Brain Failure

Ohituta gaude kapitalismoaren zurrunbilo gizajale honen aurka altxatzen diren punk taldeak ezagutzera, baina agian gehiago kostatzen zaigu imajinatzea gaurko Txina komunistan burua (gandorra eta guzti) agertzera ausartzen den talde anarkista bat. Horixe da Brain Failure, 90. hamarkadan Beijingen jaiotako banda. Diotenez, Maoren herrian mohikana buruan zutela kaleratzen ausartu ziren lehenetarikoak.

Harrezkero ez dute etenik izan, eta The Clash, Sex Pistols edo Ranciden haziak harresi handiaren bestaldean landatu ondoren, harresia bera gainditu eta hainbat herrialdetatik ibili dira jo eta su. Ez dakit gaur egun Txinako adierazpen askatasunaren osasuna zelan dabilen (gure inguruko egoera ikustea nahikoa da goragaleak jota ibiltzeko), baina mutil hauek mozorrorik gabe jaurtitzen dituzte euren mezu politikoak, mandarinez zein ingelesez. Hona hemen adibidetxo batzuk…

Eta ea honen soinuen atzetik zein talde identifikatzeko gai zareten (kontuz, bertsio bat baino gehiago egin da, eta agian hau benetako bertsioa izateko libreegia da, punka bera legez):

Txinatar lagunen bat baduzue, badakizue handik ekartzeko zer eskatu, hemen topatzea zailtxoa izango baituzue. Dena dela, aMuleri esker gauza asko eskura daiteke gaur egun…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Kasandra leihoan

Oraintxe bertan bukatu dut garunek soinketa apur bat egin dezaten balio izan didan liburua, Fito Rodriguezen azken lana, Kasandra leihoan Joseba Jaka V. Literatur bekako sariduna. Fitok berak sortu duen terminoak sailkatzen du liburu hau: saiakela. Bukatu ez ezik, bidean buruari gustura eragin diot.

Liburuak hiru zati bereizten ditu, eta hirurak osotasunaren barruan hartzea komeni da lanaren zentzua behar bezala ulertzeko. Euskal literaturan oso ohikoa ez den zerbaiten aurrean gaude; beraz, lehen zatiaren (“ABC edo Instructionea”) orientabideak ez dira besterik gabe pasatzen uzteko orriak.

Gustatu zaizkidan gauzen artean kokatuko nuke Fitok frogatu digun gauza bat: filosofiak ez du zerikusirik asperdurarekin, ezta ulertzeko zaila den idazkerarekin. Ez nahitaez, bederen. Liburua azkar irakurtzen da, arina da, eta protagonisten egoera hertsi eta itogarria bide oso aproposa da, denbora jateko hitz aspertuaren mozorropean, gure gizartearen hainbat balio, pentsatzeko modu, norabide, kontzepturi heldu eta, pelikula askoren argumentoei jarraituz, filosofiak haiei buruz emandako ikuspegi batzuei errepasoa emateko, konformismotik urrun.

Seguruenik irakurleok (eta dirudienez, kritikariak, horiek zer diren oso argi jakin gabe) ez gaude holako ariketa literario-filosofikoetara oso ohituak. Nik, behintzat, filosofiaz irakurtzeko ohitura guztiz galduta izan dut. Hortaz, Fitori aitortu behar diot horren gaineko interesa berpiztearen meritua.

Niri filosofiaz, baita literaturaz ere, erantzunak emateko baino gehiago, galderak planteatzeko duen gaitasuna da gustatu zaidana beti. Agian etengabeko galderetan bizi naizelako, eta erantzun mugiezinak baino, behin-behineko irtenbide desegonkor eta aldakorrak maiteago ditudalako.

Kasandra leihoan honek nire ohiko zalantza asko agerrarazi dit, eta aldi berean berriak ireki. Irakasle izanda, gure zibilizazioaren hezkuntza sistemaz pentsatzen dudanari forma ematen lagundu dit. Baita txikitatik denboraz, etorkizunaz bereziki (eta gertaeren ustezko logika kronologikoaz), ezartzen zaigun irudiaz kontzientzia osotuagoa hartzen, besteak beste. Azken finean, filosofiak besteek pentsatzen dutena neureganatzen baino gehiago, niri beti lagundu dit nik neuk uste dudana argiago ikusten, neure pentsamenduei usaina hartzen.

Nahi nuke egileak beste jakin filosofo askori buruz. Tira, haiei buruz zehazki ez; kolokan ipini dituzten pentsamenduei buruz, haien proposamenez. Filosofiaren historiak, beste gauza batzuen artean, erakutsi baitigu ez dagoela egia finko eta aldaezinik, korronte askok, bata bestearen atzean, aurrekoek ezarritako bideak irauli dituztelako. Fitok bukatzeko utzi duen amaigabetasun hori da niri erakargarrien egiten zaidana, seguruenik. Ez da kontzeptu txarra geure buruari aplikatzeko, batez ere geure pentsamendua erlatibizatzeko eta dogmatismo guztiei izkin egiteko.

Liburuak, filosofiaz gain, istorio bat du, eta horri dagokionez eskertu behar zaio surrealsimoari utzi dion tartetxoa. Liburuak burua zinemari begira jarri didalako edo, pelikula batean legez ikusi baitut bukaerako eszena, eta edonori gomendatzen diot bururi irudi horiek sor ditzala uzteko. Ez dakit Quentin Tarantinoren edo noren bukaera izan litekeen, baina niri irribarrea piztu dit. Hori ere behar dugu, batez ere azken boladako gertaeren harira ezkortasunerako dugun joera kontuan izanda…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Beldurraren kontzientzia, etorkizunaren beldurra

Asierren blogean irakurritako azken mezuak zer pentsatu eman dit. Hori baino gehiago, aspaldiko pentsamendua hemen forma apur bat emanda uzteko gogoa (bide batez, balio dezala hasi berri dudan ikastaroan eskatutako ariketa moduan…).

Txikitatik hasten gara garatzen kontzientzia deritzogun hori. Kontzientzia horren barruan balioak (morala, etika, hamar mandamenduak edo zaku horretan nahi duguna) kokatzen goaz, ona eta txarra bereizten, zer egin eta zer ez barneratzen.

Azkenean, ona eta txarra badaudela sinestera iritsi garen pertsona helduak bilakatzen gara. Kontzientzia horretan sartu dugunaren arabera jokatu behar dugula ere guztiz geure egiten dugu. Onak gara. Ez dugu gaizkirik egiten. Gezurra esatea txarra da, egia esatea ona. Oreinak ehizatzea ona da, auzokoa akabatzea txarra. Jakiak ahoan sartzea ona da, ipurdian oso txarra…

Baina azkenean, burutik pasatu ohi zaizkigun pentsamendu guztiak ekintza bihurtzea galarazten diguna benetan da ustezko kontzientzia? Zinez barrutik jaiotzen zaizkigun desio, apeta, irrika, burutazio batzuk baztertzen dituena haiei gaizto iriztea da? Ala zuei bururatzen zaizkizuen asmo guztiak aratzak eta aitortzeko modukoak dira?

Argi daukat nik, edo hori uste dut orain, batek daki bihar zelan ikusiko dudan kontua. Gure benetako kontzientzia bakarrak helduleku bi ditu, eta biek egiten dute bat. Beldurraren jakitun gara. Etorkizunaren kontzientzia dugu. Etorkizuna da etengabeko mehatxua, agindua bezainbeste. Erlijioek hil ondorengo izua erabili dute historikoki. Legeek delitu ondorengo zigorrarena. Badakigu gure ekintzaren ostean bizitzen jarraituko dugula, gure ingurukoekin egongo, legearekin topo egingo, espero ez dugunean hilko… Etorkizunaren kontzientziak beldurraren kontzientzia dakar. Beldurra gertukoenen gaitzespenei (zer dira gertukoak, behar ditugun pertsonak baino, adiskide eta laguntzeko prest?); beldurra ezezagunen esamesei; beldurra, zelan ez, legearen zigorrari; eta izurik handiena, sinistunen artean, bizi ondorengo betiereko zigorrari.

Bat-batean etorkizunaren kontzientzia ezabatuko balizute, beldur oro kendu… seguru zaude ez zenukeela burutuko gaur egun zeure buruari debekatzen diozun eta ona zarelakoan baztertzen duzun hainbat asmo, ekintza txiki zein handi? Zure balioen aurkakotzat dituzun horiek guztiak deitoratuko zenituzke berdin-berdin? Etorkizunik gabe ez dago beldurrik; beldurrik gabe ez dago kontzientziarik. Horrek salbatzen gaitu. Ala kondenatu?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 5 iruzkin

Gizakia zure mahaian

Gizajalearen ahoan baino ez du bere esangura osoa hartzen gizaki hitzak.
Errezetak egunero dituzu telebistan. On egin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 4 iruzkin

Pereirak dioenez

Hau da Marokon lagun izan dudan liburua, eta lagun ezin hobea, egia esan. Aspaldian gomendatu zidan Martak, eta euskaratuta ikusi orduko, atzaparrak bota nizkion. Berriro ere, txalo bero bat Igela argitaletxekoei harribitxiak bata bestearen atzean eskeintzen jarraitzeagatik. Baten batek pentsatuko du komisioren bat ordaintzen didatela, baina ez, ez dut hango inor ezagutu ere egiten…

Kontuak kontu, ostabere eskertu behar izan diot Martari gomendioa. Nire eskuetara iritsi den Antonio Tabucchiren lehena izan da, eta badirudi italiar idazleak nire bizitza gozoagoa egiteko hitzartuta daudela.

Nire blog honetako iruzkinek ez dutenez, ezta izango, kritika izateko inongo asmorik, beste barik laburbilduko dut, denbora mugatuaren morroi, zergatik eman dizkidan hain ordu gozoak. Hasteko, oso erraz irakurri dut, berez, inon trabatu barik. Pereirari jarraituz, haragizko pertsona baten bizimodu arruntean joan naiz murgiltzen, norbaiti egindako aitorpenaren itxura duen narrazio estilo xarmangarriak eroso gidatuta, apurka-apurka sentitzeko zelan sor daitekeen heroi bat ezerezetik. Iraganari atxikitako eta ajez mukuru dirudien gizaki grisaren barne eraldaketa da bizi izan dudana. Eta haren bitartez, terroreak, kasu honetan Portugalgo diktadurak sortu zuenak, gizartean ezartzen duen isiltasuna, errealitateari aurrez aurre begiratzeko beldurra, konpromezuak hartzeko jendearen gogo edo ausardi eza… ikusi ditut aurrez aurre. Orduko Portugal hain urrun ez dugula ere sentitu.

Interesgarria izan da nortasunen konfederazioaren kontzeptua, eta are gehiago Tabucchik Pereiraren garapenerako egin duen haren erabilera. Beharbada, horiek dira maiz beste norabide batean gidatu guran geure baitan entzuten ditugun ahots kontrajarriak. Istorio honi kasu eginez gero, badirudi inoiz ez dela berandu ahots horietako bati lema hartzen utzi eta gure norabidea aldatzeko. Pereirak ere ez du erabakia berez hartu; hor izan ditu harantz bultzatu duten pertsonaia argigarriak, iraultzaile izan, mediku zein apaiz. Baina hautua, azken finean, berak egin du, eta egindakoarekin ni behintzat aho bete hortz utzi. Ez dut hori hemen argituko, jakina.

Laburbilduz, zuzendu barik iparra galtzeko joera izaten dudalako nik, nortasunaz, iraganaz, heroismoaz, iraultzaz (eta batez ere iraultzaile anonimoez), isiltasunaz, beldurraz, konpromezuaz…, ideia askori buruz hausnarketa interesgarriak egiteko parada eskaini dit, hegaldien artean, Pereirak, literaturaren gozamen hutsa alde batera utzi barik. Eta nire izen kutunen zerrendan gordetzeko beste bat: Antonio Tabucchi. Are gehiago, bere pertsonari buruz datu gehigarriak jaso ondoren.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Egunak ez dira nireak

Eta badoaz. Jaberik gabe, baimenik gabe, damurik gabe. Inoren zain geratu gabe.
Joan doaz, eta ez doaz inora. Helmugarik ez, helbururik ez. Egunek ez dute etorkizunik.
Geroaren gezurra ez dute haiek asmatu. Ahotsik gabe dioskute: no pass, no future. Egun, gaur baino ez.
Baina joan… kabroiak badoaz!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Pinguino inuzente baten poza

Badirudi Eusko Jaurlaritzan serio hartzen ari direla software libreare aldeko hautua. Orain arte zalantza handiak izan ditut, norabide horretan emandako mugimenduak ez direlako gehiegi zabaltzen komunikabideetan (edo agian neu naiz komunikabideetatik urrun bizi dena…). Hego Poloan norabide berean goaz izotzetako arrakalak banantzen gaituen alde bietan, horri dagokionez, behintzat. Artikulu honen arrazoia zabalago ulertzeko, hobe zuzenean MarraPuntun irakurtzea. Agian bertan gehitu duten erantzunak ez du arrazoi falta, baina noizean behin ondo dator zer edo zertan sinestea, ezta? Inuzentearena jokatuko dugu oraingoan eta pentsatuko dugu urte batzuen buruan Eusko Jaurlaritzak software librearen bitartez egingo duela lan…

Dena dela, ondo begiratu artikuluak dakarren data, nik beranduegi irakurri baitut eta Marokotik itzuli naizenetik bigarren aldiz begiak errealitateari derrigortuta ireki. Amets polit honek ETAren meniarenak baino iraupen laburragoa izan du…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Atsekabea

Azken egunotan Marokon ibili ondoren, munduarekiko eta etxearekiko loturak nahiko galduta, etxera iritsi eta atsekabea, besterik ezin dut sentitu. Terminal horretan bertan egon ginen atzo, artean gertatutakoaz ezer usaindu barik. Badakigu hemen alderdi bakoitzak norabide batean botako duela pilota, errua bilatuko dela, inoiz hasi ez den prozesuaz hainbat kalaka hutsal egongo dela… Dakidan bakarra da han zendutakoek ez dutela ezern errurik. Ez Euskal Herriaren egoeraz, ez politiko guztien pasibitateaz, ez kalkulu elektoralez ez zekiten ezer. Horrek ez ditu libratu. Eta etxera itzultzeagatik poza sentitu beharko…? Ez dakit zuek, ni potroetaraino nago eta bost axola ideologiak markatutako mezuek zer pelikula kontatu gura didaten. Merkeegi saltzen da bizitza gure inguruan, bozka batzuen truke, hain zuzen ere. Zoazte denok popatik hartzera, nigatik bada, behintzat. Hurrengo hauteskundeetan beti egin behar nukeena egingo dut: alderdi guztien bozka-paper bana hartu,irolan gustura libratu, eta haiekin guztiekin ipurdia garbitu, etxean lasai. Ez dute balio ezta bereber umeei oparitu dizkiegun boligrafoen erdia ere; ume haiek bai baitakite bizitzaren balioa zer den. Berba nahasiak nireak, nire sentimenduak bezain. Nire nazka, ordea, argi-argia. Egunen batean uzbekiar edo nazionalizatuko naiz…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Laos XIII (Mundu utopikoaren bila XIV eta azkena)

Xam Nua

Honekin, eta urtearen bukaerara hurbiltzearekin batera, Laosi eskainitako saila itxiko dut. Ez dut uste betiko agurra izango denik, Laos oraindik ere zain daukagu-eta, baina orain arte egin dugun bidaia hemen bukatzen da

Ekialdera jarraituz, eta Vietnamera zeharkatu aurretik, Xam Nuan (edo Sam Neua) geratu ginen. Berriro ere arroz-zelaiek inguratutako herria dugu hau. Herri bizia dugu, Laoseko parametroetan hiria ere badela esan daiteke. Kanpoko turismo gutxi jasotzen duena (alde turistikoetatik urrunegi), baina barruko joan-etorrietan garrantzia bide daukana. Mugimendu horien guztien arrazoi nagusia, seguruenik, haren azoka da. Azoka koloretsua, hamaika produktu, berdin jatekoak zein hango eguneroko bizimoduak eskatzen dituen tresnak, ontziak… Argi dago hau dela hango bizitzaren bihotza, eta merezi du bertan luzatzea eta postuen artean patxadaz galtzea.

2005-7x17 29 Sam Neua

2005-7x17 36 Sam Neua

2005-7x17 31 Sam Neua

2005-7x17 30 Sam Neua

Xam Nuak ez du ostatu falta; zapore guztiz lokala dute, bezero gehienak, esan legez, Laoseko beste herrietatik etorritako erosle edo saltzaileak baitira, eta beharbada vietnamdarrak ere bai, kokapena kontuan izanda. Horrek negozio kutsua ematen dio, Laosen oso ohikoa ez dena. Dena dela, eta zorionez, tokitan dago kapitalismoaren usainetik.

Hiritarrago izan arren, inguruan ez da bost solairutik gorako etxerik ikusten, eta hemengo moduan, neska nerabeak mugikorretan mezuak idaztean ikus badaizteke ere, giro kalatarragoak beste edozein herritako naturaltasuna gordetzen du. Adibidez, bere denda aurrean burua garbitzen zuen neskak guztiz laostarra zen irribarre jatorra eskaini zigun argazkiaren ondoren. Hori dena gure ostatuaren kalean bertan, leku guztiz gomendagarria, betiko moduan. Hango jabe jatorrei utzi genien bideko saltzaileak oparitu zigun kalabazina (argazkian, Marta ostatuaren sarrera ondoan dago).

2005-7x17 32 Sam Neua

2005-7x17 35 Sam Neua

Hirigunetzat har dezakegun alde honetatik aterata, osteratxo ederrak egin daitezke eta arroz-zelaien lasaitasuna arnastu. Asfalto gutxi, trafiko gutxi, eta zu motorrez edonora eramateko prest dauden gazteak, sos eskaerarik gabe. Zure argazkiengatik jakin-min handia dutenak, lagunei argazkiak ateratzea jolas bihurtzen dutenak… Benetan erraza dirudi han adiskidetzeak, berezkotasun osoz, inongo mesfidantza barik. Ez dute gonbidapenik behar zugana jotzeko. Eta hori eskertzen da, hizkuntzen muga guztien gainetik.

2005-7x17 39 Sam Neua
br>2005-7x17 40 Sam Neua

2005-7x17 42 Sam Neua

2005-7x18 01 Sam Neua

2005-7x18 04 Sam Neua

2005-7x18 05 Sam Neua

2005-7x18 08 Sam Neua

Imajinatzen dut han ere egongo direla tenpluak ikusteko, baina ez ginen haien bila ibili, nahikoa izan genuen inguru naturalaz eta kaleez gozatzea. Autobus geltokia topatu, eta hilabete batzuk lehenago kanpotarrentzat ireki zuten mugara abiatu ginen, erraza izan ez arren, harainoko garraio publikorik ez baitago eta beste herri batean negoziatu behar izan baikenuen garraioa. Muga bera, oinez igaro genuen. Uste dut aduanakoek jende gutxi dutela oraindik euren erregistro-liburuan.

2005-7x18 12 Sam Neua

2005-7x18 17 Sam Neua-Na Maeu bidaia

2005-7x18 28 Sam Neua-Na Maeu bidaia

2005-7x18 33 Laos-Vietnam muga

Vietnamgoa, ordea, beste istorio bat da; hurrengo baterako agian. Bpaigohnder!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Тараканы!

Errusian, Putin lako faszista berriak dira aurpegirik ezagunenak. Perestroika atzean geratu, komunismoa lurperatu, eta mafien esku geratu den herri erraldoia, askatasunean bizitzea zer den historian inoiz ezagutu ez duena, geratu zaigu. Tzarretatik Stalinen hilketa masiboetara, eta orain…, denok dakigu zelan hiltzen duten orain han, zelan isilarazten duten sistemaren aurka mugitzen den oro.

Komunismoaren gainbeheraren eskutik iritsi zen hara punkaren susperraldia. Hori baino gehiago, jaiotza bera, eta Тараканы! (Tarakany! -labezomorroak-) izan zen hasiera horretako aitzindarietako bat, 1991 gero eta hurrunago hartan.

Ironikoki, ordura arte izandako etsai amorratuen etxetik ostu zuten estiloa, eta lehen diskoa europar punk amorratuagoa bada ere, gerora etorri den ildoan Ramonesen eragina izan da nabarmenena. Aipatzen diren beste eragin batzuk Bad Religion eta Pennywise dira, eta ukitu skatalitikoak ere ez dira falta, baina Italiako Gli Impossibili-ren kasuan legez, punkaren aititeen sigilua topatzen da kanta gehienetan eta ahotsaren ukitu melodikoenetan.

Moskuko talde honek disko nahikotxo utzi digu, eta aMule tresna egokia izan daiteke haien erritmoak elur urrunetatik ekartzeko. Hona hemen lagintxo bat. Ez legoke txarto Taty-rekin batera ikustea, espektatiba ezberdinekin, jakina…

Eta Misfits gogoan, azkena zuzenean, kutsu metalikoa ere ezin ukatu:

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina