ALGORTAKO TROPA URRETXUN!

Bai, atzo osteratxua egin genuen Urretxuraino. Xabi Paiak abesten zuen eta bere “fan” kuadrilla hara joan ginen tinbal, turuta eta bozinarekin.

Hotza hezurretaraino sartu zitzaigun, baina ederto berotu ginen Urretxuko frontoian. Hasieran beldurtu ginen, bai horixe. Agurra ez zitzaion behar bezala atera eta denok geratu ginen beldurtuta. Baina ze kristo! Goia jo zuen Xabik atzo.

Txapelketa egin duen saiorik onenetarikoa. Zortziko nagusian gozatu zuen, puntuak erantzuten bikain, hamarreko txikian ederto, zer gehiago eskatu behar zaio?

Publikoak inolaz ez zuen espero hirugarren postua eskuratzea. Amaia Agirrek gehiago merezi omen zuen (Peñagarikanoren hitzak gaur goizean), baina ez zen ibili beste batzuetan ibili den bezain fin. Txapelketa Nagusian gaude eta epaileek akats txikiena ere zigortzen dute.

Politena azkenengo agurra, Frediri eskeinia eta doinu berriarekin.

Publiko artean izan

arren hainbat lagun,

denen artean badut

bat oso ezagun.

Gure etxean bertsoa

sartzean errudun,

bertsozaletasuna

zuk eman zenigun.

*Nahiz Egañak banaka*

oso ondo jardun,

nola biok gehiago

egin dezakegun.

*Nahiz Egañak bakarka*

oso ondo jardun,

anaien txapelketan

gu ginen txapeldun.

Ederra bertsoa. Bukaera emateko erarik onena izan zen.

Agian finalera heltzen da, Xabi ez dago hain ziur. Baina amets egin dezagun une batez! Heltzen bada bikain, bestela ere ederto! Urteetako lanak fruitua eman du eta label onekoa gainera! Zorionak Xabi!

Portzierto, hona hemen nire finalerako porra! Manex zu ere busti zaitez!

Hauek izango dira nire ustez, edo behintzat nik nahi izango nukeena: **Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Jon Maia, Aitor Mendiluze eta Xabi Paia.** Ia azkenengoarekin asmatzen dudan!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

AMOMA

Astearte gauetan “Abuela de verano” telesaila ematen dute, Rosa Regás-en liburu batetan oinarrituta.

Ahal dudanetan ikusten dut, astearteetan batzarra izaten dut Bilbon eta berandu heltzen naiz etxera, eta ohean oihuka deitzen nau. Asteartean, azkenaurreko kapitulua eman zuten. Uztaileko hilabetea pasatzen dute umeek amomarekin batera Kataluniako masia batean.

Zer nahi duzue esatea, badakit oso sentimentala naizela, baina asteartean negar egin telesailarekin. Zergatik? Nork jakin, agian txikitako garaiak etorri zitzaizkidalako gogora.

Amomak hazi nau, aita eta amak ez zuten nahi haurtzaindegira joaterik eta ikastola hasi bitartean amomarekin geratzen nintzen. Uste dut, nire haurtzaroko unerik politenak berarkin pasa ditudala, Amoma Mertxerekin. Berak eman dizkit zaplastekoak, berak eman dizkit mimoak, kapritxoak, …

Aitite Pablok ekartzen ninduen ikastolatik, amomarekin askaria jan eta gero hor ibiltzen ginen biak jolasten. Ez dakit nola ez nuen nekatzen. Oso berbatia nintzen (eta naiz), bakarrik abesten nuen pasilloan, arropak hartu eta mozorrotu, … Garai ederrak!

Lehengusuak uda partean etortzen ziren amomaren etxera. 5 lehengusu-lehengusina gara. Kristolakoak egiten genituen denon artean, baina polita zen. Orain ez daukagu kontaktu handirik gure artean, nagusitu gara eta dena aldatu da. Gauza bat izan ezik: nik ez dut amomarekin kontakturik galdu.

Nire etxe aurrean bizi da, eta ahal dudan guztietan berarekin egotera joaten naiz. Osasunez makal dabil, baina gogorra da eta gerra asko dauka emateko oraindik.

Naizenaren zati handi bat, berari esker da. Une garrantzitsuenetan hor egon da, alai zein tristeetan.

Eskerrik asko une guzti horiengatik Amoma!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 3 iruzkin

ARABAN BAGARE…

Arratsaldeko 19.30ak. “Benga, azkar! Fijo berandu heltzen garela!”. Lasai, lasai presa txarra da eta!

Egia esateko bidai luzea geneukan Gopegiraino, baina gauzak patxadaz hartu behar dira. Ez naiz egokiena hori esateko, baina zer egingo diogu.

Galdetuko duzue: zergatik Gopegira Getxokoa izanda? Bagare Txapelketako kanporaketa zeukan Mirenek eta hara joan ginen berarekin, animatzen eta gehien bat zarata ateratzen! Kanporaketan sei bertsolarik hartu zuten parte: Ander Lizarralde, Iñaki Viñaspre, Enaitz Alustiza, Lander Meaza, Oier Lakuntza eta Miren Loizaga.

Gopegiko txoko batean afaldu genuen. Zorionak sukaldariei, afaria primerakoa! Giroaz ere, zer esan! Hogeitamar bat pertsona egon ginen afaltzen eta giroa aparta izan zen.

Txapelketa honek, beste guztien artean berezitasun bat dauka: lehen agurrak puntuatzen du, eta gainera, kanta batean oinarrituta egon behar da.

Mirenek Ai penita, pena euskaratu eta Lola Floresen pare ibili zen. Ander Lizarraldek 564 frakaso abestu zuen, Xalbadorren heriotza ere entzun genuen, … Guztiak imaginazioaz beteta.

Bakarkako lana ere, berezia izaten da: lehen puntu bati erantzun eta abesti baten zati bat entzun eta horri buruz abestu. Zer nahi duzue esatea, bakarrik ezagutu nituen bi abesti. Uste dut, ez noala modarekin bat, baina beno, …

Saioa txukuna izan zen eta bertso gogoangarri asko bota zituzten bertsolariek. Ander Lizarralde eta Enaitz Alustiza sailkatu ziren finalerako, merezita.

Oraindik kanporaketa bat geratzen da, baina finala Gasteizen izango da abenduaren 1ean. Beraz, bertsoekin gozatu nahi baduzue (Txapelketa Nagusia hortxe daukazue), badakizue non dagoen aukera.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

HEMENGO ERREALITATEA DA

Askok ez dute ulertzen hori denik gure eskualdeko errealitatea. Gure herria erdalduna da (min izugarria egiten dit, baina horrela da) eta euskara soilik entzuten da ikasgeletan, kuadrila euskaldun batzuetan, euskalgintzan dabiltzanen mingainetan, … Atzo eztabaida luzea eduki nuen lagun batekin. Ez zuen ulertzen gure herrietan Euskara Zerbitzurik egotea. Noski, bera eremu euskaldunean bizi da, ni Uribe Kostan bizi naiz. Egia esan, ez ginen konponbide batetara iritsi.

Zergatik hausnarketa hau? Igandean Hendaian egon nintzen, Txapelketa Nagusiko lehen finalaurrekoan. Bakarkako lanean, gai interesgarria jarri zioten Frediri: Urte askoren ondoren, ikastolan ikaskide izandakoekin afari bat antolatu duzue. Jendartean hara eta hona zabiltza.

Hango entzule gehienek ez zuten ulertu Frediren ikuspuntua. Uste zuten bere ikaskideei buruz hitz egingo zuela: bata abokatu bezala bukatu du, besteak bost seme-alaba ditu, … Baina ez, Uribe Kostan eta beste eskualde batzuetako errealitatea isladatu zuen hiru bertsoetan. Ikastola utzi eta askok euskara galtzen dute. Hona hemen, Fredik bota zuen bigarren bertsoa:

Ezin diet begiratu

begira nabil goruntza,

ikastola bihurtu da

gure hizkuntzaren hilkutxa,

nahiz beraiei iruditu

deseroso ta harroputza,

egin zazue euskaraz

esanda noa aurrerantza,

“Fredi ez gaude klasean”

da euren erantzun hutsa,

euskara ez da ikasgai bat

euskara da gure hizkuntza.

Ezaguna egin zitzaigun Fredik esandakoa. Ume batzuk aurkitzen ditudanean kalean, esaten didate ia ez dakidan erderaz, kalean gaudela.

Noren errua da? Egia esan, ez dakit. Gurasoena, irakasleena, norberarena, … Zaila da erantzuna.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Aupa Mendi!

Oso arraroa da unian zubia edukitzea, baina gaurkoan hala izan da. Egunkaria irakurtzen nagoenean beti eduki behar dut telebista edota irratia piztuta, nire amak esaten duen bezala, “para tener sonido de fondo”.

Norena da errua? Agian jokalariena. Badakigu Athletic-en barruan jokalariek pisua dutela, eta askotan, ez zaienean entrenatzailea gustatu kalera joan dela. Bai, bai, Athletic-en jokalariek agintzen dute. Zer egingo diogu…

Athletic-a aspalditik dabil kaxkar ligan, bagenekien Mendilibarren etorkizuna taldean kolokan zegoela eta gaur kezka horiek argitu dira. Lamikiz eta Mendilibar komunikabideen aurrean agertu dira. Mendilibar bota dute. Baina ez du bota Athletic-ek, kazetariek bota dute. Behintzat horrela ikusten dut.

Uste dut, Mendilibarrek ahal izan duen guztia egin duela. Saiatu da taldea aurrera eramaten, komunikabideekin ederto portatu da, umil jokatu du, beti hartu ditu galtzearen ondorioak bere gain.

Garai batean entrenatzaile moduan ibili nintzen ikastolako umetxoekin. Lan zaila da, irakasle izatea baino gehiago. Profesionalek komunikabideen eta zaleen presioa jasan behar dute, ni gurasoena. Hiru urte iraun nuen, baina uste dut inoiz ez naizela bueltatuko lan horretara gogorra baita.

Orain, inoiz baino gehiago, San Mamesera joan behar gara zaleok. Athletic-en zaletasuna une gogorretan beti egon da hor. Talde bat baino gehiago da, sentimentu bat. Ni bazkidea naiz zazpi urte nituenetik, galdu nahiz irabazi beti Athletic-ekoa. Azkenaldian ez noa askorik San Mamesera, baina joaten hasi beharko gara, taldeak gure laguntza behar du.

Bestalde, eskerrik asko Mendi egin duzunagatik. Agian laster zaude Athletic-en beste talde baten ardurapean. Animo!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 3 iruzkin

Denok eman behar dugu zerbait, gutxi batzuk dena eman behar ez dezaten

Sutan nago, bai. Ezagutzen nautenek badakite nolako mala letxea daukadun eta gauzak askok gainditzen nautela. Pasa den larunbatetik horrela nago. Lau urte beteko dira Algortako Skout Taldean sartu nintzela begiralea. Txikitan inoiz ez naiz egon horrelako talde batean. Udalekuak eta horrelakoak gorrotatzen nituen, eta gaur egun, ikusten dut zer galdu dudan nire haurtzaroan. Zer egingo diogu…

Gaur egun, begirale gaudenoatik, ni naiz kanpotik etorritako bakarra. Beste guztiak txikitan egon dira taldean. Hemen hasten da arazoa.

Pasa den astean eta aste honetan arazoak eduki ditugu garbitasuna, ardurak, … direla eta. Batzutan hitz gogorrak egon dira tartean, baina beno.

Beste begirale batekin hitz egiten nengoen eta komentatu nion ia zerbait inportatzen zaien taldea? Ia jarraitzen duten begirale bezala derrigortuta ez dagoelako jenderik. Ia zein den taldean egotearen arrazoia. Galdetu nionari, badakit zintzoa dela, eta taldea barruan daramala. Baina besteak?

Ez dakit, txikitatik egon dira hor eta ez zaie zipitzik ere inporta. Zikin edo garbi egon lokala paso, ohar bat egin behar dela gurasoentzat, paso… Zer da hau? Beti egon behar gara beraien atzetik, beti egiten ditugu berdinak gauzak eta ni nekatzen hasia nago.

Onartzen dut 17-19 urte dituztela eta ni naizela nagusiena 23rekin, baina ez dira kezkatzen. Uste dute gauzak bakarrik egingo direla eta ez da horrela. Zerbait lortzeko lan itzela egin behar da.

Baina ez dute ulertzen edo ez dute ulertu nahi. Espero dut hilabeteak pasa ahala, gauzak aldatzen joango direla. Erretzen baldin banaiz…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1

ZORIONAK XABI!

Aspalditik neukan gaurko arratsalderako plana eginda. Zornotzara joan naiz aitarekin. Bertsolari Txapelketa Nagusiko kanporaketa ikustera. Bizkaian saio gutxi daude, baina lehenengo aldiz edukiko dugu finala BECen, Barakaldon. Luzatu gabe, artikulu honen harira joango naiz. Sei bertsolari lehiatu dira Zornotzako Zelaieta Aretoan: Jon Martin, Xabi Paia, Iratxe Ibarra, Miren Artetxe, Oihane Enbeita eta Oihane Perea. Saio polita bete dute bertsolari guztiek. Gorabeherak egon dira, baina ale politak utzi dituzte.

Baina zer esango dizuet, injustoa izan da. Bakoitzak pentsa dezala nahi duena, baina oso injustoa izan da epaia. Xabi ikusi dut aurretik saio osoan zehar eta ez nik bakarrik, beste askok ere. Nondik atera dituzte hogei puntuko diferentzia?

Bertsozale xumea naiz. Agian ez naiz neutrala, Xabi lagun handia daukadalako, ikastolan elkarrekin ibili garelako, bertso-eskolan batera egon garelako, … Agian beste era batera ikusi dut saioa, baina beste askok ere ni bezala ikusi dute.

Kartzelako gaian chapeau! Hiru bertso eder, hunkitu nau. Horretan Xabi espezialista da. Nork jaso ditu txalo gehien kartzelako gaian? Ez dakit.

Bere azken agurrarekin geratzen naiz. Badakigu zein zaila den erdera nagusi den herri batean euskaraz bizitzea, eta are gehiago, bertsotan aritzea.

Entzule pentsa momentu batez

jaio zinela Algortan,

euskera soilik pegatinetan

aurkitzen den herri hortan.

Ta egun batean anaiarekin

hasten zarela bertsotan,

Euskal Herriko kultur puska bat

hartzen duzula besotan.

Gero jendeak onartzen zaitu

hamaika bertso-saiotan,

eta Zornotzan bukatzen duzu

laudorio eta txalotan,

horren moduko amets ederrik

niri etzait bete askotan.

Zenbat ekimen egin ditugu Algortan bertsolaritza sustatzeko gazteen artean? Zenbat saio gaztetxuekin herrian zehar? Euskal Eguneko saio mundiala? Bertso-eskolaren urte bukaerako antzerki bikain haiek? Meritua daukagu egindako guztiagatik. Baina badakizu, ez da berdina Algortan jaio edo Euskal Herriko beste txoko batean jaio…

Niretzat (eta beste askorentzat) zu izan zara gaurko txapelduna. ZORIONAK XABI!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Idazleen ohitura bitxiak

Ostiralean Argian irakurri nuen artikulu bitxi bat: Idazleen ohitura eta maniak.

Badakigu idazle batzuk nahiko bereziak direla, baina hainbesterako… Suposatzen dut guztiok edukiko ditugula horrelakoak. Artikulua irakurtzea gomendatzen dizuet. Baina orain, nire ohiturak kontatuko dizkizuet. Askotan idazten dut, hori bai: guztia geratzen da kajoian, ez zait gustatzen jendeak irakurtzea. Ez dut uste ona denik besteei erakustea, agian ikaratuko lirateke.

Beti idazten dut Pilot boligrafoekin edo bestela, aspaldi oparitu zidaten Cross markako luma batekin. Lagunek badakite lumen kolekzioa egiten dudala eta joaten naizen edozein tokira erosten dudala luma bat.

Gabetan idazten dut, etxean ixiltasuna nagusi denean. Musika lasaia jartzen dut: Benito Lertxundi, Sorotan Bele, Bide Ertzean, … eta lanari ekiten diot. Txoritokian eroso eseri eta hor hasten naiz buruari jira-birak ematen. Folio zuriak erabiltzen ditut eta noizean behin horiak, beti gustatu izan zait kolore hori. Koadernoetan gutxitan idazten dut, ez dakit, ez zait gustatzen. Agian, ikastola garaia ekartzen didalako gogora (idatzi behar genituen idazlan aspergarriak).

Azkenaldian, ordenagailuan idazten dut. Portatilean, uste dut pertsonalagoa dela (ordenagailu arrunta badut). Erosoagoa bada: letra mota desberdinak, ez dira tatxoiak egin behar, …

Askotan, metroan idazten dut. Badaukat artikuluan agertzen den Moleskine libreta bat. Nire agenda txikia dela esan daiteke: ez ahazteko gauzak, burura etorritako ideiak isladatzeko, noizean behin bertsoak, …

Nahi baino gutxiago idazten dut. Lehen orriak eta orriak betetzen nituen, agian inspirazioa etxean zehar galdu da, nork jakin!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Puntistak Amerikan

Gogorik ez ateratzeko eta telebista aurrean jarri nintzen bart gauean. Salsa Rosa, Torrente, … nahikoa aspergarria. ETB-1era heldu eta ikusitako aurpegi bat ezaguna egin zitzaidan. Gauza da, ez nekiela ziur nor zen. Baina konturatu nintzen nor zen: Alex Rekalde pilotaria, puntista berau. Aintzina kirol honek etorkizun handia zeukan. Denboraldi bat Amerikako frontoietan, gero Euskal Herrira eta ederto baten bizi zitekeen. Egoera aldatu da.

Amerikan zeuden frontoietatik bakarrik geratzen dira bi. Urrezko garaia aspaldi bukatu zen, tartean hiru urteko greba egon zen.

Pelotari ezagunak atera ziren Julian Iantzinek egindako erreportaian: Enbil, Bereikua, Rekalde, Goikoetxea, … Gehienak emaztearekin etorritakoak. Denek esaten zuten berdina: urte batzuk hemen eta Euskal Herrira bueltatuko gara. Herrimina nabaritzen zitzaien, Euskal Herrian bezala ez da bizi inon!

Aspaldian, zesta puntako partidu asko ematen zituzten ETB-1ean. Orain protagonismo guztia esku pilotak hartu du. Oso zaila da debutatzea zesta puntan eta Euskal Herrian jokatzea. Pala eta zesta punta egoera larrian daude, ez dute etorkizun handirik. Ez dago kirol honetatik bizitzerik.

Ez dakit, ni bakarrik aritu izan naiz futbolean eta ez dakit pilotaren etorkizuna nola dagoen. Dirua egongo da, baina betikoek aterako dute etekina, nola ez.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Kazetari baten jokaera

Bazkaltzen nengoen bitartean, Maria “Ternera” Camposen (horrela deitzen zuen Klaudio Landak Sorginen Laratzean)tertulia ikusten aritu naiz Tele 5n. Bai, badakit masokista naizela, ultzera bat irten ahal zaidala, baina…

Kataluniako Estatut-ari buruz eztabaidatzen ari ziren eta dei bat sartu dute zuzenean. Kataluniarra zen deitu duen neska. Bere iritzia ematen hasi da Estatut-ari buruz eta katalanari buruz hitz egiten aritu da. Hor joan da Isabel San Sebastianen erantzuna:

**Es normal que se tenga que gastar dinero en educación , su castellano es penoso.**

Ez dira hitz zehatzak izan, baina horrelako zeozer bai. Hitz egiten aritu den bitartean neska, ez dakit zenbat aldiz zuzendu dion kazetariak.

Zer pentsatzen du andre honek? Nola joan daiteke entzule baten esanak zuzentzen? Ez dakit, badakigu nolakoa den Isabel San Sebastian.

Argi eta garbi zegoen, neska horren ama hizkuntza katalana zela, normala da zailtasunak edukitzea erderaz hitz egiterakoan. Niri ere askotan gertatzen zaizkit horrelakoak.
Baina kazetariak egin duena ez dauka izenik!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 3 iruzkin