Zentsura sarean

Azken egunotan eztabaida interesgarri batean parte hartzen ari naiz. Orain arte Flickr niretzat gertukoei Marta eta bion argazkiak erakusteko leku eroso bat baino ez zen, baina Interneten maiz gertatzen den legez, haren bitartez espero ez nuen jendea hasi naiz (birtualki) ezagutzen eta argazkien bitartez batzuek salaketarako eta pentsamendu askearen aldarrikapenerako egiten duten lanetara hurbiltzen.

Gail Oreinstein da aldarrikapena eta artea lotuz kontzientziak astintzen dabiltzan horietariko bat, eta haren lanari jarraituz kezka batzuk areagotu zaizkit.

Denok dakizkigu, edo susma ditzakegu, sarea kontrolatzeko batzuek izan ditzaketen interesak. Horretan beste atal batean aipatzen dudan Gilen Ateak ospetsuak zeresan handia dauka, bere MS sistemak beti interes “handien” mesedetan jarriz, AEBren eta kapitalismo basatiaren txakur jagole leiala.
Dirudienez, antzeko zerbait gertatzen da Yahoo-rekin eta haren atala den Flickr-ekin. Azken boladan ikusi ahal izan dut zelan bertako hainbat erabiltzaile joan diren euren kontuak galtzen, zelan izan diren ezabatuak, Flickr-en “politikaren” aurkako erabilerak egiteagatik. Kasu batzuetan, hain zuzen ere, politikagatik, eta ez argitaratzen zituzten argazkiengatik.

Hori gertatu zitzaion nik inondik ezagutzen ez nuen Gail Oreinsteini, orain itzuli dena bere lanari jarraipena emateko prest. Argazki batzuk probokatzailetzat har daitezke, beste batzuk baten batek lizuntzat hartuko ditu, baina Yahoo-ren agintariak deserosoen sentiarazi dituenak argazkiekin batera idazten dituen testuak dira. Agintari horietako baten esanetan, alde batetik, Gailen argazkiek mutil gazteak “kitzikatzen” ditu, eta hori ez ei da ona. Gorputz biluzi batek kitzikatua izatea ez dakit noiztik ez den ona, baina tira. Horregatik balitz, Flickr-eko hamaika erabiltzaile desagerrarazi behar lituzkete, ez direlako gutxi eduki asmo benetan pornografikoa dutenak. Baina horiek bertan diraute. Emakumea objektutzat tratatzea ez dago txarto ikusita Flickr-en. Horren adibide, Flickr China-ren politika: kudeatzaile bat kaleratu berri dute Flcikr China berriak ez ei dituelako pirtzindun aurpegiak gogoko, pirtzindun aluekin batere arazorik ez duen bitartean.

Zelako arriskua!

Baina mamitsuena beste alde batetik dator: Yahoo-ren agintari berberaren esanetan, Gailen testuek pentsaraz dezakete “Bush gaiztoa dela” eta “Irakeko gerra ez dela ona”. Eta holakoak ezin dituzte onartu. Horregatik da Gail arriskutsua.

Are gehiago: irakurri dudanagatik, Yahoo lako zerbitzuetan nahikoa da Israel ozenkiegi kritikatzea ezabatua izateko. Judutarren eragin taldeen boterea noraino iristen den beharbada inoiz ezagutuko ez dugun errealitatea da.

Ezagutzen ez dugun antzeko zenbat kasu ote dago hain askea dirudien sarean? Arakatu eta harritu egingo zarete. Zein da mundu honetako askatasunaren benetako etsaia? Gero esango dugu ezdakitnon adierazpen askatasuna arriskuan dagoela…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Malaysia II

Penintsularen mendebaldea

Agindutakoa zorra da, eta baten batek ahaztuta neukala pentsa dezakeen arren, hona nator Malaysiari buruz apur bat gehiago berba egitera. Oraingoan Singapurretik iritsita penintsularen mendebaldean jarraitutako ibilbideari lotuko natzaio. Ez da ahaztu behar Malaysiaren zatirik handiena, lurraldeari dagokionez, behintzat, Borneon dagoela, baina ezagutzen ez denaz ezin mintzatu. Malaysiaren aniztasuna ikaragarria da, zinez, sukaldaritzatik hasita. Sabeletik izan baikenuen gure lehen hartu-emana, bai han bai Asiako beste leku askotan oso ohikoak diren self-service estiloko errepideko jatetxe batean. Hainbeste gauza gozo eta merkeren artean ez da erreza aukeratzea!

Penintsulari dagokionez, mendebaldea kultura gehien nahasten diren aldea da. Horren adibiderik onena, seguruenik, Melaka da, guk ezagutu genuen lehen malaysiar hiria. Bertan Europako kulturek ere euren aztarnak utzi dituzte (portugesek eta nederlandarrek batik bat), baina Melakako Estatuaren hiriburua den honetan, aniztasunaren muturra Chinatown barruan topatuko dugu. Harrigarria da oso luzeak ere ez diren kale bitan zenbat kolore, kultura eta erlijio nahas daitekeen. Paseatzera gonbidatzen duen giro lasai horretan aisa egingo dugu topo Malaysiako aurpegi guztiekin: malaysiar musulmana, txinatarra, budista, hinduista… Ez dakit eguneroko bizitzan zer harremanek lotzen dituen, baina kanpotik ikusita elkarbizitza ezinhobea begitantzen zaigu. Malaysia osoan legez, ostatu merkea hartzea ezin errezagoa. Agian familiarteko eta adiskidetasunezko giroak egiten dira bereziki nabarmenak hemen. Ez dago arazorik ostatu bat baino gehiago aztertzeko aukeratu aurretik, eta, gure kasuan, aurrerako aukerak baldintzatu zituen gure hautuak, gure ostatuan topatu baikenuen laguntza paregabea hurrengo hirietan nora jo jakiteko. Baina han ezagutu genuen George indiar alaia ez dago leku guztietan. Hura bai ostatuen entziklopedia ibiltaria!






Bertan, egun batez, autobusa hartu eta topatu genuen lehen herrira egin genuen txangoa. Noizean behin ona da gidaliburuak alde batera utzi eta turismoa iristen ez den inguruetan galtzea. Saria, atzerritar gutxi ikusten duen jendearen irribarreak eta jakin-mina. Baita eguneroko bizitzaren lasaitasuna ere. Gurean oporrak ziren bitartean, han eskola eguna zen, nabarmen.


Melaka utzita, iparrerantz jarraituz Malaysiako hiriburu erraldoira jo genuen, Kuala Lumpurrera, alegia. Lehen sentsazioa kaotiko eta zaratatsu samarra izan bazen ere, gustua hartu genion hiri honi. Turista gehienok autobusak uzten zaituen geltoki handitik hasten gara, eta arnasa hartzeko denbora izan aurretik gainean dituzu ostatua eskainiko dizutenak; baina aldi berean lagungarria gerta daitezke, holako hiri handi batean iparra galduta sentitzen baitzara lehen kontaktuan. Motxilak utzi ondoren ere, hiriko alderik nahasienean sentitu ginen, espaloi batetik bestera zeharkatzea misio arriskutsua, trafiko kaotikoan, eta horretan onena bertakoei begiratu eta haien usadioei jarraitzea. Laster galtzen da beldurra eta egunerokoa dirudi handik mugitzea. Aurrerantzean, eta hiriaren beste alde batzuetara iristen garen heinean, ibiltzea erosoagoa egiten da, Jalan Petaling alde batera utzita. Petaling azoka kalea da, eta berdin egunez zein gauez, gainezka dago beti. Han zailtasuna jende artean mugitzea izango da, DVD saltzaile ez oso legalen etengabeko eskaintzen artean.

Guk kilometro asko egin genuen oinez, eta gustura egin ere bai. Distantzia itzelak egon arren, maiz onena mapa hartu eta ibilian ibilian gauzak topatzea da. Han izan genuen, esaterako, gure lehen durian esperientzia. Durian delakoa Asiako herri askotan oso ohikoa den fruta da. Lehen harremana ez da atsegina izaten, kirikinoa dirudien fruta honi kiratsa baitario. Baina horri aurre egin eta probatzen badugu, goitik behera aldatuko da gure iritzia. Fruta gozoagorik non! Kuala Lumpurren nahasketa eta aniztasuna ere izugarria da. Etxeorratzak, eta hor ditugu Petronas dorreak, tenplu txikiekin uztartzen dira, eraikin ofizialen musulman arkitektura estilo txinatar edo hinduekin. Janari usaina norabide guztietatik, loreenarekin batera autoen keari aurre eginez. Dena dela, hemen auzoak Melakan baino bereiziago daude, baina haietatik dabilen jendea guztiz nahasirik doa. Eta jendea aipatuta, Malaysiako leku guztietan legez, kultura batekoak zein bestekoak izan, atseginak eta irribarretsuak. Beste esperientzia bat, berriz, eraikin osoak hartzen dituzten gune komertzialak. Batez ere, malaysiar musulman nesken eta txinatarren artean sortzen den muturreko kontrasteagatik: goitik behera estalita eta sarri kolore gutxirekin, lehenak; ahalik eta oihal gutxienekin eta kolorerik deigarrienekin, bigarrenak. Kuala Lumpurren esentzia modara ere eramanda…










Kula Lumpurretik bertatik txango interesgarriak egin daitezke autobus publikoan. Guk hala egin genuen Batu leizeetara, hango hinduentzat garrantzi handiko tenplura, leize ikusgarrietan eraikia (tximino guztiekin ez fida…), eta Putrajayara, inguruko meskitarik garrantzitsuenetakora, joateko. Ez bata ez bestea ez dira damutzeko moduko bisitak.








Asfaltoz eta etxez inguratuta ibiltzeaz nekatuta, ideia ona da, iparrerantz betiere, mendialdera jotzea. Sinestezina badirudi ere, gainera, posible da Malaysian hotz apur bat pasatzea. Beraz, beroari apur batez ihes egin nahian, Cameron Highlands deritzon ingurura joan ginen gu. Tanah Rata herrira, hain zuzen ere. Mendi haien artean batzuetan estuegi iruditzen zaizu errepidea, batez ere autobusa kamioi handiren batekin gurutzatzerakoan, eta are gehiago bihurguneen artean elkarri aurre hartzen hasten direnean. Baina tira, guk bidean iraulita topatu genuen kamioia baino zorte hobea izan genuen eta ezusteko barik iritsi ginen. Tanah Rata bera txikia da, eta ez da denbora gehiegi behar bere kaleak, tenpluak edota urjauziak ezagutzeko. Baina bertan ondo jan eta aire garbi-garbia arnasteaz gain, leku egokia da inguruak txangoren batean ezagutzeko. Ikusgarriena, zalantza barik, teak bistatik galdu arte hartzen dituen mendiak ikustea. Izan ere, Malaysian hartzen den te gehiena bertan hazten da. Barruko kontsumoa hain da handia, non horretarako baino ez baitute. Esportaziorik ez, beraz. Baina te sailez gain, trecking apur bat eginda  gauza interesgarriak aurki daitezke; landare intsektujaleak, esaterako. Ni lako alferrei aurreratuko diet ez dela ibilaldi luzeegia egin behar horretarako…








 
Mendialdetik atzera kostaldera, autobusa hartu eta Penang-era abiatu ginen. Autobusetik ere gauza interesgarriak ikusten dira. Esaterako, ia kutxen artean desagertzen zen txinatar denda hau, Ipoh-n.

Penang iparreko uharte ederra da. Guk hiriburuan, George Town-en, hartu genuen ostatu, eta hango jabearen, Jimmy taiwandarraren, eskutik, ezagutu genituen uhartearen ikuspegi desberdinak. Uharte honetaz esaten zen Txina bera baino txinatarragoa zela, baina Jimmy kexu zen gobernuak leku guztietan ari zela tipulak landatzen. Hala esaten zien berak meskitei, eta autotik norabide guztietara seinalatzen zituen: begira, han beste tipula bat, han beste bat… Argi utzi zigun ez zegoela oso pozik islamaren zabalkundearekin. Erlijioen arteko lehiek dakartzaten ondorio tamalgarrien artean dago uharteko txinatar tenplurik garrantzitsuenean gertatutakoa. Tenplu hau mendi baten goialdean dago kokatuta, ikusgarri, eta haren gainean tenplua eskainita dagoen emakumearen estatua erraldoia zegoen. Hango gobernuak erabaki arte estatua hura ezin zela egon islamdar ikurrik altuenaren gainetik; eraitsi egin zuten. Orain estatua txikiagoa dago, eta jatorrizkoaren zati bat tenpluaren eraikinetako baten teilatuan. Musulmanek, beharbada, beste bertsio bat izango dute. Edozelan ere, George Town-en oraindik da nagusi txinatar usaina, beste batzuekin nahastuta bada ere: Little India auzotik osteratxo bat egitea ere interesgarria da, baita thai estiloko tenplu budistetan sartzea ere. Baina gorabehera erlijiosoak alde batera utzita, asko dago Penangen ikusteko. Jimmyren arabera, bertan hazten dira Asiako durianik onenak, eta guk, adituak izan barik, aitortu behar dugu gozo-gozoak zirela eta holako bat osorik jatea nahikoa izan daitekeela afaria egiteko. Eta ez zer jan gutxi dagoelako. Beste gauzen artean, George Town da, seguruenik, gastronomiaren paradisuetako bat. Kalean saltzen diren burruntzietatik hasi, eta janari azokan bukatu arte. Hura gozamena! Uhartea izan arren, ordea, eta herri arrantzale ederrak egonda, hondartza ez ei da gomendagarriena, mendebaldeko kostaldea nahiko kutsatuta ei baitago. Kutsadurarekin zuzenean zerikusirik ez badu ere, gogoratu behar da uharte honek bere partea izan zuela Ozeano Barean burutu zen gerra nagusian, japoniarren eta aliatuen artean, eta oraindik ikus daiteke uhartearen defentsarako malaysiarrek aliatuekin batera izan zuten basea, japoniarrei aurre egiteko. Historia handikoa dugu Penang, dudarik ez.

















Eta uharte hau utzita, baina beste uharte mota batzuk ezagutzeko gogoz, mendebaldea laga eta, Thailandiako mugatik gertu, ekialdeko kostaldera egin genuen, autobusez ostabere. Hangoa, ordea, hurrengo batean kontatuko dut, ekialdean sartzea Malaysia musulmanenean barneratzea dela aurreratuz. Aldaketa handia, beraz.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Demokraziaren ilusioa

Gero eta zalantza handiagoak ditut hainbeste goratzen den sistema politiko honetaz. Maiz goraipatzen dugu demokraziak aukeratzeko ematen digun aukera, beste herrialde batzuetan holako pribilegiorik ez dutela adierazi, eta bozkaren garrantzia azpimarratu. Baina susmoa dut bozkak eman behar ligukeen ilusioa ez ote den ilusiozko demokrazia bat baino. Zergatik begitantzen zait gure mendebalde honetan hauteskundeak gorroto diogunaren aurkako bozketa bihurtzen direla, sinisten dugunaren aldeko hautua baino askoz gehiago? Boto erabilgarria deritzote politikari trebeek. Hortxe dugu Frantzian gertatu berri dena, Sarkozyren garaipena eta guzti. Zenbatek, hautagai baten edo bestearen alde boto eman barik, eman dute gorrotatuenaren aurka? Horrela, normala da oldoztea egungo sistema demokratikoek ez digutela ilusio handirik pizten.

Ez dugu gauza bera egiten maizegi gure Euskal Herri (edo eri) honetan? Beldurra ematen diguna edo gorroto dioguna boterean ez ikustearren konbentzitzen ez gaituenari botererako ateak ireki, alegia.

Kontua zera izan daiteke: sistema demokratiko honek benetako aukera ematen digu, esaterako, sistema ekonomiko edo politikoa errotik aldatzeko, ala ez ote gara enpresek kudeatutako morrontza honi, kapitalismoaren arau erabatekoei, betiko kondenatuta sentitzen, inolako alternatiba barik? Azken finean, ba al da benetako aldaketarik proposatu eta gobernura iristeko aukerarik txikiena ere duen alderdirik? Ez dira, azken finean, alderdiak eurak, euren biziraupena, helburua, suposatzen zaizkien idealak baino gehiago?

Beharbada ez gaude AEBko alderdi biko sistematik hain urrun, hemengo batzuk “progresistagoak” agertu arren. Demokraziaren bidez gure iparrik gabeko eta beti aurrerako bidea alda daitekeela, horra hor benetako ilusioa, harrapatuta bizi garen inozoontzat. Ez du ezer aldatuko, baina ni etxean geratuko naiz aurrerantzean, bozkak ere ezer gutxi aldatuko duela jakinik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Bidaiak scriptoriumean zehar

Zalantza barik, iaz albiste ona jaso genuen euskal irakurleok Alberdaniak Paul Austerren Brooklyngo erokeriak eleberria argitaratzea erabaki zuenean. Albiste ona idazle onen lan bat euskaraz izateagatik, eta albiste ona kasu honetan itzulpena lehen-lehen unetik izan genuelako prest. Baina are albiste hobea da ikustea orduan hasitakoak jarraipena izan duela, bai Txalapartaren eskutik, kasu honetan Paul Karasik-ek eta David Mazzucchelli-k paratutako Kristalezko hiria-ren komiki-bertsio itzelaren bidez, bai bigarrenez Alberdaniaren lanari esker, aurrekotik oso desberdina den Bidaiak scriptoriumean zehar lan hertsagarriarekin. Ez dadila bide hau hemen eten!

Azken liburu honi buruz asko idaz nezake, baina uste dut onena haren orrietan barneratzea gomendatzea dela. Nik hasi eta buka, orriz orri gozatu dut, Austerrek maisuki sortu duen gelaren lau horma horietan gatibu. Ez dut batere misteriorik argitu gura, are gehiago, amaitu ondoren ere ezinezkoa egiten zaidalako, eta hasierako protagonistaren egoerak hainbat galdera iradokitzen baditu, ez dira gutxiago bati buruan geratzen zaizkionak azken esaldia irakurri eta gero.

Liburu honetan dena mugitzen da gela batean itxita esnatzen den adineko gizon baten inguruan, Blank jauna deritzona. Berak ez daki, ezta irakurleok ere, zerk eraman duen gela minimalista hartara, goizero esnatzen baita aurreko egunetan gertatutakoa gogoratu ezinik, ezta itxita dakusan atea giltzapetuta dagoen ere. Goizero zerotik hasiko balitz legez. Eta eskura dituen paper eta argazkiek eta bata bestearen atzetik izango dituen bisitek iraganeko mamuak jaurtiko dizkiote, nondik datorkion ez dakien erru sentimendua esnaraziko. Dena Blankek ezagutzen ez dituen kamerek eta mikrofonoek grabatua. Baina kanpotik begira duenak kameraz jaso dezakeenaz harago, protagonistaren pentsamenduak ere biluztuko dizkigu eta jakin-minak gora baino ez du egingo.

Besterik kontatu gabe, laburbilduko dut nire baitan geratutako sentipena: iragan ekintzak ez dira guk ahazteagatik ezabatzen, sentimenduek ere oroitzapenen gainetik dirauten legez (hor dago Anna gozoa hori frogatzeko). Literaturak erantzunak emateko baino gehiago, geure buruaz eta gure inguruaz galderak pizteko balio behar du, bai horixe!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Jardunaldi beltzak Leioan

Aspaldian nabil mikrofono eta tauletatik urrunduta eta egoera berrira egokitu egin naiz. Eztarriari ezin duena ez diot nik inposatuko… Hala ere, badaude poza itzultzen didaten gertaerak horren inguruan, eta horien artean, Punkamine inoiz baino sasoikoago ikusteaz gain, nire talde ohia holako jardunaldi anarkoetan parte hartzen ikustea da agian zoriontsuen egin nauena. Ez dut goian garrasika egoteko aukera izango, baina behean pogo batzuk dantzatzearekin konformatuko naiz. Ez da gutxi! Euskal Herrian beltza ere kolorea izan daiteke! Hau da nik amesten nuen taldea… Zertaz ari naizen? Beheko kartelean dituzue erantzun guztiak. Leioatik urrun bizi ez zarenok ez duzue aitzakiarik. Gora Punkamine!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Dell + Ubuntu

Dirudienez, pinguinook erosoago mugitu ahalko gara aurrerantzean, ordenagailu eramangarria besapean eta gure beharretarako gertu. Zurrumurruak zirenak egia bihurtu, eta Dell ordenagailu fabrikatzaile ezagunak iragarri berri du aurrerantzean Linux instalatuta dakarten sistemak saltzen hasiko dela.

Interesgarriena, agian, erabakia nondik datorren jakitea da: Dell-ek bere webgunean eman zien aukera bere bezeroei iradokizunak edo eskakizunak egin zitzaten, eta gehien eskatu zena, hain zuzen ere, ordenagailuen bihotzean Linux eskaintzea izan zen. Jendearen gogoari bide eman eta hurrengo urratsa Linux distribuzioen artean aukeratzea izan zen, eta horretan azken urteotan ezagunenetakoa bilakatu den Ubunturen aldeko hautua egin zuten gehienek. Beraz, Ubunturekin akordioa egin, eta aurrerantzean Ubuntu 7.04 instalatuta dakarten ekipoak salduko dituzte.

Dirudienez, ez da Linuxerantz mugitzen ari den hardware fabrikatzaile bakarra. Erabiltzaileek eskertu egiten dute eramangarria erosterakoan barruan sistema eragile sendoa eta hardwarearentzat ondo egokitua daramatela sentitzea. Gilen Ateaken inperioaren maldan beherakoa hasi ote da? Ez dakit hozkailutik xanpaina ateratzeko une erabatekoa den oraindik, baina nik, behintzat, sardina erreak mokoratuz ospatuko dut garaipen txiki hau (bokartarik ez, jatorria eta arrantzatutako baldintzak argi ez dauden bitartean…).

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Mandriva 2007.1 Spring

Mandrivak bere azken bertsioa atera berri du, Mandriva 2007.1 Spring. Urtebeteko zikloei jarraitzeko erabakian atzera egin, eta aurten zikloaren erdian azken berrikuntzak dakartzan distribuzioa kaleratzen hastea hobetsi dute. Erabaki ona, zalantza barik, bertsio berria egonkorrak diren azken elementuetan oinarritzen baita, haiei hobekuntzak eta elementu berriak gehituta.

Powerpack instalatu dut, betiko moduan, eta orain arte Mandrivak inoiz atera duen distribuziorik onena deritzo pinguino honek. Nik, behintzat, inoiz baino zainduago sumatu dut, Mandriva 2007k muntatze sisteman eman zituen arazotxoak atzean guztiz utzita.

Dakartzan aurrerapen praktikoen artean, rpm-ak instalatzeko sistema da, orain modu adimentsuagoan egiten dena, nire aburuz, betiko estiloari eutsirik. Kerry Beagle artxibo bilatzailea ere oso tresna indartsua eta azkarra da, ohiko bilatzailea baino askoz osoagoa, nik erretilutik kendu dudan arren (ez dut hain maiz behar…).

Itxurak itsutzen dituenentzat, Mandriva berriak 3Dko idazmahairako tresna txukunak dakartza: Beryl eta Metisse, orain Gillen Ateaken Vista delakoak izugarrizko berrikuntza moduan saldu nahi digun sistema baino lehenagoko asmakuntzak biak. Baina tira, nik 3Dko pitokeria gutxiago eta idazmahai praktikoagoa gurago.

Windows-menpekoentzat badakar bereziki interesgarria izan daitekeen beste aplikazio indartsua: VirtualBox. Tresnak honek gure ordenagailuan sistema birtualak instalatzen uzten digu. Zer den hori? VirtualBoxen bitartez beste sistema eragile bat instala dezakegu (Windows, esaterako, edo beste Linux bat -Ubuntu, Suse…- nahi bada) guk adierazitako partizioan, baina gure Mandrivaren barruan abiarazteko aukerarekin. Beraz, suizidaren batek Vista nahi balu ere, Linuxen barruan abiaraz lezake Linuxek ematen dion egonkortasun eta seguritatearekin, eta bertatik nahi dituen aplikazio guztiak erabili. Ez dut uste Gilleni holako tresnak lar gustatuko zaizkionik…

Horiez guztiez gain, Mandrivak ahalegin berezia egin du ikus-entzunekoetan, eta bideoa eta audioa kudeatzeko programak inoiz baino hobeto dabiltza bertsio honetan: Kino, Lmms, Mixxx… Gainera, menuan Google Earth eta Google Picassa instalatzaileak agertzen zaizkigu, nahi izan ezkero klik batekin eskuratzeko eta prest izateko.

Hau eta gehiago topatuko duzue; gero eta aitzaki gutxiago Microsoften atzaparretan jarraitzeko, oraindik sufrikario horretan bizitzen jarraitzeko tematuta bazabiltzate ere…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Eragon

Azken boladan nagi baino nagiago nabil. Igarri zait, ezta? Eta ez zer idatzi ez dudalako, baina aldarterik ez blogari heltzeko. Oporretan idatziko dut, pentsatu izan dut, eta gero oporrak benetako atseden bilakatu dira, esparrutxo honi dagokionez, behintzat.

Idazteko nituenen artean Eragon liburuari buruzkoa zegoen, eta hortik hasiko gara, beraz. Ez eleberri hau goi mailako literatura delako, bereziki. Bere generoan oso urrun dago Eraztunen jauna ospetsuaren mailatik; urrun euskaraz ikusteko etsi dudan Dragonlance-ren sailekoetatik (kristorena litzateke inoiz haren kronikak eta kondairak, lehen trilogia biak, alegia, euskaraz topatzea, aspaldiko liburuak izan arren). Baina oraingoan, behintzat, argitaletxe batek holako literatura mota oso-oso berandu ez iristeko saiotxoa egin du, Harry Potterren azken gorabeherak ezagutzeko itxaronaldia mugagabe luzatu bitartean. Zoritxarrez, ordea, trilogia izateko pentsatuta dagoen hau ez dugu euskaraz osorik ikusiko lehenak, Eragon-ek, alegia, arrakasta komertzialik erdiesten ez badu.

Horixe da, hain zuzen ere, liburu honetaz idaztera bultzatu nauen arrazoi nagusia: ez ditut haren bigarren eta hirugarren liburuak erdaraz irakurri gura eta pazientzia militanteari eusteko prest nago berriro ere, baina horretarako lehen liburua sal dadin nire ekarpentxoa egin beharko…

Eragon, arestian esan legez, ez da agian bere generoko onena, ezinezkoa dirudi, idazleak hamabost urte zituela kontuan izanda, baina txukun idatzita dago eta ni, behintzat, erraz harrapatu nau. Eskertzekoa da euskaraz ihes egiteko literatura fantastikoa topatzea, gure artean holakoak oso ondo ikusita ez bide dauden arren. Euskararen eta euskal irakurleen kalterako. Gero kexatuko gara baina… zer eskaintzen zaio euskaldun irakurle gazteari? Ahalegina egin dezakegu euren gustuak markatzeko, geuk erabakitzeko zer den eta non dagoen kalitate literarioa, baina gure nerabe eta gazteei gure irizpideek bost. Haiek ondo dakite zer duten gustuko jakitunei galdetu barik. Eta gustuko duten hori gutxitan topatzen dute euskaraz. Beraz, espero dezakegu gure eskaintzara hurbiltzea, benetan gogoko dutena erraz menderatzen duten beste hizkuntza batean aisa topatuko badute? Tira, ez naiz horretan gehiago luzatuko. Filosofia literarioa beste batzuei utziko diet.

Eragon-i dagokionez, beste gauzatxo bi. Alde batetik, itzulpena nahiko ona da, maiz errepikatzen den akats mota batek apur bat galduta utzi banau ere. Nik beti pentsatu dut ura eta sua bezalako elementuak mugagabean deklinatzen direla, baina beharbada usadio zaharkitua da, arraro egiten zaidalako Fernando Morillok deklinabidearen legeak ez ezagutzea eta zuzentzaileek akats horri ezikusiarena egitea liburu guztian… Baina esandakoa: 500 orrialdetik gorako hau gustura irakurtzen da euskaraz.

Bestetik, pelikula ikusi dutenentzat deia: mesedez, ez baduzue liburua irakurri, ez egin jaramon handirik pantaila handiko hondamendi horri. Argi dago Paolini ez dela idazle errespetatua, eta zinemarako moldaketa suntsipen artistiko itzela izan da. Pelikulak kontatzen digunak zerikusi gutxi du liburuarekin, mendekua ematen du, eta gertaera askoren zentzua, pertsonaiak, paisaiak, haien garapena… hankaz gora uzten ditu. Beraz, ez epaitu liburua bodrio ikusgarri horretan oinarrituta (aitortu behar zaiolako efektu ikusgarriak dituela…). Nik, amorruaren amorruz, bukatu barik utzi nuen, eta nire ondokoa aspaldian zetzan lo. Eskerrak internetetik jaitsi eta debalde hasi ginela ikusten! Argi dago pelikulak ez diola gehiegi lagunduko eleberriaren salmenta mailari…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

E-eleberria aurrera pixkanaka

Ezin naiz kexatu, e-eleberria proiektua abiatu zenetik, orain dela aste bi, 300 bisitatik gora eta, kalkulu errealak eginda, 60 bat irakurle izan ditu. Orain, irakurle horiek gehiegi asper ez daitezen, idazle gehiagoren parte hartzea beharko da, proiektua edonori irekita dagoela gogoratuz… Anima zaitezte, sortzen ari diren istorioen hariak zabalik daude!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Katilinarenak


Durangoko azken azoka gero eta urrunago dugun arren, oraindik gogoratzen ditut ondo bihotza bizkortu zidan unea eta euripean BBKren bila abiarazi ninduen liburua. Igela argitaletxearen mahai aurrean nengoen, hango produktu berriak birpasatzen, eta bularrean jauzi itzela sentitu nuen nire begiek Amélie Nothomben liburu berri batekin egin zutenean topo. Han zegoen, nire aurrean, eta nire buruan hangoari horri buruz zerbait iradokitzeko ideia bueltaka zebilenean, Katilinarenak izenburupean. Poltsikoak hutsik, baina horri ezin ihes egiten utzi. Berriro ere tokatzen zait, beraz, Igelakoak zoriontzea eta hala egin nuen han bertan.

Irakurtzen hasi nintzen unetik argi izan neukan hura, zalantza barik, nire idazle kutunaren lana zela. Améliek ondo daki giza miseriak eta tragediak umore finez janzten, eleberri honek eduki aldetik zerikusi gutxi izan arren Durduzaz eta dardaraz zoragarriarekin. Hizkuntza, ordea, hartan bezain bizia eta indartsua da. Uste dut Joxan Elosegik lan handia egin duela zaila omen den jatorrizkoaren frantsesa euskarara ekartzen. Aitortuko dut hiztegia behar izan dudala, baina antzeko zerbait gertatzen ei da jatorrizkoarekin ere, frantsesez ezer gutxi ez badakit ere. Hiztegi landua, aberatsa eta ezin adierazkorragoa.

Eta beharrezkoa, Améliek sortu duen pertsonaia txundigarria, Palamède Bernardin, deskribatzeko, baita bere emazte izugarria ere.

Orri bakoitzarekin gozatzeaz gain, Améliek lortzen du, lortu du nirekin, behintzat, lehen lerroetatik planteatzen duen zalantza irakurlearengan ezartzea: “Deus ez dakigu geure buruaz. Norbera izaten ohitu egiten garela uste dugu, kontrakoa da hori. Urteetan aurrera egiten dugun heinean gutxiago ulertzen dugu gauzak-eta bideratzerakoan izen jakin batez baliatzen garen pertsona hori”. Zelan lortu? Istorio barregari, hertsigarri eta aldi berean tragiko baten bitartez, behin ere behera egin barik.

Émile eta Juliette bake bila abiatzen dira, adinean aurrera eginda, etxe bakarti batera, eta euren bizi osoko ametsa zen hura amesgizto bihurtzen hasiko da Bernardin agertzen den une beretik. Egoera guztiz aldrebesa haien bizitza markatzen hasiko da: egunero eta ordu berean hara agertzen zaie medikua den Palamèdes Bernardin jauna, eta ordu betez haien denboraren jabe egiten da. Ia hitzik egin gabe, erantzun labur-laburrak ez badira, oieskeriaz, denbora eta etxea bete, besterik ez du egingo. Egoera zenbat eta luzeagoa orduan eta etsiago senar-emazteak. Gizona ez da gai Bernardini aurre egiteko eta senar-emazteen harreman beti gozoa bera koloka jartzen hasiko da.

Palamedes gizon lodia da, desatsegina, eta ez da zaila haren irudia egitea egileak darabiltzan adjektibo eta konparazio irrigarri guztien bitartez, baina bere baliabideek gailurra jotzen dute horren emazte Bernadette agertzen denean. Pena ematera iristen den proportzio guztietatik kanpoko izakia dugu Bernadette gajoa, giza hizkuntzaz komunikatzeko ere gai ez dena, eta berak emango dio komizitateari tragediaren dimentsioa.

Gehiago ez dut kontatuko, liburuak gordetzen duena hobe delako norberak topatzea. Bukatzeko esango dut gertaera hauen bitartez agian, Émile bera bezala, tinkotzat genituen balio eta printzipio batzuk birplanteatzera eroango gaituela. Geure buruaz sinesten dugun ezer ez da, beharbada, uste dugun bezain ziurra.

Geratzen zaidana lerro hauetatik Amélie Nothomben harribitxi gehiago euskaratuta iristeko itxaropena eta desioa aldarrikatzea da. Igelakoen bidea ikusita seguruago egon naiteke orain. Ez ahal dugu luze itxarongo. Hygiène de l’assassin izango ote da hurrena?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina