Donostiako hipodromoan Mendabiaren alde

Inoiz egon barik eta han joan ginen hipodromora familian atzo. Kuriosoa. Niretzat zeharo mundu ezezaguna. Bueno, etxean izan ditugu zaldiak, baina okelatarakoak. Hipodromokoen glamourrik ez, beraz. Hori bai, arratsalde pasa joateko ez dago gaizki.

Bederatzi euro ordaindu eta barrura. Lehen inpresioa handitasuna, oso da handia hipodromoa eta metro asko dira zaldiendako berde-berde prestatuak. Harmailak ere handiak eta jende multzo handiak hartzeko modukoak. Beteta zegoen lehen karreratik;  Bigarren inpresioa hara doan jendeak dirua duen itxura ematen duela. Krokodilodun nikiak eta marradun alkandorak gura beste.

Heldu eta lehenengo gauza “nola jokatu” orritxoa eskuratzea. Bost modu apustuak egiteko… zoramena! Zer den biki irabazlea, zer den hiru ordenatuta apustua edo tripleta, zer bikiaren kokapena asmatzea… baina bueno, galdetu eta listo! Ba ez, galdetu eta lehen baino okerrago geratu ginen. Tripleta bat jokatu ostean konturatu ginen ia ezinezkoa zela asmatzea. Bigarren karrerarako berriz galdetu beste bati eta jantziago. “Hipodromoko kokapena” asmatzea zela errazena eta zaldia aukeratzea falta. Zaldia aukeratzeko zer? ba DV-ko kritikariari kasu piska bat egin genion. Eta bakarrak bagina… bat baino gehiago ikusi genituen DV-ko orri moztua eskuetan zutela. Ez dakit beste hedabiderik baden orri osoa eskaintzen dionik. Gure zaldia aukeratu genuen: Mendavia.

Mendavia (eta ez Mendabia)

Mendabiako zainzuriak, basaranak eta piperrak gogoan batetik, zaldiaren jabeak Nafarroakoak-edo ote ziren bestetik (badakizue, bihotza), eta azkenik DVko orria eta hipodromoan ematen duten zaldien informazioa: Mendavia: 4. Viene de ganar fácil en Mijas. Tiene progreso, y debe estar cerca. Bazegoen faboritoagoarik, baina 10 eurotxo mendi bideak bere izenean zekartzan zaldiarengatik.
Mendabiak badu ba historia latzik: Gogorarazi genezake zelan udaletxeko ia korporazio errepublikano guztia hil zuten 1936an, edo ia 100 lagun fusilatu zituztela, edo emakumeei ilea moztu eta bandera falangistarekin herrian paseatzera behartu zituztela, edo… Baina bueno, jakin-minez, galdetu genuen ia zaldiaren jabeak zeintzuk ziren-eta:

Mendaviaren jabeak (ez Mendabiarenak) dira 18 lagun, Asociacion de la Concordian batzen direnak. Lur gaineko 3 karrera irabaztetik zetozenak Donostiako hipodromora, 57,5 kiloko M. Secci Jokey-arengan konfiantza jarri zutenak 2.200 metroko bidea lehenengo egiteko. Beraiek eraman zuten Ministerio de Medio Ambiente y Medio Rural y Marinok eta Frigok ematen zituzten 5.000 euroak. Gure Mendabiak zerikusi gutxi Madriletik etorritako Mendaviaren jabeekin. Errazago ulertzen dut orain Donostia hipodromoko karrera guztietara autobuskada jendek egitea joan-etorria Madriletik.

3 comments on “Donostiako hipodromoan Mendabiaren alde

  1. leire(e)k dio:

    Neu be ez nok iñoiz juan, baiña kriston kuriosidadia jakat!
    Iban, andrazkuak sonbrerorik janzten juek? Ascotten moduan? Hola izan
    ezkero, atxakixa perfekua dok, pamelia jantzi eta txanpiñoi bat
    emoteko! Baiña ze pozik!
    Sonbrero barik, glamurrik ez!

  2. arantzabal Iban Arantzabal(e)k dio:

    Ba ez najonan askorik ikusi, egixa esan. Baiña desentonorik ez legoken ikusi ezkerio. Egon gintzonan OPI leku baten be. Han andrazko dezente, harmailen goialdian. Eta andrazko bakoitza txanpan baso batekin. Pamela barik, baina danak Arielekin garbittutako (edo garbitokixan) zuri perfekto batekin jantzitta, ileapaindegittik pasauta eta terrazan bertan dagon makinatxo baten apustuak egitten.

    Atsaldepasa kuriosua don.

  3. loveof74(e)k dio:

    asociación de la concordia hori ez da Patricioren, lasarteko tabernaren, alboan eraikitako zaldiempresa?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude