GAI-EMAILEAREN FIGURA EZ AL DA GEHIAGO ZAINDU BEHAR?

Pasa den asteazkenean Amaia Agirre bertsolariak Berrian argitaratutako artikuluarekin guztiz identifikatu nintzen. Urte berri on! zeukan izenburua, gai-emaileei buruz aritu zen.

Gai-emaile eta gai-jartzaile moduan aritu naiz. Nik biak ezberditzen ditut: gai-emailea gaiak ematen dituena da (talde batek prestatutakoa eta berak ikuslegoaren aurrean esana) eta gai-jartzailea gaiak asmatzen dituena eta plazaratzen dituena.

Gai asko errepikatzen dira. Urte berria gertu badaukagu, beti galdetuko diegu ia zer eskatzen dioten urte berriari, Olentzerori, nori ikatza, nori opari ona,… Udan Tourra, futbol taldeen fitxaketa berriak, estropadak, “operación bikini”,…

Ikuslegoak, maiz, gai-jartzailea kritikatzen du. Saioa ona bada, bertsolariaren merituagatik da eta saioa kaxkarra bada gai-jartzaileak izango du errua. Beti ez da horrelakoa. Bertsolariek ere egun txarrak izaten dituzte eta nahikoa lana daukate inprobisatzen eta abesten.

Normala da gaiak errepikatzea. Gai-jartzaile bezala ibiltzen garenak, bertsolariak mimoz tratatzen saiatzen gara. “Honek, gustorago abestuko du gai honen inguruan, hauxe jarriko diot”. Bertsolariak dira, haiek dira protagonistak, aukera eman behar diegu luzitzeko, gozatzeko,…

Beste batzuek, bertsolaria hormaren kontra jartzen gozatzen ditu. Bertsolariak dira eta jakin behar dute edozein gairi abesten, ados. Baina estutu? Txarto pasaraztea? Ez dakit, ez nator filosofia honekin bat.

Gaiak errepikatzea normala da. Saio ugari egiten dira Euskal Herrian eta beti errepikatuko da baten bat. Askotan egunkaria irakurrita joan beharko dira, horiexek baita gai-jartzaileen gai iturria (ezagun batek, txapelketa bat galdu zuen egunkaria ez irakurtzeagatik. Orain espabilatu da eta irakurtzen du, behintzat irratia entzun).

Saiatuko gara gaiekin asmatzen, berriak egiten, egoera desberdinak. Zaila da, baina ez ezinezkoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

BUKATU DA, BUKATU DA… URTE BARRI ON!

Bukatu da 2007a. Arinegi pasatu da, baina guztiak dauka amaiera.

Gauza asko gertatu zaizkit urte honetan, onak zein txarrak. Behingoagatik gauza positiboekin geratuko naiz. Txarrak hortxe egongo dira, beti.

Onena, ikusi dudala gauza berriak egiteko balio dudala. Pena itzela eman zidan skouta uzteak, baina gauza bat konfirmatu nuen: banekien umeek zeozer maite nindutela, baina utzi eta gero, ikusi dut uste nuena baino gehiago zela. Ikasleek ere maite nautela ikusi dut, gustora hartu naute aurten ere.

Erlazio baten amaiera izan da aurtengoa, baina gauza onekin geratuko naiz, berarekin igarotako uneekin, muxuekin, elkarrizketekin,… Udan hanka konpontzeko esperantza izan nuen, gustora nengoen, baina kaka! Berriro egin beharko dut rehabilitazioa, baina ez dut etsiko.

Amoma gure artetik joan da, baina hausnartzeko balio izan du: uste nuena baino gehiago maite dudala. Egunero gogoratzen dut, egunero gogoratzen dut berarekin igarotako une horiek, muxuak,…

Urte berezia, baina gorabeherekin.

Hasiko den urtea inoizko onena izan daitela opa dizuet.

URTE BARRI ON!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

SELEKZIO AUTONOMIKOAK

Bihar Euskal Herriko selekzioa Kataluniaren aurka lehiatuko da San Mameseko zelaian. Euskaldunontzat partida esanguratsua da, futbola baino gehiago da, aldarrikapen bat.

Antena 3-eko albistegia ikusten egon naiz. Kirolen garaia iritsi da eta Andaluzia eta Galiziak jokatutako partidaz mintzatu dira. Partida eskasak izan dira, garrantzia gutxi izan dutenak.

Agian partida txarrak izan dira. Baina amorru gehien ematen diena da, horrelakoak egiten direla. Askok independentzia oihukatzen dutela partidu horietan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Goizero bezala egunkari bila joan naiz kioskora. Bertan andra bat zegoen. Poltsa pilarekin. Denak ziren jostailuak. Itxuraz, garestitsuak.

Liburu batzuk erosi ditu seme-alabentzako. Batzuk baino, bi: bata alaba eta bestea semearentzat. Liburuak oso garestiak dira, ez ditu nahi beste erosten seme-alabentzat.

Eta eramaten zituen jostailu pila? Umetan, jostailuak eskatzen ditugu, denori gustatu izan zaizkigu beti. Baina esatea oso garestiak direla…

Hori bai, bere bukaerako hausnarketa gustatu zait: “normal liburutegiak hain ondo funtzionatzea”.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

OLENTZERORI GUTUNA

Olentzero maitia,

Aurten garaiz nabil gutuna idazteko. Ez dizkizut gauza asko eskatuko, nahiko umila izan naiz beti gauzak eskatzeko. Hogeitabost urterekin ez naiz aldatuko, ez?

Eskatuko dizudana, ezinezkoa da ekartzea… Oraintxe bertan amoma gura nuke ondoan, baina oraindik ez da horrelakorik asmatu. Falta botatzen dut eta aurtengo Gabonak tristeagoak izango dira bera gabe.

Betidanik lagundu didaten lagun horiek matendu nahiko nituzke. Beraiek gabe ez nintzateke ezer (ez ditut izenak emango, eurak badakit nortzuk diren). Kalte egin didaten horiek, eta jarraitzen dutenak kalte egiten, izorratzen, dena zail jartzen, ahaztu nahi nituzke. Nigandik urrundu (izenak emango nituzke, baina edukazio apurtxu bat daukat).

Getxo euskalduntzea nahiko nuke, apurtxu bat bada ere. Ez litzaioke gure herriari txarto etorriko euskara gehiago entzutea gure kaleetan.

Portzierto, gustora hartuko nituzke bota batzuk. Euria egiten duenean, ez daukat zer jarri.

Luzetxoa zerrenda Olentzero. Zoriontasuna ekartzen badidazu (nire familiari ere) eta osasuna konformatzen naiz.

Goraintziak Astotxo eta Mari Domingiri.

Nahikari

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

DURANGOKOAK

Gogo handirik ez neukan amomarena eta gero, baina larunbatean gurasoekin joan nintzen azokara.

Argi neukan Katamalo erosiko nuela, liburua zein diska. Ez neukan asmorik diru askorik xahutzeko, urtean zehar nahikotxu gastatzen dut liburuetan (inoiz ez da asko, baina beno).

Susako stand-ean berriketaldi polita izan nuen Leire Bilbaorekin. Ekainan EHU-k ikastaro bat antolatu zuen tabuen inguruan eta hantxe ibili zen hizlari. Horren inguruan ibili ginen, literatura eskolaz,… Susakoek liburu bat oparitu zidaten: Itxaro Bordaren Zeruetako Erresuma. Asko gustatzen zait editorial hau, beti dituzte detaileak irakurleekin: liburuak oparitarako poltsa batean sartzen dituzte, beste liburu bat opari, berriketaldia irakurleekin,… Eskertzekoa.

Kritika batzuk irakurri nituen eta aurreko bi liburuak gustatu zitzaizkidanez Karmele Jaioren Zu bezain ahul erosi nuen. Ipuinak, Hamabost zauri liburuaren antzekoa da.

Eta urtero bezala Ataramiñe. Euskal presoen idatziak. Aurtengoa ez zait hainbeste gustatu, baina zer egingo diogu.

Gero eta gutxiago erosten dut. Ekonomikoagoa ateratzen zait liburu dendan erostea. Azoka guztieta egiten dute deskonturen bat, honetan ez. Gora negozioa!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

GERO ARTE, AMOMA

Asteazkenean ezin izan zuelako gehiago, zeuzkan indar apurrak ahitu zitzaizkiolako. Borrokatu du, baina giltzurrunek “nahiko” esan zuten atzo.

Nire bigarren ama izan delako eta nahi izan dudan beste maitasun eman didalako uneoro. Txikitan jokuak partekatu ditugulako, nire “berbaldiak” aguantatzen zituelako, nahi beste gurari ematen zizkidalako,…

Askotan, uste zuelako bere alaba nintzela: “Nahikari dile a tu hermana… Amoma que no tengo hermanas! Ai, da igual, me has entendido que es tu tía”.

Berak kontatzen zizkidalako gerrako kontuak, ikusi nuelako zer nolakoak pasatu behar izan zituen txikitan bere anai-arrebekin.

Milaka gauza, milaka oroimen,… Bagenekien aspaldi, une hau gertu zegoela, baina ez duzu sinetsi nahi. Hutsune handia utzi duelako gure artean eta niri oso zaila egingo zaidalako gainditzea. Etxean sartu eta ez aurkitzea ohean, aulkian irakurtzen, aititeri orruren bat botatzen.

Dena eman zidalako eta inoiz ez dudalako ahaztuko.

Orain egun batzuk esan zidan hiltzen zegoela eta ama zaintzeko. Hunkitu nintzen, baina esan nion guda hau ere gaindituko zuela.

Badakit, hortik goitik, gure eguneroko martxa jarraituko duzula eta animoak emango dizkiguzula aurrera jarraitzeko.

Zauden tokian zaudela, muxu handi bat amoma.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 10 iruzkin

HIGH SCHOOL MUSICAL ETB-1en

Falta zitzaiona ETBri. Musikal bat prestatzen daude: High School Musical, Disney Faktoriak atera duen pelikularen antzekoa.

Casting bat egin dute eta gaztetxoak frogak egitera joan dira. Fama, fama da! Bederatziak inguruan ematen dituzte casting-eko irudiak. Lotsa pasatu dut eta lotsa eman dit telebista publikoaren jarrera. Ingelesez abestera behartu dituzte eta gero nahi izan dute abestia.

Ingelesez abestea, beno, “ulertu” ahalko nuke, jakinda jatorrizkoa kantuak hizkuntza horretan daudela. Baina erderaz abestea? Musikala erderaz egingo bada, zergatik ez dute euskaraz kanturen bat abesten? Euskaraz ez daude abestiak, ala?

Batzutan pentsatzen dut, ETB 1 baino, Tele 5 ikusten nagoela.

Zorionak Ortuzar jauna!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

TXIKITAKO OROITZAPENAK (III)

Durangoko Azokara txikitatik joan naiz gurasoekin. Orain aukera handia dago, baina lehen euskarazko liburu gehienak hantxe egoten ziren eta ikastolatik hara bidaltzen gintuzten.

Aitaren gainean joaten nintzen eta egiten genuen lehen gauza Txirri, Mirri eta Txiribitonen diska erostea zen. Horrela lasaitzen nintzen. Urte askoan egon zen hauen posterra nire logelan. Miresten nituen!

Teo, Ibai, Gabai, Ipurbeltz… ez dakit baten bat faltatzen zaidan! Betidanik gozatu dut liburuekin eta gurasoek beti erosi izan dizkidate. Gustokoa zuten ni irakurtzea.

Orain gauzak aldatu dira. Lagunekin joaten naiz, liburu mordoa erosten dut, diskaren bat, egutegiren bat… Gaur egun gurasoen enkarguak hartzen ditut: Seaskako egutegia, Ikastolen Elkarteko  zoriontzeko postalak, diskaren bat…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

ERTZAINEK KLASERA BIDALI NINDUTEN

Ondo irakurri duzue. Hobe hasieratik hasten banaiz ederto ulertzeko zer gertatu zen.

San Nikolas Ikastolatik atera eta Zubileta Eskolara joan nintzen gauza batzuk utzi behar nituelako. Metroa urrun geratzen denez, Getxo I Institutuaren aurrean dagoen markesinan autobusa itxarotea erabaki nuen.

Markesina nerabez beteta zegoen: erretzen, jaten, oihuka… Atsedenaldia omen zen. Txikitan erakutsi zidaten markesina autobusa itxaroten dutenentzat dela, baina ematen du ezetz. Aterki azpian egon nintzen hamar minutu, bustitzen ume horien erruz.

Hara non, Ertzaintzaren patrulla bat datorrela eta gelditzen da. Gazteei azaltzen die ez dela erre behar, txarra dela, badaudela kanpaina bat egiten gazteak ohartarazteko, esnifatzearen kontua… Ipuin polita.

Oso nazkatuta nengoen bustitzen nengoelako, markesinaren barruan egon ahal nintzenean. Agente jaunari esan nion ez zutela azaldu behar zeintzuk ziren erretzearen ondorioak, esnifatzearena… Esan behar zietela gazteei markesinatik ateratzeko autobusa itxaroten geundenak hortxe egoteko.

Agente jaunaren erantzuna: “Lo mejor que podrías hacer es ir tú también a clase”.

Nire erantzuna: “El Instituto lo dejé hace años. Tengo 25 años y soy profesora. De ir a clase iría a darla yo, no a recibirla.”

Gure agentea zuri geratu zen. Bestea barrez lehertzen eta lagunari esaten hanka sartu zuela barruraino.

Naizen baino gazteagoa ematen dut, baina klasera bidaltzeko beste…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin