Zelako bloga abiatu: anonimoa edo izen-abizenduna?

Nik argi nuen inoiz blogik egingo banu izen abizenekin egingo nuela. Bai, blog onak ere badaude nork idazten dituen ez dakigunak eta izena jartzeak ere ez du bloga ona denik adierazten beste barik… Ez nuke gomendatuko blog anonimo bat egitea:

  • Askoz ere zailagoak dira topatzeko eta baita jarraitzeko.
  • Askoz ere hotzagoak dira aurpegi bakoak diren heinean.
  • Sinesgarritasunean galtzen dute.
  • Izen-abizen barik errazago ateratzen dira mezuak, hau da, izen-abizendun blogak mimatuago edo daude ze nor zaren jakinda kritikak ere badatoz…
  • Anonimoari erantzun bat uztea hartzailearen daturik gabeko karta bat bidaltzea modukoa da: Helduko da, baina ez dakizu zeini.
  • Esaten duena bere zurruntasunean bakarrik hartu daiteke, hau da, ezin punta atera bere berri ez baduzu. Ezin irakurritako mezuari beste adibide erreal batzuk gehitu.
  • Ingurukoak irakurle izatea oso nekeza. Norbanako bakoitzak badugu irakurle kopuru bat gu geu garelako bakarrik, izen eta abizen bat badugulako. Bizitza errealean badugulako komunitate bat.
  • Ezagunak diren irakurleak asko laguntzen diote blogariari: bai blogean egindako erantzunekin; bai pribatuan bidalitako e-postekin.
  • Ezin entzun kalean: “Gustatu zait atzo idatzi zenuena” edo “zelan esan zenezake horrelako astakeria!” edo “atzoko erretratua oso eskasa zen” edo “asmatu duzu titularrean” edo “pasatu egin haiz!” edo… Eta kritika guzti-guztiek laguntzen dute.
  • Batzuk uste dute morbosoago direla ezkutuan. Bada gezur handia da. Ezkutuan daude eta ez dute horregatik bakarrik berezko erakarpenik. Ezkutuan daude eta kito!
  • Susmopean jartzeko balio dezake. Irakurlearen galdera beti da bat: Zergatik gordetzen du bere nortasuna, zer edo zer izango du ezkutatzeko?
  • Komunitatekideenganako errespetua: komunitate txikietan, behintzat, beste denek izen-abizenak dituzte, zein arrazoigatik sare-identitatea ezkutatu zure kideei ere?

Blogak duen gauza politenetako bat da sareko kontu hauek guztiak nahasten direla gero bizitza errealarekin. Erantzun dizun horrekin, eta beti ere zein den badakizu (nik zorte hori badut, zorionez) , jarraitu zenezake eztabaida zerbeza baten bueltan. Eta zein sanoa den bertatik bertarako harremana… Irakurtzen dira testuak sareak hoztu egiten duela diotenak, harremanak ordenagailutik ordenagailura baino ez direla esaten dutenak, baina bai zera! Sarean idaztearen gauzarik onena lehen zenituen harremanetan sakontzearena da, blogean atera den eztabaidagaiari punta ateratzea kafe batekin lagunduz. Polita da zure blogean parte hartzen dutenekin elkartzen zarenean sortzen den konplizitatea.

Bloga izen-abizenekin abiatzea ia ezinbestekotzat jotzen dut. Gainera, zenbateraino zara ba anonimo? hori posible da?

5 comments on “Zelako bloga abiatu: anonimoa edo izen-abizenduna?

  1. leire(e)k dio:

    Aupa, Iban
    Ni hastekua nintzanian, anonimua izatia eskatu neban. Baiña eibar.org-n hori debekatuta dago. Anonimo izatia nahi neban lotsa haundixa emoten zestalako, neure buruangan konfiantzarik ez nekalako, eta jentia oso kritikua izango zala pentsatzen nebalako.
     Guztiz kontrakua izan da: batzuk neri zalako hasi ziran irakortzen, holan irakorliak lortu nittuan. Izen bakua balitza, jarraitzaille gitxiago.
    Bestetik, komunidade baten egotiak emon destan babesa ikaragarrixa izan da. Blogari batzuk ezagutzen ninduen, eta holan egin neban saltua. Eibar.org-ri asko zor detsat.
    Eta azkenik, kritikak izan dittut, baiña onak. Ez dot egurrik jaso, eta nere bildurra horixe zan. Ez da nere bloga marabillosua dalako, irakorliak ez dagozelako “danari egurra” emotian alde. Kontrakua: txarra ahaztu, eta ona esan. Eta hori oso edarra da.

  2. Aitor(e)k dio:

    Ba arrazoi osoa daukazu Iban. Neuk orain gutxi sortu dut blog bat
    bertan nere izena azaltzen da. Nik uste oso interesgarria dela norberak
    informazioa ematea  eta iritzia ematea. Baina baita ere besteen
    iritziak jasotzea ere. Eta eztabaida sortzen bada hainbat hobe. Nere
    bloga Munduari so! deitzen da eta helbide honetan aurki dezakezue:
    http://munduari.blogspot.com/

  3. Patxi(e)k dio:

    Gai polita ekarri dezuna, Iban. Gauza batzuekin guztiz bat nator, eta beste batzuekin ez, baina denbora faltan oraintxe.

    Mezuari eman diozun puntillak utzi nau irrikaz ordea. “Zenbateraino zera ba anonimo? Hori posible da?”

    Gehiago zabal zenezake gaia? Beste mezu batean edo, erantzunetan bestela.

  4. Laura(e)k dio:

    Ez ba, anomimotasuna ezinezkoa da… euskaraz idatziz gero, behintzat. Beraz, zergatik tematu izenik ez emate horretan? Nik oso argi dut: nire izen benetakoak lerratzera eramango zuelako irakurlea: aurreiritzi gabe irakurri beharrean, izenetik izana ondorioztatuko luke, irakurtzeko premia sentitu gabe. Izena bera litzateke mezua, eta ez hedabidea. Horregatik ez dago argazkirik nire blogean, ezta ni identifikatuko nauen daturik ere: irakurleak nahi ditudalako, irakurri eta gero etorriko direnak nirekin bat edo esango dutenak ‘inozokeria galanta gero, gure Laurak idatzi duena’. Jakin badakit, berriz, izenaren atzetik dagoen izana ezagun dutela gertu-gertuko batzuek eta horiek ez dutela sekretupean mantenduko. Berdin dio: ni bizi naizen hirian ez dago kalean “gustatu zait atzo idatzi zenuena” edo “zelan esan zenezake horrelako astakeria” esango didanik, beraz, feed back aukerarik ez dut saretik kanpora. Eta blogen alde hori oso gustukoa dut.

  5. arantzabal Iban Arantzabal(e)k dio:

    Googlen bilaketa egin eta lehenengo 50etan ez da agertzen Laura euskaldunik… El rincon de Laura bai, amo a Lauraren bertsio pornoa ere bai, laura Quijano, Laura Esquibel… topatu ditut,  ;-(  Eta helbidea ere ez duzu jarri zure erantzunean…

    Diozu: “Izena bera litzateke mezua, eta ez hedabidea.” Nik defendatzen dut hedabidea ere jakitea edo blogen kasuan egilea jakitea. Editorial bat nire gustuetarako ontzat edo txartxat ematea ez dago bakarrik edukiari lotuta. Ez da gauza bera La Razonek edo Garak atera.

    Arrazoi bakarra irakurri dut zure idatzian anonimotasunaren alde egiteko “nire izen benetakoak lerratzera eramango zuelako irakurlea”: Ba ez dakit… hori bakarrik bada zuretako nahikoa… Nik aldeko gehiago ikusten dizkiot izen-abizenak emateari. Aldekoak: eraginean, zabalkundean, komunitatea osatzean, errespetuan…

    Baina Laura, ni ez naiz inor inori ezer derrigortzeko. Bejondeizula!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude