Kanona liburutegietan

Gaur Bazkan irakurri diot Arantxa Urretabizkaiari mailegu ordainduaren alde dagoela. Ez da oso begi onez ikusten den iritzia, eta horregatik, gutxienez, ausarta da. Gai hau maiz hausnarketa handirik gabe aldeko eta kontrako jarrera sutsuak sortzen dituztenetarikoa da. Gehiago aurkakoak aldekoak baino, argi dago. Ezagutzen nauten askok pentsatuko dute ni erabat kontra dauden horietarikoa naizela. Hala balitz, ordea, seguruenik ez nuke lerro hauek idazten jardungo.

Goazen zatika. Liburuen maileguengatik kobratu nahi den kanonaren alde nago? Planteatzen den moduan ez. Batez ere, haren atzean enpresa kudeatzaile pribatu bat dagoelako. Horretaz Urtzi Urrutikoetxeak idatzi zuen labur eta zuzen, Bazkan bertan.

Guztiz aurka nago, hortaz? Uste dut onartu den lege putak kanonak kobratzeko ematen dituen bide guztien artean, mailegu ordaindua, hain zuzen ere, bidezkoena dela (bidezkoa denik adierazi barik). Pentsatu behar dugu egunero kobratzen edo kobratu nahi zaizkigun kanon ia guztiak (CD-DVDak, diskoak, interneteko sarbidea, fotokopiak…) guztiz bereizi gabeak direla: berdin da zer grabatu nahi dugun CD batean, zertarako erabiltzen dugun internet edo zer fotokopiatzen dugun, esaterako; eta kopiatuta ere, ez dagoenez jakiterik norena kopiatu dugun, batek daki enpresa pribatu horiek zelan eta nortzuen artean banatzen dituzten barra-barra iritsitako diruok. Mailegu ordainduak, aldiz, horixe kobratzen du, sorkuntza lan jakin baten erabilera, eta erraza da jakitea nori ordaindu behar litzaiokeen. Beraz, kanonen bat kobratu behar bada, hau da justifikatuena, eta gobernuari erabakitzea gehien kostatu zaiona. Bitxia, behintzat, bada.

Nire ustez arazo nagusia eskubideen kudeatze pribatu eta badaezpadakoan dago. SGAE, CEDRO eta antzeko enpresa pribatuak dira interes handiena daukatena holako kontuetan, benetan dirua jasotzen eta hari etekina ateratzen diotenak, inoren kontrolik gabe. Eta haiek dira etengabeko presioa (SGAErena aztertu beharreko kasu klinikoa bihurtu da azken urteotan) egiten dutena euren interes pribatuen alde. Ez sortzaileen interesen alde, argi daukat hori. SGAEren kasuan, behintzat, ongintzazko zenbat kontzertutara ez dira joan kanon eske parte hartzen zuten artisten erabakiaren kontra ere…

Paradoxikoa dena da Gobernuaren jarrera. Kanonak babesten ditu sortzaileei kopien kalte ordaina eman behar zaielako. Kultura guztion ondarea delako. Eta diot nik: kultura guztion ondarea bada, zergatik ez da Gobernua bera sortzaileen ordainketa hori bere gain hartzen duena? Ez da on publikoa? Zergatik uzten da kudeaketa esku pribatuetan, eta zergatik ipintzen da presio ekonomiko guztia gu guztion poltsikoetan, erabilera bereizten ez duten kanon itsuen bitartez?

Liburutegien kontuak ez dauka hain konponketa zailik: hasteko, maileguengatik ordaindu beharrekoa Gobernuak berak ordain diezaiela idazleei, zuzenean eta bitartekorik gabe (adibidez, errenta aitorpena egiterakoan ez dut uste zaila litzatekeenik idazlearen datuetan urtean bere liburuak zenbat aldiz mailegatu diren agertzea eta dagokion kenketa egitea). Bestetik, copyleft estiloko lizentziak dauzkaten liburuengatik ziurta dezatela idazleak libre uztea erabaki dituen eskubideak benetan libre geratzen direla eta inork ez duela kobratzen kobratu behar ez denagatik. Bukatzeko, maileguengatik ordaindu beharreko horrek garestitzen badu liburutegien hornitzea, izan daitezela copyright klasikoa daukaten lanak alde batera uzten diren lehenak, haiek direlako zama hori sortzen dutenak.

Azken batean, kulturaren kudeaketa publiko eta gardena, lobby indartsu batzuen atzaparretatik urrun. Eta bide batez, gure eskubideak horrela euskal erakunde publiko batetik kudeatzen badira, atzerriko erakunde pribatu baten esku egonda baino apur bat lasaiago ere geratuko gara gutariko batzuk. Ez erakunde publiko horietan gure uste osoa izategatik, baina tira, hori beste kontu bat da…

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

2 erantzun Kanona liburutegietan-ri

  1. egilea: iburgoa

    Egia esateko, naiz eta kanonen kontrako izan eta jabetza intelektualarena kolokan jarri, egileak konpentsatzeko bideren bat egon behar dela argi dago, bereziki idazleen kasuan. Eta idazle esaten dut eta ez eleberri fabrikatzaile. Idazleei buruz hitz egiterakoan beti best-selerrak eta horrelako idazle famatuetaz pentsatu arren, zer gertatzen da zientzia edo teknikari buruz idazten dutenekin? Idazle bati, merezi zaio copyrightarekin argitaratzea, mozkinik lortuko du? Gehienetan ez dut uste, oso idazle profesional kopuru txikia dago, gehienetan idazleak euren barrunbeetan dauzkaten historiak kontatzeko beharrak edo euren aurkikuntzen berri emateko premiak asetzeko gorriak ikusten dituzte argitaletxez-argitaletxe musturrak atetan markatuta utziz…
    Zerbait lortzekotan eskubide horiek argitaratzailearen esku geratzen dira, semea inklusan utziko bagenu bezala… beste batzuatan, lizentziaturetako tesien kasuan adibidez, unibertsitateak ikasleari tesia aurkezteagatik kobratzeaz aparte, bere lanarekin eskubideekin geratzen da…
    Beraz kanona ordaindu eskubideengatik? ez idazle lagunik edo musikaririk izatekotan noizean behin garagardo batzuetara konbidatu, ze behintzat horrela bere lanagatik gizartearen partez zerbait hartuko dute trukean.
    P.D.
    Aitatasun bajarekin gaudenok sarritan munduarekin erlazionatzea konplikatua dugu baina lagunak ez ditugu ahazten.
    Biltzen garenean lehenengo hiru garagardoak nire kontura txo!

  2. egilea: asel

    Eskerrik asko, batez ere azken ohartxoagatik! Ea noiz daukagun aukera elkartzeko, azken boladan hitz egiteko egoera onenean ez banago ere. Besarkada handi-handia txo! Zaindu familia 😉

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude