgarria aurkitu. Izatez, Udalak ez zuen bete Goikoetxearekiko hartua zuen konpromisoa, eta hark espresuki konposatutako obraren ordez Felipe Gorritiren Si-bemolekoa kantatu zen igandeko meza nagusian. Inor ez zen ohartu, dirudienez, Azkuek adiskideagatik antolatu zituela Euskal Jai entzutetsu haiek Aramaion eta ez jaioterri zeukan Lekeition.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Berriro itzuli bazen Azkue Aramaiora, ez zen haren etorrera nabaritu. Akaso, han-hemen kantak, ipuinak eta bestelakoak biltzera baino etorri ez zelako. Beharbada, Goikoetxea lagunak utzitako hutsunea oroitzapenez berpiztu nahi izan ez zuelako. Edo agian, adiskide musikariari Euskal Jaietan egin zitzaion mespretxu larria inoiz ahaztu ez zuelako.

Kategoria: Historia eta istorioak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude