Cittaslow

Gaur eguna luzatzeko biharrarekin jaiki naiz ohetik. Jaiki be halako baten. Dutxau, kioskotik pasau, pare bat periodiko erosi eta herrixan naranjazko zumo naturala emoten daben tabernara fan, Espaloira. Zumua, kafesnia eta musika ona. Gaur aspaldi entzun barik neukan Quebec jarri dau tabernarixak. Jartzen danian asmatzen dau bai. Mezu hau idazten nenguala ikusi dot zazpi euruan erosi leikela Internetez disko eder hori. Armosua denboran luzatu da eta lagunekin raba batzuk jateko denboriakin egin dau bat. Marianitua, handik hondartzara, euzkixa ezkutau arte Saturraranen… Eta ondio be gaba luzatu guran… Pizzak jan, pasio motza… Eta oin mezu hau idazten. Opor eguna amaitzeko 8 minutu falta dira.

Cittaslow

Eguna luzatzen nenbillela akordau naiz goizian El País-en irakurri doten artikuluakin. “Vivir despacio para vivir mejor”. Hiri geldo moduan definitu dabe bere herrixa Mungiak eta Lekeitiok. “Bizi kalitatearen aldeko udalen sarian” sartu dira. Eta artikulua irakurri arren be ez dotsat ikusten bi herrixoi Euskal Herriko beste hamaika herri baiño motibo gehixagorik zerrenda txiki horretan egoteko. Cittaslow-ren gaiñeko informaziño billa jo dot sarera, oso slow barritzen daben bloga be irakurri dot, baiña hau irakurri eta antzar egunarekin akordatzia bat izan dira.

Ufff, zelako herri trankillian bizi naizen  “asociación española de cittaslow, ciudades lentas” zerrendan agertu ez arren.

Y belaunaldiko bat Urederran

IMG_0896Goio, nik ere “Y belaunaldikoa” gura dut izatea 🙂

Gaur bertan ateratako argazki bat da, leku zoragarri batean, Urederran. Arratsalde pasa polita egin dugu. Lehenengo Erriberrin erdi aroko azoka ikusi eta gero zer egingo eta Urederra ezagutu dugu. Erriberriko azoka polita, baina han egon garen Angiozarko lagun batek esan digun moduan erdi aroko azoka bat ikusi eta ikusi dittuk danak.

Urederra

Natura erreserba da Urederra: Ez egin surik, ez jarri kanpin-denda, ez egin eskaladarik, ezin da hegan egin, ezin da bainatu, ezin da igeri egin, ez bota zaborrik ez hondakinik, ez kaltetu ez fauna eta ez flora, ez kaltetu paisaia, ez jarri zuk maite duzunaren izena arboletan, ez eraman hango harriak ez fosilak, ez egin arrantzan, ez egin ehizan… Eta, hala ere, leku polita da. Hanka sartzen lagatzen duten edo ez auskalo, baina zelako plazerra…

IMG_0909Erretratuan ikusiko duzu eraman ditudan oinetako deserosoak.

Ezin esan mendira joan garenik. Familian egiteko moduko txangoa da, ordubetean iturburuan eta beste horrenbestean bueltan. Urederran ateratako argazki gehiago sartu ditut.

tagzaniapaste
Urederrara Bakedanotik

`Ez obeditu inori´, deskubrimendua

Deskubrimendua. Kazetaria zela, poesian Urruzuno saria irabazia aspaldi-aspaldi, gaztea zela, lehen nobela… Eta beste bi baldintza izan zituen liburu honek irakurria izateko: bata, lagun batek gomendatu zidala; bestea, Susak argitaratu izana. Ez lagunak gomendatzen dizkit beti liburu onak eta ezta Susak gustuko liburuak bakarrik argitaratu, baina liburua erosteko baziren nahikoa arrazoi.

Eta jan egin dut liburua. Fresko idatzia, bizi, erraz, jantzi…

Hitz ondo josiak irakurri ditut zakurraren eskolan eta garai baten gainean gehiago ikasteko ere balio izan dit Soterok kontatutakoak.
Kronologikoki kontatua ez dagoen konspirazioaak lotu egin nau eta baita adiskidetasunaren gora-beheren kontakizunak ere.
Euskaraz asko ez dela saltzen eta liburu-saltzaileak ia zer gomendatu dezakeen galdetu dit Mila Ezker erosten nenbilela. Esan diot Peruarenarena sari baterako modukoa dela.

Garbine Ubedaren Mila Ezker Peruarenaren ostean irakurri dut. Seguruenik ezkerrak direnek irakurriko dute gusturako-edo. Ni ezkerreko izaeraz zerbait irakurriko nuela pentsatuta jarri naiz irakurtzen eta  aurre iritzia (mea culpa) faltsua gertatu zait. Hurrengoa Sargori, Lizarralderena. Ia.   

Donostiako hipodromoan Mendabiaren alde

Inoiz egon barik eta han joan ginen hipodromora familian atzo. Kuriosoa. Niretzat zeharo mundu ezezaguna. Bueno, etxean izan ditugu zaldiak, baina okelatarakoak. Hipodromokoen glamourrik ez, beraz. Hori bai, arratsalde pasa joateko ez dago gaizki.

Bederatzi euro ordaindu eta barrura. Lehen inpresioa handitasuna, oso da handia hipodromoa eta metro asko dira zaldiendako berde-berde prestatuak. Harmailak ere handiak eta jende multzo handiak hartzeko modukoak. Beteta zegoen lehen karreratik;  Bigarren inpresioa hara doan jendeak dirua duen itxura ematen duela. Krokodilodun nikiak eta marradun alkandorak gura beste.

Heldu eta lehenengo gauza “nola jokatu” orritxoa eskuratzea. Bost modu apustuak egiteko… zoramena! Zer den biki irabazlea, zer den hiru ordenatuta apustua edo tripleta, zer bikiaren kokapena asmatzea… baina bueno, galdetu eta listo! Ba ez, galdetu eta lehen baino okerrago geratu ginen. Tripleta bat jokatu ostean konturatu ginen ia ezinezkoa zela asmatzea. Bigarren karrerarako berriz galdetu beste bati eta jantziago. “Hipodromoko kokapena” asmatzea zela errazena eta zaldia aukeratzea falta. Zaldia aukeratzeko zer? ba DV-ko kritikariari kasu piska bat egin genion. Eta bakarrak bagina… bat baino gehiago ikusi genituen DV-ko orri moztua eskuetan zutela. Ez dakit beste hedabiderik baden orri osoa eskaintzen dionik. Gure zaldia aukeratu genuen: Mendavia.

Mendavia (eta ez Mendabia)

Mendabiako zainzuriak, basaranak eta piperrak gogoan batetik, zaldiaren jabeak Nafarroakoak-edo ote ziren bestetik (badakizue, bihotza), eta azkenik DVko orria eta hipodromoan ematen duten zaldien informazioa: Mendavia: 4. Viene de ganar fácil en Mijas. Tiene progreso, y debe estar cerca. Bazegoen faboritoagoarik, baina 10 eurotxo mendi bideak bere izenean zekartzan zaldiarengatik.
Mendabiak badu ba historia latzik: Gogorarazi genezake zelan udaletxeko ia korporazio errepublikano guztia hil zuten 1936an, edo ia 100 lagun fusilatu zituztela, edo emakumeei ilea moztu eta bandera falangistarekin herrian paseatzera behartu zituztela, edo… Baina bueno, jakin-minez, galdetu genuen ia zaldiaren jabeak zeintzuk ziren-eta:

Mendaviaren jabeak (ez Mendabiarenak) dira 18 lagun, Asociacion de la Concordian batzen direnak. Lur gaineko 3 karrera irabaztetik zetozenak Donostiako hipodromora, 57,5 kiloko M. Secci Jokey-arengan konfiantza jarri zutenak 2.200 metroko bidea lehenengo egiteko. Beraiek eraman zuten Ministerio de Medio Ambiente y Medio Rural y Marinok eta Frigok ematen zituzten 5.000 euroak. Gure Mendabiak zerikusi gutxi Madriletik etorritako Mendaviaren jabeekin. Errazago ulertzen dut orain Donostia hipodromoko karrera guztietara autobuskada jendek egitea joan-etorria Madriletik.

Eskuko telefonuak arriskutsuak dira gasoliñeretan?


Aste pare bat bada gasolina bota doten bi aldittan galdera egitten dotsatena neure buruai. Klaro, erantzunik ez buru makalak. ;-( Baiña lotsia ferixa baten galdu giñuanok galdetzeko erreparorik ez-eta… Eroskiko gasolindegixan zeguan lagunari:

– Zu, barkatu, zergaittik ez doskuzue lagatzen eskuko telefonua erabiltzen?

– Ba… ba… eskuko telefonuak surtidoria eta gure bulego honetako ordenagailuen artian dagon komunikaziñua galarazten dau. Abioien moduko zeozer da, ezin da abioian erabili ze kontrol dorriarekin arazuak sortu leikez.

:-(()) Ni ahozabalik. Oin arte entzunda neukan txisparen bat-edo sortu zeikela eskuko telefonuak-eta… baina ez dakit ba. Txisparena ez neban sinistu eta abioiaren antzera zala be… Galdetu arren zalantza berarekin geratu naiz.

Eta gero, Bergara aldian pasiuan genbizela horra! Hemen be eskuko telefonua erabiltzia galerazitta. Abioi pista baten dagon kontrol dorre bat be ez da ba… Laguntzerik?
IMG_0842

Maite Artola Argian

Ez egunerokoa, baina Mezularia entzulea naiz. Gidaria zorrotza dela uste dut, baina batez ere hain definigaitz den “kazetari sena” duen horietakotzat dut Artola. Gustatzen zait.
 Argiaren 2.193 zenbakia ere eduki ederrez josita dator eta ausartu naiz Sustrai Colinak Maite Artolari egindako elkarrizketa puntuka biltzen blog honetan. Artolaren aipamenak dira komatxo artekoak (bakarrik), kazetaritzan gabiltzan askorendako baliozko iruditu zaizkidanak.

  • “Albistea ematerakoan non ez dugun huts egin behar adosten da lehenengo. Hori interes informatiboaren arabera egiten dugula esatea eta ezer ez esatea berdintsu gerta daiteke. Horregatik, etengabe gabiltza jendearen interesekoa izango denaren atzetik, eta horretaz gain, badira, irrati publiko batek ezinbestean eman beharreko albisteak.
  • Medio guztiok gabiltza iritzi propiorik gabe eta jakin behar dugu gure bezeroendako albiste dena aukeratzen. Gainontzeko medioendako albiste denak ez dauka zertan gurean albiste izan, edo han eta hemen lehen mailako albiste dena akaso gurean aipamen hutsa da.
  • Artolarentzat “kazetaritza beti izan da neuk ikusitako hura kontatzea, baina hori egiteko geroz eta aukera gutxiago daukagu, eta agentzietatik datorrena zurrupatu besterik ez dugu egiten.” Gaur egun, eta Internet dagoenetik gehiago, aukeratzaile ona ere izan behar da kazetaria eta ez albiste-aukeratzaile bakarrik: kazetariak bilatu behar ditu kontrasterako elementuak sinesgarritasunean asmatzeko.
  • Artolarentzat “detaileak bereizten ditu programak, detaileak egiten ditu puntako, multzoko, edo eskas. Magazine informatiboetan gauza bera. Denok gabiltza antzeko eduki, agenda, eta interlokuzioarekin. Zerk bereizten gaituen? Detaileak. Galdera berezi batek… Albistea bere hutsean eman beharrean beti saiatzen naiz albistea egoki janzten”. Esango nuke detaileak direla askotan albiste ze ilargira begiratzeko esaten digute atzaparrarekin seinalatuz, baina atzapar horretan dago albistea sarri. Albiste agentzien gurpiletik ihes egitea ere beharrezkoa dela uste dut, edo betiko alderdien mezu antzerakoetatik, edo sindikatuen aldarrikapen errepikatuetatik, edo futbolarien “irabaztea da garrantzitsuena” erako erantzunetatik, edo prentsaurreko muermo horietatik (galderak egiten ere uzten ez dutenetatik areago).
  • “Horretan datza gure lanaren enkantua, ahal bezain hitz gutxitan albistea ahal bezain zehatz agertzen.”
  • “Kontuak emateko dagoenari kontuak eskatu behar zaizkiola uste dut, bereziki gure dirua kudeatzen dutenei. Antenan egindako promesak, eta ildo nagusitzat saltzen digutena, beti hartu behar da kontuan hurrengo elkarrizketa egiteko.”
  • Artolarendako elkarrizketa on bat da “Elkarrizketatuari protagonismoa ematen diona. Estilo anglosaxoiko elkarrizketak egiten genituen telebista-saio hartan askotan dudatzen nuen ongi ari ote ginen. Galdezka hasten naizenean elkarrizketatuak jendearentzat interesgarria den hori esatea dut helburu. Pertsona batzuk behartzen ez dituzunean ez diezula zukurik atera iruditzen zaizu, eta gehiegi behartuz gero, ez dagokizun protagonismoa hartzen duzu. Neurri kontua da, baina ez da erraza… …buruan duzun eskema goitik behera aldatu edo egokitzeko gai izan behar duzu, bestela…”
  • “Albisteen sailean badaude 24 ordu irauten duten albisteak, baina beste batzuk arnas askoz laburragokoak dira.” Gertatu berri izate hutsa izan daiteke albisteago. Interneteko albistegietan horixe bera pasatzen da askotan. Azkarra izateak garrantzia handia du, baina gero kalitatearekin lotzen joan beharko ginateke albistea edo beste albiste batzuei lekua utzi.
  • “Kazetariak pentsatzen duena etxean uzteko ahalegina egin behar du. Irratira noanean ez zaio inori axola nik zer pentsatzen dudan. Nire lana ahalik eta ondoen egitera noa, eta horretarako, gaiekiko distantzia hartu beharra daukat. Hori kostatzen den? Benetako borondatea dagoenean ez dut uste aparteko zailtasunik dagoenik. Erabateko objektibitaterik ez da existitzen eta ez da sekula existituko, baina gaiekiko distantzia hartzea bakoitzaren esku dago. ” Eskerrak esaten den ez dugula pentsatzen duguna reseteatu behar kazetaritzan jarduteko. Norbere pentsaerak etxean edo erredakzioko atean lagatzea posible da, eta egia esan, eskatu daitekeen minimoa da sinesgarritasuna izateko.
  • Nola piztu euskaldun bati interesa mundu mailako albisteekin? “Gaia pertsonalizatuz. Afganistango gerrari buruz zenbat eraso izan diren, edo zenbat taliban hil diren kontatzea baino askoz eraginkorragoa da istorio pertsonal edo pasadizo familiarrak kontatzea. Ez da hain zaila, baina albiste agentzien gurpiletik ateratzea eskatzen du”.
  • Euskalduna eta euskaltzalea da Artola: “Antenan euskararen inguruko kontuekin ez naiz sekula isiltzen. Euskararen garrantzia aldarrikatu eta prentsaurreko guztia erdaraz ematen dutenekin ezin dut isildu, eta euren kontraesana behin eta berriz salatuko dut.”

Neo Telebista Gorka Julioren hitzalditik

Gaurko arrasaldea hasi da Leireren lekaixo potente batekin. Gainontzekoon eskuko telefonoak kentzeko aitzakia izan da. Nahita egin du Leirek. 🙂

NeoTB

Telebisten gaia izan du hizpide Gorka Juliok. Ondo, beti moduan. Goiena saiakeraz berba egiten hasi denean hasi naiz belarria zorrozten. Goiena saiakera? hau da hau tipoa! Badakit gustatzen zaiola Goiena eta ez gara saiakeragatik haserretuko. Interneteko telebistez jardun du gehienbat. Eta interesgarria, bai. Ohartxo batzuk jasotzea pentsatu dut gaiak erakarrita. A! eta argazki bat ere to, zuri-zuri eta wapo etorri dela ikusteko:

Argazkiak.org | Gorka Julio “Teketen” © cc-by-sa: sustatu
Legeak ez dira gehiegi sartzen Internet bidezko telebistan, baliabide gutxiren beharra dago eta aukera asko daude. Telebista Interneten ikustea da burura datorkiguna lehenengotik, baina badira bestelako ekimenak ere… esaterako:

  • Bideoblogak: udaberrigaldua da adibide bat, Joxi Sierraren ekimen bat.
  • Beste formato bat: Vidcast-ak (bideoa*rss) Miro moduko tresnarekin sartu gaitezke bertara. Lostin.blip.tv da adibideetako bat. Webgunea Blip-ena da, bideoak bertan daude… baina bueno, zerbitzu txukuna dirudi.
  • Tubemogul da beste aukera bat. Bideoaren zenbat ikusle dauden ere ematen digu. Jarraitu dezakegu eta neurtu. Garrantzitsua estatistikena.
  • Streamin-a da beste aukera bat livestream.com erabilita erakutsi digu. Kamara bat eta mikrofono sinple batekin, edo webcamarekin. Jendeak parte hartzeko aukera ema. Livestreamekoa gure webgunetan ere erabili daiteke kodigoa itsatsita.
  • Bigarren fase bat litzateke zuzeneko streaming-a, baina edozein lekutatik, mugimenduan, kablerik gabe… qik moduko tresna batekin zuzenean emititu dezakegu gura duzuen lekutik. Eskuko telefono batekin nahikoa da. qik.com-en ere sortu daiteke kanala. qik.com/teketen kanalean ikusi dugu hiru segundutan areto honetan gaudenon flipatu aurpegiak. Nahikoa izan dira hiru segunduok badabilela ikusteko. Gero ura botatzea ere bazegoen eta ordenagailura ura bota eta kito! Hor amaitu du Gorkak bere hitzaldia.

Galderen tartea:

Galdetu dut GOITB ia ikusi daitekeen livestream-etik eta: baietz. Posible da mundura hedatzea telebista modu honetara eginda. Interesgarria. Telebista egiten dugunondako inplikazio batzuk ekarriko ditu modu honek… Sortuko dira kanal berriak, jende berriak, bideogile afizionatuak ikusi ahal izango dira, espresiobide berriak, albistegiak…

Zenbat gauza ikasi ditugun gaur ere. Eskerrik asko, Gorka.

Sare sozial hau be gustatzen jata: zugaz.com

Aspalditxotik daukat facebook-en kontua. Gaiñera asko ez dala helbide irakurgarri batekin: facebook.com/arantzabal Sare sozialei ikusten dotset onuria, gustoko dittut eta balio izan doste Pariseko jendiarekin harremanetan jartzeko, albiste batzuna enteratzeko, aldarrikapen honekin edo harekin bat egitteko, lagunak topatzeko, umia eukittako lagunari kasu egitteko, urtebetetzietan lagunak zoriontzeko… Gustatzen jata. Balio dau komunikatzeko.

Eta euskeraz? ba hutsunia zeguan euskeraz. Hori ikusi eta hasi giñan hillabete batzuk dala proiektutxo bat lantzen. Helburua? komunikatzeko balioko zeban tresna bat sareratzia. Jopuntua? gaztiak. Buruan genkana zan Tuentira edo Facebook-era sartu aurretik erakargarri izango jakuen tresna euskaldun bat erabiltzeko aukeria emotia.

Tresnia sarian dago: zugaz.com deitzen da eta behin erregistratuta soslaia sortu eta mezuak trukatzeko aukeria izango dozu, argazkixak eta bideuak igotzeko eta ikusteko aukeria, lagun kuadrillak egittekua, 8.000 jokotik gora daukazen webgunian ibiltzekua… Facebook-ekin geratzen naiz, baiña seguru nago dozena bat urte edo 14 banekaz erabilliko neukela zugaz.com. Batenbati gustau jako ze milla lagun inguruk emon dabe izena… Ondo, ondo.

Politikariak eredu? Ez! Izan daitezela politikari!

Eguazteneko Berria-n irakurri nuen labur bat: EAJko legebiltzarkideak ez du etxebizitza hartuko: EAJk argitu du Garbiñe Saez legebiltzarkide jeltzaleak ez duela Amurrion (Araba) egokitu zitzaion babestutako etxebizitza hartuko. Alderdi jeltzalearen esanetan, Saezek legebiltzarkide ez zenean eman zuen izena zozketan, eta orduan baldintzak betetzen zituen. Egun, ez.
Kafeko komentarioa izan da, notiziak eragina izan du kafe-kuadrillan. Martitzenean askok zuten irakurrita gaztelerako periodikoren batean orri beteko notizia titular handi-handiarekin. Egun bat lehenago era bazebiltzan gaiari bueltaka eta presioaren ostean: EAJ-k esan dio Saez-i etxeari uko egiteko.
Ez zait ondo iruditzen! Zenbat eta zenbat daude babes ofizialeko etxebizitzan herentzia handi bat jasota ere? Zenbat Haziendari tranpa eginda? Zenbatek dute babestutako etxe bat eta gero diru gehiago irabazten den lanean jardun gaur?
Adibide erreal bat: Fagorren lana egin, babestutako etxea lortzeko baino gehiago irabazi eta zer asmatuko eta…: eszedentzia hartu eta taberna batera pare bat hilabetean. Diru beltza kobratu eta baldintzak bete. Hauek ez dira politikariak eta ez dute azalpenik eman beharrik?

Politikariak politikari, mesedez

Politikariei ez diet eskatzen eredu izatea. Ez. Eskatzen diet legeak egitea horrelakorik gertatu ez dadin, lauzpabost urtean behin-edo babestutako etxea dutenen datuak begiratzea eta baldintzak asko hobetu badituzte pare bat urtean etxea uzteko tramiteak hastea, esaterako.
Legea ondu dezatela. Momentu jakin batean etxe beharra duen guztiari eman bost bat urterako bizitzeko eskubidea. Gero aztertu. Egoera berririk balego (soldata hobeak…) denbora bat eman eta neurriak hartu. Neurriak politikariei? ez, neurriak larregi irabazte dutenei.

Kafe ona zenbat lekutan dakite egiten ba?

IMG_0757Ederra ikastaroa! fenomeno egon gara La Brasileñarekin batera Espaloia Kafe Antzokiak antolatu duen dastatze-ikastaroan. Dastatzen hasi ginen, kafeak bereizten, Arabikoak gustatu zitzaizkidan gehien, usaindu, kolorea ikusi, probatu, ahoan erabili…  Hau dena kafetera txino batzuetan egindako kafearekin.

Gero etorri zen onena: tabernako kafeteran egin zituen kafeak Javier Garcia-k eta hamaika gauza interesgarri kontatu zituen Estatuko barista txapelduna den irundarrak. Hemen zerrenda eran akordatzen zaizkidanak:

Kafea

  • Neurri bat dago. Kafea denboran eta kantitatean neurtu daiteke. Batazbesteko bat (aldakorra da…) eman zuen: 30 mililitro egiteko 20-30 segundu artean beharko lirateke. 30 ml-tik gorakoa galduago dagoen kafea litzateke eta 15 segundotan kafea egiten badigu kamareroak malooooo!!!!! Komunera…
  • Kamarero onek, rutina maite dute. Beti modu berean egin daiteke kafea. Berdin egiten dutenak izango dute gusturen bezeroa.
  • Kafea egin ostean barruan geratzen den kafea konpaktatuta geratu behar da eta erraz askatu behar da kafe-hautsa botatzen den ontzian kolpatzean.
  • Kamareroek kontuan hartu behar dute kafe-hautsa jartzen den kazoa siku egon behar dela.
  • Presio egokia egitea garrantzitsua. Baristek Tamperrak erabiltzen dituzte eta saiatzen dira 15-20 kiloko presioa egiten.
  • Kafe-hautsarekin kazoa kafeteran jarri eta segituan eman behar zaio ON botoiari. Ez utzi kargatuta eta gerora eman.

Esnea

Mundu bat esnearen bueltan. Ni gehien harritu ninduena esnearekin jokatzeko zuen modua izan zen. Figurak eta egiten zituen kafe gainean, baina hori baino garrantzitsuagoa iruditu zitzaidan:

  • Ebakia ez da kafesne txikia. Kikara leporaino bete behar hori… azalpen bat du: jendeari gozoagoa gustatzen zaiola eta esneak asko gozatzen duela kafea… Baina hori ebakia baino kafesne txikia da.
  • Esnea ondo berotzen bada esne gutxirekin nahikoa da kafea gozatzeko eta edari gustagarriagoa lortzeko.
  • Beroketan dago gakoa: Zenbat kamarero ikusi ditugu esnea gora eta behera mugitzen lurrun lantzagailuan? Okerra! hori ez da egin behar. Bueno, garai bakoitzak bere jokatzeko modua duela esan zuen txistea eginez. 🙂
  • Lurruna botatzen hasi aurretik puntan izaten duen ur kopurua kendu. Lurruna botatzen hasi, ez ura.
  • Ontzia metalezkoa izan behar da, base borobilekoa ze horrek laguntzen du esneak zirkulua osatu, zurrunbiloa egin eta esne guztia tenperatura berera heltzen.
  • Esnea berotzeko ontzian lurrun lantzagailua sartzen dugunean kieto! Geldi eduki behar da pitxarra eta esneak egingo du zurrunbiloa bueltan-bueltan. 
  • Horrela eginda, ia bikoiztu egiten da esne kopurua. Ez nuen usteko esne kantitate batetik ia bikoitza lortu zitekeenik. Krisi denboretarako egokia eta baita gure dastamenerako ere. Zer gehiago?
  • Ebakia bitsarekin? Bitsa atera bada esnea erre dugula esan gura du. Krematsua egon behar da, baina ez bits askorekin.
  • Garrantzitsua: esnea berotzen hasi hotzetik abiatuta. Esnea hozkailuan gordeta egon behar da. Horrela lortuko dugu testura elegante bat.
  • Tenperatura? bero-beroa? Ez. norbaitek behar badu ebaki beroa hartzea taza berotu eta ez esnea. Esnea larregi berotuta galdu egiten da.
  • 65-70 gradu behar ditu esneak. Gozotasun maximoa gradu horietan lortzen da. 

Tabernako egiatzat ditugunak ere gezurtatuta ikastaro amaieran

    IMG_0742

  • Etxean egindako kafea hartuta ohera joan eta lo hartzea errazagoa da tabernako kafea hartuta egitea baino. Gezurra, etxekoak ur gehiago duelako eta kafeinak errazago egiten duelako efektua.
  • Ebakiarekin egin nezake lo, baina hutsa hartuta ez. Gezurra ze kafeina kopuru bera dago bietan.