Jada 23 urte…

Bai, egun esanguratsua da gaur: martxoak 11. Gaur izan zen Madrileko sarraskia, milaka zauritu, ia 200 hildako. Egia esan, ahazteko moduko eguna. Goiz altxatu nintzen, amarekin neukalako hitzordua jarrita Deustun. Amoma ingresata zegoen eta erabaki genuen elkarrekin bazkaltzera joatea. Egun normala zen, beno, niretzat ez.

1982ko martxoaren 11an amak munduratu ninduen Bilboko klinika baten (gaur egun ez da existitzen, Ginecoyatreo omen zeukan izena). Aitak esana, etxera joan arte negarrez pasa nituen han igarotako egunak. Ezagutzen nautenek badakite oso etxezuloa naizela, non etxean baino hobeto? Ez dakit esperientzia ona edo txarra izango zen gurasoentzat, baina ni izan naiz euren seme-alaba bakarra. Edo oso ondo egin naute edo desesperatu dira nirekin. Hautatzekotan lehenengoarekin geratuko naiz, politagoa da behintzat.

Martxoaren 11 ez dugu ahazten, baina hemendik aurrera badakizue, zerbait polita ere gertatu zen egun horretan: ni jaio nintzen!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Denbora falta

Julen Gabiriaren bloga irakurtzen dut noizean behin http://eibar.org/blogak/gabiria . “Arnasa hartzera noa” izenburua jarri zion orain dela gutxi artikulu bati (nolabait esateko artikuluarena). Eta ederto ulertzen dut esaten duena.

Badakit zer den denbora falta. Gauza askotan nabil sartuta eta ez dut izaten denborarik lagunentzat eta etxekoentzat. Askotan amak deitzen nau ia non ote nagoen, zein batzar dudan, non emango ditudan eskolak… Kaos bat da gurasoentzat jakitea non nagoen, askotan ni ere ez naiz aklaratzen…

Horren erruz, estres horren erruz, pasa den urtetik antsietatearekin nabil. Nerbioak txarto. Badakit gaztea naizela horrelakoetan ibiltzeko, baina bizitza horrelakoa omen da. Nahiko txarto egiten dut lo, hobe esanda, ez dut ia lorik egiten. Agendaren menpean bizi naiz.

Medikuak aspaldi esan zidan bizitza lasaitasunez hartu behar dudala, bizi. Baina nola egiten da hori? Norbaitek erantzuten badit eskertuko diot.

Baina ikasketak, lana, begiralea izan, etxeko kontuak, bertso-eskola, … denarekin ezin da. Zein utzi? Ezin daiteke ezer utzi, bakoitzak gauza bat aportatzen dizu. Askotan disgustoak izaten dira, baina zer axola dio gero beste gauzaren bat ematen badizu?

Orain bi urte elkarrizketa bat egin zidaten UK aldizkarian eta honakoa jartzen zuen: “Saltsa eta ekimen guztietan bidelagun izango duzu”. Egia handia Josu Arroyok idatzi zuena. Baina pistoia jeitsi beharko da ez badut nahi txarrera egin. Lasaigarriak hartzen ditut lo egiteko, baina horiekin ere ez.

Beraz, ia noiz datorren belaunaldi erreleboa eta ardura batzuk kentzen dizkidaten!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

Gauzak ederto doaz!

Gaur ama onkologoarengana joan behar zuen. 5etan zeukan hitzordua eta aitarekin joan da, ez dakit zein zegoen urduriago, baina beno.

Ebakuntza irailaren 2an egin zioten, kimioa eta radioa ere hartu ditu. Baina gaur, azkenean berri pozgarriak heldu dira, edo behintzat pozteko modukoak. Radioterapiako 7 sesio gehiago hartu beharko ditu eta badirudi “bitxoa” (gure etxean horrela deitzen diogu minbiziari) alde egingo duela.

Oraindik onkologoak ez dio alta emango, joan beharko du errebisioak egitera, baina pausu handia da. Malko asko isuri ditut hau guztiagatik. Ama, ama da (nola ez!), beti daukazu beldurra galtzeko. Gaur malkoak isuri ditut, baina pozik nagoelako.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Orain dela urte batzuk, klase partikularrak ematen hasi nintzen. Badakizue, dirua nonbaitetik atera behar da eta gurasoei eskatzea inoiz ez zait gustatu. Ikastola ordaindu didate, orain unibertsitatea eta nahikoa egiten daude nigatik (kejatuko dira bere alabaz je, je, je!)

Bi urte daramatzat ez ditudala klase partikularrak ematen, orain bertsolaritzaren irakaskuntzan murgilduta nago. Baina noiz edo noiz, garai hartako nire ikasleei ere laguntza eskaintzen diet eskatzen didatenean.

Mikelek deitu zidan pasa den astean, analisi sintaktikoa egin behar zuela euskarazko esaldi batzuetan eta ez zela aklaratzen. Baietz esan nion, begiratuko nituela BUPeko nire apunteak eta arratsaldean joango nintzela.

Apunteak aurkitu nituen, baita liburuak ere. Baina egia esan, disgusto itzela hartu nuen. Gramatika asko landu genuen, nire ustez gehiegi. Literaturako orriak ikutu gabe zeuden, hori ez genuen landu ikastolan.

Ongi pentsatuta ikastolan bakarrik bi liburu bialdu zizkigutela irakurtzeko: Goizuetako Ezkongaiak eta Ipuin Antologia bat. Ez da tristea? Sikira gaur egun gehiago lantzen dute. Genero guztiak ikutzen dituzte, pila bat liburu irakurtzeko, … Enbiria ematen didate, kristona!

Ikusten ditudanean DBHko ikasleak Andu Lertxundi lantzen, edota Sarriren olerkiak gogoak ematen dizkidate klase barruan gelditzeko. Agian bueltatu nahi dut ikastola garaira, izan daiteke. Baina nik literaturaz dakidan apurra, nire kabuz eta unibertsitatean ikasi dut. Berandu, baina hor dago.

PD: Analisi sintaktikoa egin behar dituzuenean, badakizue non nagoen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Zergatik nire herrian ez?

Gaur Bilboko Alde Zaharrean egon naiz. Batzar bat neukan hiriburuan eta garaiz joan naizenez kafetxu bat hartu dut. Kalderapekora joan naiz, kafetxu bero beroa hartu eta Berria irakurtzen egon naiz. Korrika dela eta, han gertu badago denda eta kamiseta ere erosi dut, polit askoa!

Atera naizenean buruari bueltak ematen hasi naiz. “Buuff Nahikari, bi lekutara sartu eta bietan euskaraz!” Tontakeri bat izan daiteke, baina ilusioa eta guzti egin dit. Nire herrian leku gutxitan eskatu dezakezu “Kafesne bat, mesedez”. Euskalduna naiz, euskaraz bizi nahi dut, beste askoren moduan, baina Getxon ezinezkoa da.

Gero eta guraso gehiago entzuten da seme-alabekin euskaraz hitz egiten, baina komertzioetan oraindik asko dago egiteke. Bultzadatxo bat eman diogu gure hizkuntzari, baina lan itzela daukagu aurretik!

Pozik bueltatu naiz etxera, behintzat bi lekutan aritu naiz euskaraz eta inork ez dit esan “en castellano, por favor”.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Bartra nagusi Abra Sariketan

Jada lau urte dira Abra Sariketa antolatzen hasi ginela Algortako Bertsolari Eskolakoak ( http://www.albegetxo.net ) . Aurreko irabazleak Nerea Elustondo, Jon Martin eta Xabier Paia izan dira, aurten, berriz, Oihana Bartra bilbotarrak eraman du txapela etxera.

Jende gutxi hurbildu zen Andres Isasi Musika Eskolara. Ez dakit zergatik, baina beti gertatzen da berdina. Aurten kasualitatez, Bilboko manifestaldia zegoen. Urteen poderioz hobetuko da.

Idazkari lanetan ibili nintzen, eta nire ustez, saio eskasa izan zen. Bertso onak egon ziren, baina orokorrean eskas. Ez dakit zer gertatu zitzaien bertsolariei, baina ezagutzen ditugunak badakigu askoz hobeto egin dezaketela.

Azkenean Oihana Bartrak eraman zuen txapela Bilbo aldera. Kartzelan dauden gazteei eskeini zien txapela, bertso ederra! Agin Rezola bidean geratu zen txapela lortzeko. Kartzelako gaian doinuz aldatu zuen eta hor ihes egin zion txapelak. Hurrengoan izango da.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Esaldi polita, eh? Irakurri behar direnak!

http://www.ukberri.net irakurtzen dut egunero, gure eskualdeko berriak etortzen baitira. Interviu aldizkarian izenburuan daukazuen erreportai bat dator. Zaila omen da Getxon bizitzea, eta ni enteratu ere ez!

Egia da gure herrian atentatu asko egon direla, baina Gipuzkoan ziur berdina gertatuko dela beste herri edo hiriren batean.

Harrigarriena da Koska Irratia, jai batzordeak eta Getxo Bizia lotzen dituela ETArekin. Baina nora helduko gara? Euskal nortasunarekin zerikusia duen oro ETArekin dauka lotura. Zer egiten dute hiru erakunde hauek ez bada gure herria bultzatu? Nola dakite Espainian erakunde hauek existitzen direla? Noski, Gotzone Mora gure zinegotzi maitagarriak eman die beraien berri. Galdetu berari ia zein den bakoitzaren egitekoa, ziuraski ez duela jakingo non daude euren egoitzak ere ez.

Gonbidatzen ditut Interviuko kazetariak egun bat pasatzen Getxon. Batez ere, ikusteko zeinen ondo bizi garen herri honetan!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Orain gutxi Gara irakurtzen egon naiz kafe bero baten konpainian. Ederra kafea! Egunkaria beno… gaur albiste batek harritu nau: “Profesores monolingües se encerrarán en un instituto de Bilbo”.

Ez nekien barre egin, negar egin edo zer… Alde batetik tamalgarria da. Pertsona horiek erraztasun guztiak eduki dituzte perfila ateratzeko. Nire izekoren ezagun bat (historia irakaslea da nire izeko institutu batean, D ereduan), perfila ateratzen 5 urte daramatza ez badira gehiago. Baina ez pentsa eskolaz kanpoko orduetan denik. Baimen bat egiten diete eta euskaltegira doaz ikastaro trinko bat egitera. Beno hori diote, nik dakidala pertsona hau ez da joan, beste eginbehar batzuk zituen. Ez da gai elkarrizketa arrunt bat ulertzeko ere ez.

XXI.mendean eta oraindik A eredua martxan? Norentzat? Lehen aitzakia atzerritarrak ziren, baina gaur egun atzerritarrek D ereduan matrikulatzen dituzte seme-alabak. A ereduak aurrera jarraitu behar du irakasle horrek lana eduki dezaten? Ahalagin minimo bat egin behar dute euskara ikasteko, erraztasun guztiak euren alde dituzte, baina alperrik. Horrela doa gure herria! Ia Iztueta sailburuak zerbait egiten duen aurrerantzean…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Jada bi urte

Jada bi urte. Gaurko egun batez, ohetik altzatu eta amak esan zidan: “Seguramente hoy no tendrás periódico, han entrado la Guardia Civil en el Egunkari”. Hasieran uste nuen brometan zebilela, baina Radio Euskadi entzun eta harrituta geratu nintzen. Kioskora joan eta Maikek, beti bezala, gordeta zeukan ale bat niretzat. Altxor baten bezala daukat gordeta azken ale hori.

Askotan ez dakizu Madriletik zer erasotuko duten, baina inolaz ere ez genuen pentsatzen beraien jomuga Euskaldunon Egunkaria izan zitekeenik. Horrela izan da.

Ez dut ahaztuko Donostiako manifa. Ikaragarria izan zen! Inoiz ez dut hainbeste jende batera ikusi. Ideologia desberdinetako pertsonak, guztiak batera egunkari baten alde. Merezi izan zuen hara joateak.

Herri batzordeak antolatu ziren, nire auzoko batzordean aritu nintzen eta zerbait lortu genuen. Harpidedun askorik ez, baina kamiseta mordoa saltzea bai. Eskertzekoa da auzo erdaldun batean bizita.

Gaur egun auziperatu guztiak kalean daude, baina epaiketa ez da hasi. Onena opa diet. Egin duten delitu bakarra euskal kazetaritza suspertzea izan da. Biba zuek!

Egunkaria Aurrera!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Asko gustatzen zait irakurtzea, baina nahi baino gutxiago irakurtzen dut. Ikasketak eta lana lehendabizikoa da! Beno, azterketak bukatu dira eta orain denbora gehiago daukat.

Asteazkenean joan nintzen Urretxindorrara eta han aurkitu nuen Joxe Aranzabalen “Medikuak esan dit minbizia dudala” liburua. Joxeren berri daukat bere blog-atik. Faroa dauka izena, egunero ematen dio argia euskal blogosfera honi eta nola gainera!

Liburuan kontatzen du bere gaixotasuna, fase guztiak, jendeak ematen zizkion animoak internet bidez… Ederra da, sentimenduz idatzia, bihotzarekin. Oso sentibera naiz eta malko batzuk bota ditut irakurtzerakoan. Bi ordutan irakurri nuen eta berriro hasi naiz irakurtzen, gozatu dut aspaldiko partez.

Zorionak Joxe zure liburu ederrarengatik! Animo!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1