Urteen joanarekin

Atzera begiratzen dudanean konturatzen naiz nerabezaroan abesten nituen kanta askoren hitzek berotzen nindutela euren izaera anti-sistemagatik, baina ez nuela guzti-guztietan sinisten (askotan bai, argi daukat). Urteak aurrera joan, eta orain jabetzen naiz gero eta adostasun handiagoa daukadala orduko lelo askorekin. Adostasuna baino gehiago desioa izatera ere iritsi direla batzuk. Eskorbutoren “… el exterminio de la raza del mono ¡llegará!…” da gero eta maizago irrikatzen dudana, musikaz zein musika barik. Tximinoaren arrazak zertarako balio duen ikusita…

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

2 erantzun Urteen joanarekin-ri

  1. egilea: nonor

    Ez da denbora asko “nerabezaroa” atzean utzi nuela. Oso gogoan dut nola sentiarazten zidaten Eskorbutoren abestiek. Bizirik. Itsutasunean zoriontsu. Ideologiez aspertuta (edo ideologien interpretatzaileez) Eskorbutok bete zuen hauen hutsunea. Punka Eskorbuto zen, beste guztiak ez ziren konparagarriak, “unas mariconas” Iosuk esango lukeen bezala. Errealitatea mesfidantzaz begiratzen ikasi zuten nire begiek (“La mentira es la que manda, la que causa sensación”), baina errealitatea aldakaitza zen, errealitatetik ihes egitea zen nire motibazioa. Baina ihes egite horrek egunerokotasun aspergarrian bukatu zuen.  Eta drogekin gertatzen den moduan, dependentzia moduko bat garatu nuen, zeozer falta zitzaidan seinale.
    Orain, egoera horretatik irten nahian nabil, gutxiago pentsatu gurean, konklusio negatiboez nazkaturik.

  2. egilea: asel

    Nire bidea apur bat desberdina izan da. Eskorbutoren hitz nihilista eta porrot zaleek liluratzen ninduten arren, punk baikorragoa nintzen ni. Konponbideetan sinisten nuen. Oraindik nire izaera berez baikorra da, baina nire garunek kontrakoa diote. Irtenbideetan sinisteaz nazkatu naiz, ez baitut, adimena erabilita, inon ikusten. Horrek ez dit eguneroko ohiko poza kentzen. Oro har alaia izaten jarraitzen dut, baina beharbada alaitasun etsi eta eszeptikoa da oraingoa. Errealitateaz potroetaraino dagoen poz naif bat. Zaila da azaltzen, baina zintzoki pentsatu eta zentzu gutxi ikusten diot inguratzen nauenari. Eta gutxi esatea ere asko izan daiteke. Baina bizitzera kondenatuta gaude, ezta? Beraz, hau dena bukatzen ez den bitartean osasungarriagoa da irribarreari eustea. Norbaitek ulertzen banau azaltzera etor dadila…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude