Ondo izan Endaitz!

Orain dela gutxi dei bat jaso dut. Dei hori espero nuen, ahalik eta beranduenen hobeto, baina nahi baino lehenago izan da.

Endaitz hil da gaur. Nire ikeslea izan da Berangon hiru urtetan zehar, 11 urte zeuzkan. Ezagutu nuenean minbizia zeukan, baina denborarekin gorputz guztira hedatu zitzaion. Indartsua zen eta azkenaldian eusten ari zen. Esaten zuen indartsu zegoela, gogoarekin. Baina gaitzak bera irabazi du gaur arratsaldean.

Gogoratzen dut klaseetan egiten genituen merendolak, nola abesten zuen gogotsu bere lagunekin batera. Asko gustatzen zitzaion urte bukaerako ekitaldia prestatzea. Beti egiten genuen antzerkitxu bat gurasoen aurrean bertsoz hornitua. Ederto pasatzen genuen denok!

Orain alde egin duzu Endaitz. Alde egin duzu beste lekuren batera, baina gure artean beti egongo zara, irrifartsu, alai, zinen bezalakoa.

Ondo izan Endaitz, egun handirarte lagun!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Ihauterietako jai egunak eta gero, berriro bueltatu behar lanera. Ez zegoen gogo handirik, baina lana, lana da. Gaur Zabala Eskoletara joan naiz, ostegunero bezala (bai, Fernandorengana). Gaur bertso-sorta bat eraman diet, betikolez. “Amak ezkondu ninduen” aukeratu dut.

Azaldu diet, nola antzina, interesen arabera ezkontzen zirela gazte asko. Familia batek lurrak zituelako eta besteak animaliak, horrela partekatzeko… eta horrelako mila adibide daude.

Baina badirudi ez dutela ulertu. Esan diet beraiek suerte itzela daukatela, ezkondu daitezkeelako aukeratzen duten neska edo mutilarekin. Baina Paulek jo ta ke ezetz. “Baina, aber, banandu daitezke, ez?” Ba ez, garai horretan ezinezkoa zen. Ba irakurri zer erantzun didan gure lagunak: “Jo, ba Cuentame -n banatzen ziren eta hor ezin bazen bertsoak prehistorikoak dira!”. Harrituta geratu naiz eta barrezka hasi naiz, zer egingo nuen bestela?

Goenkale edota Ikusgela ez dute ikusiko, baina Cuentame bai.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Euskal gazteria aurrera!

Kafea hartzen nengoen bitartean, Gaur Egun-a ikusten aritu naiz. Karnabalak direnez, jai daukat eta lasai-lasai hartu dut kafetxua egunkaria eta telebista ikusiz.

Gaurko “notizia bonba” (nire lagun batek esango lukeen bezala) Jarrai-Haika-Segi epaiketa izan da. Espero nuen baino tarte handiagoa eskeini diote berriari. Badakigu nolakoa den Euskal Telebista eta harrituta geratu naiz.

Gaur egun ez dakite zer ilegalizatu, zer itxi… Askotan esan diot amari, egunen batean ni izan naitekeela barruan nagoena. Kultura arloan ibiltzen naiz, saltsa askotan, eta nork ez du esaten hurrengo jomuga ni edo beste edonor izan daitekeela?

Herriaren alde aritzea bekatua da, hobe esanda, DELITUA. Hor zeuden gazteak kristolako kondenak dituzte euren herria defendatzeagatik. Hemendik besarkada handi bat auziperatu guztiei! Eutsi gogor!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Ihauteriak Getxon

Gaur ospatzen dira ihauteriak Getxon. Atzo hasi ziren ekitaldiak. Atzo eta Santa Ageda bezperan. Oso berezia izan zen: koru desberdinak kaletik abesten eta talde bat eszenatokian bere piezak jotzen.

Udaletxeak Santa Agedako koruen txapelketa antolatzen du, oso ondo, ados eurekin. Baina zergatik jartzen dute talde bat jotzen ordu berdinean? Zarraoak erantzungo digu egunen batean.

Beste kontu bat, ihauteriak Algortan beti izaten dira Bilbokoak baino aste bat beranduago. Ba ez, gure alkateak aste bat aurreratu ditu jendea ez pilatzeko. Ideia bikaina. Ai Zarraoa… zelako ideiak!

Baina, urtero bezala, txarto atera zaio. Algortako jendea ez zegoen mozorrotuta, guretzat ihauteriak datorren astean dira eta datorren astean mozorrotuko gara. Amorrua emango dio, baina ohiturak ezin dira aldatu. Gureari eutsiko diogu!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Gero arte, Kepa

Gaur Erromoko kaleetara irten naiz ihauteriak ikusten. Lehengusua oraindik dabil ikastolan eta argazkiak ateratzera joan naiz. Dotore-dotore atera dira. Gaur Santa Ageda bezpera izanik, hori errepresentatu nahi izan dute. Batzuk Mutrikuko Santa Agedakoak ziren, bestea, Bermeokoak, Arratiakoak… Guapo-guapoak!

Baina tristura kutsu bat sentitu dut. Ez urteak aurrera doazelako eta ikastolan ez dudalako jarraitzen. Pertsona bat falta zen guztien artean: Kepa. Pasatzen zeudenean umeak, oraindik nire begiak bere bila zeuden, noiz agurtuko zain. Nire irakasle izan zen Kepa, izan dudan onena egia esateko. Beraren erruz nago ikasten ikasten nagoena, berak bultzatu ninduen euskal kulturan murgiltzera.

Negar malkoren bat isuri dut ikusi ez dudanean. Zaila da onartzea alde egin duela, behintzat niretzat. Gaur, ziur nago, ikastolan dantzatzen daudenean eskinatxo batetik agurtuko gaituela.

Zulako pertsonak ez dira ahazten Kepa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Nafarroa Oinezek 25 urte

Beti gustatu izan zait ikastolen jaietako kamiseta, pegatak eta batez ere abestiak gordetzea. Orain bi aste Altsasuko Iñigo Aritza Ikastolara deitu nuen eskatzeko “Nafarroa Oinez 25 urte” liburua. Abesti eta bideoklipak datoz eta irudi ederrez osatuta dago.

DVD-a ikusten aritu naiz eta abesti asko gogoratu ditut, garai haietako janzkerak (nork ez zituen 90.hamarkadaren hasieran bermuda floreszente kantoso horiek jantzi? Nik bai!)… Castillo Suarez-ek idatzi ditu testuak eta badago bat asko gustatu zaidana. Bertan kontatzen du nola beti gabiltzan bilatzen jaietan Oinezaren arropa postua, edota bokatak erosten txoznan, … Egun horitean ez zaigu inporta dirua xahutzea. Horrelako jaietara noanean beti bueltatzen naiz diru gabe…

Ikastola barne-barnean daramat. Ikusi dut aita eta ama lan egiten ikastola aurrera ateratzeko. Aurrera atera da eta nola gainera! 1996an Betiko Ikastola ibiltzen hasi zen eta gaur egun egonkor dagoela esan daiteke. Bihar ihauteriak dira eta urtero bezala ikastolara igoko gara “karroza” denak garai zaharrak birgogoratzen eta irakasleak agurtzen.

Gogoz nago Ibilaldiako kantu guztiak noiz bilduko dituzten. Nafarroak Oinezek egin du, polita gainera.

ZORIONAK NAFARROA OINEZ!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Zuk ba al duzu planik?

Atzo nork ez zuen ikusi Ibarretxe jauna Espainiako kongresuan “plan famatu” hori defendatzen? Egun guztia berdina telebistan. Nire ikasleek esango luketen moduan: zelako txapada!

Ez dudana ulertzen da, zergatik espainiar telebistako bigarren katean ematen ari ziren. Nik irakurrita eta entzunda daukanagatik, Raxoi eta “Zapatari” jaunei, espainiarrei ez zaie arduratzen plan hori. Ez bazaie arduratzen, zergatik telebistan? Ai, ai, ai ez da amaren semerik jaio ulertuko dituenak politikariak eta are gutxiago espainiarrak!

Nik egia esan, ez daukat planik. Zuk?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Bertsolariak Aixerrotan

Aixerrota Institutuak Algortako eta inguruko umeak hartzen ditu, dena D ereduan ematen delarik. Hantxe taldetxu bat daukat bertsotan ikasteko gogoz, bost basati (bai, benetan, basatiak dira ez umeak je, je, je).

Urtero otsail hasieraren bueltan Aste Kulturala ospatzen dute. Aurten bertsolaritza ematen hasi naizenez eskatu zidaten ni arduratzeko. Miren andereñoari bururatu zitzaion esaera zaharren txapelketa egitea ikasleekin. Sopelan egiten da urtero, AEK-k antolatuta. Bertsolariek bertso bat bota eta entzuleek asmatu behar dute zein esaera zahar den.

Esaera zaharrak Josu Landetari eskatu (gure eskualdeko bertsolari ezaguna) dizkiot. Euskara irakaslearekin landu dituzte gelan eta atzo, erderaz esaten den bezala, “la prueba de fuego” izan zen.

DBH 4ko ikasleak zain genituen areto nagusian. Algortako Bertsolari Eskolako gaztetxuak gogotsu zetozen abesteko eta egia esan saio ederra atera zen! Ez nuen usteko entzuleak hain motibatuta egongo zirenik. Eskua altxatzen ibili ziren esaera asmatzeko, askotan bertsoak bukatu baino lehen txaloka hasten ziren. Harrituta atera nintzen, gozatu nuen eta eurak are gehiago. Kristolako beldurrarekin joan nintzen, batzuk justu-justu baitzekiten zer zen bertso bat. Bertsolariekin geratu ziren hizketan, galderak egiten… Hori ez da egunero ikusten institutu batean.

Apurka-apurka biharko bertsozaleak hezitzen goaz.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Ikusita zer dagoen telebistan, bideoklubera joan eta pelikula bat alkilatu nuen. Normalean ez ditut ikusten, baina lagun bat han hasi denez lanean maizago joaten naiz.

“Emperor´s club” hartu nuen. Poeta Hilen Kluba-ren antzekoa da, ez hain dramatikoa, baina ederra. Historia Klasikoko irakasle baten jardunak kontatzen ditu. Eskolako potolo batean ematen ditu eskolak, Sant Bennedick´s (barkatu, baina nire ingelera erdoilduta dago) Ikastetxean. Gogoratu etorri zitzaizkidan Josetxuk batxilergoan ematen zizkigun klaseak ikastolan. Grezia, Erroma, Euskal Herriko historia, … Garai politak ziren, behintzat ez neuzkan kezka handirik nire ikasketez gain.

Gure protagonista ikasle batekin tematzen da, klaseko alferrena izanda lortu nahi du onena izatea. Baina irakasle askori gertatzen zaigun bezala porrot egiten du. “Señor Julio César” txapelketa antolatzen dute urtero. Historia klasikoari buruz gehien dakiena “Señor Julio César” izendatzen dute.

Ikasle hori finalera heltzeagatik, merezi zuen beste bat uzten du kalean irakasleak. Batzutan senak hori esaten digu, baina…

Batzutan irakasleak nahiko injustoak izaten gara gure ikasleekin. Batzuk gogoko ditugu, besteak ezin ditugu parean ikusi ere egin… Baina denak dira ikasleak eta denek merezi dituzten aukera berdinak. Orain bakarrik falta zaigu praktikan jartzea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Zapatuak beti berdin

Beti berdin, bai. Batzuentzat zapatuak edo larunbatak juerga egunak izaten dira, atseden hartzeko eguna. Aspalditik, niretzat ez. Saiatzen naiz beranduago altxatzen, astegun soil baten ondoan ez dauka desberdintasun handirik.

Begirale nabil Algortako Skout Taldean, eta 16.30etarako beti egoten naiz hor gauzak prestatzen, umeak 17.00etan baidatoz.Normalean zapatu baten jokoak egiten ditugu gertu dagoen eskola baten patioan edo bestela tailerrak.

Gaur jo ta ke ibili gara mozorroak prestatzen. Algortako ihauterietan beti egiten dugu jaitxu bat (Bilbokoak baino aste bat beranduago). Nagusi zein ume mozorrotzen gara, “pase de modelos” egiten dugu, merendola eta musika dantzatzeko lokalean. Ederto pasatzen dugu. Desberdina bada eta umeek eskertzen dute.

Aurten margolariz goaz Koskorrak (7-12 urte bitartekoak). Gaur paleta egin dugu kartoiarekin eta hurrengo egunean amantala eta gure kapela dotorea. Ez naiz oso iaioa eskulanetan, baina umeak tartean daudenean badakizue…

Gero begiraleen batzarra edukitzen dugu 18.00etatik 21.00ak arte. Bakoitzak zer egin behar duen, gauzak lotu… Handik irten, zerbait hartu lagunekin eta etxera! Agian ez noa juergan, baina ondo aprobetxatzen dut zapatua!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1