Gertukoa ez da beti tokiko eta bai tokikoa gertuko; gertukoa bai, beti da notizia gertukoa

Aspalditxoan nabil bueltaka gertuko berbari. Eta horrenbeste kontu somatzen ditut gertuko… Niretzako oso gertukoa
da Unai Iturriagak asteazkenetan ateratzen duen Berriako artikulua, edo Anjel
Lertxundik
egunero dioskuna; gertuko ditut Argiako hainbat blog eta gertuko
(oraindik gertuko 🙂 sumatu ditut Gaztezuloko hainbat atal. Gertukoak ere
Twitter bidez jarraitzen ditudan hainbat lagun. Denek dute lekua nik irakurri edo ikus-entzun gura nukeen hedabidean.

Tokikoari garrantzia ematen pasa dugu hainbat
urte. Horrela sortu genuen guk geuk “Tokiko telebisten elkartea”,
esaterako, edo “Tokiko hedabideak” kontzeptua erabiltzen dugu takian potian… eta sortzera
goaz orain Tokikom deitzen den enpresa, Topaguneak bultzatu eta tokiko
hedabideok jabe izango garen enpresa. Izena asmatua eta bide zati bat eginda
dago eta horrek ez du atzerabuelta errazik, baina orain espazio edo
esparruetarako baino gehiago gaude bihotzari begiratzeko.

Bihotza da gertukoa eta esparrua tokikoa

Horregatik, behar dugu inoiz baino gehiago gertuko informaziotik tokikotik
baino. Emozioak mugitzen gaituzte gaur lur zatiek baino. Guk, Debagoieneko
informazioa ematen dugu sarri, tokikoa, baina aterik itxi barik gertukoari.
Gertuko dugu Gipuzkoako Foru Aldundian gertatzen dena, edo gertuko dugu
kontra-azalean atera dugun Gorka Urbizuri egindako elkarrizketa. Gertuko ditugu
berez, eta gertukoago egiten saiatzen gara gure hedabideak erabiliz. Tokikoak
direlako? ez horrenbeste, baina bai gure bezero ikus-entzuleentzat erakargarri
direlako eta gustuko dituztelako. Gertuko direlako azken batean. Badago zerbait
tximeletak mugiarazten diguna, eta hori, gaur, inoiz baino gehiago, gertukoa
da.