Maite Artola Argian

Ez egunerokoa, baina Mezularia entzulea naiz. Gidaria zorrotza dela uste dut, baina batez ere hain definigaitz den “kazetari sena” duen horietakotzat dut Artola. Gustatzen zait.
 Argiaren 2.193 zenbakia ere eduki ederrez josita dator eta ausartu naiz Sustrai Colinak Maite Artolari egindako elkarrizketa puntuka biltzen blog honetan. Artolaren aipamenak dira komatxo artekoak (bakarrik), kazetaritzan gabiltzan askorendako baliozko iruditu zaizkidanak.

  • “Albistea ematerakoan non ez dugun huts egin behar adosten da lehenengo. Hori interes informatiboaren arabera egiten dugula esatea eta ezer ez esatea berdintsu gerta daiteke. Horregatik, etengabe gabiltza jendearen interesekoa izango denaren atzetik, eta horretaz gain, badira, irrati publiko batek ezinbestean eman beharreko albisteak.
  • Medio guztiok gabiltza iritzi propiorik gabe eta jakin behar dugu gure bezeroendako albiste dena aukeratzen. Gainontzeko medioendako albiste denak ez dauka zertan gurean albiste izan, edo han eta hemen lehen mailako albiste dena akaso gurean aipamen hutsa da.
  • Artolarentzat “kazetaritza beti izan da neuk ikusitako hura kontatzea, baina hori egiteko geroz eta aukera gutxiago daukagu, eta agentzietatik datorrena zurrupatu besterik ez dugu egiten.” Gaur egun, eta Internet dagoenetik gehiago, aukeratzaile ona ere izan behar da kazetaria eta ez albiste-aukeratzaile bakarrik: kazetariak bilatu behar ditu kontrasterako elementuak sinesgarritasunean asmatzeko.
  • Artolarentzat “detaileak bereizten ditu programak, detaileak egiten ditu puntako, multzoko, edo eskas. Magazine informatiboetan gauza bera. Denok gabiltza antzeko eduki, agenda, eta interlokuzioarekin. Zerk bereizten gaituen? Detaileak. Galdera berezi batek… Albistea bere hutsean eman beharrean beti saiatzen naiz albistea egoki janzten”. Esango nuke detaileak direla askotan albiste ze ilargira begiratzeko esaten digute atzaparrarekin seinalatuz, baina atzapar horretan dago albistea sarri. Albiste agentzien gurpiletik ihes egitea ere beharrezkoa dela uste dut, edo betiko alderdien mezu antzerakoetatik, edo sindikatuen aldarrikapen errepikatuetatik, edo futbolarien “irabaztea da garrantzitsuena” erako erantzunetatik, edo prentsaurreko muermo horietatik (galderak egiten ere uzten ez dutenetatik areago).
  • “Horretan datza gure lanaren enkantua, ahal bezain hitz gutxitan albistea ahal bezain zehatz agertzen.”
  • “Kontuak emateko dagoenari kontuak eskatu behar zaizkiola uste dut, bereziki gure dirua kudeatzen dutenei. Antenan egindako promesak, eta ildo nagusitzat saltzen digutena, beti hartu behar da kontuan hurrengo elkarrizketa egiteko.”
  • Artolarendako elkarrizketa on bat da “Elkarrizketatuari protagonismoa ematen diona. Estilo anglosaxoiko elkarrizketak egiten genituen telebista-saio hartan askotan dudatzen nuen ongi ari ote ginen. Galdezka hasten naizenean elkarrizketatuak jendearentzat interesgarria den hori esatea dut helburu. Pertsona batzuk behartzen ez dituzunean ez diezula zukurik atera iruditzen zaizu, eta gehiegi behartuz gero, ez dagokizun protagonismoa hartzen duzu. Neurri kontua da, baina ez da erraza… …buruan duzun eskema goitik behera aldatu edo egokitzeko gai izan behar duzu, bestela…”
  • “Albisteen sailean badaude 24 ordu irauten duten albisteak, baina beste batzuk arnas askoz laburragokoak dira.” Gertatu berri izate hutsa izan daiteke albisteago. Interneteko albistegietan horixe bera pasatzen da askotan. Azkarra izateak garrantzia handia du, baina gero kalitatearekin lotzen joan beharko ginateke albistea edo beste albiste batzuei lekua utzi.
  • “Kazetariak pentsatzen duena etxean uzteko ahalegina egin behar du. Irratira noanean ez zaio inori axola nik zer pentsatzen dudan. Nire lana ahalik eta ondoen egitera noa, eta horretarako, gaiekiko distantzia hartu beharra daukat. Hori kostatzen den? Benetako borondatea dagoenean ez dut uste aparteko zailtasunik dagoenik. Erabateko objektibitaterik ez da existitzen eta ez da sekula existituko, baina gaiekiko distantzia hartzea bakoitzaren esku dago. ” Eskerrak esaten den ez dugula pentsatzen duguna reseteatu behar kazetaritzan jarduteko. Norbere pentsaerak etxean edo erredakzioko atean lagatzea posible da, eta egia esan, eskatu daitekeen minimoa da sinesgarritasuna izateko.
  • Nola piztu euskaldun bati interesa mundu mailako albisteekin? “Gaia pertsonalizatuz. Afganistango gerrari buruz zenbat eraso izan diren, edo zenbat taliban hil diren kontatzea baino askoz eraginkorragoa da istorio pertsonal edo pasadizo familiarrak kontatzea. Ez da hain zaila, baina albiste agentzien gurpiletik ateratzea eskatzen du”.
  • Euskalduna eta euskaltzalea da Artola: “Antenan euskararen inguruko kontuekin ez naiz sekula isiltzen. Euskararen garrantzia aldarrikatu eta prentsaurreko guztia erdaraz ematen dutenekin ezin dut isildu, eta euren kontraesana behin eta berriz salatuko dut.”

One comment on “Maite Artola Argian

  1. iturri(e)k dio:

    Aupa Iban.

    Nik ere irakurri egin nuen oso-osorik elkarrizketa eta erabat ados nago zuk hasieran esandakaroarekin: sena duela.

    Pena izango da datorren denboraldian Maite ez egotea mikrofono aurrean. Bolada luzez, behintzat. Ea haurra izan ondoren ze tenple duen, berak ere aitortzen baitu hori duela orain lehentasun (logikoa).

    Halere, nonbaiten irakurri dudanez, Jaime Otamendi izango omen da irratsaio horren gidari berria. Oraindik gogoan dut Arantxa Iturberekin batera egiten zuten Goizean Behin hura. Ederra.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude