Patxi Gaztelumendi eduki dugu gaur Erromon. Non dagoen Erromon? Getxoko auzo bat da, nire auzoa. Udaletxeak ez gaitu auzo kontsideratzen, baina beno… hori beste baterako utziko dugu.
Hitzaldiaren izenburua “Internet eta blogak euskaraz, zu eta ni” izan da. Egizu egitasmoak antolatu du eta hortxe ibili da Rozio batetik bestera dena ondo atera zedin. Puntual heldu da Patxi Kultur Etxera. “Gaur ez dut proiektorerik ez ordenagailurik ekarri, dena berbaz egingo dut”. Harrituta gelditu naiz: internet buruzko hitzaldi bat eta portatil barik? Beno, Patxi da, eta larrabetzuar hauek egunetik egunera harritzen naute gehiago! Dena azaldu du berbaz eta ederto gainera, une batzuetan arbelaren laguntzaz. Agian orrialdeak ezagutzen ditudalako, baina irudikatu dut orria ederto nire buruan. Arrazoia zeukan: zergatik behar da ordenagailua?
Lehen zatian orokorrean hitz egin du blogei buruz eta bigarrenean euskal blogosfera ikutu du. Bigarren zatia izan da erakargarriena. Hortxe azaldu du nola egin daitekeen blog bat, non aurkitu ditzakegun euskal blogak, … Entzuleak adi-adi egon dira, askok oharrak hartu dituzte gero etxean saltseatzeko.
Bi esaldi egon dira hitzaldian, nahiko inpaktatu nautenak:
“Lehen aldia da euskarak teknologiaren trena hartzen duela garaiz”
” 40.hizkuntza da euskara interneten, optimismoz mozkortzeko zenbakia”
Euskaldunak beti ibili izan gara atzeratuta gauza askotan, baina oraingoan badirudi ezetz. Teknologia berriei dagokienez, beti izan naiz oso ezkorra, nigatik baliz, oraindik ibiliko nintzateke gauzak boligrafoz entregatzen. Oraingoan ez gara atzean geratu, eta euskal blogosfera potentea sortu da. Gaztelumendik esan duenez, era askotako blogak ditugu: sukaldaritzakoak, hizkuntzei buruzkoak, zaletasunak, kezkak, arazoak, … Anitza da gure blogosfera.
Badirudi gehiago erabiltzen dela euskara interneten kalean bertan baino. Ez gaude txaloka hasteko, baina harrituta geratu naiz. Ez gara kapazak kafe bat euskaraz eskatzeko, baina gero eta internauta gehiago daude euskarazko orrialdeak bisitatzen dituztenak. Nire koadernotxo txikian apuntatu dut, edonori komentatzekoa da eta.
Ordu bat iraun du, baina ordu horretan denetarik azaltzeko denbora egon da (eta ordenagailu barik!). Portzierto, ia bihartik aurreran euskarazko blogak ugaltzen diren Uribe Kostan!