Twitter sorkuntza kapagailu: sakontasuna behera eta zitak gora

Hilabete da. Hilabete osoa baino gehiago blog honek ez duela letrarik jaso. Eta blog hau balitz salbuespena…

Nik ez dut sekula egin collagerik artaziekin papereko argazkiak eta
testua elkartzen, quark-a betetzea tumatxa zen garaian hasi ginen gure
belaunaldikook kazetaritzan. Gero etorri ziren web estatikoak-edo eta
hori berori ere aurreratzea izan zen. Horren ostean blogak, eta hau bai
benetako hedabide baten “jabe” izatea: norberak ahal eta gura duenean
idatzi, idazteaz bat publikatu, banaketa sisteman eurorik gastatzeke,
karaktere zehatz batzuetara makurtu barik, erretratuekin zein bideoekin
lagundutako artikulu multimediak, norbera editore, azalpenik eman
beharrik ez inori bertan idatzitakoaz…

Hala eta guztiz, hilabete idatzi barik blog honetan… Bitartean twitter
izan dut inoiz baino gogokoago, Facebook-en bolada ere atzean
geratzeraino. Horren kulpa dute twitterrek berak, jarraipena egiteko
darabildan tweetdeck irakurgailuak eta zein euskaldunek tuiteatzen duen ikusteko ere balio izan didan umap-ek.
Gustatzen zait 140 karaktereko esaldia pentsatu beharra ere, laburtu
beharra, lastoa kentzeko askok (ez denek) egiten duten ahalegina…
Twitterrek iraultza berria dakar. Oraindik falta da irakurgailuak
gizartean zabaltzea, baina hori pasatutakoan geratu ezineko trena izango
da. Hori badaki iPad batean tuiten eta Facebook-eko mezuen jarraipena egin duen edonork Flipboard edo antzeko tresna batekin.

Baina edukia? Eduki berria ere badakar?

Uste dut twitterrek sorkuntza mugatzen duela. Edo esan beharko nuke 140
karakterera ekarri duela esateko dugun hori guztia. Idazle gehiago
ikusten ditut twitterri lotuagoak blogari baino azkenaldian. Eta zer
gertatzen da hau horrela izanda? ba ez dagoela sakontasun larregirik
esaten direnetan. Artikuluak erlazionatzen ditugu, harek edo bestelakok
idatzitakoa retuiteatu. Besteen pentsakerak gure twitter perfilarekin
errepikatu (askotan gazteleraz edo ingelesez, eta euskal esparrutik
kanpokoak). Mugatu dugu “gure” edukia 140 karakteretako mezu batzuetara
eta esan beharrik ere ez dago blogean aipatuko ez genituzkeen errazkeria
asko ere sartzen ditugula tuit batean.

Tuitek balio dute hainbat ideia jende gehiagorengana zabaltzeko, baina
ez ideiak sortzeko eta garatzeko. Eta hori da twitterretik gogoko ez
dudan elementurik nagusiena. Sorkuntza zikiratzaile ere bada, bai
behintzat, sakontasun handiagoko euskarriak (blogak, papereko
artikuluak…) erabiltzeari lagatzen diogun heinean. Eta jakina,
lagatzen dihardugu.

Blogen eta paperaren defentsa

Die Zeit egunkariko zuzendariari irakurri
diogu erabaki zutela artikulu luzeak egitean jarraitzea, dokumentatuak,
serioak, baita zailak ere. Etorkizuneko paper-prentsan, berak dioenez
etorkizuna egon badagoelako eta “orientazio eta sakontze kazetaritza”
eginez emaitzak onak direlako. Arrakasta kasu bat da Alemaniako egunkari
honena eta argi du kalitateak dakarrela dirua. Harpidedun berri gehienak
20-30 urteko gazteak dira gainera… Sinestezina guk bizi dugunetik
begiratuta.

Baina paperari lotzen badizkiogu sakontasuna, kalitatea, orientazioa…
moduko berbak ez dago zertan hitz horiek ez erabili blogeko artikuluei
gagozkionean. Pentsatzen dut Interneten ere badagoela horrelako
artikuluendako lekua, diferentzia txiki (barkatu, bakar) batekin:
paperak ematen du dirua eta Internetek ez.

Arrakasta: multimedia ondo erabiltzea

Beraz, badirudi, oraingoz, sormen garatua agerikoago dela paperean eta
blogetan, esaterako. Hor lantzen dira gai potolo horiek guztiak eta
gero, zabaldu, tuit bitartez-eta ere egin beharra dago 2010ean.
Arrakasta, tresna guztiak egoki erabiltzetik etorriko dela dirudi.
Inbertitu beharko da digitalean eta asko, baina “ez dago paperagatik
gaizki-berbaka jarduterik” Giovanni di Lorenzok esaten duen moduan. Etorkizuna eta oraina ere multimedia da.