Bloga da territorio libre bakarra

Bloga bai, bloga. Territorio libria da arrazoi askogaittik: neurrixan malgua eta denboran be bai: gura dozunian idatzi zeinke eta gura dozunian ez, ez dago zertan ezer entregatu ordu jakin baterako. Batzutan luze demonio bideuaren segunduetan eta testuan be bardin, baitta motzian be askotan… Bideua eta testua esan dogu, baiña hurrengo testu hutsa da, erretratuak, audiua… Erantzun zeinke irakurleren batek beran iritzixa emon badotsu edo ez. Ez dotsazu iñori zor honen edo haren gaiñian idaztia, betiko gaien gaiñian idatzi zeinke edo ez. Libria da, oso libria. Libria zeure buruak jartzen dotsazen mugak behin gaindittu ezkero, behintzat.

Euskara da gure territorio libre bakarra ikasi notsan Sarriri Dantzut musika taldiari esker. Kantua demasa zan hitzetan, eta musikan zein kantaeran be asmau zeben Dantzutekuek. Esaldixoi, iñoiz Joserra Gartziari irakurri dotsadan moduan bakan betia da: Euskara da territorio libre bakarra.

Herri hizkerendako be territorio libre bakarra da bloga

  • Herri hizkera idatzixa: Euskalkixak modu naturalian erabilitta uste dot sormenian laguntzen dabela. Libre idazten da. Bai, idatzi egitten dau jendiak ts edo tz dan larregi ardura izateka. Eta idaztia oso inportantia da. Larregittan euki dogu euskeraz idazteko bilddurra. Inportantiak dira blogak horretarako, zuzentasun zorrotza gainditzen dabe eta esango neuke ez dagola esaterik egoki ez diranik. Ez da egoki bestela sekula santan idatziko ez leuken jendia idazten jartzia? Idazteko territorio libre bat da bloga.
  • Euskera hobia izateko beste urrats bat da. Biharrezkua dogun euskera baturako be laguntza dala uste dot. Beti izango da ona blogian ez bada be jendia euskeraz pentsatzen eta bizitzen jartzia. Eta euskal blogosfera bat badago, norbere blog txikixaren erreferentzia haundixago bat, zabalago bat. Saltua errezagua danik ezin ukatu.
  • Euskalduntzeko: Izan leike blogaren irakurle diran batzuk euskalduntzeko balio izatia be. Zure kuadrillako barri irakurri zeinke zure kuadrillako blogian, bestela kitto! Eta gaiñera, zerk egitten zaittu ba kuadrillako? egitten zaittu idaztiak. Bai, larregi be esan dot akaso, ze kuadrillakua izatia bestela be badago. Baiña zerk egitten zaittu euskaldun? ba euskeria erabiltziak. Ez dago beste modurik. Euskarazko blogetan posible da. Askotan eta askondako, kalian baiño errezago.
  • Jolasa eta sena: Oso inportantia da holako blogak euskeraz abiatzia. Jolas egitten da blogetan, euskeraz eta euskeriakin jolas egitten da eta sena lantzen dala be esango neuke. Zeure burua idaztera jartziak eragitten dau holan edo bestela idaztia be eta hain inportantia dan senerako balio dau.
  • Konpleju baztertzaille: Gure herriko hizkeria txarra dala pentsauta lagatzen dogu askotan baztarrian. Holako plaza libriak prestigio emole be badira. Euskeria idatzitta ikusi eta idaztera salto egittia prestigio emole da. Herri hizkerek badake lekua sarian.
  • Konfidantza gune: Irakurliak ez dira millaka eta txikitasun horrek konfidantza gune izatia eragitten dau. Konfidantzan emoten dira erantzunak, konfidantzan idazten da blogeko sarrera bat eta lotsak ahazteraiño heldu leike idazlia.
  • Berbeta beruagorako leku. Esapidiak, berbak… agertzeko leku aproposa. Gazte hizkera sendotu eta indartzeko balio dau. Blogian gazte izatiak daukan errebelde izakera nabarmentzen da askotan. Gaztienendako territorio libria da bloga eta leku aproposa emoten dau hain lotua ez dan hizkera erabiltzeko. Zelan ez, erderakada dezente-eta be badare aittatzen dittudan blogetan, baiña badago perlarik horren artian. Azken batian kalian erabiltzen dogunaren espillua da, baiña plus batekin: idazterakuan danok egitten dogu “ariketatxua” eta on-line jarri aurretik berriz irakurri be askok egitten dogu. Hizkuntziaren kalidadia haundixagua da bapatekotasunian galtzen dan arren.
  • Gertukua: Gaiak dira gertukoak eta berbak be holaxe izaten dira blogetan. Ez dot literaturan-eta erabiltzen dan berba potolorik topatu herri hizkeran jarduten daben blogetan eta hori, kasu honetan, ona dala esango neuke. Glamurosoagoak-edo, dizdiratsuaguak-edo, arrotzaguak-edo diran horrek berbok, martekuok, ez dauke lekurik eta bihar be ez dira bihar kasu honetan. Gure eguneroko hizkeria da oiñarrixa eta hor demaseko altxorra daukagu.

Hiru adibide goiena.net-eko blog komunitatetik

Blogak: territorio libre bakarraBlogak: territorio libre bakarraBlogak: territorio libre bakarra Azkenpote Termitak   / Fakafaka

Euskeriak indarra daukan lekutakuoi tokatzen jaku blog komunitate euskaldun indartsuak eukitzia. Zeiñi bestela? Esandakuek balio dabe Lesaka inguruko edo Goierriko blog komunitatiendako be, esaterako. Nik aittatutakuetan euskalkixa bizkaieria da eta gero bakoitzak herriko berbetak erabiltzen dittu. Klaro, euskalkixa ez da bat Goierrin eta Debagoienan eta euskara batuak be ez leuke bat izan bihar han eta hemen. Euskara batua aberasten be laguntzen dabe herri hizkeran idazten diran blogek. Herriko hizkeretatik elikatu bihar dogu euskera estandarra eta gurian eguen eta eguazten dana Goierrin ostegun eta asteazken dala jakin, baitta estandarrian be. Honek hiru adibidiotan jolastu egitten da erremintta errez batekin, blog batekin, territorio libre batian.

Ez ete da ba kuadrilla gehixago animauko…

Zer egin anonimo zaratatsuekin?

Mezu luze xamar batean horixe galdetu dit lagunak: Hi Iban, gura ez ditugun anonimoekin zer egin?

Ez da kontua gaurkoa. Urrian ere galdera antzerakoa egin zidan. Gaur, hala ere, orduan esandakoek ez dute emaitza onik ekarri. Orduan idatzi nituen ohar batzuk galdera honi erantzunez: zer egin anonimoekin? Gaur, pentsatzen nago lau hizkiko nire izenari beste hiru (tal) jarri beharko nizkiokeela aurretik, akaso. Badauzkat lagunak gogorrago jokatu behar dela diotenak, baina ni talibanegia izan ez… beti pentsatzen dut berba eginda konpontzen direla gauzak eta lehenengotik egurra eman beharrean adostasunetara heltzea zen asmoa. Ez du funtzionatu kasu honetan. Zer egingo diogu ba, aurrean dagoenak ez du beti izaten entzuteko borondaterik.

Eta orain zer?

  1. Jarraitu argi eta garbi lagatzen zeinek agintzen duen webgunean. Arauak gogorarazi webgunean bertan.
  2. Zabaldu dezala blog bat gura duena esateko. Ez utzi zuen lana kakazten. Baduzue e-posta, esan bakea emateko ze gogoa, dirua, ilusioa eta denbora asko eman diozuen proiektu bat dihardu kakazten.
  3. Zarata jasanezina bada argi dago, blokeatu e-posta hori. Beste bat sortuko duela? ba blokeatu hori ere. Berdin hurrengo e-postekin.
  4. Jarrera baten kontra zaudetela igarri dadila, ez utzi horrelako mezuak argitaratuta. Onarpenik merezi ez duten mezuak direla ikusten baduzue (irainak, ez-konstruktiboak, ez dutenak albistea osatzen… : ezabatu.
  5. Jarraitzen duela? izan zuek hobeak teknikoki bera baino. Antzeman, aurreratu.

    Eta ezer ere ez? Gogortu jarrera.

  6. Login sistema bat jarri. Login egin, e-postaz konfirmatu beharko du erabiltzailea bera dela. Login egiteak jendea galtzea dakar, baina zarata gutxitzea ere bai. Nik gurago ditut zarata gutxiko lekuak.
  7. Luistxori kenduko diot zer egin anonimoekin mezuko erantzunaren zati bat: Suntsitzaileei aurre egin behar zaie, neurri teknikoekin bai, baina batez ere determinazioarekin. Bai, hori egiteko momentua da.
  8. Pasa beraren mezuak bakarrik moderatzera. Hau da, egin aurre-moderazioa baina IP jakin bateko mezuekin. Ez denekin, ze asko moteltzen du parte hartzea. Trol horrek idazten duena irakurriko duzue eta gura baduzue paso eman edo gura baduzue utzi argitaratu barik, moderazio kolan. Esango nuke badakizuela honezkero zein IP-tatik idazten duen, ez? Hori zuen alde dago.
  9. Txopiri hartutako ideia: IPak gordetzea. Indymedia Euskal Herrian erabiltzen duten softwareak (edo Apache bezalako web zerbitzariko logak ondo kudeatzen
    badakizue) bidalketa bakoitza, iruzkin bakoitza eta irakurketa bakoitza
    nondik egiten den jakin dezakezue. Egun batzutan zehar azterketa egin
    ondoren, trolaren IPa jakingo duzue. Ez hori bakarrik, erabiltzen duen
    nabigatzailearen izena eta bertsioa ere bai (agentea deitzen dena).
    Txopik esan zuen moduan erabiltzaile gogaikarri batez dihardugu, beraz, eliminatu behar da puntu honetara helduta. Gogorragoa izan behar bada izan. Egurra!
  10. Beti da posible moderatutako erantzunak bakarrik sartzea. Metodo honek asko jaisten du erabiltzaile kopurua, baina publikatuko da zuek gura duzuena bakar-bakarrik. Ez badago modu errespetuosoan idatzita atzera eta kitto.

Zentzuratzaileak zaretela entzuteko prest egon zaitezte. Hori bai, nik gurago dut zentzuratzen den webgune bateko jarraitzaile izan eta ez kakaz josita dagoen webgune batekoa. Iritzi askatasuna bai, kaka kakaren gainean ez.

Geroagokoak lirateke, nire ustez, izen-abizendun erabiltzaileak bakarrik onartzea eta abarrekoak. Segi borrokan zuen proiektuak merezi duela uste baduzue. Seguru jende askoz gehiago dagoela egiten duzuena txalotzen duena. Ez utzi hiru-lau memelo edo memelinari ezer kakazten. Animo!

Zelako bloga abiatu: anonimoa edo izen-abizenduna?

Nik argi nuen inoiz blogik egingo banu izen abizenekin egingo nuela. Bai, blog onak ere badaude nork idazten dituen ez dakigunak eta izena jartzeak ere ez du bloga ona denik adierazten beste barik… Ez nuke gomendatuko blog anonimo bat egitea:

  • Askoz ere zailagoak dira topatzeko eta baita jarraitzeko.
  • Askoz ere hotzagoak dira aurpegi bakoak diren heinean.
  • Sinesgarritasunean galtzen dute.
  • Izen-abizen barik errazago ateratzen dira mezuak, hau da, izen-abizendun blogak mimatuago edo daude ze nor zaren jakinda kritikak ere badatoz…
  • Anonimoari erantzun bat uztea hartzailearen daturik gabeko karta bat bidaltzea modukoa da: Helduko da, baina ez dakizu zeini.
  • Esaten duena bere zurruntasunean bakarrik hartu daiteke, hau da, ezin punta atera bere berri ez baduzu. Ezin irakurritako mezuari beste adibide erreal batzuk gehitu.
  • Ingurukoak irakurle izatea oso nekeza. Norbanako bakoitzak badugu irakurle kopuru bat gu geu garelako bakarrik, izen eta abizen bat badugulako. Bizitza errealean badugulako komunitate bat.
  • Ezagunak diren irakurleak asko laguntzen diote blogariari: bai blogean egindako erantzunekin; bai pribatuan bidalitako e-postekin.
  • Ezin entzun kalean: “Gustatu zait atzo idatzi zenuena” edo “zelan esan zenezake horrelako astakeria!” edo “atzoko erretratua oso eskasa zen” edo “asmatu duzu titularrean” edo “pasatu egin haiz!” edo… Eta kritika guzti-guztiek laguntzen dute.
  • Batzuk uste dute morbosoago direla ezkutuan. Bada gezur handia da. Ezkutuan daude eta ez dute horregatik bakarrik berezko erakarpenik. Ezkutuan daude eta kito!
  • Susmopean jartzeko balio dezake. Irakurlearen galdera beti da bat: Zergatik gordetzen du bere nortasuna, zer edo zer izango du ezkutatzeko?
  • Komunitatekideenganako errespetua: komunitate txikietan, behintzat, beste denek izen-abizenak dituzte, zein arrazoigatik sare-identitatea ezkutatu zure kideei ere?

Blogak duen gauza politenetako bat da sareko kontu hauek guztiak nahasten direla gero bizitza errealarekin. Erantzun dizun horrekin, eta beti ere zein den badakizu (nik zorte hori badut, zorionez) , jarraitu zenezake eztabaida zerbeza baten bueltan. Eta zein sanoa den bertatik bertarako harremana… Irakurtzen dira testuak sareak hoztu egiten duela diotenak, harremanak ordenagailutik ordenagailura baino ez direla esaten dutenak, baina bai zera! Sarean idaztearen gauzarik onena lehen zenituen harremanetan sakontzearena da, blogean atera den eztabaidagaiari punta ateratzea kafe batekin lagunduz. Polita da zure blogean parte hartzen dutenekin elkartzen zarenean sortzen den konplizitatea.

Bloga izen-abizenekin abiatzea ia ezinbestekotzat jotzen dut. Gainera, zenbateraino zara ba anonimo? hori posible da?

Zer egin anonimoekin?

Akaso galderak behar luke: “zer egin gura ez ditugun anonimoekin?” zehatzagoa litzateke, seguruenik.

Lagun batek bidali dit hauxe (kasua erreala da):

Iban, ez dakigu zer egin. Pertsona bakarrak lagun askoren artean jasotako proiektua kakaztu (nahi) digu. Primeran hasi ginen; proiektuak hasieratik izan zuen estimazioa jendearen artean. Bisita mordoa izaten genuen eta parte hartzea ere oso handia zen. Herritarron arteko komunikazioa aberasteko eta indartzeko tresnarekin asmatu genuela sinistuta geunden.
Baina, bat batean, anonimo bat hasi zitzaigun batere logikarik ez zuten komentarioak egiten. Hasieratik ikusi genuen honen asmoa ez zela iritzia ematea edo parte hartzea. Proiektua izorratzeko komentarioak ziren; jendea nazkatzeko komentarioak. Eta hala gertatu da: jendea nazkatu egin da. Hala esan digute ingurukoek eta lagunek. Jendea gero eta gutxiago sartzen da gure webgunean, eta komentarioak izugarri jaitsi dira.
Hau omen da Internet. Hala entzun nizun proiektua martxan jarri aurretik izandako batzar batean. Baina, Internet hau bada ere, guk arazo honi irtenbideren bat eman behar diogu. Eta ahal den azkarren, gainera. Zuk zer egingo zenuke, Iban?

Nik egingo nukeena, laburtuta (e-posta jakinez gero):

  1. Zuen webgunean albiste bat egin joko-arauak zein diren azalduz. Guk goiena.net-en arau hauek ditugu. Erakutsi zuen webgunean ezin dela edozer egin, serioa dela gunea.
  2. Karta atsegin-atsegin bat idatzi eta ezizendun horri zuzendua. Berari bidali. Zuek arazotzat daukazuena komentatu e-posta batean.
  3. Esan Internet askatasuna dela, baina erabiltzen jakin behar dugula askatasun hori. Askatasuna ezin da edozelan jokatzearekin parekatu, eta bera editorea ez den webgune batean gutxiago.
  4. Zuen webgunean erantzunak ematea libre dela, baina horrekin espero duzuena albistea garatzea, osatzea, hobetzea dela. Baita iritzi ezberdinei lekua egitea ere, baina beti, errespetutik.
  5. Ez zaudetela anonimoei plaza eskaintzearen kontra, baina aipatu zuen webgunea egokiago ikusten duzuela izen-abizendun jendeak hornitua ahal bada, edota gutxinez anonimotasunaren izaera aprobetxatzen ez dutenekin.
  6. Badaukala gura duen moduan idazten jarraitzeko aukera. Zabaldu dezala blog bat. Blogak.com, blogari.net… badaudela modu erraz eta doakoak. Han bai, han esan eta idatzi ahal izango duela gura duena, bideoak jarri ahal izango dituela, podcastak egin… bera izango dela bere buruaren editore eta “zentsore”. Askatasun guztia izango duela.

Eta ez badu kasurik egiten?

  1. Jarri webgunean posta helbidea derrigorrezko, iritzia eman ahal izateko. Helbide hori konfirmatzekoa izan behar da. Horrela beste gutunen bat ere bidali ahal izango da.
  2. Umorea izanez gero saiatu berriz beste gutun batekin. Ia bigarrenean kasu egiten duen…
  3. Lehenengo gutun horren sinatzailea izan daiteke hedabidearen zuzendaria. Bigarren gutunean gunean bertan parte hartzen duten batzuk, edo zuzendaritzakideak, edo zuen elkarteko kide ezagunak, edo… dozena erdi izatea ondo. Izen-abizendunak izateaz gain ahal den jende pisutsuena.
  4. Oraindik ere kasurik ez? ba e-posta horri oztopoa jarri. Blokeatu partehartzea.
  5. Beste e-posta batzuk ere sortu ditzakeela? ba bai, baina beti egongo da berriz ere sarbidea moztea. Sortu blokeatuen zerrenda.
  6. Jarraitzen duela? izan zuek hobeak teknikoki bera baino. Antzeman, aurreratu.
  7. Jende horren zein beste edozeinen mezuak ere tentuz jarraitu eta tonoz kanporako guztiak ezabatu. Ez joan itsu-itsuan ezizen baten kontra. Egin jarrera baten kontra, berdin da izena.

Eta oraindik ere ez?

  1. Ba erregistroa gogortzea da posibilitate bat, baina ez nuke erabiliko azken-azken puntura heldu arte. Eta orduan ere… Nik zalantza dut. Sinisten dut jendea ez dela berez oker-okerra.
  2. Puntu honetara helduta beste zerbait pentsatu behar, baina izan daiteke berari blog bat egitea eta txukun-txukuna egitea eta blog komunitate berri bat zabaltzea zuenean eta bera horko parte bat izatea. Izango luke anonimo jaunak edo andreak bere lekua eta finito! Blog horren irakurleak? bere jarreraren arabera, zelan ez. Normalean gutxi. Baina zuen webgunean bake piska bat eta berriz ere informazio serioa emateko aukera.

Eta hau guztia planteatzen egote hutsak esan gura du webgunea irakurri egiten dela, komentatua dela, kalean ere badagoela jarraipena, sarean baduela eragina… Zorionak! gauzak ondo egiten zabiltzate!

Hamaika arrazoi blogari izateko

  1. Informatua izateko. Norbera informatuago izateko modua da. Niri balio dit gai honen edo haren gainean gehiago jakiteko. Googleri astindu bat eman eta sakondu. Egindakoak balio dion irakurleari? Berak erabaki dezala berriro bisita egin edo ez aukeratuz.
  2. Euskaldunon komunitatea handitzeko. Euskara sarean egotea garrantzitsua delako bai hizkuntzarendako eta bai euskaldunondako. Euskalkiak egotea ere garrantzitsua dela uste dut.
  3. Irakurri ere gustura irakurtzen ditut… zergatik ez nire harritxoa jarri? 3 irakurle baditut nahikoa da. 3 irakurleko blog askorekin milaka irakurle geundeke euskaraz irakurtzen… Irakurtzen al dira horrenbeste euskaraz dauden liburuak edo?
  4. Idaztea ez da tortura bat. Gozatu daiteke idazten. Ez dut uste behar bat denik, baina gustuko dut.
  5. Beste jende baten iritzia jasotzeko zuk duzun iritziaren gainean. Oso interesgarria da eta batzuetan jasotzen diren erantzunak hain dira osagarri… baita norbere mezua baino askoz hobeak ere, sarri.
  6. Moda bat baino gehiago komunikazio bide bat delako. Oraindik gogora datorkit idazle jende batek-eta zelan egiten zuten trufa blogintzaz. Badatoz blogari izatera eta gero eta gehiago dira. Baita orduan blogariak arraroak zirela uste zutenak ere. Gainera, idatzi batzuekin horrenbeste paper zikintzea ere 😉
  7. Memoria txarra dugunondako badaukagu artxibo bat erabilgarri bat, etxean lekurik okupatzen ez duena eta artikuluak topatzeko bilatzailearekin.
  8. Idazteko leku honek nire zentsura bakarrik duelako. Gune libre bat da eta neu naiz neure buruaren editorea. Nik telebistan, irratian, Interneten eta paperean egiten dut lan, baina hango jarrera guztiz neurtua da, profesionaltasunak eta ardurek horrelaxe eskatzen dutelako, besteak beste. Blogean, berriz, nik erabakitzen dut argazkia jarri edo ez eta zelakoa, gai hau sartu edo paso egin, noiz eta zelan idatzi, luzera…
  9. Blogari izatea jardun bat delako, aktiboa. Blog bat eduki edukitzeko… ez! erabiltzeko dut blog hau eta jardutea gustuko dut, geldi egotea baino gehiago.
  10. Balio dit pista ez galtzeko. Teknologiarekin zerikusia duten gauzatxoak probatzen ditut blogean, beste blogari batzuk jarraitzen ditut eta adituagoen esanak nirean frogatu…
  11. Ez delako derrigorrezko eginbehar bat. Ez da bizkarrean daramadan ehun kiloko harria. Orain idazten dut eta zeinek daki gehiago idatziko ote dudan. Ez da inporta. Blogak jaio eta hil egiten dira. Ona litzateke jaiotzak gehiago izatea, hala ere.

Lagun batek blogari izateak duen puntu nartzisistaz berba egin zidan atzo gauean eta hau idaztera bultzatu, hein baten. Ez, ez da egoa handitzeko, ezta nire iritzia ematea jasotzailearentzako derrigor uste dudalako, ez moda bat delako, ez guaiagoa naizelako horrela, ez modernoagoa naizelako, ez… Ez! Inor ez da arrarotzat hartzen gau-mahaian gordetzen dituenean idatzitako paper puskak, ezta? Ezta liburuak edo iritzi artikuluak argitaratzen direnean, ez?