Itzela, hunkigarria, harrigarria,… adjektiboak falta zaizkit atzo BEC-en bizitakoa azaltzeko. 2005ekoa mundiala izan bazen, 2009koa eztanda izan da! Giroa, bertsolariak, bertsozaleak… chapeau!
Goizetik joan ginen lekua hartzeko. Aurreko gradan, eszenatokia aurrean eta Zestoan hasi genuen bidea, Barakaldon bukatzeko gogo biziz, azken asteetan azaldu zen eztanda hori bizitzeko irrikitan.
Eta unea iritsi zen: zortzi finalistak eta Alaitz Rekondo jende artetik pasatu ziren tabladura. Bertsolariek publikoa agurtu zuten futbolariak bailiran. Zeozergatik deitzen zaio bertsolaritzari hitzaren kirol nazionala.
Goizean bertso ederrak, kartzelako gaiak ale politak utzi zituen. Ametsenak izugarri gustatu zitzaizkidan. Sinple-sinple, eta azken puntu potenteak. Horrela gustatzen zaizkit bertsoak, edo Amets gustokoa dut. Zuek aukeratu.
Bazkaltzera, kanpora irten ginen, haizea hartzera. Bazkaldu, kafea hartu arrapaladan eta berriro Bertso Exhibition Center-ra. Zura taldeak kantu batzuk eskeini zituen, tartean Bertsoka kantua, txapelketako sintonia. Hauek bukatuta, txapelketa osoan ibilitako txarangak Monzonen errepertorioa jo zigun. BEC kantuan jarri zuen, giroa gori-gori, eta olatuek kriston marejada sortu zuten.
Arratsaldeak goia jo zuen. Maialenen bertsoak minbizia zuten bi umeei begira,… Hauek ere deskribaezinak. Malkoren bat edo beste joan zitzaidan.
Eta unea iritsi zen, buruz burukoa. Nik Ametsen alde egiten nuen eta horixe: Amets eta Maialen. Egaña txapeldun handia buruz burukotik kanpo. Eta? Agian txapelak irabazi zituenean baino hunkituagoa zegoen, aste osoan zehar ibili zen esaten pozik hartuko zuela lagun batek txapela janztea. Hunkituta berriz ere, kartzelakoak ere ale ederrak utzi zituen.
Maialen txapeldun! Lehen emakumea Euskal Herriko txapela lortzen duena. Bertso-eskoletan betidanik izan dira neskak gehiengia 14 urte izan arte, ondoren mutilak izaten dira gehiengo. Agian orain neskato gehiago animatzen dira jarraitzera eta lotsak aldera batera uzten.
Ederra Transmisioko taldeak egindako bideoa bertso-eskolei buruz. Askoz ederragoa zure buruan bertan ikusten duzunean, edo zure ikasle izandakoak, eskolakideak, udalekuetako umeak,… Izugarria urtean zehar bertso-eskoletako ikasle, irakasle, guraso edo eragileek egiten duten lana. Etorkizun polita daukagu aurretik!
Andonik jasotako babesa, ez dauka izenik. Bertsozalea mimoz hartu zuen gure txapeldun handia. Bere erretirada iragarri zuen. Niretzat beti izango da txapeldun handi bat, dotoreziaz eraman duena txapela Euskal Herritik. Bejondeizula!
Eta subidoia (barkatu hitza), Joxe Agirrek Maialeni txapela jarri zionean eta bere bertsoak gozatzea. Biba zu, Joxe!
Bertsolaritza izugarria da. Askori txikitan harrapatu gintuen, beste batzueri beranduago. Baina zeozer dauka…
P.D: Gaiei buruz, hurrengoan. Beste post bat merezi du.