Kultura guneak gehiago lagundu beharko lirateke

Herriz herri sortzen dituzte udalek kultura etxeak. Eta herriak 10.000 biztaleko tamaina-edo badu etorriko da jarleku finkoak jartzeko gonbita. Zineak dira aukerarik zabalduena.
Espazio hilak ez badira ere espazio gaixoak sortzen dituzte jaiotzetik beretik, jendearen haruntz-honuntza larregirik ez dutenak. Konparatzen ditut herriz herri dauden belarrezko futbol zelaiekin. Futbol zelaiak hamabostean behin erabiltzen dira eta kultura etxeak ere… Gainontzeko egunetan eraikin hutsak dira, metro karratu hotzak.

Zalantza: udalek kultura sortu behar dute edo kultura lagundu?

Dudarik ez, bigarrenaren aldekoa naiz. Kulturari gagozkiola gehiago ikusten ditut Udalak herrian ez dauden ekimenak sortzen eta ahal delarik egiten edo ematen dituenari laguntzen eta animatzen. Hau da, herri batean gazte kolektibo indartsu bat badago ez dauka zentzu handiegirik Udalak dirua xahutzea gazteendako kontzertuak antolatu eta horrela ekintzak bikoizten. Beste herri batean jubilatuen elkartea bada herriko dinamika markatzen duena Udalak ez luke bikoiztu behar, baizik eta ekimena duten herritarrei lagundu. Margolari elkarte bat badago erakusketa egiten dituena zertarako Udala sartu erakusketak antolatzen? Antolatu beharrean espazioa txukundu, laguntzak eman triptikoak ateratzeko, argiztapen egoki bat izan dezaten inbertsioren bat egin, komunikazioan lagundu…

Lau eredu oker:

  • Okerra da Udala bakarrik eta inor baino gehiago bailitzan jardutea kultura egin guran. Kultura herriak sortu eta bideratzeko ahalegina egin beharko luke, akuilu lana egin. Ez daude alperrik udal askotan kultura dinamizatzaileak. Zer da bada dinamizatzea? Hitzari izana ematen saiatu beharko luke kudeaketa hutsetik harantzago.
  • Okerra da kultura talde eta elkarteak mundutik aparteko sateliteak letxe ibiltzea, bakarrik. Ekintzak antolatu eta antolatu, koordinazio barik eta gainontzeko herri-eragileen berri jakitzeka. Getoak ez dira ez onak.
  • Okerra da proiektuak etorkizuna izan dezan dabilen harriari ibili dadin laguntzarik ez ematea. Lagundu behar zaio ekimena duenari eta autogestioan aurrera egin dezan eskatu.
  • Okerra da Udala eta herria ados jartzen ez diren ekimenez betetzea herriko kultura agenda. Eskutik ebatuta behar lukete kultura guneek eta udalek: batak kultura ekintzak sortzen eta ematen modu independentean; besteak zer lagundu behar den eta zer ez erabakitzen herritarren ordezkari diren heinean.

Kultura elkarlanarekin estuki lotua ikusten dut, zelan bestela?

Errez ikusteko eztabaida saiua da Kalaka

Kalaka ikusten egon barri naiz medikuen telesaillak gustoko dittudan arren. Gustatzen jata formatua audientzia lortziari begira: dekoratu modernua eta dinamikua plato haundixan, sakonegi landuko ez diran gai pare bat edo hiru baiño ez, jente diferentia gai bakoitzeko (gaixan jakitun diranak betiko kolaboratzailliekin nahasixan), bideuak errutina apurtzeko, kaleko iritzixa (gaurkuan mundiala Bermeoko andra batek esan dabenian “nere lapikuan txorixo bakarra”), aurkezlia gidatzaille ona, gai aukeraketa popularra, kanpoko iritzi kualifikatuak…

Bereziki gustatzen jata Markos Zapiain filosofo eta blogariaren jarduna. Demasa gaur aluaren hutsunian gaiñian eta zakillaren mugen gaiñian bota dabena. Beti dauka zita landuren bat. Ez da tertuliano klasiko bat eta eskertzen da ekarpen hori.

Gero Errealan gaiñian berbetan  hastekotan ziran eta nik ordenagaillua piztu dot.  Pizten nenguan bittartian aluzinau egin dot zelako jendiaren iritzixak lortu dittuen:  Josune Bereziartu, Azkargorta, Iñaki Gabilondo… eta edozein debate gidariri gustauko lejakon Javier Clemente be lortu dabe (klaro, itzulitta). Ondo entzun badotsat Clementei, esan dau: Erreala ez doia ondo DV-k etorkizuna markatzen dotsan bittartian.

Ez dot jarraittu ikusten, baiña gerora penaz geratu naiz ia  hori esaldixoi garatu daben edo ez jakin barik. Ez dakit formatuak lagako zotsan gaixa mamitzen. Ondo legoke.

Zer egin anonimo zaratatsuekin?

Mezu luze xamar batean horixe galdetu dit lagunak: Hi Iban, gura ez ditugun anonimoekin zer egin?

Ez da kontua gaurkoa. Urrian ere galdera antzerakoa egin zidan. Gaur, hala ere, orduan esandakoek ez dute emaitza onik ekarri. Orduan idatzi nituen ohar batzuk galdera honi erantzunez: zer egin anonimoekin? Gaur, pentsatzen nago lau hizkiko nire izenari beste hiru (tal) jarri beharko nizkiokeela aurretik, akaso. Badauzkat lagunak gogorrago jokatu behar dela diotenak, baina ni talibanegia izan ez… beti pentsatzen dut berba eginda konpontzen direla gauzak eta lehenengotik egurra eman beharrean adostasunetara heltzea zen asmoa. Ez du funtzionatu kasu honetan. Zer egingo diogu ba, aurrean dagoenak ez du beti izaten entzuteko borondaterik.

Eta orain zer?

  1. Jarraitu argi eta garbi lagatzen zeinek agintzen duen webgunean. Arauak gogorarazi webgunean bertan.
  2. Zabaldu dezala blog bat gura duena esateko. Ez utzi zuen lana kakazten. Baduzue e-posta, esan bakea emateko ze gogoa, dirua, ilusioa eta denbora asko eman diozuen proiektu bat dihardu kakazten.
  3. Zarata jasanezina bada argi dago, blokeatu e-posta hori. Beste bat sortuko duela? ba blokeatu hori ere. Berdin hurrengo e-postekin.
  4. Jarrera baten kontra zaudetela igarri dadila, ez utzi horrelako mezuak argitaratuta. Onarpenik merezi ez duten mezuak direla ikusten baduzue (irainak, ez-konstruktiboak, ez dutenak albistea osatzen… : ezabatu.
  5. Jarraitzen duela? izan zuek hobeak teknikoki bera baino. Antzeman, aurreratu.

    Eta ezer ere ez? Gogortu jarrera.

  6. Login sistema bat jarri. Login egin, e-postaz konfirmatu beharko du erabiltzailea bera dela. Login egiteak jendea galtzea dakar, baina zarata gutxitzea ere bai. Nik gurago ditut zarata gutxiko lekuak.
  7. Luistxori kenduko diot zer egin anonimoekin mezuko erantzunaren zati bat: Suntsitzaileei aurre egin behar zaie, neurri teknikoekin bai, baina batez ere determinazioarekin. Bai, hori egiteko momentua da.
  8. Pasa beraren mezuak bakarrik moderatzera. Hau da, egin aurre-moderazioa baina IP jakin bateko mezuekin. Ez denekin, ze asko moteltzen du parte hartzea. Trol horrek idazten duena irakurriko duzue eta gura baduzue paso eman edo gura baduzue utzi argitaratu barik, moderazio kolan. Esango nuke badakizuela honezkero zein IP-tatik idazten duen, ez? Hori zuen alde dago.
  9. Txopiri hartutako ideia: IPak gordetzea. Indymedia Euskal Herrian erabiltzen duten softwareak (edo Apache bezalako web zerbitzariko logak ondo kudeatzen
    badakizue) bidalketa bakoitza, iruzkin bakoitza eta irakurketa bakoitza
    nondik egiten den jakin dezakezue. Egun batzutan zehar azterketa egin
    ondoren, trolaren IPa jakingo duzue. Ez hori bakarrik, erabiltzen duen
    nabigatzailearen izena eta bertsioa ere bai (agentea deitzen dena).
    Txopik esan zuen moduan erabiltzaile gogaikarri batez dihardugu, beraz, eliminatu behar da puntu honetara helduta. Gogorragoa izan behar bada izan. Egurra!
  10. Beti da posible moderatutako erantzunak bakarrik sartzea. Metodo honek asko jaisten du erabiltzaile kopurua, baina publikatuko da zuek gura duzuena bakar-bakarrik. Ez badago modu errespetuosoan idatzita atzera eta kitto.

Zentzuratzaileak zaretela entzuteko prest egon zaitezte. Hori bai, nik gurago dut zentzuratzen den webgune bateko jarraitzaile izan eta ez kakaz josita dagoen webgune batekoa. Iritzi askatasuna bai, kaka kakaren gainean ez.

Geroagokoak lirateke, nire ustez, izen-abizendun erabiltzaileak bakarrik onartzea eta abarrekoak. Segi borrokan zuen proiektuak merezi duela uste baduzue. Seguru jende askoz gehiago dagoela egiten duzuena txalotzen duena. Ez utzi hiru-lau memelo edo memelinari ezer kakazten. Animo!

PETTI

Atzokua ez da erreza azaltzeko. Adibide batekin saiatuko naiz: azkenengo kantuan dozena bat minututik gora jardungo zeben, hala eta be ez neban gura bersiñua akabau zeixen. Horra! amaitzia gura ez dozun kontzertu bat.

Dale eta dale baterixa-jotzaille gazte profesionala lehenengo kantutik zeukan barretxuakin; bajistia erritmuan ondo eta taldekidiekin bat egindda; gitarriari soka bat apurtu eta beste gitarra bat ondoraiño eruan arren jarraittu egin zeban azkenengo kantuko hustutzia ez apurtzeko; ahotsa eta gitarrianak ez dauka izenik, edo bai, barkatu, badauka eta maiuskuletan: PETTI.

Pentsatzen neban Etxeko uzta ezingo zala hobetu… Baiña bai, azkenengo diskua egin daben ONena da. Kantuak dare entzun eta entzun egindda aspertzen ez zazenak. Lasai eta gordin jarduten badaki, erritmo bizixan eta neurtu be bai, goiko erregistruetako amorru-ahotsetan zein behekuetan eroso, arpegio sinploi goxuetan noiz edo noiz eta mastillian gora eta behera ausardiaz askotan. Gitarrero fiña eta gibeletik kantatzen daben monstruoa. Letrak be demasak dira. Hau danau diskuan, baiña zuzenian?

Zuzenian

Zuzenian animalixa bat da Petti. Hain disko ona txiki geratzen da zuzenekuan erakusten daben indarrakin. Kantu gaztienak be hobetuta eta dana entzun nittuan, bizixago batzuk eta ahots joku diferentiekin beste batzuk. Ahots laguntzak gustatzen jataz, baiña gutxitan moduan, ahots bakarrak bete egitten nindduan kantutik kantura, apenas botatzen da faltan beste mikrorik. Zein atrebiduko da ba basajaunaren onduan?

Urteko emanaldi onena ikusi dodala badakit. Durangoko azoka guztian ez da egongo iñor ingurura be arrimauko jakonik. Ez dago bat Euskal Herrixan gitarria eta ahots nagusixa izan eta bixak hain ondo lotzen dittuanik. Haundikerixa barik, ez dago eta kitto! Eta hau holan izan arren batzuk bueltia emon ei zeben dozena bat euro karua dala-eta. Ez dot ulertzen! Kontzertu ona, aretua fenomenua, soiñua argixa eta argixa entzuteko modukua. Antzokiko lagunek oso ondo antolatutako saiua. Atzo Gogortzak etara zotsan etekiña aretoko ekipuari.

Eskerrak, bestetik, badaren disko-etxiak musikan eta musiko onetan sinisten dabenak irabazixen gaiñetik. Ez dot gura pentsatzia holakuen faltia zer litzaken.

Hamabost urte pasau daukazen Ene begiek kantuarekin amaittu zeban kontzertua Pettik. Nik gura neuke kantuko erlojuaren orratzak herdoiltzen diran letxe Plateruenakuak be herdoilduko balira, astiruago juango balitza denboria sikiera, bizitza hau bakarra delako!

Pelota partidurik ez neban ikusi

Eta arraro sentitzen naiz. Egixa esan parian tokau ezkero ikusi egingo neuke eta gustora ikusi sufridu arren. Gurago izan neban olatu haundixak ikustia kostan, hala eta be.

  • EAEn % 33ko audientzia (portzierto, zelako nahastosua dan erkidegua eta talde politikua be EAE izatia. Nekosua beti ANV-EAE idaztia… ).
  • Nafarruan % 40ko audientzia. Bi lagunetik batek ikusi zeban partidua.

Partidurik ez eta telebistarik bez. Aste akaberia aretotik aretora ibilli naiz.

Barikuan Txuma Murugarren (webgunia ei dauka, baiña telefonicaren lotura bat agertzen da…) eta Gari (ikustera ohittuta ez nagon webgune bat, zeozela esatiarren) ikusi nittuan Plateruenan. Etxian moduan egoten naiz hango antzokixan. Kontzertu ona. Bixak dittut gustoko eta oso oso txarto egin biharko leukie nik okerrekorik esateko. Hori bai, Roberto Mosok urten zeban momentuan… gure lagun batek galdetu zeban moduan: Roberto Morro dok dantzan dabillena?

Zapatuan Leo Bassi Elgetako Espaloia Kafe Antzokixan. Jendez lepo egon zan Espaloia eta ez zan iñor urten disgustora. Berakin afaltzeko aukeria euki neban eta gustatzen jata daukan bizi-filosofixia. Jarduntsua da eta luze egon giñan entzuten kuadrillatxua. Oingo astian Toledon egongo da, ateuen elkargune izango da Toledo. Zein herri eta Toledo! Blogari saiatua da Bassi eta nundik nora dabillen jarraittu geinke errez. Emongo dau zeresana Toledon probokazio-man-ek.

Domekan olatuak ikusten lehenengo eta gero goxo-goxo Victoria Eugenian. Berandu erabaki giñuan Ruper ikustera fatia, baiña aukera ona izan zan. Lekua… elegantia da, baiña gu hirugarren solairuan egon giñan. Zer esango dot ba! Ba galdu egitten da taula gaiñekua bertatik bertara ikusten ez danian. Hirugarrenetik be soiñu ona eta argixak mundial. Jabi Ulla ezaguna da, baiña ezagunago izateko meritu guztiak egin zittuan domekan be. Ruper bera ondo (hobeto egon izan da Ruper be). Atzo nerbioso-edo… anplixari “on” emotia ahaztuta behin, zubitoren batekin be larri, letraren batzukin nekez be bai… baiña ondo. Haizietan jardun zeben  Gorka Benitezek (saxua eta zehar-txirulia) eta Juan de Diegok (fiskornua). Entsegu gutxitxokin seguruenik, baiña kolore politta emon zotzen pare bat kanturi. Jendez lepo aretua eta artistiari txalo zaparrada haundixak joten, entregauta. Politto egon zan. Dana grabau da eta lau kamaratan, gaiñera! Komentarixo asko egin zittuan eta kritikatxo bat be bai. Irratixetan euskal musikarik jartzen ez zebeneko urtien gaiñian egon zan berbetan eta bota zeban: bueno, gaur egun moduan. Txaluak entzun ziran antzokixan. Komentarixuak badauka mamiña, baiña hau beste egun baterako.

Gaur astelehena… eskerrak zubixa be badatorren. Animo!

Euskarazko albistegietarako esku-liburua aurkeztu du EITBk

Gaur goizean han izan gara, EITBko MEGAestudioetan (inbidiaz diot hau). Hala ere, bisita gidatua agindu digu zuzendariak eta aurrerago idatziko dut horren gainean. Gaur EITBk gonbidatuta egon gara esku-liburuaren aurkezpenean. Esku-liburua? ez zen ba estilo-liburua? ba ez. Nik estilo liburua espero nuen, egia esan. Estilo liburu bat esango zuena nola eman pasoak albisteei, aurkezleen janzkeraz zerbait, hau edo beste albisteetan erabili beharreko irudiez, soinuari nolako tratamendua, elkarrizketak nola, argiztapena nola zaindu informatiboetan, informatiboetako kazetariek erabili beharreko erregistro ezberdinak… Ni estilo liburu baten aurkezpenera joan naiz-eta… Eta kale. Akaso horrelakorik ere beharko da ba… Neure akatsa bila joan naizena ez topatzea.

Liburua jaso dugu eta irakurri dutenen iritziak entzun ere bai. Akademikoegia ez izatearen onura ikusi dio Beatriz Zabalondok. Gaineratu du zehatza dela eta irudia eta soinua kontuan hartuta idatzitakoa. Juan Garziak zuzentasunetik haratago egokitasuna bilatzen dela esan du eta lortu ere lortzen dela. Kritikatxoa ere egin du Giputx-irratiak ere horrelakoren bat behar duela-eta. Jakin dugu lanean dihardutela irailetik. Rosa Miren Pagolak hizkuntza bizkorra erabiltzearen alde egiten duela esan du eta liburua ateratzearren zorionak eman dizkie egileei. Komentatu du azentuan, doinuan… gai suprasegmentaletan badagoela zeregina oraindik. Badugu bai zeregina.

Aholku emaile da liburua eta hori bai, hori demasa da! Ez du kazetaria mintzen “txarto dago, txarto dago, txarto dago” formula erabilita. Hori badu ona bai.

Nik bistazoa jo diot eta euskalkiaren atalaren bila jardun dut. Ez, oraingoan ere ez da tokatu. Eta ez diot nik Maialen Iriarte bizkaieraz berbetan hasi behar denik, baina badago kalera ateratzen diren kazetariek egin dezaketenik. Iritzi horretakoa naiz ni.

Liburua bai, liburua. Papera. Webgunean? ez. Ez oraingoz. Ez dute esan behintzat eduki hau sarean dagoenik eta nik ez dut aurkitu. Notizia atera dute eitb24.com-en. Beñat Oyharçabal ere egon dela irakurriko duzue -X noticia-X goiburudun berrian. Ba alboko tabernan-edo ikusiko zuen kazetariak, edo beste puntaren baten, benetan handia da-eta EITBko egoitza-eta…

Hori bai, liburua erabiliko dugu tokiko telebistok. Anaia handia(e)k egindako lanak beti dira ondo jasoak. Erabiliko genuke irratikoa eginda balego ere, eta baita inork aipatu ez duen Internetekoa. Esku artean daukadan hau ederra da eta eskarmentudun jendeak idatzia egoteak plusa ematen dio. Ez ditu 25 urte alperrik bete telebistak. Eskerrik asko zuen lana liburu batera ekartzearren. Zorionak Asier Larrinaga eta lantaldeari. Baita EITBri ere.

Leo Bassiren kontra egitten jarraitzen dabe

Gure herriko alkatiak ohar bat etara dau Leo Bassik Elgetan jokatuko daben antzezlanaren harira jasotako spama dala-eta. Handik etaratako puntu batzuk:

  • Elgetako Udalak 200 mezutik gora jaso dittu azken egunotan Internet
    bidez Leo Bassik abenduaren 1ian Espaloian egingo daben ikuskizuna
    bertan behera lagatzeko neurrixak hartzeko eskatzen.
  • Bigarren aldixa da Bassi
    Elgetara datorrela eta iaz be antzerako mezuak jaso zittuan Elgetako
    Udalak.
  • “Ez dot neurririk hartuko Leo Bassik
    Espaloia Kafe Antzokixan egingo daben ikuskizuna dela-eta”.
  • “Ez Leo Bassik, ez
    beste iñork, ez dau merezi bere ideia, iritzi edo pentsakerak libre
    azaltzeko eragozpenak izatia”.
  • Herritarrak animatu gura dittu aurtenguan Instintos Ocultos  ikustera fateko: “Herritarrek erabakiko dabe ikuskizunak
    merezi daben edo ez . Bakoitzak bere iritzixa euko dau. Hoixe dauka oiñarri
    adierazpen askatasunak, danon askatasuna”.

Goittik behera egitten dot bat gure herriko alkatiak esandakuekin. Halakoik!
Zer uste dabe dirala eskuma muturrekuok holako mezuekin spameatziaz gain artista baten jarduna eragozteko?

Leo Bassiren webgunia

Iaz be egon zan Espaloian hau bufoiau eta esan zoskunez bere armarik haudixena antzeztokixak badira be,  oso gertutik jarraitzen dotsa Internetek. Sarri idazten dau leobassi.com webgunian eta danetik topauko dozu han: Bassibussaren barri, Leo Bassiren gaiñeko kontuak, apostasia egitteko pausuak, agendia … Bassi Elgetatik pasau ostian fango da nora eta Toledora, Ateuen lehenengo kontziliora.

LeoBassiElgetan

Leire Narbaiza: Euskaltegietako irakasleon miseriak eta komeriak

Leire narbaizaren bloga irakurtzia gustoko dot. Zentzuz eta bizi idazten daben horretakua da Leire. Nik maisu-maistren soldatak artikulua idatzi eta berakin berba egitteko aukeria euki neban. Oin hau artikulu sankonau idatzi dau: Euskaltegietako irakasleon miseriak eta komeriak.

Berak diño: “nik lan hau maite dut, gustura nabil eguneroko borroka honetan.” eta guk zu maitte dotsugu, Leire. Maitte dotsugu ze…  ze zaittugu erakusten jarraittu bihar daben jende hori guztioi bihar dau ondio euskeriak. Bihar dogu euskaldunok. Bihar dabe erdaldunek.

Berriro be irakasliak etorri jataz burura, bestelako kondiziñuetan dagozen  irakasliak. Eta, klaro, desio dot ahalik eta jende gehixenak irakurtzia zure mezua, baitta erakundietakuek be.

Bihotzez eskerrik asko, Leire. Eskerrik asko idatzixoi barru-barrutik sareratziarren.

Kantari: euskal kantuak bultzatzeko ekimen arrakastatsua

Unai Iturriagak Berrian : Haurrek Txaikovski nor den badakite, baina Imanol ez; norbaitek bultzatu beharko luke hori.

Eta ez du arrazorik falta! Besteak beste horrekin konturatuta Debagoienean Kantari ekimena jarri genuen martxan urriaren 20an. Ideia bat egiteko ETBko “Egin kantu” moduko bat da, baina baditu ezberdintasunak:

  • Ez ditugu ume onenak aukeratu. Denak dira onak.
  • Debagoieneko ume guztiek parte hartu ahal izan dute eta 550 umek igo dute oholtzara.
  • Ez dago irabazlerik. Edo hobeto esanda: denak dira irabazle.
  • Denei erakutsi diegu koreografia minimo bat.
  • Uda aurretik eman genien CD parea 40 kanta euskaldunekin. Hainbat gurasok ere entzun behar izango zuten umeek ikasi beharreko kantua…
  • Ez dira izan euskaratutako kantak, baizik eta euskaraz sortutakoak, euskal sortzaileenak.
  • Denak, 550 umeak aterako dira telebistan, GOITBn.
  • Edozein joan ahal izan da Kantari-ko grabazio saioetara (lau herritan egin dira) eta doan.
  • Denei emango diegu aukera ikuskizuneko DVDa 6 euroan eskuratzeko. Kantariko kamiseta opari.
  • Kantuak: Pirritx eta Porrotxen “Maite zaitut”, Joxe Ripiauen “Kaiser Sose”,  Tapia eta Leturiaren “Galdurikan nago”, Oskorriren “Katuen testamentue”, Itoizen “Goizero”, Hertzainak talderen “Bi minutuero”, Kortaturen “Sarri sarri”,  Hemendik At-en “Eskutitza”, Sorotan Beleren “Arratsalde honetan” eta Latzenen “Laztana”.  Baita ere, zelan ez, ekimen honetarako propio sortutako Kantariko kantua ere.

Unai Iturriagak dioen moduan norbaitek bultzatu beharko luke euskal kantua ezagutaraztea, plazaratzea, erreferente bihurtzea, gozatzea…  Batzuei sorkuntza dagokie, beste batzuei, berriz hori entzunarazteko bideak erraztea: udalak, kultura teknikariak eta zinegotziak, antzoki sareak, euskara elkarteak, tabernak, liburutegiak… badugu zer egina.

Oraingoan ere pentsatzen dut tokian tokiko proiektuek badutela bestela antolatu eta arrakastatsu izateko modua. Debagoienean kantari ekimen xumea Durangaldean kantari ere izan beharko litzateke, edo Goierrin kantari, edo Bortzirietan kantari, edo..  Txaikovskiz gain euskal kantariak ere ezagun izan daitezen.

Zelako bloga abiatu: anonimoa edo izen-abizenduna?

Nik argi nuen inoiz blogik egingo banu izen abizenekin egingo nuela. Bai, blog onak ere badaude nork idazten dituen ez dakigunak eta izena jartzeak ere ez du bloga ona denik adierazten beste barik… Ez nuke gomendatuko blog anonimo bat egitea:

  • Askoz ere zailagoak dira topatzeko eta baita jarraitzeko.
  • Askoz ere hotzagoak dira aurpegi bakoak diren heinean.
  • Sinesgarritasunean galtzen dute.
  • Izen-abizen barik errazago ateratzen dira mezuak, hau da, izen-abizendun blogak mimatuago edo daude ze nor zaren jakinda kritikak ere badatoz…
  • Anonimoari erantzun bat uztea hartzailearen daturik gabeko karta bat bidaltzea modukoa da: Helduko da, baina ez dakizu zeini.
  • Esaten duena bere zurruntasunean bakarrik hartu daiteke, hau da, ezin punta atera bere berri ez baduzu. Ezin irakurritako mezuari beste adibide erreal batzuk gehitu.
  • Ingurukoak irakurle izatea oso nekeza. Norbanako bakoitzak badugu irakurle kopuru bat gu geu garelako bakarrik, izen eta abizen bat badugulako. Bizitza errealean badugulako komunitate bat.
  • Ezagunak diren irakurleak asko laguntzen diote blogariari: bai blogean egindako erantzunekin; bai pribatuan bidalitako e-postekin.
  • Ezin entzun kalean: “Gustatu zait atzo idatzi zenuena” edo “zelan esan zenezake horrelako astakeria!” edo “atzoko erretratua oso eskasa zen” edo “asmatu duzu titularrean” edo “pasatu egin haiz!” edo… Eta kritika guzti-guztiek laguntzen dute.
  • Batzuk uste dute morbosoago direla ezkutuan. Bada gezur handia da. Ezkutuan daude eta ez dute horregatik bakarrik berezko erakarpenik. Ezkutuan daude eta kito!
  • Susmopean jartzeko balio dezake. Irakurlearen galdera beti da bat: Zergatik gordetzen du bere nortasuna, zer edo zer izango du ezkutatzeko?
  • Komunitatekideenganako errespetua: komunitate txikietan, behintzat, beste denek izen-abizenak dituzte, zein arrazoigatik sare-identitatea ezkutatu zure kideei ere?

Blogak duen gauza politenetako bat da sareko kontu hauek guztiak nahasten direla gero bizitza errealarekin. Erantzun dizun horrekin, eta beti ere zein den badakizu (nik zorte hori badut, zorionez) , jarraitu zenezake eztabaida zerbeza baten bueltan. Eta zein sanoa den bertatik bertarako harremana… Irakurtzen dira testuak sareak hoztu egiten duela diotenak, harremanak ordenagailutik ordenagailura baino ez direla esaten dutenak, baina bai zera! Sarean idaztearen gauzarik onena lehen zenituen harremanetan sakontzearena da, blogean atera den eztabaidagaiari punta ateratzea kafe batekin lagunduz. Polita da zure blogean parte hartzen dutenekin elkartzen zarenean sortzen den konplizitatea.

Bloga izen-abizenekin abiatzea ia ezinbestekotzat jotzen dut. Gainera, zenbateraino zara ba anonimo? hori posible da?