ATSEDEN BEHARRA

Nekea, izugarrizko nekea. Aspaldian ez neukala horrelako sentsaziorik. Uste dut, betaurrekoek ere aurpegian izugarrizko pisua hartu dutela. Erabat txof, plof, KO nago.

Sekulan ez dut anemiarik izan, pasa den urtean nire odolak B12 bitaminaren falta igarri nuen. Injekzioak hartu eta ematen du zer edo zer igotzen dela. Oran pare bat aste beste analisi batzuk egin nituen eta oraingoan burdin faltan nago.

Egunero batetik bestera korrika, elikadura eskasa etxetik kanpo bazkaltzen dudalako (bazkaltzeko astia dudanean…), kirola egiteko tarterik ez, estresa… Jende guztiarekin ondo geratu beharra, zure atzetik gaizki esaka ibiltzeko, %100a eman trukean ezer gutxi jasotzeko.

Batzuek esango dute, pertsona askoren egunerokoa deskribatzen nagoela. Ez dakit egunerokoa den, nire eguneroko frustrazioa den, edo zer.

Urtero, nire buruari agintzen diot aldatuko naizela, gauzak lasaiago hartuko ditudala, baina ezin. 34 urterekin ez dut uste aldatzeko tarterik izango dudan.

Oporrak “atseden” hartzeko erabiliko ditut, ahal dudan heinean beti ere.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

ZAHARRAK BERRI, ONGI ETORRI 2016

2015a bukatu da, eta eskerrak. Ezabatu nahi nuen, azken kartutxoa erre, eta sekulan zabalduko ez den kaxoi batean itxi.

Dena ez da txarra. Bizitzan lehen aldiz, ozeanoa gurutzatu, New York eta Boise bisitatu ditut. Euskaldun pila bat ezagutu eta aspaldiko laguna agurtu. Pena merezi izan duen bidaia eta sekualan ahaztuko ez dudana.

Beste behin ere, ikasleek zeinen handiak diren erakutsi didate. Ez dakite zenbat eskertzen diedan. Haiek laguntzen didate nire lanbideari zentzua topatzen, askotan nire buruari galdetzen baidiot zergatik erabaki nuen irakasle izatea.

Urtearen bukaera gogorra izan da. Oso gogorra. Nire mugak ezagutu ditut. Gizakia zeinen ahula izan daitekeen egoera batzuen aurrean. Eta egoera horiek gainditu naute. Nahikari gogorra, denari aurre egiteko kapaza zena, porrot egin du. Gainditu naute. Kaput. 0tik hasi beharra. Baina apurka-apurka, zuloa utziko dut.

Borobiltzeko, erren geratuko naiz. Hainbat esperimenturen ostean, hankak kitto esan du. Nahikotxo hobetu da, baina ez du aurrera egingo. Kolpe latza, baina hau ere apurka-apurka gainditu beharko dut.

Zorionez, jende asko inguruan daukat. Laguntzen nautenak, animatu, barre edo negar egiten dudanean bertan daudenak… Eskerrak.

2016a hobea izango da. Merezi dudalako eta nahi dudalako. Urte berri on.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

ETA ZUK EGINDAKOA BEREGANATZEN DUTENEAN?

Amorrua, gorrotoa, negargura… Hauek dira azken egunetan sentitu izan dudana. “Lasai, badakigu zer egiten duzun”, “Animo, ez etsi!”. Horrelakoak entzun behar izan ditut astean zehar. Nahikari, zure egoa irentsi eta aurrera. Beste zereginik ote daukat?

Ezagutzen nautenek badakite nola jokatzen dudan, sekulan ez naute ikusiko argazkietan lehen lerroan, edota nireak ez diren merituak beregantzen. Nire eskoletan, protagonista bakarrak nire ikasleak dira. Lortzen dutena, beti haien lanaren fruitua izaten da, nik bidea eta behar duten guztia emango diet.

Baina oraingoan tokatu zait. Nire lanaren fruituak beste batzuk bereganatu eta jaso dituzte. On egin diezazuela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

PEIREMANS BUELTAN

Orain hamar urte sortu ziren, eta nire bizitzako “banda sonoroa”-n lekutxu bat badute. Bide Ertzean taldea beti gustatu izan zait, Berri Txarrak ere eta bien konbinazioa itzela da!

Peiremans taldea, gutxirako bada ere, bueltatu da! Imanol Ubeda, Gorka Urbizu eta konpainia berriro ere martxan! Kontzertu batzuk eskeiniko dituzte, baina tarte horretan ederto gozatuko dugu. Egurre!!!

EITBko albistea

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

OSKORRI: HAU DA DESPEDIDIA

Irailaren 6an Getxo Folk-eko karpan bizi izan genuena azaltzea, gatza da. Oskorrik bere agur bira hasi zuen non eta gure herrian. Oskorrik Getxorekin lotura estua dauka. Antton Latxa Erromokoa da eta Folk Jaialdian askotan jo izan dute.

Alde batetik asko gozatu genuen, baina bestetik, bagenekien gure azken agurra izango zela.

Niri bizitzako banda sonoroan, Oskorrik leku handia hartzen du. Gure etxean bere biniloak izan dira (eta daude), CD-ak, liburuak… Gure historiaren parte dira.

Nire lehen oroitzapena, ikastolatik dator. Kontatzen dudanean, jendea harritzen da. Jolasordua bukatzean, txirrina entzuten da. Ba gurean ez, gurean musika jartzen zuten. Jolasordua bukatzen zen, baina gelara irribarre batekin sartzen ginen. “Violetaren martxa”, “Euskal Herrian euskaraz”, “Furra furra”,…  Zenbat kantu ikasi ditugun ikastolako bozgorailuei esker.

Orain urte nahikotxu, Fadurako frontoietan kontzertuak eskeintzen zirenean, hortxe ikusi nituen Kukubiltxorekin batera. Oraindik gogoratzen dut, nola gurasoek siesta botatzera behartu ninduten kontzertu joan ahal izateko. 25 urte edo igaroko ziren…

Bertsoengatik ere, lotura estua izan dut. Amuriza, Sarasua,… kantu pila bat egin dizkiete eta horiek gelara eraman ditut.

Hunkigarria eta sekulan ahaztuko ez dudan kontzertua. Talde beteranoa badoa, baina badakigu haien kantuek behin eta berriz entzungo ditugula. Biba zuek!

IMG_8325 Jarraitu irakurtzen

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

LITERATURA AHOLKULARIA

Makro-zentruek edo erosketak egiteko zentru komertzialek, hein batean bizitza “erraztu” omen digute. Goiz zabaldu eta berandu itxi, aukera zabala…

Erabiltzen ditudala onartu beharra daukat, ez dut ukatuko. Berandutzen zaidanean bertan egiten ditut egin beharreko erosketak.

Baina harira. Gure herrian liburu denda txikiak desagertu dira. Baten bat geratzen da, baina euskaraz liburuak edo behintzat eskeintza kontrolatzen duenik ez dago. Euskal Literaturen inperioak denda bat dauka, baina ez da berdina. Aholkatzen zaituzte, baina gertutasun hori faltan botatzen dut. Erosketa batetik bestera ez dira gogoratzen noiz etorri zaren, zer erosi duzun, zein genero gustatzen zaizun…

Makro-zentruak kritikatzen ditugu, baina euskal kulturan ere horrelakoak ditugu. Arrain handiak beti jango du arrain txikia.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

OPORRAK

Merezitako oporrak, edo behintzat hori da aurten transmititu didatena nire nagusiek, lankideek, ikasleek eta haien gurasoek.

Gauza nahikotxu egin ditugu ikasturtean zehar eta esan daiteke oso ondo joan dela. Batez ere ekainean jasotako animo, eskerrak eta opariak asko eskertzen dira.

Datorren urtean gogotsu hasiko gara eta antzeko emaitza edo hobeak itxaroten ditut. Eskerrik asko!

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

KORRIKA!!!

Eta jada 19 edizio bete ditu Korrikak. Nork esango zien AEK-ko kideei horrelako arrakasta izango zuenik. Herren jarraitzen dut, baina Aixerrota BHIko kilometroa egin nuen ikasle zein lankideekin. Romora jeitsi eta aitarekin bizikletaz, Areeta-Romo-Leioa ibilbidea.

Akileseko tendoia mozteko moduan daukat, baina ez du ardura. Korrika pasatzen den bakoitzean urduritzen naiz, hunkitzen naiz. Guztiok korrika gure hizkuntzaren alde, alde batera utzita gure ideiak, loturak…

Eta bi urte barru, nahiz eta herren egon, gripea eduki edo beste ezer egin behar, bertan egongo naiz. Gure hizkuntzaren alde korrika eta oihuka!

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

ZEINEN MODERNO… EDO ZEINEN KONTSERBADORE!

Ikasleen arreta itzelezkoa da: badakite zein arropa ekarri zenuen aurreko egunean, estutxean dituzun boligrafoak, zein kolorerekin idazten duzun normalean, tipexa ez zaizula gustatzen, mugikorraren marka, ordenagailua… Euskal Herrian ez dugu ikertzaile faltarik izango!

Aurrekoan, lehenago iritsi nintzen gelara, iPad-a zabaldu eta egunkaria irakurtzen nenbilen. “Baina nola zabiltza egunkaria hor irakurtzen? Eta papera?”

Berria irakurtzen dut, lehen paperean eta orain bertsio digitalaren harpideduna naiz. Alde batetik merkeagoa delako, paper gutxiago akumulatzen dudalako.

IKT umeak dira, baina nahiz eta azalpen pila eman, argi zeukaten egunkaria paperean irakurri behar dela. Hori bai, liburuak ez, denek daukate ebook-a. Esan nienean, aldrebes egiten dudala, liburuak paperean, zur eta lur geratu ziren,

XXI.mendeko umeak!

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

AYE!

Eskozian erabakitzeko eskubidea izango dute. Emaitza edozein izan da ere, demokraziak irabaziko du. Espainiar estatuak Catalunya eta Euskal Herriari erabakitzeko eskubidea ukatzen dio. Beldurra? Margallok tankeak aterako ditu? “Una, grande y libre” kinka larrian?

Egun handia Eskoziarentzat. Baita independentzia nahi dute beste herri batzuentzat ere. Euskal Herrian ilusioz bizi dugu eguna, guretzat noiz helduko zain amestuz. Gure esku dago!

AYE, YES, BAI!

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina