Facebook gero eta erabiliagoa, baita bilatua ere

Hirugarren postuan dago “facebook login” Googleko berba bilatuenen zerrendan. Kuriosoa da. Hauxe zerrenda:

  1. sarah palin
  2. beijing 2008
  3. facebook login
  4. tuenti
  5. heath ledger
  6. obama
  7. nasza klasa
  8. wer kennt wen
  9. euro 2008
  10. jonas brothers

Nik ez dut horko izen bat ere topatu googlen, baina harritu egin naiz “Facebook login” hor egoteaz. Nik neuk ere orain urtebete baino askoz denbora gehiago pasatzen dut Facebook-en. Zerrenda atera dut hemendik: http://www.google.com/intl/en/press/zeitgeist2008/index.html Euskal Herrian zer den topatzen dena auskalo ze daturik ez dut topatu. Espainian topatzen dena gurean ere (hegoaldean) topatuko dela pentsatuta…:

  1. fama
  2. tuenti
  3. cintube
  4. facebook
  5. hi5
  6. fotolog
  7. myspace
  8. youtube
  9. badoo
  10. loquo

Sare sozialak zerrenda honetan ere bat baino gehiago. Hor egongo da mahatsa, antza, 2009an… Lagun batek esaten dit nerabeen kontu bat dela sare sozialen kontu hau, baina bai zera! nire sare sozialeko lagunek aspalditxo pasa zuten nerabezaroa…

Iraindu egin dituzte Nafarroako euskarazko hedabideak

Nafarroako Parlamentuak onartu ditu 2009rako dirulaguntzak Nafarroako hedabide euskaldunendako. Zenbat? Ba Nafarroako hedabideetan euskararen presentzia bultzatzeko 9.567 euroko diru
partida jasotzen dute aurrekontuek,
hau da, iaz onartu zen partidatik %96,7ko murrizketa.

Duintasunik ez euskararendako Nafarroan. Duintasunaren partez iraina jaso dute.

Eta gero eta diru laguntza gutxiago jasota hedabideak argitaratzearen aldekoa naiz, baina tamalez, oraindik, behar-beharrezkoak dira diruok. Gogorra da behar horren jakinean egon eta horrelako murrizketa egin izana. Gogorra, gaitzestekoa eta irtenbideren bat topatu beharko zaiona.

internet? Internet?

Jasotzea egin dut buzoitik BAT soziolinguistika aldizkaria. Lehenengo 50 orrialdeak irakurri ditut, Javier Diaz Noci, Josu Amezaga eta Edorta Aranaren artikuluak tartean. Interesgarriak eta gomendagarriak “hedabideak eta euskara-plangintza” interesatzen zaizkionarentzat. Dena den, artikulu biok ez, lehenengo orri bi irakurtzea nahikoa izan da mezu hau idazteko aitzakia izateko.

Zelan demondre idatzi behar dugu: internet? Internet?

Nik beti idazten dut Internet, maiuskulaz. Baina bestela ere hasi naiz irakurtzen… lartxotan…

Informazioa: informazioa soilik

Horixe dio Euskadi Irratiak egin duen irrati-spot berriak. Etxerunzkoan entzun dut, Mezularia amaitu eta gero. Informatiboez dihardu iragarkiak auto-bonboa eginez. Baina “informazioa: informazioa soilik” izatea ontzat ematen da?

– Informazioa eta ez komunikazioa?
– Informazioa bakarrik?
– Soila dioenean purua esan gura du?
– Soila zer da, sinplea?
– Soila zer da, garbia?
– Soila esklusiboaren zentzuan?
– Soilik bai, eta iritziekin lagunduta ez?

Zer pentsatua ematen du soil berbak.

El Mundokoen azala

Azala behar da tiroka ezer konpontzen saiatzeko gaur, eta baita azal hau argitaratzeko ere. Hilketaz hitzik ez, ez du merezi.
Azal honetaz:

  • Argazki gogor hori, eta bigarren argazkia joku-kuadrilakoak kartetan segitu zutela esateko azpi-oin hau duena: Conpañeros de partida de Uria, poco despueés del mortal atentado. El segundo por la derecha sustituyo al empresario. Papereko edizio osoan ez duena esaten da omenaldia egiteko egin zutela partida, “Uriak begiratuz gero horrela ikusi gura gintuzkeelako” Euskadi Irratian esan duen moduan karta-jokoan jardundako lagunak.
  • Titularra: ETAk gobernatzen duela esaten, aluzinantea.
  • A 125 metros de la Basílica de Loyola, donde Batasuna, PNV y PSE NEGOCIARON EN SECRETO. En fin.
  • Eta gero literatura: le dispararon sin mediar palabra akaso, han egongo zen kazetaria…

 En fin, holaxe mundua. Atzo baino okerrago gaur.

Xabier Iturbe Kutxako presidentearen hitzaldia euskara hutsean

Gaur goizean Arrasateko Kulturaten egon naiz. BBK eta Kutxaren fusioaz entzun eta irakurri ditugu demasak, baina gaur Kutxako presidentearen ahotik entzuteko aukera izan dugu fusioaz uste duena. Hitzaldia euskara hutsean izan da eta publikoan egongo ziren 70-80 lagun inguru, gehienak enpresarioak. Bai, baziren euskaraz tautik ere ulertzen ez dutenak. Hala ere, hitzaldia euskara huts eta garbian egin du.

Aurrera goaz bai, aurrera goaz eta garaiotara egokitu beharko dugu euskaltzaleon mezua ere. Presidentea etorri da Debagoienera eta euskara hutsean egin du, konplejo barik. Horixe esan diot hitzaldia amaitu duenean, eskertzen dela hitzaldia euskara hutsez egin izana, beti ez dela gertatzen eta abar. Xabier Iturberen erantzuna hauxe: ni euskalduna naiz.

Hitzaldiko bideorik ez, baiña hemen uzten dut GOITBn egin diogun elkarrizketa (15 min)
 

Juan Carlos Perez live

JuanCarlosPerez

Zelako kontzertu profesional eta ona Espaloian ikusi duguna. Kantautore lanetan ondo, jazzeroago jokatzen duenean zoragarri eta bere kantu ezagunenen bertsioekin (hau  berua, esan baietz, ta iraun zeinke…) diskokoa gailentzen du. Itoizen denborak berandu harrapatu nituen, diskoetan ezagutu dut Itoiz, baina JC Perez-en lana hasieratik jarraitu dut eta baita zuzeneko batzuk ikusi ere. Jende askoren kontrara JC Perez gustatzen zait Itoiz-en aldean, zer egingo diogu ba.
Zale bat zaleagotzea ez da erraza, baina lortu du. Erraza zuen gaur elkartu garen askokin, baina pena jende gehiagok ikusi ez izana. Taldekideak ere zein baino zein hobeto: Fernan Irazoki zuzen baterian eta erritmoa ondo markatuz, Gonzalo Tejada kontrabaxuarekin  joko bateratuan. Haizeen presentzia handia eta belarrietan goxo sartzen dena: Andrzej Olejniczak, Ruben Salbador eta Alberto Urretxo. JC pianoan zatirik handienean eta gitarrarekin amaieran. Gitarrarekin  dut gustukoago, baina eroso ikusi dut pianoan, babestuago-edo.
Hilabeteetan ez nintzen emozionatzen kontzertu batean eta bisean eutsi ezinda egon naiz. Gehiago nahi eta amaitu behar dela jakinean… Horretarako ere bada musika, domeka gau euritsua tristea ez izateko. Fenomeno egon da kontzertua eta 150 lagun inguruk gozatu dute gustura jardun duen musikari handiarekin. Biba JC, ederra!

Serafin Basauri, eskerrik asko

SerafinBasauriBeti begiratu dotsat Serafiñi miresmenez. Eta ez da ez asko esatia: gizon trankilla, serixua, humanua, jantzixa, euskaltzalia, entzuten dakixena, edadian aurrera juan arren gaztia, animo emolia, e-posta da baten erantzuten dabena, ekintzaillia, konprometidua, herrikua, laguna… Nik holakua izan gura dot haundi eginddakuan, benetan.

Herri hizkerak jasotzen lan egittetik ezagutu dot nik Serafin, Badihardugun sorreratik. Elkarteko
presidente be izan da, eta Ohorezko Presidente da oin. Makiña bat lan egindakua da euskerian alde eta horretxegaittik omenalditxo bat egin bihar dotsagu ingurukuek. Bonbo eta platillo barik, beraren estilua ez da-eta. Bazkari-omenaldi bat izango da eta han egongo gara lagungiro ederrian. Eskerrik asko, Serafin. Hi moduko akuluekin ez jaok geldi egoterik.

  • Eguna: abenduaren 20an, 13.00etan.
  • Lekua: Arrate Hotela.
  • Menua: Paletilla Iberikoa, Pikilloko piper beteak,
    Bakailao Orly mokadutxoak / Arrain-zopa / Lupia laban edo txahal solomilloa
    cabrales saltsan / San Markos tarta.
  • Izena-emateko: 35 euro sartu behar dira Kutxako kontu
    honetan: 2101 0035 16 0010181170.
  • Harremanetarako: 943 200918.
  • Sustatzaileak: Arrate Kulturala, Badihardugu elkartea, EibarOrg, …eta
    kitto!
    , Klub Deportiboa eta Mogel Ikastola.

Zein dan Serafin Basauri, ez dakixenandako:

Gurasoak bizkaitarrak zituen, Atxondo ingurukoak, baina Eibarrera
ezkondutakoak. Serafin eta anai-arrebak Eibarren jaio ziren eta bertan
bizi izan da beti. Frontoizarreko eskola nazionaletan ikasten hasi
ondoren, fraileetan eta Armeria Eskolan jarraitu zuen. 17 urterekin GAC
lantegian hasi zen lanean eta, ondoren, hainbat urtez Alfan. Franquismo
garaian Eibarren izan zen mugimendu klandestinoan eta euskalgintzan
erabat murgildu zen. 1955-1970 bitartean Eibarren euskararen eta euskal
kulturaren inguruan izandako eragile nagusietakoa izan zen, Imanol
Laspiur eta Juan San Martin lagun zituela. Klub Deportiboko euskara
klaseak, ikastolak, Ekin, eta abar. Baita ondoren ere, HBn, Aralarren
eta Elkarrin. Franko osteko lehenengo legegintzaldian zinegotzi izan
zen Eibarko udaletxean. 1990. urteaz geroztik Eibarko euskara jaso eta
aztertzeko saioetan ere lan handia egin du, batzuetan zuzenean lanean
eta beste batzuetan lekuko bezala. Euskaltzain urgazle da.

Oh.: pista Eibartik. Testua Ahotsak.com webgunetik: Serafin Basauri