Bertsolariak Aixerrotan

Aixerrota Institutuak Algortako eta inguruko umeak hartzen ditu, dena D ereduan ematen delarik. Hantxe taldetxu bat daukat bertsotan ikasteko gogoz, bost basati (bai, benetan, basatiak dira ez umeak je, je, je).

Urtero otsail hasieraren bueltan Aste Kulturala ospatzen dute. Aurten bertsolaritza ematen hasi naizenez eskatu zidaten ni arduratzeko. Miren andereƱoari bururatu zitzaion esaera zaharren txapelketa egitea ikasleekin. Sopelan egiten da urtero, AEK-k antolatuta. Bertsolariek bertso bat bota eta entzuleek asmatu behar dute zein esaera zahar den.

Esaera zaharrak Josu Landetari eskatu (gure eskualdeko bertsolari ezaguna) dizkiot. Euskara irakaslearekin landu dituzte gelan eta atzo, erderaz esaten den bezala, “la prueba de fuego” izan zen.

DBH 4ko ikasleak zain genituen areto nagusian. Algortako Bertsolari Eskolako gaztetxuak gogotsu zetozen abesteko eta egia esan saio ederra atera zen! Ez nuen usteko entzuleak hain motibatuta egongo zirenik. Eskua altxatzen ibili ziren esaera asmatzeko, askotan bertsoak bukatu baino lehen txaloka hasten ziren. Harrituta atera nintzen, gozatu nuen eta eurak are gehiago. Kristolako beldurrarekin joan nintzen, batzuk justu-justu baitzekiten zer zen bertso bat. Bertsolariekin geratu ziren hizketan, galderak egiten… Hori ez da egunero ikusten institutu batean.

Apurka-apurka biharko bertsozaleak hezitzen goaz.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude