ALGORTAKO TROPA URRETXUN!

Bai, atzo osteratxua egin genuen Urretxuraino. Xabi Paiak abesten zuen eta bere “fan” kuadrilla hara joan ginen tinbal, turuta eta bozinarekin.

Hotza hezurretaraino sartu zitzaigun, baina ederto berotu ginen Urretxuko frontoian. Hasieran beldurtu ginen, bai horixe. Agurra ez zitzaion behar bezala atera eta denok geratu ginen beldurtuta. Baina ze kristo! Goia jo zuen Xabik atzo.

Txapelketa egin duen saiorik onenetarikoa. Zortziko nagusian gozatu zuen, puntuak erantzuten bikain, hamarreko txikian ederto, zer gehiago eskatu behar zaio?

Publikoak inolaz ez zuen espero hirugarren postua eskuratzea. Amaia Agirrek gehiago merezi omen zuen (Peñagarikanoren hitzak gaur goizean), baina ez zen ibili beste batzuetan ibili den bezain fin. Txapelketa Nagusian gaude eta epaileek akats txikiena ere zigortzen dute.

Politena azkenengo agurra, Frediri eskeinia eta doinu berriarekin.

Publiko artean izan

arren hainbat lagun,

denen artean badut

bat oso ezagun.

Gure etxean bertsoa

sartzean errudun,

bertsozaletasuna

zuk eman zenigun.

*Nahiz Egañak banaka*

oso ondo jardun,

nola biok gehiago

egin dezakegun.

*Nahiz Egañak bakarka*

oso ondo jardun,

anaien txapelketan

gu ginen txapeldun.

Ederra bertsoa. Bukaera emateko erarik onena izan zen.

Agian finalera heltzen da, Xabi ez dago hain ziur. Baina amets egin dezagun une batez! Heltzen bada bikain, bestela ere ederto! Urteetako lanak fruitua eman du eta label onekoa gainera! Zorionak Xabi!

Portzierto, hona hemen nire finalerako porra! Manex zu ere busti zaitez!

Hauek izango dira nire ustez, edo behintzat nik nahi izango nukeena: **Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Jon Maia, Aitor Mendiluze eta Xabi Paia.** Ia azkenengoarekin asmatzen dudan!

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Erantzun bat ALGORTAKO TROPA URRETXUN! bidalketan

  1. egilea: manex

    Ni enabil txapelketea askorik segitan baia nik honeek esango neukez:

    egaña, lujambio, arzallus, iturriaga, elorza, iturriaga, maia eta sustrai.

    Gustauko jatan Xabi finalera heltzea baia uste dot ez dauala lortuko. Halaber, geroan egongo diren txapelketatan oso kontuten hartzeako bertsolarie dala erakutsi dau. Itzelezko geroa dauko, eta lar arrotu barik badabil(tamalez bizkaian asko lez)lortuko dau finalera sartzea ta han be gorenera heltzea, zergatik ez?

    muxux bertsowoman!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude