SGAEren aurka bai? Nortzuk?

Azken boladan bere burua gure herri honen lagun handia aitortzen zuen
Ramoncín pertsonaiarik zital eta gorrotatuenetarikoa bilakatu zaigu.
Urrun ikusten dugu haren hasierako jarrera punkia, urrun TVEn gaur
egungo euskal ilegalen ikurrak zein sandinistenak paseatzen zituen
garaia. Orain oilasko frijituaren erregea kanonaren errege dugu.
Horrek, eta GALen garaian PSOEren alde agertu izanak, guztien etsai
bihurtu dute gure artean.

Honaino
ados egon naiteke. Baina bitartean, zer eskatzen diegu gure euskal
taldeei? Azken finean, Ramoncín espainiola da eta normala da espainiar
erakunde baten partaide, baita presidente ere izatea. Gure inguruko
talde handi askori ere jarrera bat suposatzen zitzaien garai batean,
asko egin zuten eta agian oraindik ere asko egiten ari dira. Baina ez
dute aldi berean SGAE lodiarazten? Oraindik ez dakit talde horiei ez
diegun ezer eskatu behar. Isil-isilik daude denak kanon horri buruz
berba egiten denean? Ez dute iritzirik? Tokatzen zaien pastelaren
zatiarekin pozik? Ze erraza den ezkutatzea eta jendeari uztea bere
amorrua beste norbaiten aurka bideratzen.

SGAE eta kanonaren
aurka gaudenok, ostera, ez genuke inoiz ahaztu behar erakunde pribatu
horrek egunero lapurtzen digula gure inguruko askoren
konplizitatearekin, ez bakarrik Ramoncín edo Loquillo bezalakoenarekin; larriagoa kontuan hartzen badugu haiek ez dutela
euren burua espainioltzat, ezta? Hego Poloan ere ideiak desizozteko
garaia da! SGAEri ez!

Hemen uzten dizuet Ramoncín-ek kanonari egindako apologia, uler dezagun haren aurpegiaren atzean beste asko ere gordetzen direla. ViñaRock-en gertatu zitzaionarena ere utziko nizueke, baina oraindik ez dudanez ulertzen zergatik izan zen bera holako erantzuna sortu zuen bakarra, taula gainetik pasatu zirenetatik SGAEtik zenbatek jaten duten kontuan izanda…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Laos X (Mundu utopikoaren bila XI)

Umeak

Laosi buruz berba eginez gero, derrigorrezkoa da hango umeei artikulu bat eskaintzea. Sail hau abiatu nuenean aipatu nuenez, hango ezaugarrietako bat herri guztietan erruz topatzen diren ume alaiak dira. Saltoka, korrika, beti jolasean eta gura legez mugituz nagusien kontrol handirik gabe. Normala, arrisku bakarra oso noizean behin eta oso astiro pasatzen diren autoak izanik. Kaleak, ibaiak, tenpluak… edonon jaun eta jabe.

2005-7-7 27 Vientiane

2005-7x14 17 Muang Ngoi Neua

2005-7x14 27 Muang Ngoi Neua

Jakin-min handia izan ohi dute, eta lotsa barik gerturatuko zaizkigu. Bereziki kamerak ikusiz gero. Ez dakit zer duten argazkiekin, baina askotan haiek ateratzea saihesten dute eta, euren arteko txantxa moduan, beste norbaiti egiteko eskatuko digute barre artean. Hori bari, haiei eginez gero, berehala ikusi nahiko dute.

2005-7x11 090 Luang Prabang

2005-7x14 21 Muang Ngoi Neua

Dena dela, batzuetan uzkurrago ikusiko ditugu. Guri ez zitzaigun gertatu, baina bai bidaide batzuei: galdutako herrixka batean sartu eta ume guztiak ihesean. Arrazoia? Zuriak nekez ikusten diren mendi eta oihanetan gizaki txuria da, hain zuzen ere, umeak izutzeko erabiltzen den mamua, gure aspaldiko sakamantekas modukoa: falang (atzerritarra) beldurgarria! Begirada mesfidatiek, hortaz, ez gaituzte harritu behar.

2005-7x14 48 Nam Ou

2005-7x12 42 Pak Ou-Luang Prabang bidaia

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Punkreas, mozzarella kalamuarekin

Jende askok pentsa lezako Italiak musikari egin dizkion ekarpen bakarrak opera kantariak eta Ramazzotti lakoak direla, baina ez. Orain dela urte batzuk etorri zen gurera Banda Bassotti eta argi utzi ziguten beste zerbait ere mugitzen zela Alpeetatik behera. Italiak bota itxura izanda, militrontxoak ere ez ziren faltako!

Hango punk mugimenduaren eredurik onenetarikoa, Gli Impossibili-ren estilo ramonianoari ezer kendu barik, Punkreas da, zalantza barik. 80. hamarkada hil aurretik jaio ziren eta 1990ean kaleratu zuten Isterico diskoak argi utzi zuen haien indarra. Punk-ska-core moduan laburbil dezakegu estiloa. Kanta bizkor eta ostia txarrekoak, ska alaiak, punk doinu klasikoak…, eta letra guztietan eduki sozialak barra-barra. Zoritxarrez ez dut inon topatu nire gogokoenetako bat hemen jartzeko, Aca toro, aspaldian utzi nuen Attaque 77-ren San Fermin kantari laguntzeko… Haren ordez, hemen duzue ska lasai bat, hirugarren munduari eskainia: Terzo mondo.

Taldea Milano inguruan jaio eta Italiako garrantzitsuena bilakatu zen berehala. Harrezkero ez dira gelditu eta aurten utzi digute euren azken lana, zuzeneko bat, Punkreas live. Zortzigarrena estudioko zazpiren ondoren. Ni ez nau inoiz nekatzen, autoan ozen ipinita kilometro asko egin daiteke, haiekin batera “Vaffanculo!” oihukatuz. Kanta zaharrak topatzea zaila izanik, hemen duzue berriago bat, oraindik USArekin amets egiten duten inozoentzat: American dream.

Normalean pare bat ipini ohi ditut, baina ezin nire gogokoena alde batera utzi barik geratu. Landare ederrak daude munduan eta ondo jagon behar dira, Punkreaseko mutilek bezain arduratsu bai, behintzat. Hona hemen Canapa:

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Untxia aza eta curryrekin

Sabelari eskainitako atalari jarraituz, hona hemen atzo inprobisatu nuen beste plater bat. Ez du misterio handirik eta gozo-gozo geratzen da. Gauza asko eta zailik ere ez dugu behar, eta ordu eta laurdenean prest egon daiteke, patatek behar duten denboraren arabera. Hona zerrenda 2-3 lagunentzat:

  • 400gr. untxi
  • Tipula more bat
  • Berakatza
  • Piper berde bi
  • Piper gorri handi baten laurdena
  • Piper txorizero bat
  • Aza laurden bat (txikia bada erdia)
  • Patata bi
  • Pastilla bi japoniar curry (nik sagar eta ezti ukitua duena erabili dut, baina honen ordez berdin balio dezake 3 edo 4 goilarakadatxo curry normalek)
  • Kaiena pizka bat
  • Olioa
  • Gatza

Hasteko, tipula eta berakatza fin moztu, piper berdea eta gorria zerrenda ez oso luzetan, piper txorizeroa zati bitan, patatak dado ez oso txikitan, eta aza ere zati ez oso handitan. Untxia ere zatitu eta gatza bota. Lapiko zabal batean olioa berotzen ipini, eta tipula, berakatza, piperra eta patata bota. Gatza erantsi eta kolorea hartzen hasi aurretik untxia gehitu; nahastu eta berehala aza ere sartu. Bota currya eta kaiena eta, sua jaitsita, nahastu ondo guztia. 2-3 minuturen buruan ura gehitu dena estaltzera iritsi barik. Estali eta igo sua urak irakin arte. Orduan sua erdira jaitsi eta taparik gabe utzi egosten, saltsa loditzeko eta zaporetsuago geratzeko. Patata bigundu arte itxarotea baino ez dugu. Nahi izanez gero, piper txorizeroa plater batera atera, bertan azala kendu eta mamia berriro nahasteko, eta jateko gertu!

Plater hau oso gozo gera daiteke kus-kus zein arrozarekin batera. Argazkian, poloniar gariarekin agertzen da, horixe baikenuen lehendik eginda, baina hori nekez topatuko duzue hemendik.

Untxia aza eta curryrekin

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

IKT eta Hego Poloko hezkuntza

Hezkuntzan gabiltzan pinguinoontzat IKT ezinegon berezia sortzen duen berba bilakatu da. Atzo hondartza batean hilda agertu ziren bokarta tona guztiak jateak baino enpatxu handiagoa ekare dezake. Zer dela eta? Beldurra diogu aurrerakuntzari? Ez, jakina! Azter dezagun arazotxoa astiro.

Ikastolen elkarteko langilea den edonork, zalaparta handiz entzun du, seguruenik, ikastolok IKTen integrazio erabatekoan murgilduta gaudela, garai berriei inork baino hobeto aurre egiteko prestatzen, ikastola pilotoak ditugula teknologia berrien ezarpena aztertzen eta frogatzen, eta bla, bla, bla…

Horrek guztiak, jakina, inbertsio handiak, asko Jaurlaritzaren dirulaguntzek bideratuta, ahalegin handiak, ordu liberazioak horren buru dauden batzuentzat, softwareen garapena, ikerketa, denon inplikazioa eta beste bost mila gauza eskatzen ditu. Ados.  Baina nora abiatzeko?

Gure ikastoletan edozein ordenadore piztu eta gazteleraz agurtzen gaituen Windows XP (aurreratuenen kasuan) eta Gilen Ateak handiaren produktu guztiekin egingo dugu topo, dakartzaten aje eta akats ezagun guztiekin batera. Izan ere, eman diezaiegun bistadizo bat Ikastolen Elkarteak ateratzen dituen produktu guztiei, eta laster konturatuko gara zer eskatzen diguten erabiliak izan ahal izateko: Windows 98 edo berriagoa… Horrez gain, zelan ez, eta programa batzuen garapenean ahal den guztietan kode irekiko aplikazioen abantailei zukua aterata, den-dena kode itxikoa, copyright argi eta garbikoa izango da: ez diezagun zentimo bakar batek ere ihes egin poltsikotik! Hori da hezkuntzan, jakintza munduan, mugitzen direnen izpiritua (ikus. Elhuyar eta beste). Zertarako elkarbanatu, erraz ipini, elkarrekin hazi, elkarrengandik ikasi eta elkarrekin hobetu! Zertarako Creative Commons, adibidez… Hori bost hippierentzako kontua da. Hemengo eusko labeleko askok, ezkertiar zein eskuindar, ondo dakite jateko gauzekin ez dela jolasten.

Bitartean, gure inguruko IKT arduradun saiatuak (gure ikastolan marroia aurrera eroatea tokatu zaiena, alegia), ikerketa luze horien emaitzekin borroka latzean ikusiko ditugu. Hamaikagarren aldiz entzungo diegu ez dakit zenbat hileren ondoren antzera dabiltzala Ikasweb ostia puta delakoarekin, eta ez dugu nekerik izango sinisteko, geuri ere ebaluaketero tokatzen zaigulako Ikaswin apetatsuarekin indarrak neurtzea. Baina lasai, orain Ikasnot datorkigu. Lumak tente paraten zaizkit programa berria asmatu dela entzuten dudan bakoitzean…
Zergatik tematzen gara hemen beti gurpila birrasmatzen? Agian munduko azkarrenak garelako eta beste inon inori ez zaiolako bururatu gure premietara egokitzen den ezer asmatzea. Zelan ez dut lehenago pentsatu!

 
Eta lanak alferrik egitea eta dirua harrika botatzea maite dugunez, Nonbait ba ei dabil Eusko Jaurlaritzak irakaskuntzarako bereziki egokitutako azken Linux bertsioa. Zelan zuen izena… EusLinux 2005? Irakaskuntzan dabilen beste pinguinoren batek entzun du izen bitxi hori? Ikastola batera edo bestera iritsi da probatu ahal izateko? Itsaslamien kantua ote da? Edo orain Gilen Ateak hemengo erakunde batzuekin Windows euskaratzeko akordio batera iritsi ondoren lurra eman zaie hainbat proiekturi? (Inoiz aterako al da OpenOffice 2rako Xuxen-ik?) Bokarta pozoitsua berriro gure kostaldean? Ez dakit, baina ikusita Ikastolen Elkartearen produktu guztiak ze adiskidetsuak diren guztiz euskaratuta, guztiz libre eta guztiz fidagarria den sistema eragile bakarrarekin…

  Eta zer egiten da hemendik kanpo? Badago asmatuta guk ezagutzen ez dugun zerbait? Ez dakit, baina oraintxe erretreta hartu duen Rodriguez Ibarraren erkidegoan ez dute kasualitatez lortu ikasle biko ordenadore bat ipintzea. Hain atzeratuak lur agor haietan, eta Microsofti ordaindu behar izan ez dizkioten lizentzien diruarekin behar zituzten ekipo guztiak erosi zituzten orain dela urte batzuk. Ez zen magia, ezta, baten batek esan ei zuenez, Katalunia lako herri aberatsen dirua hori finantziatzera joan zenik. Burua erabili, eta Gileni dirua ez oparitzea erabaki zuten, besterik ez. Agian horrexegatik agertu da Extremadura uda honetan BBCk Linuxek mundu osoko hezkuntza sistema desberdinetan duen lekua aztertzeko emititu zuen programan. Gutaz, ostera, ezer ez… Ondoren etorri ziren GuadaLinux (Andaluzia), MAX (Madril)…, eta iaztik, oker ez banago, Kataluniako gobernua ere buru belarri dabil hezkuntza sistemari egokitutako Linux bertsio katalanarekin.

Beldur naiz tren honetara oso berandu igoko ez ote garen; edo are txarrago: dirua hemen dirua han, ez ote garen betiko nasan geratuko, tentel moduan begira eta bidaiari xumeon poltsikoak hutsik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 8 iruzkin

Bidezko merkataritza

Ez dugu txarto egin europarrok: Afrikatik behar izan dugun guztia atera, hangoak miseria gorrian eta euren barne produktu gordina baino handiagoak diren zorrak itota utzi, etsipenak bultzatuta itsasoan itotzera kondenatu, eta trukean eta sosen bat edo beste atera dezaten, orain gure industria orojaleen hondakin toxiko guztiak kontrolik gabe bidali. Azken finean, duten bizi itxaropenerako, zer axola die haiei gure zaborretan usteltzeak, ezta?

Negozioa argi dago, Nestle lako multinazional gupidagabeen eta zabor nuklearraren sortzaileen arteko jolasa: lehengaiak lehergaien truke. Hori da bidezko merkataritza…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Esplotazioaren bukaera

Langileriaren esplotazioa iraganeko kontua da. Begibistako kontua da eta seguruenik ez du ezta aipamenik ere merezi. Hori dela eta, langileen borroka bera ere gainditutako afera, lekuz kanpokoa, anakronikoa bihurtu da. Horretan zeresan handia izan du gure erakundeek azken urteotan azpi-kontratazioari eta aldi baterako lanari eman dieten bultzada ausartak.

Horri esker, amaitu da nagusiaren petralkeria urte luzeetan jasan beharra. Orain, nagusiarekin gogaitzen hasi orduko, baita askoz lehenago ere, langilea etxean, gurasoenean esan nahi baita, dago berriro, pozik eta estresik gabe. Agur esan diegu luzaroan gordetako arrangurei, eta horrek familia lotura estuagoak sortu ditu, ikasketak bukatzeko presak uxatu…, dena gure osasunaren onerako.

Egun azpi-esplotatuak eta aldi baterako esplotatuak baino ez daude, eta izen horiek argi erakusten dute zer neurritan murriztu den langileen eta nagusien arteko gatazka.

Garai berriek, beraz, erantzun berriak eskatzen dituzte. Horregatik, eta noizbehinkako langileak guztiz asper ez daitezen hain zoriontsu bizitzeaz, hau da egungo langileriari proposatu behar dieguna: azpi-borroka eta aldi baterako gatazka. Ez dezagun lan harremanen zentzu tradizionala guztiz gal, giharrek ariketa apur bat eskatzen dute-eta!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Miso zopa udon eta txahalkiarekin

Gaur, lagun batzuek eskatuta eta behin baino gehiagotan burutik pasatu zaidanari kasu eginez, atal berria irekitzea erabaki dut. Nahikoa dugu zilborrari begira, bada garaia sabel osoari begiratzeko eta betetzen hasteko. Gainera, ikusita sukaldaritzaz zer gutxi topatzen den euskaraz, are gutxiago euskal estilotik kanpokoa den ezer, etxean ateratzen zaizkigun plater gozoen berri ematen hasiko naiz. Aurretik doa gehienak asiar inspiraziokoak izango direla, gure erara moldatuak.

Hasteko, atzo bertan egindakoa. Gaur argazkia egin, eta horren berri emateko prest: miso zopa txahalki eta udonekin. Udon zer den ez dakitenentzat, japoniar fideo mota bat da, zabala eta zapala, gehienetan. Asiar fideoen abantaila da, oso azkar egin eta gozo-gozo geratzeaz gain, italiar pastak ez bezala, ez dutela arrautzik. Kolesterolik ez, beraz! Misoari dagokionez, pasta moduan saltzen da, eta kilo bateko poltsa batek hozkailuan luzarorako iraungo digu batere arazo barik ireki ondoren ere. Soja saltsa gaur egun edonon topatzen da, eta erabiltzen dugunean kontuan hartzeko bakarra da gatz gutxiago beharko dugula, edo askotan batere ez. Azkenik, dashia tenpura eta beste japoniar plater batzuekin hartzen den salda da, argia eta oinarrian arraina (askotan tuna) duena; saltsa askotan erabil daiteke zaporea indartzeko. Etxean egitea ez da zaila behar diren osagaiak izanez gero, baina prestatuta zein hauts edo garautxotan ere saltzen da. Nik azkeneko hori erabili dut honetan.

Ez da asko behar duguna, baina arestian aipatutako gauza batzuk txinatar supermerkatuetan edo denda espezializatuetan baino ez ditugu aurkituko. Hona zerrenda (kopuruak eta denborak gutxi gorabeherakoak dira,, aurrerantzean zehatzago apuntatuko ditut…):

  • Kalabazin bat
  • 300 gr. txahalki zerretan
  • Piper berde bi
  • Tipula bat
  • Hiru sorta udon (fideo hauek sortaka datoz paketeetan)
  • 3 l. salda (okel edo barazki salda)
  • 5-6 goilarakada soja saltsa arin
  • 3 goilarakada miso zuri
  • Tipuleta hosto bi (tipuletaren alde berdea)
  • Goilarakadatxo bi dashi hauts
  • Gatza
  • Olioa

Dena hobeto geratzeko, gauza bakoitza bere aldetik prestatuko dugu, eta gauza bat baino gehiago aldi berean egin behar dugun arren, estresatu barik ordu erdian prest egon daiteke.

Hasteko, lapiko batean salda ipiniko dugu, eta goilarakadatxo bat dashi hauts, bi-hiru goilarakada soja saltsa, olio apurtxo bat eta gatz pizka bat gehituko ditugu. Tipularekin laurdenak egin eta hauek zerrendatan ebaki eta saldari bota. Su bizian ipini eta dirakienean jaitsi eta egosten utzi tipula xamur egon arte. Sua amatatu eta irakiteari uzten dionean misoa gehitu, goilarakada bakoitza ondo nahastuz besteak bota aurretik. Kontuan izan misoak ez duela inoiz irakin behar.

Bitartean, kalabazina, zuritu gabe, zati ez txikiegitan moztu (nik zentimetro erdiko gurpiltxoak egin eta horiek lautan mozten ditut, ideia bat egiteko), piper berdeak erditik lehenago eta ondoren julianan, eta okela zati nahiko handitan (baina pasatu barik, ahoan sartzeko modukoak!). Wok batean olioa berotu eta kalabazina eta piperra botako ditugu. Minutu baten ondoren okela ere gehitu, gatz apur bat eta, dena nahastu ondoren baina frijitu aurretik, bi-hiru goilarakada soja saltsa eta goilarakadatxo bat dashi hauts bota. Nik honi eta baita saldari ere, aurreko batean soja saltsarekin egositako shitake zizen salda apur bat bota diot, eta egia esan, primeran geratu da. Hau dena gutxi egin behar dugu, doi-doi okela barruraino eginda egon arte, xamurrago geratzeko eta barazkiek gogortasun puntu bat gordetzeko.

Horiek prestatzen ditugun bitartean, beste lapiko batean ura ipiniko dugu irakiten: udon sorta bakoitzeko litro bat (horretan datza fideo hauek ondo geratzeko gakoetariko bat). Dirakienean, udon sortak bota eta ondo banatzeko mugituko ditugu. 12 minutuz utzi irakiten, eta iragazki batekin aterata ur hotzaren azpian sartu, horrek distira eman eta behar duten puntuan uzten baititu. Komenigarria da iragazkiaren barruan airean apur bat altxatuta buelta batzuk ematea, solteago gera daitezen.

Ia gertu dago. Orain bakoitzaren katiluan bertan bukatuko dugu: azpian fideoak ipini, haien gainean salda bota katilua osorik bete barik, eta hurrena okela barazkiekin eta bere saldarekin gainetik ipini. Tipuleta hostoak zati txikitan ebaki eta gainetik bota, eta jateko prest! Sakeak zein garagardoak lagunduta, edonor ase uzteko modukoa!

Miso zopa udon eta txahalkiarekin

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Oraindik ere etorkizuna ikusi gabe

Proposatutako mahaiarekin ere ezer lortzen ez badute, Eskorbutok orain dela urte asko adierazi zigun non bilatu…

Dena dela, susmoa dut eurek esan ziguten legez, hiritarroi berriro ere sartuko digutela ziria.

 
Bazen garaia etxeko talde bat omentzeko hemen, ezta? Are gehiago egunero Santurtzin egiten dudanean lan!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Mahaia osatzeko urratsak


Ikusita zenbat arazo duten gure politikari maiteek mahai famatua osatzeko, gure artean beti erabili ditugun arauak gogoraraztea otu zait, zerbait aurreratuko dugulakoan.

Mahai inguruan jesartzeko aurrebaldintza bakarra tokatzen zaizun guztia edateko gertu agertzea da. Ez du balio, behin hasita, edozein aitzakiarekin mahaia laga gura izatea, ez bada txiza egiteko edo, kasu larri batean, gorputzean gehiagorako lekua uzteko. Beraz, aulkitik altxatuz gero, komunera joateko baino ez.

Gomendatzen da mahaikide bi baino gehiagok parte hartzea. Bakarkakoak, argi dago, ez du zentzurik, alkoholismo larriaren lehen zantzua izateaz gain, eta aurrez aurrekoek ere emaitza negargarriak ekarri ohi dituzte. Zenbakirik onena, gure lurraldeak legez, sei lagunekoa da. Zazpigarrena beti izan da zalantzazkoa, eta gure kasu honetan zazpigarren hori gonbidatzeak joko guztia pikutara bidaltzeko arriskua dakar.

Mahai gainean, zenbat partaide, hainbat botila (hasteko). Kalimotxoa edo gorria gaseosarekin, modu demokratikoan erabakiko da, eskua altxatuz. Pitilingorria ere onartzen da, baita ukabila jasotzea ere.

Arauak, betikoak: dadoak ezkerretatik eskumatara, are gehiago, suposatzen denean jesarriko diren alderdi gehienak ezkertiarrak direla; kinitorako 1 eta 2 baino ez da onartuko, alderdi batzuetakoek 5 eta 6 onartzea eskatzen badute ere; berdintzeak ez du balio, mahaia osatzeko hainbeste denbora galdu eta gero, ez dugu orain gehiago luzatuko pitokeriekin; bikoteak igo daitezke, jakina, hau baita tresna honenetarikoa aukeratzeko zer arerio konbentzitu gura dugun amaitutakoan; ez dago hasteko minimorik, zintzoei, gutxi izanagatik, aukeraren bat eman behar zaie; 1 eta 3rekin automatikoki edaten da, eta hemen ez dago gezurretarako lekurik, eta edalontzi osoa edango da harrapatua izanez gero; gezurretarako beste aukera asko dago, alderdi guztiek baliatzen jakin behar dituztenak. Jakina, hizkuntza ofiziala euskara izango da, gutxienez zenbakiak, horiek guztiek ezagutu behar lituzkete-eta.

Hau da gure betiko kinitoa. Horren ondoren, nork izango du arazorik adostasunetara iristeko? Interesgarriena izango da biharamunean batzuen aurpegiak ikustea, zer erabaki onartu zuten gogoratzen direnean. Eta gure egungo joera soziokulturaletara ekarrita, kamera batzuk ipini eta zuzenean eskaintzen badute, ETB 1ean, jakina, inoizko reallity showrik arrakastatsuena izango dugu, benetan mereziko duen bat, hainbeste urteren ondoren!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina