HARRESI HANDIRANTZ

img_abr_03_2006_52_57

img_abr_03_2006_59_38

Ostiral arratsaldean libre izan nuen. Ez nuen klaserik Gobela Ikastolan, baina joatea erabaki nuen. Jon Arretxe etorri zen Harresi Handirantz liburuaren gainean hitz egitera. Haurrentzat idatzitako liburuak ez ditut irakurrita, baina bere bidaia kronikak “irentsi” nituen garai batean. Diapositibekin egindako saio batzik ikusita nituen: Afrikakoa eta Hego Amerikakoa.

Baina oraingoan Txina inguruan kokatutako istorioa ekarri zuen umeen artera. Arretxek zerbait berezia du umeak adi-adi edukitzeko. Diapositibak eta komentarioak egin ahala, umeek gero eta gehiago irekitzen zuten ahoa. Harrituta, liluratuta, hitzik gabe utzi zituen…

Ordu batean zehar Rama mutikoaren istorioa kontatu zigun, diapositibek lagunduta. Bidaia berezia, amets egiteko bidaia, …

Ostiraleko saioa ikusita, gogoz geratu nintzen irakurtzeko. Umeek zin egin zuten, berriro irakurriko zutela xehetasunei erreparatzeko. Ni ez naiz gutxiago izango eta irakurriko dut!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

VREDAMAN MINTZAGAI

Unai berbetan

Unai berbetan

Apunteak hartzen

Apunteak hartzen

Literaturazaleak

Literaturazaleak

Atzo gure artean Unai Elorriaga izan genuen Vredaman liburua aurkezten.

Solasaldi polita izan zen. Liburuaren trikimailu guztiak azaldu zizkigun Unaik. Zein izan den liburuaren garapena, nondik hartzen zituen ideiak, nola moldatu, pertsonaiak eratu, … Interesgarria.

Aixerrotako irakasleekin

Aixerrotako irakasleekin

Literaturazaleak

Literaturazaleak

Orain bi urte Irakurzalearen Txokoa “desagertu” zela. Desagertu baino, ez zela jarraitu egiten. Berriro jarri da martxan, Getxo eta Uribe Kostako literaturazaleok umezurtz geunden. Orain, aldiz, pozik!

Berriro martxan jartzerakoan, aho batez erabaki genuen lehen gonbidatua Unai Elorriaga izan behar zela:herriko idazlea, Irakurzalearen Txokora askotan hizlari etorritakoa. Pozarren eman zigun baiezkoa.

Hirurogei pertsona batu ginen. Beno, hogei bat edo Kazetaritza ikasleak ziren. Lanen bat egin behar zuten eta hantxe bildu ziren guztiak. Gazte “puntu” bat eman zioten solasaldiari. Ia nola ateratzen zaizuen lana, hainbeste apunte hartu eta gero!

Vredaman nobelak badauka, getxoztarrentzat xarma berezi bat: jorratzen diren lau istorioak Algortan bertan gertatzen dira. Pertsonaiaren bat ere ezaguna egiten zaigu, lekuak (nahiz eta izenak aldatuta egon), egoerak, … Atsegina egiten zaizu irakurtzea gertukoa duzun zeozer.

Balorazioa? ITZELEZKOA! Hitzaldia ederra, jendearen partehartzea galderak egiten paregabekoa, giroa polita, … Adjektibo barik geratzen naiz atzo senti nuen zirrara adierazteko lerro hauetan.

Apirilaren 27an Laurra Mintegi etorriko da Ecce Homo liburuaz berbetan.

Beraz, apirilaren 27an Itxasganen elkar ikusiko dugu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

ESPERANTZAREN ATEA ZABALIK, BIDEA IREKITA

Goizeko hamabiak inguruan, nire mugikorra jo ta ke ibili da lanean. Deiak, mezuak, dei galduak, … Inoiz ez ditut hainbeste mezu eta dei jaso egun berean. Berriak merezi zuen eta behingoagatik pozik ibili naiz mugikorrari itsatsita. Oso pozik gaude, azkenean ETAk su-eten iraunkorra iragarri du martxoaren 24tik aurrera. Berri pozgarria, espero genuen, baina ez hain azkar.

Esan daiteke “errezena” egin dela, su-etenaren iragarpena. Baina orain zer? Orain gatzena dator: guztiok jarri beharko gara ados, guztiok parte hartu beharko dugu (bazterketarik gabe), elkarrizketa bidean jarri beharko dugu, …

Gauza ugari konpondu beharko dira: espetxe politika, zigor politika, independentzia, askatasuna, hizkuntz politika, … Beste asko bururatzen zaizkit, baina hauek utziko ditut.

Euskaldun bezala asko poztu naiz, politikari bezala ere. Lehen pausua emanda dago, orain Madriletik ere pausuak eman beharko dira.

Bidea irekita dago, luzea izango da, baina oraingoan egi bihurtuko da. Ziur nago.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

OSTERATXOA BERRIZETIK

img_mar_21_2006_55_36

Zortziak eta laurdenetan puntuan ume guztiak lokalaren aurrean. Helburua: Urkiolara joatea. Plana aldatu behar izan genuen Urkiolarako busa galdu genuelako Durangon. Trena hartu eta Berrizera joatea erabaki genuen. Berrizera heldu eta zer da egin genuen lehen gauza? HAMAIKETAKOA!Ume hauek ez dituzte otorduak barkatzen!

Bukatu eta martxan jarri ginen. Dena esan beharra dago: ez geunden oso ziur nora gindoazen. Berriz ingurutik inoiz ez gara ibili eta erderaz esaten den bezala “a la aventura” joan ginen. Ez da planik onena umeekin burutzeko, baina ondo atera zitzaigun.

Portzierto, zuek errepide erditik joaten zarete ibiltzen? Ez? Josus… nire umeak bai. Zergatik? Agian herri txikia izanda Getxo, ez direlako kotxeak pasatzen. Ai ene!

Ermita batera heldu eta hantxe atera genituen argazki batzuk. Arineketan gure bidearekin jarraitu genuen. Dena basaz beterik eta guztiak lokatz gehien zegoen lekutik. Artista batzuk dira. Arraroena da ez zela inor jausi, ez zen lehen aldia izango.

Iluntzen hasi zen zerua eta euritan hasi zitzaigun, eskerrak gertu beste ermita bat zegoela eta bazkaldu ahal izan genuen busti barik. Apurka-apurka geltokirantz abiatu ginen.

Egun polita igaro genuen, hurrengorako prestatuago eraman beharko dugu irteera. Batzutan ez dago txarto inprobisazioa, ez? Je, je, je!

TIPI-TAPA, TIPI-TAPA… KORRIKA!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

ZAHARTROSISAK JOTA!

Bai, zahartrosisa. Ez dakit non entzun nuen, baina bitxia egin zitzaidan, hortik aurrera nire hiztegi partikularrean daukadan hitz berezia da.

Bai, martxoak 11, 24 urte bete ditut. Gaur 24 urte amak munduratu ninduen, Guggenheim museoaren aurrean zegoen klinika batean. Goizeko 5etan erabaki nuen burua ateratzea. Badakizue, ni beti ibiltzen naiz goiz: denbora emateko gosaltzeko, dutxatu, metroa hartu, … Batzuk badakizue zertaz nabilen jejeje! Ez dakit, ikusten dut nire bizitzaren beste aro batean sartzen nagoela. Gaztea naiz, baina aldi berean ez naiz hain gaztea. Ez dakit nola azaldu, baina nagusitzen edo ari naiz. Formaltzen ez!

Eguna aprobetxatuko dut eta behintzat hori da nire intentzioa. Familiarekin, skouteko basatiekin eta lagunekin parrandatxoren bat. Bai, parrandatxoa, oraindik gaixo nabil. Denbora egongo da parranda on bat botatzeko!

Ez dakit inor gogoratuko den egun honekin, agian Madrileko atentatuekin bai. Nirekin ez dakit…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 9 iruzkin

GURE HERRIA HOBETZEN

Getxoko komunikazio plana martxan jarri nahi du Getxoko Udalak. Horretarako herrian talde desberdinetan gabiltzanak, politikariak, kirol arloakoak, kulturan dabiltzanak, … elkarrizketatzen ari dira. Azaroa aldean elkarrizketa egin ziguten bakarka eta orain batu gaituzte talde desberdinetan iritziak konparatzeko.

Asko kritikatu genuen udala. Getxoko Udalak gauza asko egiten ditu txarto, eta txarrena da, ez dituela onartzen akats horiek. Bai, badakit politikariak direla, baina ez litzateke noizean behin norberaren burua larrutzea.

Etxebizitza herri honetan kaosa da. Orain babes ofizialeko 5000 etxebizitza eraikiko dituzte. Baina zelako politika dauka Getxoko Udalak lurzoroaren legearen inguruan? Zero patatero!

Ez dakit beste udalerriek nolako aurrekontua duten, baina beste udalerri batzuekin alderatuta Getxokoak dirua dauka. Gestioa itzela da! Bakarrik ematen diete dirua daukatenei!
Gustatuko litzaidake jakitea zein den dirulaguntzak emateko irizpide errealak. Skoutekoei beti diru “apurtxu” bat ematen digu. Bai, gazteei dagokionean gu gara gazte gehien dituen erakundea, baina klaro, nola eman diru gehiago? Nork jakin!

Zaharrentzat eginiko herria da: eskailera mekanikoak, Ereagako funikular-igogailua, zahar-etxea, nagusien etxeak, … Zer gehiago?

Gaur arratsaldean eztabaidatzen egon gara bi ordu luzez gure herriaren egoerari buruz.

Azken galdera izan da, nolako Getxo nahi dudan. Ba ez dakit. Agian Getxo “herritar” bat, bere plazekin, bere landekin, herritarren parte hartzearekin, elkarteek bultzatutako proiektuak aurrera eraman, ….

Gauza gehiegi herri batentzat. Hamar urte gehiago irauten badu blog honek, kontatuko dizuet zer nolako Getxo daukagun.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

HIRU URTE

Orain hiru urte, ohetik altxatu, irratia piztu eta berri txar bat hartu nuen: Guardia Zibila “Euskaldunon Egunkaria”n zeuden.

Txarrena pentsatzen hasi ginen, itxi behar zutela. Euskaldunok, ohituta gaude txarrena pentsatzeko eta beti asmatzen dugu.

Ikaragarriena Donostian batu zen jendetza izan zen. Inoiz ez dut hainbeste jende ikusi manifestazio batean. Izugarria! Behingoagatik batu ginen pentsakera desberdineko euskaldunak helburu batekin.

Bai, itxi zuten eta gainera jende andana atxilotu zuten. Atxilotzeaz gain, torturak pairatu zituzten. Famatu egin ziren Martxelo Otamendiren hitzak kartzelatik irtetzerakoan.

“Egunero” sortu zen “Egunkaria”ren tokia hartzeko. Herri eta auzoetan batzordeak sortu ziren harpidedunak lortzeko, kamisetak saltzeko, …

Ekainaren 21ean egunkari berri bat sortu zen: “Berria.”http://www.berria.info Herri-lanaren fruitua izan da “Berria”http://www.berria.info.

Jada hiru urte pasatu dira eta ez da epaiketarik burutu. Zer espero behar dugu? Justiziaz oso gutxi espero dut, egia esateko, ezer.

Egunkari bat itxi zen, baina euskaldunak burugogorra gara denaren gainetik eta egunkari berri bat sortu zen lau hilabetera.

EGUNKARIA AURRERA!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

TA EZER EZ DA BERDIN!

Asteazken gauean berandurarte geratu nintzen gauza batzuk egiten ordenagailuan. Nekatuta nengoen, baina ez neukan gogo handirik ohera joateko.

ETB 1 jarri nuen, eta hortxe zegoen Gari abesten. Hertzainak taldea, euskal rock radikalaren sortzaileetakoak. Berandu ezagutu nituen, 90.hamarkadaren erdialdera edo. Kantuan hasi zirenean, ume mokoa nintzen. Kantu zoragarriak egin zituzten eta batzuk klasiko bihurtu dira. “Aitormena” izango da ezagunenetarikoa, baina ni “No time for love” edota “Ta ezer ez da berdin”-ekin geratzen naiz. Agian “Aitormena” oso entzuna dudalako.

Kanta desberdinak jarri zituzten, garai desberdinetakoak. Gehien harritu ninduena da, programa gaueko ordu txikietan zela. Bai, pilota partidak zuzenean dira badaezpada. Zergatik ez dituzte horrelako programak gaueko 10etan jartzen? ETBren politika izango da, ez dakit.

Behintzat, entzundako kantuek oroitzapen asko ekarri zizkidaten burura. Kantu bakoitzak bere istorioa dauka, bere unea, bere xarma, … Garai zaharrak gogoratzeko parada eman zidaten.

Garaiak aldatzen dira, TA EZER EZ DA BERDIN!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 3 iruzkin

DONOSTIAKO IZOTZ-PISTAN

img_feb_13_2006_31_53

Atzo Donostiako izotz-pistara joan ginen tropa guztiarekin. 9:30etan geratu ginen umeekin Kirikiñon busa hartzeko. Batzuk kale egin zuten, ohean gozoago omen zeuden… zer egingo diogu!

Donostiara heldu ginen 11ak inguruan. Ilada bat egin eta bakoitzak patinak eta kaskoak hartu zituen.

Pista bete genuen. 45 pertsona oihuka pista erdian. Batzuk kristolako kontrola zuten patinekin, beste batzuk ipurdiarekin patinatu zuten. Desastreak!

13ak arte egon ginen pistan. Gero busa hartu eta Ondarretara bazkaltzen. Ez dakit, baina uste dut Ondarretako hare guztia ekarri nuela polarrean eta motxilan. Hantxe ibili ziren kolunpietan jolasean, saltoak ematen, korrika, … Giro itzela eta domeka igarotzeko beste era bat

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

IKASKIDEAK IRAKASLE!

Ostiral goizetan San Nikolasen ematen ditut eskolak. Irakasle gelatik irten eta abots ezagun batek nire izena ahoskatu zuen. Atzera begiratu, ñooo Alain da eta!

Arraroa egin zitzaidan han ikustea. Banekien irakasle ikasketak egiten ari zela, baina inoiz ez duzu pentsatzen ikusiko duzunik irakasle lanetan.

Ander Deuna Ikastolan ezagutu nuen, nire ondoan eserita egon zen Batxilergoko lehen mailan. Elkar ikusi genuen azken aldian Sopelako jaietan izan zen. Hantxe batu ginen 82ko uztakoak afaritxo bat eta parranda egiteko asmoz.

Biak irakasle, hori da hori!

Hitz egiten egon ginen, umeei buruz gehien bat. Beti izan gara trastoak (santuak ez…) eta asko joaten zitzaigun burua. Gaur egungo umeak, desberdinak dira, lotsa hortik zehar utzi zuten eta ez daukate erreparurik ezer galdetzeko.

Baina beno, … urteak aurrera doaz. Aurten 24 urte egingo ditugu eta batzuk ikasketak bukatu dituzte, beste batzuk oraindik bukatu gabe, asko eta asko lanean daude, …

Amaaaaa nagusitu garela! Atzo hausnartzen egon nitzen eta garbi atera nuen bakarra zera da: gure bizitzaren beste etapa batean sartu gara.

Gazteak izaten jarraitzen dugu, baina ez dakit, zerbait aldatzen ari dela somatzen dut. Denborak esango du.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1