Untxia aza eta curryrekin

Sabelari eskainitako atalari jarraituz, hona hemen atzo inprobisatu nuen beste plater bat. Ez du misterio handirik eta gozo-gozo geratzen da. Gauza asko eta zailik ere ez dugu behar, eta ordu eta laurdenean prest egon daiteke, patatek behar duten denboraren arabera. Hona zerrenda 2-3 lagunentzat:

  • 400gr. untxi
  • Tipula more bat
  • Berakatza
  • Piper berde bi
  • Piper gorri handi baten laurdena
  • Piper txorizero bat
  • Aza laurden bat (txikia bada erdia)
  • Patata bi
  • Pastilla bi japoniar curry (nik sagar eta ezti ukitua duena erabili dut, baina honen ordez berdin balio dezake 3 edo 4 goilarakadatxo curry normalek)
  • Kaiena pizka bat
  • Olioa
  • Gatza

Hasteko, tipula eta berakatza fin moztu, piper berdea eta gorria zerrenda ez oso luzetan, piper txorizeroa zati bitan, patatak dado ez oso txikitan, eta aza ere zati ez oso handitan. Untxia ere zatitu eta gatza bota. Lapiko zabal batean olioa berotzen ipini, eta tipula, berakatza, piperra eta patata bota. Gatza erantsi eta kolorea hartzen hasi aurretik untxia gehitu; nahastu eta berehala aza ere sartu. Bota currya eta kaiena eta, sua jaitsita, nahastu ondo guztia. 2-3 minuturen buruan ura gehitu dena estaltzera iritsi barik. Estali eta igo sua urak irakin arte. Orduan sua erdira jaitsi eta taparik gabe utzi egosten, saltsa loditzeko eta zaporetsuago geratzeko. Patata bigundu arte itxarotea baino ez dugu. Nahi izanez gero, piper txorizeroa plater batera atera, bertan azala kendu eta mamia berriro nahasteko, eta jateko gertu!

Plater hau oso gozo gera daiteke kus-kus zein arrozarekin batera. Argazkian, poloniar gariarekin agertzen da, horixe baikenuen lehendik eginda, baina hori nekez topatuko duzue hemendik.

Untxia aza eta curryrekin

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude