Askok ez dute ulertzen hori denik gure eskualdeko errealitatea. Gure herria erdalduna da (min izugarria egiten dit, baina horrela da) eta euskara soilik entzuten da ikasgeletan, kuadrila euskaldun batzuetan, euskalgintzan dabiltzanen mingainetan, … Atzo eztabaida luzea eduki nuen lagun batekin. Ez zuen ulertzen gure herrietan Euskara Zerbitzurik egotea. Noski, bera eremu euskaldunean bizi da, ni Uribe Kostan bizi naiz. Egia esan, ez ginen konponbide batetara iritsi.
Zergatik hausnarketa hau? Igandean Hendaian egon nintzen, Txapelketa Nagusiko lehen finalaurrekoan. Bakarkako lanean, gai interesgarria jarri zioten Frediri: Urte askoren ondoren, ikastolan ikaskide izandakoekin afari bat antolatu duzue. Jendartean hara eta hona zabiltza.
Hango entzule gehienek ez zuten ulertu Frediren ikuspuntua. Uste zuten bere ikaskideei buruz hitz egingo zuela: bata abokatu bezala bukatu du, besteak bost seme-alaba ditu, … Baina ez, Uribe Kostan eta beste eskualde batzuetako errealitatea isladatu zuen hiru bertsoetan. Ikastola utzi eta askok euskara galtzen dute. Hona hemen, Fredik bota zuen bigarren bertsoa:
Ezin diet begiratu
begira nabil goruntza,
ikastola bihurtu da
gure hizkuntzaren hilkutxa,
nahiz beraiei iruditu
deseroso ta harroputza,
egin zazue euskaraz
esanda noa aurrerantza,
“Fredi ez gaude klasean”
da euren erantzun hutsa,
euskara ez da ikasgai bat
euskara da gure hizkuntza.
Ezaguna egin zitzaigun Fredik esandakoa. Ume batzuk aurkitzen ditudanean kalean, esaten didate ia ez dakidan erderaz, kalean gaudela.
Noren errua da? Egia esan, ez dakit. Gurasoena, irakasleena, norberarena, … Zaila da erantzuna.
Nik uste dot gizartea erdaldundu in jakula baia horreri buelta emon behar jakola,ta horretarako dekogun bide onena borroka da. Borroka kultural batek ekarri leikeelako euskal ondare goxoenaren susperraldie, hots: EUSKARA!!!!
Nik eztot erdara behar nire bizien, horra adibide garbiena. Dakigunok erabili ta eztakienei laguntzen badeutsegu, ezta arazorik egongo. Beraz, lanean ipintea baino ez dekogu(urte dexente daroarien arren askok eta askoK. ANIMO PEOPLE!!!!
ZORIONATIK BLOGAGATXIK EZTAKITZENBATGARRENGOZ!!!!
Gaurko kazetan irakurri dot zeure mezu hau eta lelengo aldiz bitakora getxoztar honetan sartzea animau egin naz, aupa zu!
Ez naz oso Fredi Paia-zale, baina aitatzen dituzun bertso horiek borobilak iruditzen jataz, egia berdaderoa izateaz gain.
Eta Manexen bidetik, goiari eutsiko deutsat neuk be. Kontaukotsut orain dala gitxi Gibraltarren egon nazela, hizkuntza kontuen jakinminak akuilatuta batez be (besteak beste). Eta hizkuntza uharte txiki bat izanda be, gaztelerak leku guztietatik inguratuta (itsaso aldean izan ezik), neskatoek eta mutikoek ikastetxetik kanpoan ingelesez egiten eben. Gibraltarren, ingelesa eskola-hizkuntza izateaz gain kaleko mintzaira be ei da, alegia. Noski, ingelesa eta gaztelera biak ala biak hizkuntza indartsuak dira, eta euren arteko lehian, askotan (gehienetan?) Xakespearerena garaile. Ziur aski adibideak ez dau balio, orduan.
Eta Israel-go “mirakuluaz” zer esan? Hizkuntza kontuetan geure antzekoak-edo badira, baldintza batzuei jagokienez. Baina han 60 urte hauetan hebreera hizkuntza nazional ofizial bilakatu da arazo larregi barik. Eta hango ikastola-kumeen hizkuntza bera izango da klasean eta kalean: Salomon-ena, alegia.
Paraguain be mirakulua da guaranieragaz gertatzen dana.
Aitor-ren hizkuntzagaz zer egin? Inoiz entzun dot euskal hiztun baten baten planteamendua: Umeak A ereduan eskolaratzea eta euskara etxean jasotzea, eskola-hizkuntza gorrotagarria ez izateko. Ez dot uste urtenbide egokia danik, gurasoek etxean egin ezin dituzten gauza asko ikastoletan-eta egiten baitituzte maistra-maisuek modu profesionalean ganera.
Gazteen erronka, kalitatearena,… Lanean hainbat tokitatik egon badagoz (bagagoz) eskoletatik kanpo. EgaƱa-Amonarriz-Urmeneta-etab, “Berbalagunak” programak, “koadrilategi”ak, etorkinekiko egitasmoak, Topagunea, AEK, IPES,…
Erabili edo ez erabili, that is the question!