Miso zopa udon eta txahalkiarekin

Gaur, lagun batzuek eskatuta eta behin baino gehiagotan burutik pasatu zaidanari kasu eginez, atal berria irekitzea erabaki dut. Nahikoa dugu zilborrari begira, bada garaia sabel osoari begiratzeko eta betetzen hasteko. Gainera, ikusita sukaldaritzaz zer gutxi topatzen den euskaraz, are gutxiago euskal estilotik kanpokoa den ezer, etxean ateratzen zaizkigun plater gozoen berri ematen hasiko naiz. Aurretik doa gehienak asiar inspiraziokoak izango direla, gure erara moldatuak.

Hasteko, atzo bertan egindakoa. Gaur argazkia egin, eta horren berri emateko prest: miso zopa txahalki eta udonekin. Udon zer den ez dakitenentzat, japoniar fideo mota bat da, zabala eta zapala, gehienetan. Asiar fideoen abantaila da, oso azkar egin eta gozo-gozo geratzeaz gain, italiar pastak ez bezala, ez dutela arrautzik. Kolesterolik ez, beraz! Misoari dagokionez, pasta moduan saltzen da, eta kilo bateko poltsa batek hozkailuan luzarorako iraungo digu batere arazo barik ireki ondoren ere. Soja saltsa gaur egun edonon topatzen da, eta erabiltzen dugunean kontuan hartzeko bakarra da gatz gutxiago beharko dugula, edo askotan batere ez. Azkenik, dashia tenpura eta beste japoniar plater batzuekin hartzen den salda da, argia eta oinarrian arraina (askotan tuna) duena; saltsa askotan erabil daiteke zaporea indartzeko. Etxean egitea ez da zaila behar diren osagaiak izanez gero, baina prestatuta zein hauts edo garautxotan ere saltzen da. Nik azkeneko hori erabili dut honetan.

Ez da asko behar duguna, baina arestian aipatutako gauza batzuk txinatar supermerkatuetan edo denda espezializatuetan baino ez ditugu aurkituko. Hona zerrenda (kopuruak eta denborak gutxi gorabeherakoak dira,, aurrerantzean zehatzago apuntatuko ditut…):

  • Kalabazin bat
  • 300 gr. txahalki zerretan
  • Piper berde bi
  • Tipula bat
  • Hiru sorta udon (fideo hauek sortaka datoz paketeetan)
  • 3 l. salda (okel edo barazki salda)
  • 5-6 goilarakada soja saltsa arin
  • 3 goilarakada miso zuri
  • Tipuleta hosto bi (tipuletaren alde berdea)
  • Goilarakadatxo bi dashi hauts
  • Gatza
  • Olioa

Dena hobeto geratzeko, gauza bakoitza bere aldetik prestatuko dugu, eta gauza bat baino gehiago aldi berean egin behar dugun arren, estresatu barik ordu erdian prest egon daiteke.

Hasteko, lapiko batean salda ipiniko dugu, eta goilarakadatxo bat dashi hauts, bi-hiru goilarakada soja saltsa, olio apurtxo bat eta gatz pizka bat gehituko ditugu. Tipularekin laurdenak egin eta hauek zerrendatan ebaki eta saldari bota. Su bizian ipini eta dirakienean jaitsi eta egosten utzi tipula xamur egon arte. Sua amatatu eta irakiteari uzten dionean misoa gehitu, goilarakada bakoitza ondo nahastuz besteak bota aurretik. Kontuan izan misoak ez duela inoiz irakin behar.

Bitartean, kalabazina, zuritu gabe, zati ez txikiegitan moztu (nik zentimetro erdiko gurpiltxoak egin eta horiek lautan mozten ditut, ideia bat egiteko), piper berdeak erditik lehenago eta ondoren julianan, eta okela zati nahiko handitan (baina pasatu barik, ahoan sartzeko modukoak!). Wok batean olioa berotu eta kalabazina eta piperra botako ditugu. Minutu baten ondoren okela ere gehitu, gatz apur bat eta, dena nahastu ondoren baina frijitu aurretik, bi-hiru goilarakada soja saltsa eta goilarakadatxo bat dashi hauts bota. Nik honi eta baita saldari ere, aurreko batean soja saltsarekin egositako shitake zizen salda apur bat bota diot, eta egia esan, primeran geratu da. Hau dena gutxi egin behar dugu, doi-doi okela barruraino eginda egon arte, xamurrago geratzeko eta barazkiek gogortasun puntu bat gordetzeko.

Horiek prestatzen ditugun bitartean, beste lapiko batean ura ipiniko dugu irakiten: udon sorta bakoitzeko litro bat (horretan datza fideo hauek ondo geratzeko gakoetariko bat). Dirakienean, udon sortak bota eta ondo banatzeko mugituko ditugu. 12 minutuz utzi irakiten, eta iragazki batekin aterata ur hotzaren azpian sartu, horrek distira eman eta behar duten puntuan uzten baititu. Komenigarria da iragazkiaren barruan airean apur bat altxatuta buelta batzuk ematea, solteago gera daitezen.

Ia gertu dago. Orain bakoitzaren katiluan bertan bukatuko dugu: azpian fideoak ipini, haien gainean salda bota katilua osorik bete barik, eta hurrena okela barazkiekin eta bere saldarekin gainetik ipini. Tipuleta hostoak zati txikitan ebaki eta gainetik bota, eta jateko prest! Sakeak zein garagardoak lagunduta, edonor ase uzteko modukoa!

Miso zopa udon eta txahalkiarekin

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

2 erantzun Miso zopa udon eta txahalkiarekin-ri

  1. egilea: Joserra

    Itxura ezinhobea plater horrek daukana. Ia noiz gonbidatzen nozun, gizona!

    Eskerrik asko zure blogagaitik, Asel. Kristoren esfortzua dalako ia egunero edukinak sartzea (idazle batentzako entrenamendua izan arren), dibertigarria dalako sartzen garanontzat eta, ganera, euskera hutsean dagoelako.

    Hau bai eraikuntza nazionala, eta ez beste batzuk egiten dabena!

    Eutsi gogor, punk hori.

    JR

  2. egilea: asel

    Eskerrik asko zuri! Egia da orduren bat edo beste pasatu behar dala, baia ezetuten nozu, nik kriston ondo pasaten dot hamen 😉 Gonbidapenan kontua adostuko dogu, ia biok zatozien Bermiotik ta zeozer gozoa prestaten dogun.
    Laster arte, beraz!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude