Jamendo, musika benetan askea

Ez nator Amerika deskubritzera, baina azken boladan ez dakit zenbat orduz nabilen Jamendo zoragarriaren barruan musika itzela topatzen. Musika horrek, gainera, erantsitako balio bat dauka: guzti-guztia librea da, copyleft lizentziapean argitaratua, eta doan jaits daiteke ezelako arazo legal barik. Nahi duenak, gainera, ekarpen ekonomikoak egin diezazkioke hango talde kutunari (horretarako, hori bai, PayPal kontua behar delakoan nago), eta Jamendok publizitateagatik jasotzen duen guztiaren %50 artisten artean banatzen du (programa horretan izena ematen duten artisten artean, bakoitzak jasotzen duen bisita kopuruaren arabera). Utikan SGAE eta industria bizkarroia. Denbora larregi eman dute artisten lepotik bizitzen eta artistak luzaroegi bizi izan dira haien diktadurapean. Askatu musika eta askatu sormena! Hemen utziko dizuet hortik topatutako batzuk, ausaz entzun ditzazuen. Musika saltzen den prezioaren eta daukan kalitatearen artean erlaziorik txikiena dagoela uste duena oso oker dago…

  

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , , | Utzi iruzkina

Anarkismoa

Nire inguruko jende askok galdetu dit maiz ea zer den anarkia niretzat, ea benetan sinisten dudan holakorik posiblea izan daitekeenik, batere gobernurik gabe antolatzerik dagoen…, eta gehienetan aurreiritzi bera dago holako galderen atzean: anarkia kaosa dela. Ez dakit inoiz gauzatuko den, egiatan aurrera eroan daitekeen, utopia den… Eta ez dit gehiegi axola, mundu honetan bizitzeko modu bidezko (guztiz eta guztientzat, salbuespenik gabe) bakarra dela argi daukadalako. Baina ingelesez dakitenentzat, nik ezer azaltzea baino hobe da artikulu honetan irakurtzea (eta horrela lan bat gutxiago niretzat, alfer xamar nabil-eta). Amets handiak izan dituzten asko egon dira oker… zuzen egotera igaro diren arte.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 5 iruzkin

Suizidioa

Suizidioak gauza txar bakarra dauka: aurrerantzean ez zara han egongo zer erreakzio eragin duen jakiteko, eta horrek grazia guztia kentzen dio…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Urriko iraultza(k)

Aurten iraultza “ospetsuaren” urteurrenak izan zirela-eta, gaur dokumentu interesgarria topatu dut anarkismo.net-en. Lagungarria ulertzeko agian hura galdu zen iraultza bat dela, eta batzuek ospatzen dutena iraultzaren beraren porrota dela. Edo, behintzat, izan zitekeenaren porrota, alderdi diktatorial batek nahi zuen tokian kokatzeko erabili zuena. Orduko boltxebikeei ere aurre egiten saiatu ziren anarkistei eskainiko diet beti oso gogoko izan dudan Bérurier Noir frantses taldearen kanta, orain askoz hobeto ulertuta (taldeari buruz aspaldi idatzi nuen hementxe).

Ez da bideo ofiziala, baina are historikoagoa. Eta frantsesez dakizuenontzat, hona hitzak:

Oue ce soit Armée rouge,
 Les flics de Pretoria,
 Malgré le sang qui coule…
 
 Makhnovtchina, Makhnovtchina,
 Tes drapeaux sont noirs dans le vent,
 Ils sont noirs de notre peine,
 Ils sont rouges de notre sang,
 Ils sont noirs de notre peine,
 Ils sont rouges de notre sang!
 
 Par les monts et par les plaines.
 Dans la neige et dans le vent,
 A travers toute l’Ukraine
 Se levaient nos partisans,
 A travers toute l’Ukraine
 Se levaient nos partisans!
 
 Hey! Hey! Hey! Hey! Hey!
 
 Makhnovtchina, Makhnovtchina,
 Armée noire de nos partisans.
 Qui cembattez en Ukraine
 Contre les rouges et les blancs,
 Qui combattez en Ukraine
 Contre les rouges et les blancs!
 
 Makhnovtchina, Makhnovtchina,
 Ceci est mon testament,
 Tu voulais chasser d’Ukraine
 A jamais tous les tyrans.
 Tu voulais chasser d’Ukraine
 A jamais tous les tyrans!
 
 Hey! Hey! Hey! Hey! Hey!
 
 Que ce soit l’Armée rouge,
 Les flics de Pretoria,
 Malgré le sang qui coule,
 Rien ne l’arrêtera,
 A travers ta toundra
 Rien ne l’arrêtera.
 C’est la Makhnovtchina
 Rien ne rarêtera.
 Rien ne l’arretera !

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Herioa

Herioa han dago, saihestezina da, premiazkoa; guk onartu ez eta, ekidin ezinik, luzamendu edo mozorro bila dihardugu itsu. Hark, ordea, guk baino pazientzia handiagoa dauka, eta itxaron egingo digu, beti eta salbuespen barik. Zorionez.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Bizitza

Bizitzak ez dauka zentzurik ezta eduki beharrik ere; hala ere, gizakiok ez daukana eman nahi diogu, eta oker hautatzen dugu, temati.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 5 iruzkin

Kanona liburutegietan

Gaur Bazkan irakurri diot Arantxa Urretabizkaiari mailegu ordainduaren alde dagoela. Ez da oso begi onez ikusten den iritzia, eta horregatik, gutxienez, ausarta da. Gai hau maiz hausnarketa handirik gabe aldeko eta kontrako jarrera sutsuak sortzen dituztenetarikoa da. Gehiago aurkakoak aldekoak baino, argi dago. Ezagutzen nauten askok pentsatuko dute ni erabat kontra dauden horietarikoa naizela. Hala balitz, ordea, seguruenik ez nuke lerro hauek idazten jardungo.

Goazen zatika. Liburuen maileguengatik kobratu nahi den kanonaren alde nago? Planteatzen den moduan ez. Batez ere, haren atzean enpresa kudeatzaile pribatu bat dagoelako. Horretaz Urtzi Urrutikoetxeak idatzi zuen labur eta zuzen, Bazkan bertan.

Guztiz aurka nago, hortaz? Uste dut onartu den lege putak kanonak kobratzeko ematen dituen bide guztien artean, mailegu ordaindua, hain zuzen ere, bidezkoena dela (bidezkoa denik adierazi barik). Pentsatu behar dugu egunero kobratzen edo kobratu nahi zaizkigun kanon ia guztiak (CD-DVDak, diskoak, interneteko sarbidea, fotokopiak…) guztiz bereizi gabeak direla: berdin da zer grabatu nahi dugun CD batean, zertarako erabiltzen dugun internet edo zer fotokopiatzen dugun, esaterako; eta kopiatuta ere, ez dagoenez jakiterik norena kopiatu dugun, batek daki enpresa pribatu horiek zelan eta nortzuen artean banatzen dituzten barra-barra iritsitako diruok. Mailegu ordainduak, aldiz, horixe kobratzen du, sorkuntza lan jakin baten erabilera, eta erraza da jakitea nori ordaindu behar litzaiokeen. Beraz, kanonen bat kobratu behar bada, hau da justifikatuena, eta gobernuari erabakitzea gehien kostatu zaiona. Bitxia, behintzat, bada.

Nire ustez arazo nagusia eskubideen kudeatze pribatu eta badaezpadakoan dago. SGAE, CEDRO eta antzeko enpresa pribatuak dira interes handiena daukatena holako kontuetan, benetan dirua jasotzen eta hari etekina ateratzen diotenak, inoren kontrolik gabe. Eta haiek dira etengabeko presioa (SGAErena aztertu beharreko kasu klinikoa bihurtu da azken urteotan) egiten dutena euren interes pribatuen alde. Ez sortzaileen interesen alde, argi daukat hori. SGAEren kasuan, behintzat, ongintzazko zenbat kontzertutara ez dira joan kanon eske parte hartzen zuten artisten erabakiaren kontra ere…

Paradoxikoa dena da Gobernuaren jarrera. Kanonak babesten ditu sortzaileei kopien kalte ordaina eman behar zaielako. Kultura guztion ondarea delako. Eta diot nik: kultura guztion ondarea bada, zergatik ez da Gobernua bera sortzaileen ordainketa hori bere gain hartzen duena? Ez da on publikoa? Zergatik uzten da kudeaketa esku pribatuetan, eta zergatik ipintzen da presio ekonomiko guztia gu guztion poltsikoetan, erabilera bereizten ez duten kanon itsuen bitartez?

Liburutegien kontuak ez dauka hain konponketa zailik: hasteko, maileguengatik ordaindu beharrekoa Gobernuak berak ordain diezaiela idazleei, zuzenean eta bitartekorik gabe (adibidez, errenta aitorpena egiterakoan ez dut uste zaila litzatekeenik idazlearen datuetan urtean bere liburuak zenbat aldiz mailegatu diren agertzea eta dagokion kenketa egitea). Bestetik, copyleft estiloko lizentziak dauzkaten liburuengatik ziurta dezatela idazleak libre uztea erabaki dituen eskubideak benetan libre geratzen direla eta inork ez duela kobratzen kobratu behar ez denagatik. Bukatzeko, maileguengatik ordaindu beharreko horrek garestitzen badu liburutegien hornitzea, izan daitezela copyright klasikoa daukaten lanak alde batera uzten diren lehenak, haiek direlako zama hori sortzen dutenak.

Azken batean, kulturaren kudeaketa publiko eta gardena, lobby indartsu batzuen atzaparretatik urrun. Eta bide batez, gure eskubideak horrela euskal erakunde publiko batetik kudeatzen badira, atzerriko erakunde pribatu baten esku egonda baino apur bat lasaiago ere geratuko gara gutariko batzuk. Ez erakunde publiko horietan gure uste osoa izategatik, baina tira, hori beste kontu bat da…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Urteen joanarekin

Atzera begiratzen dudanean konturatzen naiz nerabezaroan abesten nituen kanta askoren hitzek berotzen nindutela euren izaera anti-sistemagatik, baina ez nuela guzti-guztietan sinisten (askotan bai, argi daukat). Urteak aurrera joan, eta orain jabetzen naiz gero eta adostasun handiagoa daukadala orduko lelo askorekin. Adostasuna baino gehiago desioa izatera ere iritsi direla batzuk. Eskorbutoren “… el exterminio de la raza del mono ¡llegará!…” da gero eta maizago irrikatzen dudana, musikaz zein musika barik. Tximinoaren arrazak zertarako balio duen ikusita…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Nerabezaro usaina nerabezaro ostean

Nork ez du gogoratzen Nirvana taldea? Nork ez du gogoratzen Kurt Cobainen heriotza eta 90. hamarkada bizi zuen nor ez da gai haien kanten lehen akordeak entzunda atzean dagoen taldea ezagutzeko? Nirvana 1.987 jaio eta zazpi urtez musikaren mundua astindu zuen taldea da, orduko grunge delakoaren aurpegirik ezagunena, beharbada.

Baina ez dut taldea hona ekarri haiek beste barik goratzeko edo oroitminak jota. Gaur ezustean Punknews-en irakurri dut haien gainean berba egiteko gogoa piztu didan artikulua. Izan ere, Nirvanaren aurpegi anonimoenak, Krist Novoselic-ek, alegia, bizirik eta burua lanean jarraitzen duela ikusi dut. Programa baterako egin ditu oso adierazpen interesgarriak, antza denez, programa horrek bere hitzak zikiratu dituen arren, erabat, eta hori dela eta, agerian utzi nahi zuena blogean utzi du artikulu argigarri batean. Ingelesez moldatzen zaretenentzako eta Nirvana zer izan zen apur bat hobeto jakin nahi duzuenentzako oso gomendagarria.

Batez ere, “Smells like teen spirit” kantaren bideoko neskek paparrean zeramaten anarkiaren A horretaz hitz egin nahi izan du, bere jarrera argie uzteko. Eta poztu egin nau. Alde batetik bere garaian lagun on batekin eduki nuen eztabaidatxoan arrazoia ematen didalako, eta badakigu zein ondo sentiarazten gaituzten holako gauzek. Baina batez ere, Nirvanan, AEBko talde hain ospetsu eta, batzuen iritziz “komertzial” batean, benetako anarkismoa gordetzen zelako. Bai Krist-i dagokionez, behintzat, bai, seguruenik Kurt-i dagokionez ere. Ez zen ez kasualitatea izan animatzaile haien soineko beltzetan borobilak inguratutako A gorri bana agertzea.

Horrekin batera, poztu nauen beste kontutxo bat izan da lerro artean baieztatzea Nirvana lehen aldiz entzun nuenetik (eta bideo hura izan zen ikusi nuen lehena, hain zuzen ere, diskoa zuzenean erostera eroan ninduena) uste izan nuena: grungearen etiketa salgarri horren atzean punka besterik ez zegoen. Punkaren eboluzio bat, punkaren ezaugarri asko hartu zituena oinordekotzat. Hard-corea bera punk mota bat izan zen legez (eta ez dut uste kasualitatea denik bideoan ageri den ikusleetako batek Bad Brains talde aitzindariaren kamiseta eroatea soinean). Kurt Cobainek berak baieztatu zuen inoiz, bera, azken finean, punk bat baino ez zela. Fama inoiz gogoko izan ez zuen punka.

Berba egingo nuke Nirvanaren soinu ilunaz, hitz are ilunagoez, haien ironiaz eta lerro arteko mezuez, Kurten ahotsari darion benetako minaz…, baina horrela apuntatuta nahikoa da. Ez diot inori ezer berririk ezagutaraziko.

Garai haiek eta orduko jarrera zintzoa (ez askok gero hartu zuten jarrera estetiko hutsa) gogoratzeko, 80. hamarkada gogoangarriaren ostean 90. hamarkadak utzi zigun onenetakoa berriro sentitzeko, hemen daukazue aipatutako bideoa, eta zeuek atera zuen ondorioak.

Eta ez zaidanez gustatzen bideoak bakarrik uztea, oroitminari leku apur bat gehiago egiteko, hona hemen beste batzuk.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 3 iruzkin

Zein ederra iraultza… (berriz ere)

Badakit gure inguru honetan oso begi onez ikusi ohi direla ezkertiar usaineko iraultza guztiak. Baita horiek gobernutik egiten direnean ere. Hor dugu Chavez, konstituzioa aldatzeko prest bere buruari mugagabeko boterea emateko.

Argi dago holako pertsonaiek sinpatia puntu batzuk irabazten dutela Bush bezalakoei adarra jotzen dietenean, eta komunikabide ofizialen bidez jasotzen dugun informazioa badakigu alde baterantz egin ohi duela, ez digula guztia kontatzen.

Horregatik, telebistan unibertsitarioak konstituzio aldaketari aurka egiten ikusten ditugunean, seguru nago baten batek pentsatzen duela: ba, eskuindar atzerakoiak, zer bestela.
Horregatik, beharbada, gertatzen da holako kasuetan bereziki interesgarria mugimendu anarkisten albisteei ere kasu egitea. Ez dut uste horiek elizaren eta kapitalisten lagun izatearen susmopean daudenik.

Gaur entzun dugu unibertsitarioen manifestazioetan manifestarien aurkako tiroak egon direla, eta zauritutakoak; argi eta garbi adierazi ez arren, tiroen jatorria ofizialisten artean, Chavezen aldekoen artean, alegia, egon dela. Manipulazioa?
Ez dakit, baina Venezuelako mugimendu anarkistek kontatua (Alasbarricadas-en ere jasoa), zaurituetako bat, hankan tiroa jaso duena, haien kidea da; hots, anarkista iraultzailea. Venezuelako mugimendu anarkistak beldur handia dio Chavezen bideari, Chavezen “iraultzari”, ez baitira gutxi kartzeletan errepresio bortitza pairatzen ari direnak. Eta jakina, holakoak ez dira etxean isilik geratzekoak. Gaurkoan, ordea, manifestazioa bukatu denean eta etxerako bidean zihoazela, Chavezen aldekoak ei zeuzkaten, makilak, pistolak eta etxean egindako lehergailuak eskuetan zeuzkatela, eta ez zein politak ziren erakusteko, hain zuzen ere.


(Polizia errepresiboak ez ote dauka itxura bera leku guztietan?).

Gorriz aurkezten zaigun guztia ez da, ez, hain polita, odola ere gorria baita, oraingoan bihotzean beltza daraman gazte horrena, esaterako. Zein ederra den iraultza… telebistan ikusita.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 3 iruzkin