UEMAk aurten hizkuntz erabileraz kaleratutako txostenek poztasun larregirik sortu ez badute ere, gutxienez pausua eta lasaitasuna ekarri izan dituzte hainbaten bihotzetara, gauzak ondo-edo egiten gabiltzalakoan.
Aramaioarrontzako lasaigarriena –eta batzuen ustez, pozgarriena– izan da gure kaleetan gero eta euskara gehiago erabiltzen dela dioen datua. 2017an –2016ko datuak baliatuz– argitaratutako neurketaren arabera, aztertu laginaren % 63,40k hitz egiten zuen euskaraz kalean. Oraingo erabilera hamar bat puntu gorago ei dago.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Ez dira hemen zalantzan jarriko Aramaioko etxe eta kaleetan egiten den hizkuntz erabileraz UEMAk argitaratutako azken txostenak eta datuak. Baina behin hori esanda, aitortu behar da oso kezkagarria dela irudikatutako ikuspegia.
Badakigu, jakin, subjektibotasun hutsa lepora lekigukeela kalean entzuten den euskararen egoera UEMAk emandako ehunekoek islatzen duten panorama lasaigarritik aldenduta dagoela baieztatuko bagenu. Halere, datuak kontrastatzen hasi baino lehen pare bat oharkizun. Honatx:
2017ko eta 2022ko otsaileko txostenak kale gorrian jasotako datuekin osatu ziren. Lehenengoan 2.409 hiztunen lagina baliatu zen Aramaioko hizkuntz erabileraren neurketarako (kalean aurkitutako ehunka hiztun behin baino gehiagotan suertatu bide ziren kontabilizatuta, haurrak batik bat). 2022ko txostenerako lagina, horratik, urriagoa suertatu zen, aurrekoaren erdia gutxi gorabehera (1.302 hiztun hain zuzen, eta orduan ere hainbat eta hainbat errepikatuak).
2022ko azaroko txostenak, bestalde, EUSTATek burututako Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsua izan du iturri eta horrelakoetan, ezaguna denez, norberak emandakoak izan ohi dira hizkuntz erabilerari dagozkion “datuak”. Hots, nornahik azal dezake une horretan duen interes, gogo edota nahia, eta ez errealitatea, erdal elebakarra izan arren, euskal hiztun gisa agertuz –edo alderantziz, noski– eta benetako egoeraren argazkia lausotuz.
Duela berrogei urte pasatxo egiaztatutako kasu bat adibide: jadanik erdaldun bilakatua den herri txiki bateko familia euskaldun zenbaitek, aparatu errepresibo frankista aurrean zutela, erdal elebakar huts gisa azaldu zuten beren burua erroldako paperetan. Zentsuaren aurrean euskaraz tutik ere ez balekite bezala jokatu arren, euskaldun petoak ziren, eta halaxe agertzen ziren haiekin mintzatzera zihoan edonorekin. Kasu hartan, beraz, errealitatearen ordez, hiztunen beldurra/zuhurtzia islatu zuten estatistika ofizialek oharkabean.
∞∞∞∞∞∞∞∞
2022ko otsaileko txostenean zentratuta, bitxi samarra da, lagin bera erabilita (esan bezala, 1.302 hiztuneko lagina), kopuruak beti bat ez etortzea. Ñimiñokeriatzat har daitezke batzuk, zalantzarik gabe (esate baterako, sexuaren arabera gaztelaniaz egiten dutenak % 25,3 omen dira txostenean, baina gizon eta emakumezkoen datuen batez besteko kalkuluak % 25,45 direna erakusten du). Zertxobait larriagoak dira bestetzuk; hau da, kalkulua adinaren arabera egiteko molestia hartuz gero, % 72,04 da Aramaioko euskararen kale-erabilera. Kontuak sexuaren arabera eginez gero, % 73,4 ateratzen da batez bestekoa. Txostenak “ofizialki” eskaintzen duen datua, azkenik, % 73,8 da, eta halaxe kaleratu da, hodei ilunak konjuratu nahi izan balira bezala. Alegia, mespretxa ezin daitekeen ia bi puntuko diferentzia lehenetik hirugarrenera.
Sei urte lehenagoko erabilera-estatistikarekin alderatuz gero (% 63,4), hamar puntutan hobetua luke gaur egun Aramaiok kaleko hizkuntz egoera, edo % 8,6, edo… Baina datu horiek ere bertako inori ez zaizkio errealegiak iruditzen, puztuak baizik.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Zeinahi ere den norberak hartu duen lasaitua, panorama arroztuagoa da UEMAk iragan azaroan euskararen ezagutzaz, herritarren lehen hizkuntzaz eta etxeko hizkuntz erabileraz kaleratu duen txostenak eskaintzen diguna.
Nola ulertu, bestela, euskararen erabilera altu samarra izatea kalean (% 73,8) eta, aldi berean, etxeetan, sukaldean, % 49 baino ez izatea? Jakina, aurreko horiei etxean hizkuntza bi erabiltzen omen dituztenak (% 16,6) metatu dakizkieke egoeraren iluna eguzkitsuago ikusteko, baina, nola adierazi?, hizkuntza bi darabiltzatela esaten duten arren, susmatzekoa da ez dagoela haien erabileran elebitasun orekaturik eta, bai, ordea, euskara ez den beste hizkuntza baten presentzia ia erabatekoa; gaztelaniarena, esan nahi da.
Artegatzen eta kezkatzen hasteko beste arrazoi bat, batez ere bere burua euskaldun petotzat duen udalerri batentzat.
Nolanahi dela, benetan larria eta dramatikoa dena datuek argiki erakusten duten beste argazki hau da: aramaioarren % 66,6k euskara lehen hizkuntza izatea eta % 8,6k euskara eta gaztelania, eta gero (eta lehenago) etxean % 49k baino ez egitea euskaraz. Ez da ahaztu behar, gainera, gaztelania lehen hizkuntza duen jende askok euskaraz ere badakiela…
Hortaz, lehen hizkuntza euskara (eta batzuk gaztelania ere bai) duten % 75,2 horiei euskaraz geroago ikasi dutenak (% 11) gehituz gero, Aramaion euskaraz dakiten biztanleen kopurua % 86,2koa da. Edo zenbaki aratzetan esanda, 1.250 iguru dira euskaraz ondo mintzatu edo komunikatu daitezkeen aramaioarrak. Eta halaz ere, 700 aramaioar baino ez omen dira euskara dutenak etxeko hizkuntza. Biztanleriaren erdia baino gutxiago.
Nekez interpreta daiteke euskaraz ez dakiten aramaioarrak (% 7) eta euskaraz ondo moldatzen ez direnak (% 6,7) direla etxeetan euskaraz ez egiteko arrazoia, 200 bat baitira guztira (biztanleen % 13,7).
∞∞∞∞∞∞∞∞
Gogoan hartu behar da, gainera, egoera hau ez dela koiuntural hutsa, zerbait larriago, errotuago eta iraunkorrago baizik. Eta kaleko erabilera baino askoz ere kezkagarriagoa, izan ere tradizionalki euskararen transmisio-gune eta gotorleku izan den sutondoa bera abiadura bizian doa-eta erdalduntzen, erremediorik gabe erdalduntzen, itxura duenez. Etxeko hizkuntz erabilerak azken berrogei urteotan jasan duen beherakada, lekuko:
Etxeko hizkuntza: Euskara
1991: % 67,3
2001: % 63,6
2011: % 54,7
2021: % 49
Hogeita hamar urtean ia hogei puntu jaitsi da euskararen erabilera.
Eta aldi berean, areagotu besterik ez da egin gaztelaniaren erabilera ezkaratzean:
Etxeko hizkuntza: Gaztelania
1991: % 15,6
2001: % 15,7
2011: % 29,1
2021: % 32,8
Joera latza bezain beldurgarria datuok erakusten dutena. Laster asko, gaur egun arnasgunea omen direnak oxigenorik gabe utzi ditzakeena, joera berdintsua gertatzen ari baita gainerako udalerri euskaldunetan. Honela mintzo da UEMA txostenean: “Euskaraz gero eta gutxiago egiten da udalerri euskaldunetako etxeetan: % 54ko erabilera agertu zuen 1991ko zentsuak, eta % 41ekoa 2021ekoak: 13 puntuko galera”. Batez bestekoa da hori.
Aramaiok, agerikoa da, batez bestekoa baino handiagoa izan du galera: % 18,3koa.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Zaila da ulertzea euskaldunak beren hizkuntzaren transmisio-bide naturala hain zabarki alboratzen aritzea eta, bitartean, euskaraz ez dakiten hiritar asko eta asko, Karrantzatik Eskiularaino eta Bidaxunetik Korteseraino, gure hizkuntza ikasteko ahalegin izugarriak egiten ari direla ikustea.
Eta are ulergaitzagoa da oraindik euskararen baztertze hori euskaraz bizitzeko baldintza objektibo gehien dituzten lekuetan gertatzen dela atzematea.
Isilpeko joera horren eragile nagusiez galdetzea da, beraz, egin beharreko galdera. Alboetako estatuen legedia linguizidak ote? Globalizazioaren presio glotofagikoak? Erdarazko komunikabideen bonbardaketa sistematikoa? ETB1-en uxatze-gaitasuna? Hemengo hizkuntz politiken txepelkeria? Agintarien narraskeria? Hiztunon axolagabekeria?
Saiatu arren, nekez identifikatu ahalko da gako bakarra, tamaina desberdinetan bada ere, guztiek baitute eragite-indarrik. Halere, badira joera horiek neutralizatzeko antidoto zenbait, haietako bi diktaduraren garai ilunenetan ere erabiliak eta emaitzetan betidanik naro suertatu izan direnak: euskararekiko atxikimendua eta leialtasuna.
365 eguneko Euskaraldiak ere ez luke lortuko horiek biek etxeko sukaldean eta kalean lor lezaketena.