Malaysia II

Penintsularen mendebaldea

Agindutakoa zorra da, eta baten batek ahaztuta neukala pentsa dezakeen arren, hona nator Malaysiari buruz apur bat gehiago berba egitera. Oraingoan Singapurretik iritsita penintsularen mendebaldean jarraitutako ibilbideari lotuko natzaio. Ez da ahaztu behar Malaysiaren zatirik handiena, lurraldeari dagokionez, behintzat, Borneon dagoela, baina ezagutzen ez denaz ezin mintzatu. Malaysiaren aniztasuna ikaragarria da, zinez, sukaldaritzatik hasita. Sabeletik izan baikenuen gure lehen hartu-emana, bai han bai Asiako beste leku askotan oso ohikoak diren self-service estiloko errepideko jatetxe batean. Hainbeste gauza gozo eta merkeren artean ez da erreza aukeratzea!

Penintsulari dagokionez, mendebaldea kultura gehien nahasten diren aldea da. Horren adibiderik onena, seguruenik, Melaka da, guk ezagutu genuen lehen malaysiar hiria. Bertan Europako kulturek ere euren aztarnak utzi dituzte (portugesek eta nederlandarrek batik bat), baina Melakako Estatuaren hiriburua den honetan, aniztasunaren muturra Chinatown barruan topatuko dugu. Harrigarria da oso luzeak ere ez diren kale bitan zenbat kolore, kultura eta erlijio nahas daitekeen. Paseatzera gonbidatzen duen giro lasai horretan aisa egingo dugu topo Malaysiako aurpegi guztiekin: malaysiar musulmana, txinatarra, budista, hinduista… Ez dakit eguneroko bizitzan zer harremanek lotzen dituen, baina kanpotik ikusita elkarbizitza ezinhobea begitantzen zaigu. Malaysia osoan legez, ostatu merkea hartzea ezin errezagoa. Agian familiarteko eta adiskidetasunezko giroak egiten dira bereziki nabarmenak hemen. Ez dago arazorik ostatu bat baino gehiago aztertzeko aukeratu aurretik, eta, gure kasuan, aurrerako aukerak baldintzatu zituen gure hautuak, gure ostatuan topatu baikenuen laguntza paregabea hurrengo hirietan nora jo jakiteko. Baina han ezagutu genuen George indiar alaia ez dago leku guztietan. Hura bai ostatuen entziklopedia ibiltaria!






Bertan, egun batez, autobusa hartu eta topatu genuen lehen herrira egin genuen txangoa. Noizean behin ona da gidaliburuak alde batera utzi eta turismoa iristen ez den inguruetan galtzea. Saria, atzerritar gutxi ikusten duen jendearen irribarreak eta jakin-mina. Baita eguneroko bizitzaren lasaitasuna ere. Gurean oporrak ziren bitartean, han eskola eguna zen, nabarmen.


Melaka utzita, iparrerantz jarraituz Malaysiako hiriburu erraldoira jo genuen, Kuala Lumpurrera, alegia. Lehen sentsazioa kaotiko eta zaratatsu samarra izan bazen ere, gustua hartu genion hiri honi. Turista gehienok autobusak uzten zaituen geltoki handitik hasten gara, eta arnasa hartzeko denbora izan aurretik gainean dituzu ostatua eskainiko dizutenak; baina aldi berean lagungarria gerta daitezke, holako hiri handi batean iparra galduta sentitzen baitzara lehen kontaktuan. Motxilak utzi ondoren ere, hiriko alderik nahasienean sentitu ginen, espaloi batetik bestera zeharkatzea misio arriskutsua, trafiko kaotikoan, eta horretan onena bertakoei begiratu eta haien usadioei jarraitzea. Laster galtzen da beldurra eta egunerokoa dirudi handik mugitzea. Aurrerantzean, eta hiriaren beste alde batzuetara iristen garen heinean, ibiltzea erosoagoa egiten da, Jalan Petaling alde batera utzita. Petaling azoka kalea da, eta berdin egunez zein gauez, gainezka dago beti. Han zailtasuna jende artean mugitzea izango da, DVD saltzaile ez oso legalen etengabeko eskaintzen artean.

Guk kilometro asko egin genuen oinez, eta gustura egin ere bai. Distantzia itzelak egon arren, maiz onena mapa hartu eta ibilian ibilian gauzak topatzea da. Han izan genuen, esaterako, gure lehen durian esperientzia. Durian delakoa Asiako herri askotan oso ohikoa den fruta da. Lehen harremana ez da atsegina izaten, kirikinoa dirudien fruta honi kiratsa baitario. Baina horri aurre egin eta probatzen badugu, goitik behera aldatuko da gure iritzia. Fruta gozoagorik non! Kuala Lumpurren nahasketa eta aniztasuna ere izugarria da. Etxeorratzak, eta hor ditugu Petronas dorreak, tenplu txikiekin uztartzen dira, eraikin ofizialen musulman arkitektura estilo txinatar edo hinduekin. Janari usaina norabide guztietatik, loreenarekin batera autoen keari aurre eginez. Dena dela, hemen auzoak Melakan baino bereiziago daude, baina haietatik dabilen jendea guztiz nahasirik doa. Eta jendea aipatuta, Malaysiako leku guztietan legez, kultura batekoak zein bestekoak izan, atseginak eta irribarretsuak. Beste esperientzia bat, berriz, eraikin osoak hartzen dituzten gune komertzialak. Batez ere, malaysiar musulman nesken eta txinatarren artean sortzen den muturreko kontrasteagatik: goitik behera estalita eta sarri kolore gutxirekin, lehenak; ahalik eta oihal gutxienekin eta kolorerik deigarrienekin, bigarrenak. Kuala Lumpurren esentzia modara ere eramanda…










Kula Lumpurretik bertatik txango interesgarriak egin daitezke autobus publikoan. Guk hala egin genuen Batu leizeetara, hango hinduentzat garrantzi handiko tenplura, leize ikusgarrietan eraikia (tximino guztiekin ez fida…), eta Putrajayara, inguruko meskitarik garrantzitsuenetakora, joateko. Ez bata ez bestea ez dira damutzeko moduko bisitak.








Asfaltoz eta etxez inguratuta ibiltzeaz nekatuta, ideia ona da, iparrerantz betiere, mendialdera jotzea. Sinestezina badirudi ere, gainera, posible da Malaysian hotz apur bat pasatzea. Beraz, beroari apur batez ihes egin nahian, Cameron Highlands deritzon ingurura joan ginen gu. Tanah Rata herrira, hain zuzen ere. Mendi haien artean batzuetan estuegi iruditzen zaizu errepidea, batez ere autobusa kamioi handiren batekin gurutzatzerakoan, eta are gehiago bihurguneen artean elkarri aurre hartzen hasten direnean. Baina tira, guk bidean iraulita topatu genuen kamioia baino zorte hobea izan genuen eta ezusteko barik iritsi ginen. Tanah Rata bera txikia da, eta ez da denbora gehiegi behar bere kaleak, tenpluak edota urjauziak ezagutzeko. Baina bertan ondo jan eta aire garbi-garbia arnasteaz gain, leku egokia da inguruak txangoren batean ezagutzeko. Ikusgarriena, zalantza barik, teak bistatik galdu arte hartzen dituen mendiak ikustea. Izan ere, Malaysian hartzen den te gehiena bertan hazten da. Barruko kontsumoa hain da handia, non horretarako baino ez baitute. Esportaziorik ez, beraz. Baina te sailez gain, trecking apur bat eginda  gauza interesgarriak aurki daitezke; landare intsektujaleak, esaterako. Ni lako alferrei aurreratuko diet ez dela ibilaldi luzeegia egin behar horretarako…








 
Mendialdetik atzera kostaldera, autobusa hartu eta Penang-era abiatu ginen. Autobusetik ere gauza interesgarriak ikusten dira. Esaterako, ia kutxen artean desagertzen zen txinatar denda hau, Ipoh-n.

Penang iparreko uharte ederra da. Guk hiriburuan, George Town-en, hartu genuen ostatu, eta hango jabearen, Jimmy taiwandarraren, eskutik, ezagutu genituen uhartearen ikuspegi desberdinak. Uharte honetaz esaten zen Txina bera baino txinatarragoa zela, baina Jimmy kexu zen gobernuak leku guztietan ari zela tipulak landatzen. Hala esaten zien berak meskitei, eta autotik norabide guztietara seinalatzen zituen: begira, han beste tipula bat, han beste bat… Argi utzi zigun ez zegoela oso pozik islamaren zabalkundearekin. Erlijioen arteko lehiek dakartzaten ondorio tamalgarrien artean dago uharteko txinatar tenplurik garrantzitsuenean gertatutakoa. Tenplu hau mendi baten goialdean dago kokatuta, ikusgarri, eta haren gainean tenplua eskainita dagoen emakumearen estatua erraldoia zegoen. Hango gobernuak erabaki arte estatua hura ezin zela egon islamdar ikurrik altuenaren gainetik; eraitsi egin zuten. Orain estatua txikiagoa dago, eta jatorrizkoaren zati bat tenpluaren eraikinetako baten teilatuan. Musulmanek, beharbada, beste bertsio bat izango dute. Edozelan ere, George Town-en oraindik da nagusi txinatar usaina, beste batzuekin nahastuta bada ere: Little India auzotik osteratxo bat egitea ere interesgarria da, baita thai estiloko tenplu budistetan sartzea ere. Baina gorabehera erlijiosoak alde batera utzita, asko dago Penangen ikusteko. Jimmyren arabera, bertan hazten dira Asiako durianik onenak, eta guk, adituak izan barik, aitortu behar dugu gozo-gozoak zirela eta holako bat osorik jatea nahikoa izan daitekeela afaria egiteko. Eta ez zer jan gutxi dagoelako. Beste gauzen artean, George Town da, seguruenik, gastronomiaren paradisuetako bat. Kalean saltzen diren burruntzietatik hasi, eta janari azokan bukatu arte. Hura gozamena! Uhartea izan arren, ordea, eta herri arrantzale ederrak egonda, hondartza ez ei da gomendagarriena, mendebaldeko kostaldea nahiko kutsatuta ei baitago. Kutsadurarekin zuzenean zerikusirik ez badu ere, gogoratu behar da uharte honek bere partea izan zuela Ozeano Barean burutu zen gerra nagusian, japoniarren eta aliatuen artean, eta oraindik ikus daiteke uhartearen defentsarako malaysiarrek aliatuekin batera izan zuten basea, japoniarrei aurre egiteko. Historia handikoa dugu Penang, dudarik ez.

















Eta uharte hau utzita, baina beste uharte mota batzuk ezagutzeko gogoz, mendebaldea laga eta, Thailandiako mugatik gertu, ekialdeko kostaldera egin genuen, autobusez ostabere. Hangoa, ordea, hurrengo batean kontatuko dut, ekialdean sartzea Malaysia musulmanenean barneratzea dela aurreratuz. Aldaketa handia, beraz.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude