15 URTE IKASTOLEN PUBLIFIKAZIOAREN LEGETIK

Noizean behin, Ikastolen Elkarteko webgunera sartzen naiz, bertako aldizkaria irakurtzera. Portada ikusi eta ezagunak aurkitu ditut: Josu Iturburu, ikastolako lehendakari izandakoa eta Juan Felix Elorrieta, ikastolako zuzendari izandakoa hainbat urtetan. Artikuluaren gai orokorra, ikastolen publifikazio legea zen.

Hamabost urte ez dira alferrik pasa. Ume mokoak ginen eta orain gazte-helduak gara. Zerbait arraroa nabaritzen zen ikastolan, giroa ez zen berdina, baina gurasoek ez ziguten askorik kontatzen.

Buesa Jaunak, garai hartan Hezkuntza Sailburua, martxan jarri zuen Publifikazio Legea, ikastolen aurkako erasorik bortitzena. Bozkaketak egin ziren ikastoletan. Batzuk pribatu gelditzearen apostua egin zuten, beti bezala geratu. Besteek publiko bihurtzearen bidea.

Gurean denetarik gertatu zen. Gobela Ikastola egunkari guztietan atera zen. Beasain eta Azpeitiko Ikastoletan berdin. Baina gurea sonatua izan zen. Bi bozkengatik ateratzen zen ikastola publifikatu behar zela, eta inpugnazioak egon ziren.

Guraso talde bat batu zen ikastola beti bezala mantentzeko. “Gobela Ikastola Bizirik” taldea sortu zuten. Bazkariak egiten zituzten dirua ateratzeko, ekimenak egiten ziren, alderdi politikoekin hitz egiten zen,…

Hori bai, nire etxea talde horren bulegoa zen. Gogoratzen dut, asteburuetan ohetik altzatu, partidurako prestatzen nintzela eta nire sukaldea jendez lepo zegoela. Batzar gehienak hemen egiten ziren. Telefonoa beti ibiltzen zen joka, beti deitzen zuen norbaitek. Etxea papelez beteta.

Hainbat epaiketa, istilu, koadrilla apurketa,… eta gero, 1995ean lortu zen ikastola pribatu geratzea. Pribatuaren aldekoak edifizioa eta zor historikoarekin geratuko ziren (zor hori aspaldi ordaindu zen) eta publikoaren aldekoak izenarekin.

1995eko ekainaren 23an, Betiko Ikastola sortu zen. Zergatik Betiko? Betikoak ginelako, proiektuarekin jarraitu nahi zutenak ginelako, ikastolen proiektuan sinisten genuelako eta dugulako.

Lan asko egin zen, asko sufritu zen eta badirudi, gaur egun, garai hartako gaizki ulertuak konponduta daudela. Guraso, ikasle eta irakasleek sufritu zuten, baina herriak ere. Behintzat Erromon eta Leioan, giroa puri-purian zegoen.

Ikastolak 13 urte bete ditu. Osasuntsu dago, gero eta ume gehiago daude. Bi Ibilaldi antolatu ditugu, 97koa eta 2004koa.

Gobela Ikastolan 10 urte egin nituen eta Betikon bakarra. DBHk ez ninduen harrapatu eta ikastolaz aldatu behar izan nintzen.

2004ko Ibilaldian “Gobela Ikastola Bizirik”-eko kideek merezitako omenaldia jaso zuten. Ikastola aurrean monolito bat ezarri zuten idatzi honekin: Betiko Ikastola sortzen lagundu zuten guztiei esker onez.

Harro nago nire gurasoek ikastolan sinistu zutelako.Harro nago nire gurasoek eta beste askok egin zuten lanaz. Harro nago ikastolako bilakaerarekin. Harro nago ikastolan ikasi dudalako.

Bukatuko dut Ikastola aldizkariko artikulua hasten den bezala:

1993: “Ez da gehiago ikastolarik izango”

2008: “101 ikastola gara”

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude