“SARNA CON GUSTO…”

Aspaldian idatzi barik, baina ez pentsa hortxe ibili naizenik nire Mac berria arakatzen. Hasieran bezain galduta nago, baina ikasiko dut!

Zergatik hemendik agertu gabe? Arrazoi asko, aitzakia gutxi…

Aurten Bizkaiko Bertsolari Txapelketa hasten da, eta hortxe nabil burubelarri. Eskualdeko finaletan epaile moduan arituko naiz. Hainbat urte nire eskualdeko kanporaketetan epaile izaten eta aurten finaletan arituko naiz. Ilusio handiz eta gogotsu nabil.

Politikak nahi baino denbora gehiago kendu dit azkenaldian. Beti egon naiz hortxe, baina musturra gehiegi sartu barik. Oraingoan, gehiago sartu naiz. Aurretik daukaguna itzela da, eta mereziko duela ziur nago. Amesten genuen Euskal Herria ate joka daukagu.

Lana… Ai lana… Irensten nau, baina ikusi dut, gauzak apurka-apurka ateratzen dabiltzala. Eta hartu nituen erabakiek merezi izan dutela.

Udalekuak… Nahiz eta hotz handia egin, udalekuekin bueltaka udazkenetik gabiltza. Aurtengoak ere itxura ezin hobea dute.

“Sarna con gusto…” badakizue…

Baina hemendik aurrera, zin dagizuet, nire berri izango duzuela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

MAC-era PASATU NAIZ

“Beste traste bat? Ziur zaude?” Horixe bera esan zidaten lagunek, beste traste bat.

Gogoak nituen Mac-ak frogatzeko. Windows-ekin ez neukan aukerarik maketatzeko eta ganorazko fitxak egiteko. Ikasleek fitxa landuak eskertzen dituzte.

Mac Book Pro 13´bat erosi dut. Aukera asko ematen dizkit, nahiz eta oraindik bere erabilera ikasi behar dudan. Lasaitasunez hartu beharko dut traste berri honen erabilera.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

OLENTZERORI

Hainbeste Olentzero gora eta behera (ezagutzen nautenek, badakite Olentzerorekin erlazio bitxia dudala), nik gutuna egin gabe. Gutuna baino, 2011ri errepasoa egingo diot. Eta zeozer eskatuko diogu ikazkin zaharrari…

Urte berezi-korapilatsu-arraroa izan da. Txarto hasi genuen, nahiko txarto, baina ematen du nahiko ondo bukatuko dudala. Betikolez, eskerrak eman behar dizkiet ondoan izan ditudan lagun eta familiari. Batxe hauek ez nituen gaindituko, haiengatik izan ez balitz. Meritua ni aguantatzea…

Eta bai, karneta lortu dut! Hainbestetan aipatutako gidatzeko baimen madarikatu hori! Herenegun, bi hilabete atera nuela. Kotxez nabil eta oso gustora gainera (lan bat gutxiago urte berrirako!).

Nire hanka malapartatua, askoz hobeto dabil. Pisua ere nahikotxu jeitsi dut. Nire aspaldiko arropek nabaritu dute (bai jaun-andreok! Frakak jausten zaizkit!!!) eta orain arropa erosi beharko dut. 26an traumatologoak esango dit ia hobetu dudan edo ez… Ia Olentzero portatzen zaren…

Zorionerako edo txarrerako, askok erakutsi didate ez dutela nire adiskidetasuna merezi. Hor konpon! Ni lasaiago biziko naiz duda barik, nahi eta merezi dudalako.

Eta Olentzero, utzi nazazu nagoen bezala (edo hobeto!). Badakizu helbidea eta zurekin entxufea dudanez… ez zara galduko!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

DOMU SANTU EGUNA

Bihar Domu Santu eguna ospatzen da. Hilerriak jendez betetzen dira: garbiketa egin, lorak jarri,…

Sekulan ez dut egun hau ulertu. Betidanik pentsatu dut gugandik alde egin zutenak egunero gogoratu behar ditugula, ez urtean behin lorak eramanda. Beti pentsatu dut itxurakeria dela. “Lorak eramanda, inguruan daudenek ikusiko dute gogoan dudala hildakoa”.

Lehen berraitite eta berramonari eramaten genizkion lorak, orain aititeri. Amomari itsasoan botatzen dizkiogu.

Biharkoa egun bat gehiago da, maite zenituen horiek beti eramaten dituzulako gogoan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

UNIBERTSITATEKO OROITZAPENAK (I)

Azken asteetan, unibertsitate garaiko une asko gogoratu ditut. Bertan egindako lagun bat ezkontzen da eta berarekin berriro egoteko aukera izan dut, aspaldian ez geundela elkarrekin. Garai polita izan zen, gozatzen genuen gustatzen zitzaiguna ikasten.

Nahiz eta orain gustokoa dudan ordenagailu artean ibiltzea, garai batean ez nintzen batere trebea. Unibertsitatean hasi behar nuenez, orduan agertu zen ordenagailua etxean. Ikastolan Informatika beharrean, Frantsesa aukeratu nuen. Zenbat eta makina gutxiago, niretzat errazago.

Guztia informatizatzen hasi ziren Deustuko Unibertsitatean. Euskal Gaietako Liburutegira joaten ginen bakoitzean, abenturaren bat izaten genuen. Ez genuen aurkitzen behar genituen liburuak, aurretik gelakideren batek hartzen zuen, norbaitek ez zuen itzultzen… Baina abenturarik errepikatuena hauxe izaten zen: ordenagailua blokeatzen genuen.

Batek pentsatuko du: desblokeatu eta listo. Ba ez… liburutegiko ordenagailu guztiak blokeatzen ziren. Inork ezin zituen liburuak hartu gure “erruz”.

Bertako tipoak ezagutzen gintuen. Hirutan edo lautan berdina egin eta gero, sartzen ginen bakoitzean berdina esaten zigun: Neskak zer behar duzue? Nik egingo dizuet guztia ordenagailuan, errazagoa izango da eta ez duzue ezer izorratuko. Zelako fama…

Lehen antiordenagailu ginen horiek, lanean erabili behar dugu eta gure laguntzailerik onena da. Nork esango zigun orain hamar urte…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

ELIZAKO GAZTE FEDEDUNAK

Pasa den ostegunean Arantzazu eta Loiola bisitatu nituen. Lagun baten mutila katalana da eta gogoak zituen hauek bisitatzeko. Ez naiz erlijiosoa, baina bi leku hauek, eta batez ere Arantzazuk, erakartzen naute. Kokapena, bertan gertatutakoak,… Erlijio baino, niretzat, kulturarekin eta Euskal Herriko historian berebiziko garrantzia izan duten santutegia eta basilika dira.

Arantzazun ederto, jende askorik ez, Lasarteko jubilatu pila… Isiltasuna, txorien kantuak,…

Komeriak Loiolan izan  ziren… Bagenekien Benedikto Madrilera zetorrela gazteekin egotera, baina ez genekiena zen Loiolatik pasatuko zirela.  Basilika eta San Inazioren etxea bisitatzen ibili ziren. Errespetu gutxirekin: zarataka, argazki makinen flashak gora eta behera, edozein lekutan botata,…

Hau ikusita, burura etortzen zaidan bakarra da, elizak gaztez beteta egon behar direla. Kristautasuna ez dago krisian, bermatuta daukate etorkizuna. Ez da horrela? Etxe ondoan, nire auzoko eliza dago. Gero eta gazte gutxiago, jada ez da umeen meza existitzen, umeek ez dute jaunartzerik egiten, konfirmazioak are gutxiago,…

Nondik atera ziren hainbeste gazte? Aukera polita merke bidaiatzeko?

Gero eta gehiago pentsatzen dut eliza sekta bat dela, gainbehera datorkiola, baina goian daudenek “salbatuko” dutela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

GIDABAIMENA EUSKARAZ

18 urte betetzen dituzuenean, gidabaimena ateratzeko aukera ezin hobea da. Beti esaten nuen berdina: 18 urte betetzen ditudanean, autoeskolara joango naiz. Joan bai, baina bi astera eskafoidesa hautsi, eta ezinezkoa zitzaidan boligrafo bat hartzea. Utzi nuen, utzi nuen, eta utzi…

29 urte ditut, hamaika urte igaro dira eta oraingoan bai, horretan jarri naiz. Teorikoa gaindituta, praktikoa faltan.

Askotan, gure herrian euskaldun izatea gatza da. Banekien gidabaimena euskaraz ateratzeko aukera zegoela. Azkar bukatu nahi nuen kontu honekin, etxe ondoko autoeskolan izena eman nuen. Dena erdaraz. Askok “bronka” bota zidaten: nor eta zu, gidabaimena erdaraz egiten? Ez daukazu lotsarik!

Agian ez daukat lotsarik, baina berriro ere zerbait euskaraz lortzeko, hamster baten antzera sentitu behar nintzen?

Ezagun bat euskaraz egiten ari da. Zergatik? Dirulaguntza egoteaz gain, azterketa errazagoa omen delako. Azterketa gutxi omen daude, eta oso erraza izango da gainditzea.

Zergatik egiten du euskaraz: dirulaguntza eta azterketa errazagoa delako, edota bihotzak esaten diolako euskaraz egin beharra bere hizkuntza delako?

Euskaraz egiten baduzu, beti izango duzu sariren bat beste aldean. Ez dugu sinisten dugulako egiten.

Beste mila gauzetan euskara nire lehen hizkuntza da. Kasu honetan, ez. Baina are txarragoa da, zure lehen hizkuntza euskara izatea, gozoki bat atzean duzunean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

UDALEKUAK

Berriro etxean. Zazpi egun Arrazolan igaro eta gero, berriro bueltatu naiz eguneroko bizitzara. Nire dutxa, nire ohea, sofa,…

Urte gogorra izan dut, gogo gutxi nituen udalekuetara joateko. Gauza gehiegi hain denbora gutxian gertatzeko. Oso hausnartua nuen azkenak izango zirela begirale moduan. Udalekuetara gogoz joan beharra dago, disfrutatzera, dena ematera,… Eta orain astebete ez nuen nire burua horrela ikusten. Ez nintzela gai izango pentsatzen nuen.

12 urtetan era guztietako taldeak izan ditut. Aurtengoa desberdina izan da, itzela. Galduta neuzkan gogo guzti horiek berreskuratu ditut.

Malkoak, irribarreak, algarak, une hunkigarriak,… Zaila da definitzea egun hauetan sentitutakoa. Gezurra dirudi 12-14 urteko gazteek transmititzen dituzten sentsazioak, sortzen den harremana. Zaila da horrelako gazteak topatzea.

Ezkutatuta nuen grina, berpiztu zait. Jarraitu nahi dut 18 urterekin ireki nuen bide hori.

Arrazolak indar pila eman dizkit! Eskerrik asko!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

AMA ZELULAK “BIZIRIK” OMEN DAUDE

Desesperazioa, mina, esperantza galduta,… Ezagutzen nautenek, ondo dakite ezkerreko hanka moztu eta txakurrei botako niela aukera izanez gero. 16 urtetatik gerra ematen, kirola alde batera utzi behar izana, erresonantzia magnetikoak, bi ebakuntza, mila esperimentu, errehabilitazioak, negarrak, amorrua,…

Azken bi urteak gogorrak izan dira. Sekulan ez naiz hain mindute egon. Bi aukera nituen: ebakuntza (inolako bermerik gabe) edo tratamendua ama zelulekin. Ez neukan batere gogorik kirofanotik pasatzeko, makuluekin ibiltzeko, ilusioak egiteko eta berriro ere porrotean jausteko.

Orain urtebete, bigarren aukeragatik egin nuen apostu. Odola atera, zentrifugatu eta Akileseko tendoian sartu. Mingarria oso, esperimentua, batzuen ustez doping-a. Hanka handituta, ia ibili ezinda,… 6 ziztada, azkenekoak urtarrilean. Ia negu osoa Crocs batekin igaro dut.

Atzo berriro traumatologoarengana. Sentsazioak ez ziren onak, baina hobeak bai. Behintzat ibiltzen naiz, bizikletan ostera txikitxu batzuk egin ditut (kalanbreak eta guzti…) eta bizitza normala egin dezaket, kaña sartu gabe.

Asko regeneratu zait tendoia. Orain urtebete ezinezkoa litzateke horrelakorik pentsatzea. Medikuak irailerarte “jai” eman dit. Agian irailean beste hiru ziztada emango dizkit, ez dago guztiz sendatuta, baina bidean omen da.

Uda lasai igaro behar dut: zorakeriak egin gabe, hanka zaintzen, mimoak ematen, txankletak erabili gabe, itsasoko ura aprobetxatu,…

Nire osasuna on bidean dagoela ematen du…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

GRABAKETA BATEN ZIRRARA

Urte nahikotxu igaro dira, lehenengoz grabazio estudio bat zapaldu nuenetik. 16 urte izango nituen, ikastola garaia, bertsoa puri-purian nire buruan, amets eta plan ugari nire ganbaran.

Pasa den ostiralean, grabazio estudio batean egon nintzen. Oraingoan ez ninduten grabatu. Ikasleak eraman nituen, proiektu baten parte dira, ahotsa jartzen diete abesti batzuei.

Aukera eman nienean, erdi brometan hartu zuten. Nire esperientzia kontatu nien. Nola gozatu nuen kaskoak jarrita, bigarren ahotsak egiten edota koreografiak asmatzen abesten genuen bitartean.

Sinistu ez bazuten ere, berdina errepikatu zen. 16 urterekin izan nuen zirrara berdina izan zuten. Gogoz geratu dira berriro bueltatzeko, seinale ona.

Nahiko urrun neukan oroitzapen hori, berriro berreskuratzea, gozamena izan da. Inork ez daki zenbat emango nukeen 1998ra itzultzeko…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina