Ohitura da kultura, zorionak Durangoko Azoka!

Azokak eman du berea. On-line eta fisikoa izan da: On-line ez da izan iazkoa zifretan, baina izan da; fisikoa ez da izan orain dela bi urtekoa ere, baina izan da.Azoka egunetan entzun dira egin beharko liratekeenez hainbat jardun, baina errazagoa da stand guztiak zabalik eta txukun daudenean iritziak ematea norberaren burutazioetatik (eta behar propioetatik). Zailagoa behar du izan eguneroko COVID-19 zifrei begira bizitzea azaro osoan eta ehunka enpresaren arnasa sentitzea kolkoan. Arnasa da ardura antolakuntzarendako. Ezina ekinez egin da. Benetan inporta dutenek eskertu dute sortzaileen eta antolatzaileen hautua: BEZEROEK. 

Bezeroa: atetik sartu den pertsona bakoitzak kopuru handiagoa inbertitu du kulturan. Ez beharbada disko honetan, baina bai berri-berria den horretan; ez derrigor liburu honetan, baina bai bestean. Gutxiagok gehiago. Paseanteak baino erosleak izan dira pasiloetan ikusi direnak eta horiek dira edozein azokaren bezero OPIak. Kontzertuetara joaten denari eskertu behar zaion legetxe eskertu behar zaio erostera etorri denari. Eskerrak! 
Ezin ahaztu, hala ere, ikus-entzuleek, hitzaldietan egon direnek, antzerkian egon direnek, ipuin kontaketetan egon diren umeek edota etxetik streaming-ean jarraitu dutenek ere gozatu dutela eta hori hor geratzen da, norberearen diskoraren edo liburuaren salmentak baino harantzago. Zenbat aldiz ikusi da, esaterako, Anariren Platerueneko “Vinu, cantares y amor” ederra?  Milaka batzuk. Zein da horren eragina?

Bide batez, standetan egon diren sortzaile, saltzaile, enpresari eta abarrek zenbat erosi dute gainontzeko standetan? Iaz baino kopuru handiagoa izan da? Orain dela bi urte baino handiagoa? Ez da neurgarria, noski, baina gure mikro-mundo honetan oso inportanteak dira gainontzekoen kontzertuetara doazenak edo gainontzekoen hitzaldiak entzuten dituztenak bezainbeste sormen lanei aukerak ematen dizkienak patrikatik dirutxo batzuk aterata. Eroso erosi ahal izan dute, behintzat, standetan egon direnek gainontzekoen sorkuntzak. 

Argazkiak erakusten du zein gutxik egin behar duten zenbatendako, nolabait.

Plateruenan kontzertua ikusi dutenak, San Agustinen antzezlanak, Zugazan filmak edo Saguganbaran ipuinak, horiek dira ekosistema desiragarria osatzen dutenak, eta, gerora ere, euskal kulturaren parte izango direnak. Parte: izan sortzaile, erosle, ateko zaindari, komunikatzaile edo antolatzaile. Eta parte urte osoan. 

Badakit antolatzaileak standa erosi duten enpresen onerako egin dituztela ahaleginak. Zorionak eta eskerrik asko ematea tokatzen da. Niri horixe ateratzen zait eta ez besterik. Atera da aurrera Durangoko Azoka. Ez zela egingo ere mahai gainean egon zen egun batzuk lehenago, eta alderdi tirabira eskax batzuk ikusi baditut ere egin izana bera da albiste ona. Ustez, denendako. Egin da, zorionez.

Badaude asko saldu dutenak, eta, tamalez, pentsatutako beste saldu ez dutenak ere bai. Ez dut topatu lagun bakar bat ere azoka egin izanaz damututa, baina bai gutxi saldu izanaz kexati. Eta baliteke duela 2 urte beste ez saldu izana, jende kopuruaren eraginez ere bai, baina ez bakarrik. Uste dut momentu ona dela begirada altxatu eta etorkizuneko kulturaren egoeraren nondik norakoaz pentsatzeko. Orain dela bi urte ez da gaur, eta gaurkoa ez da izango bi urte barrukoa. Nik gauza bat daukat argi eta horregatik nire zorionak Gerediaga elkartekoei: 2021ean horrela egin izan ez balitz asko zailduko luke 2022koa eta aurreragokoak. Excelak eta Word-ak gertuago egongo dira aurten azoka egin izanagatik.


Kultura ohitura da
Kulturan errazagoa dirudi, eta izaten da, etxafuegoak bota eta jendea zerura begira jartzea egun eta ordu puntualetan, ekitaldi puntualetan. Arnasa luzekoak eskatzen du erronka konpartitua. Arnas luzekoa da kultura-ohitura. Kultura-ohitura da, hain zuzen, desira eta behar. Kultura-ohiturarako da ona azoka egin izana gune guztiekin. Aurtengoagatik merezi zuen, baina zer esanik ez urte askoan bizirik behar dugun Durangoko Azokarekin pentsatuta. Formatu honek funtzionatu du. Hurrengo urtean gehiago eta hobeto. 

‘Aita, eta orain zer egin behar dugu Julian barik? E?’

Pena handia da, eta galdu arte ez dena konturatu izango da ez dela zerbitzu horren erabiltzailea. Julianek lana utziko du. Galeraren zenbatekoa eta zelakoa dira handiak. Ez dut uste erraz egongo denik beste inork esatea: “gutxiago erosi”. Julian Markiegiren esaldiak dira: “Gaurkoz nahikoa da”, “bihar etorri berriz”, “gaur ez da aste akabera eta horrenbeste gauza…”, “kromo pakete pare bat nahikoa da, gorde dirua”, “Kinder arrautza oso karua da eguazten buruzurian erosteko”.

Zenbat saltzailek esaten dute ba, saltzen dutena saltzen dutela, “nahikoa da” edo “gaur ez erosi”? Saltzailea saltzeko dago ba, baina Julian ez da bakarrik saltzailea izan. Umetan ulertzen nekeza den arren, umeen laguna izan da. Garbi ikusi eta bizi izan dugu ume ginenok urteak hartu ahala.

Gurea ikusi dut nik neuk pentsati, 5 edo 10 zentimoko gominola bat erosteko; 5 minututik gora pentsatzen, eta Julian begira tarte horretan guztian. Julian: tenplau.

5 zentimo? 10? 20? merkeegi dira zerbitzu horretarako. Zentimoak, euroak… errorea ere egiten dut nik horrela pentsatzen! Izan ere, zentimoa ez da dena. Dirua da trukeko aldagaietako bat, baina ez bakarra. Pazientzia eman izan du Julianek debalde, kioskora joate hutsaren trukean.

elkarteen errifak direla, Dya-ren loteria dela… beti egon da prest laguntzeko. Borondatez hor ere. Mugi txartela ere pazientziarekin kargatu izan du.

“Periodistia”. Bere aita, Juan “periodistia” zen guretzako. Nik beranduago ikasi nuen “periodista”-k beste osagai batzuk bazekartzala definizioan, pentsa! Elgetarrok Julian Markiegirengana barik Julian periodistarengana joan izan gara urte askoan; geroagokoa da “kioskoko Julian”. Dena esatera, izan du periodistatik Julianek. Ez daude herriko notizia asko harek jakin barik pasatuko direnak. Herriko autubatzaile ere izan da zelanbait, eta beti errespetuz kontatzeko kontatu behar zena. Zintzoa. Uste dut berba horretxek definitzen duela Julian.

Ezagutu ez nuen aitita ere “periodistia” ei zen. Federiko, aguazila ere izan zen, udaletxeko bigarren pisuan biziko ziren orduan, seguruen; gero Juan, aita; eta azkenengoa bera, Julian. Baina zelan ahaztu Rosario ama, esaterako. Harek egin zituen kiosko txikian orduak eta orduak. Asko. Eta gure umetako listopasaukeriak aguantatzen ere bai. Julianen arrebak ere ikusi izan ditugu plazabarrenean, izan ere, eguneroko zerbitzua lotua da oso. Badaki dakienak. Eta egunerokoan eten txikiren bat baino ez du egin Markiegi familiak. Egunkari banaketan egunkaririk banatzen ez den egun horretakoa baino ez da izan jai eguna. Urtean pare bat egun. Ikusi dugu goizean goiz lanean, astegun eta jaiegun.

Zein merke erosi izan dugun eta zein garesti izan behar den ez erostea. Herri moduan beste galera bat. Handia. Konturatuko garena falta dela. Zeinek egingo du egunerokoen banaketa egunero, atez ate, eguna zabaldu orduko? Zenbat balio du etxeko zapatilekin ataritik egunkaria jaso, denbora hartu eta eguneko egunkaria irakurtzeak gosaltzen? Ba hori dena posible izan da. Demaseko zerbitzua eman du familia honek eta ezin eskertuago egoteko momentua da.

Deskantsua hartzekoa ere bai, noski, izan ere, baten batek merezi badu Julian Markiegi da. Deskantsua merezi du, eta merezi du urte askoan ahalik eta erosoen eta pozen bizitzea. Berari ere kostatuko zaio, akaso, goizeko erreferentzia ez izatea; guri, behintzat, asko kostatuko zaigu zerbitzu hori galtzea, ez baita zerbitzua bakarrik, gertuko pertsona bat baita herritarrok faltan botako duguna. Eskerrik asko, Julian.


Euskararen egunean izan zen Julianek kioskoa zabaldu zuen azkenengo eguna.

Goienak atera du albistea goiena.eus-en: https://goiena.eus/elgeta/1638518191223-gaur-itxiko-du-kioskoa-julian-markiegik

COVID-19 erreskatea jaso ez dugunok ere sufritu dugu COVID-19a


Eusko Jaurlaritzak erabaki du hedabide batzuei laguntzea COVID-19ak eragindako galerak apaltzeko, 5 milioi eurorekin. Albisteak egoneza sortu du, inon ez baita azaldu zeren arabera eman zaizkien laguntza horiek hedabide batzuei, eta beste batzuei ez. TOKIKOMen Administrazio Kontseilutik galdegin diogu Jaurlaritzari ea asmorik duen gainontzekook ere laguntzeko, eta erantzun horren zain gaude. Erantzuna jaso bitartean,
ohar hau argitaratzea erabaki dugu.


Dirulaguntzak hedabideei emateak hizkuntza politika gainditzen du eta ondo irizten diogu, edozein enpresa edo sektore moduan behar baitu laguntza hedabideen sektoreak eta horrela jokatzen da munduko hainbat herrialdetan. Hedabideen kasuan, gainera, behar dira editorial ezberdinak dituzten hedabideak, behar ditu demokrazia sano batek. Edozein industria arlo moduan hedabideena ere lagundu izana albiste ona da eta horretan
sakontzeko deia egiten diogu Eusko Jaurlaritzari.


Hala ere, momentuz, COVID-19aren garaian, hedabide batzuen galerak estaltzeko jarri da dirua, eta, bistakoa da demokrazia sendo batek eskatzen duela hedabide guzti-guztiak laguntzea. Arrazoia oso argia da: COVID-19ak hedabide guztioi eragin digu. Datu horien berri badu Eusko Jaurlaritzak.


TOKIKOM osatzen dugun hedabideon kasuan, zailena zen momentuan ere mezu instituzionalak, osasunekoak eta oinarrizko beharrei lotuak zabaldu ditugu kazetaritza egin eta zerbitzua emanez. Biak ala biak ziren garrantzitsuak, 200 profesional baino gehiagok eman zuten komeni zen zerbitzu esentzial hori eta irismena handia izan da, trafikoa ia bikoiztu eta 2.314.268 bisita jasotzeraino Tokikomeko hedabide digitaletan, esaterako.


Eman eta hartu. Herritarrek eskertu dute tokikoetan egindako lana eta datuak dira horren adierazgarri; erakundeek ez zuten berdina pentsatu, antza, pandemian egindako kanpainak eta publizitatea ia osotasunean egunerokoetara bideratu zutelako. Hala ere, espero dugu publizitatearekin ez bezela, laguntza puntual hauekin hedabideek pandemia honetan egindako lana aitortuko dela. Horixe da idatzi honen helburua: eskatzen dugu 5 milioi bideratu dutenekin mahai batean jartzea, jaso ez dutenendako zer pentsatu den hitz egitea eta proposamen bat lantzea. Azkenik, baldintza berberetan dirulaguntza puntual
bat adostea.

COVID-19a ez dute sufritu dirua jaso dutenek bakarrik; latza izan da kazetaritza egitea egun horietan eta egindako esfortzua aitortzea litzateke laguntza jaso ez dutenekin elkartu eta gaia lantzea. Hasieran esan dugunez, beraz, albiste ona da Eusko Jaurlaritzak hedabideen sektorea industria moduan kontuan hartu eta harentzako ere COVID-19
laguntza bereziak sortu izana. Eseri gaitezen mahai baten bueltan eta adostu ditzagun sektore osoarentzako babesaren nondik norakoak.


Andoainen, 2021eko azaroaren 25ean
TOKIKOMen Administrazio Kontseiluak

Tokikom sariak eta jardunaldiak

Aste lanpetua izan dugu. Tokikom sariak antolatzen buru-belarri Tokikomeko lantaldea, baina baita ikasteari orduak emana ere. Ikasteko gonbidatu ditugu hiru profesional, eta, horiekin, aurretik ere luze eta zabal egoteko aukera izan dugu: erakutsi diegu zer egiten dugun tokikoen egoitzetan bertan bilerak eginda; lan-saioak antolatu ditugu EITBko zuzendaritzarekin batera EITBn bertan. Elkarren ezagutzatik eredu berriak asmatzea da helburua eta ia badugun kapazitaterik horretarako. Harremana ona izan da eta kontaktua izango dugu aurrerago ere.

Iban Arantzabal, Esther Alonso, Matthew Barraclough, Alaitz Artolazabal, Unai Iparragirre, Arno Schepers eta Pete Sherlock

BBC

Partekatzean dago oinarria, estiloarekin partekatzen da, eskuzabal: datuak, istorioak, bideoak… zabaldu eta zabaldu kalitate estandarrarekin. Zintzotasuna beharrezkoa dela azpimarratu digute, konfiantza. Norbait kexatuz gero segituan eman behar zaiola erantzun egokia eta ez dela egin behar hedabide kideek nahi ez dutena. Inpartzialtasuna da beste gakoetako bat bakoitzak bere editoriala duela onartuta. Adostu dituzte jokatzeko moduak eta argi dute gehien jartzen duena BBC bera dela tokikoen mesedetan. Baita BBC-k ez diela tokikoei eskatzen norbere editorialari uko egiteko. Galdetu diegu zergatia ere, zergatik eskuzabaltasun hori, eta erantzuna azkar: “denon dirua darabilgulako”. Kultura demokratikoa dute hedabideetan eta demokrazia soziala aldarrikatzen dute oinarri-oinarrian: “tokiko kazetaritza ondo dagoenean gizarte demokrazia sanoagoa dago”.  Ematen dizkiete tokikoei ikastaroak, edukia sortu, informazioa eman, ebentoak antolatu… 171 enpresen arteko akordioa. Matthew Barraclough eta Pete Sherlock ondoan izan ditugu dakitena erakusteko gertu.

Het Belang Van Linburg

Flandriako hedabidea: podcastak, telebista, egunkariak… Freelance askorekin egiten dute lan eta oinarria dira. Tokiko kirola dute indarguneetako bat. Paperean indarra jartzetik sarean jartzera pasatu dira, papera utzi gabe. Aplikazioa oso erabilia eta sakondu nahi dute pertsonalizazioan. Soilik beraiek eskaintzen duten edukia jorratzen dute eta horrek baimentzen die kuota sistema batekin jardutera. “Etiketen bidez, erabiltzaile bakoitzari interesatzen zaion edukia eskaintzen diogu; albisteetatik, ikus-entzunezko, buletin edota iragarkietara. Eta bide berean egokitzen ari gara harpidetzak, gazteei begira, sareko kontsumo azkarrari begira”, adierazi du. Arno Schepers-en hitzetan, egunkariaren balorea “irakurle anonimoak zein harpidedunak balorean jartzea da”.

Eldiario.es

Esther Alonso eldiario.es hedabide madrildarreko kazetariak ireki du gogoetarako bidea. Alonsoren hitzetan, “komunitateari garrantzi handia” ematen diote: “Irakurleei entzutea ezinbestekoa da”. Datuen analisian jarri du enfasia, hutsetatik ikastean, analitikari garrantzia eman behar zaiola argudiatuz. Hala ere, hortik aurrera jauzi bat eman beharra azpimarratu
du 2022an 10 urte beteko dituen hedabide madrildarreko kazetariak. Adierazi duenez, “egun ezin ditugu irakurleak soilik bilatu, gure proiektuarekin konplizeak diren herritarrak baizik”.
Bide horretan, eldiario.es-ek gardentasunean eta fidelizazioan ahalegin berezia egiten duela azpimarratu du.

Sarituak
Zorionak denei! Tokikoetan kalitatea dago. Aurtengo kanapeen egileak: Sakanako Guaixe aldizkaria, Hego Uribeko Geuria, Goierri Irrati-Telebista eta Karkara aldizkaria izan dira:

  • Azalik onenaren saria: ‘Uda Sakanan’ (Guaixe)
  • Edukirik onenaren saria: ‘Etxerriko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak’ (Geuria)
  • Ikus-entzunezkorik onenaren saria: ‘Ateak itxi, leihoak ireki’ (Goierri Irrati-Telebista)
  • Komunitatearen saria: ‘Bandera da Orion’ (Karkara)

Bertaratutakoek gailendu nahi izan dituzten berbak:

Komunitatea, elkarlana, lankidetza, konfiantza, berrikuntza, getutasuna, tokikoa, gertukoa, denona, demokrazia, berrasmatu, profesionaltasuna, kalitatea, inpartzialtasuna, zubiak, hiperlokala, euskara, beharra…

Behar bat da kazetaritza

Anbotoko Tokikomkideek bete dituzte urteak. Proiektu sendoa dute. Elkarrizketa bat egin didate eta titular honekin publikatu: “Demokraziak kazetaritza behar du propagandaren gainetik, kontrastea diskurtso bakarrari kontra egiteko”. Elkarrizketan esandakoen artean Goienaren erreferentziak aipatu ditut:

Anboto, esaterako. Tokikomeko 76 toki komunikabideetako bakoitzetik dago zer ikasi. 200 lankide daude Tokikomen, eta sorkuntza etenbako horretan beti daude “kanapeak”. Bestalde, Goienatik urteetan jarraitu diegu, esaterako, ideia hauei: Guardian Media Group-etik ulertu dugu enpresa multimedia ezin dela gerontokratikoa izan eta ezin duela hedabiderik zaharrena gurtu: papera. Edo Roy Greensladeri irakurri genion kazetaritzak kultura berriak bere izan behar dituela: erreminten integrazioa, espazioena, lan metodoena eta hedabide bakoitzaren hizkuntzarena; The Daily Telegraph-en konbergentzia prozesu bat behar genuela ulertu genuen, eta astiro egin beharrekoa, gutxienez lau gai landuz: teknologia, enpresa, profesionaltasuna eta editoriala; The New York Times-ek marka globala nola egin duen edo erredakzio integratuen garrantzia estratagema enpresarialaren ikuspuntutik; El Diario-ren bazkidetza eredua; BBCren lana tokikoak eta demokrazia lotuz; katalanen egituretatik ikasi…

Elkarrizketa guztia hemen: https://anboto.org/durangaldea/1636662445825-demokraziak-kazetaritza-behar-du-propagandaren-gainetik-kontrastea-diskurtso-bakarrari-kontra-egiteko

Sastre gogoan

Alfonso Sastre Espaloian izan zenekoa gogoratu dut. Asko ikasi genuen Espaloian eta hau izan zen egun horietako bat. Begira ibili naiz ia noiz izan zen, ia argazkirik banuen… Eta testu bat ere topatu dut, orduan idatzitakoa, dagoeneko existitzen ez den agerkari baterako:

Ez zen bidalia etorri Euskal Herrira, Rosa Lopez eta Isabel San Baldomero moduan. Senadore izandako bi hauek aldarrikatzen dute beraien eskubidea munduan hara eta hona ibiltzeko, baina beraiena bakarrik, paterak akorduan hartu barik. Galarazten zaienei errespetu gutxi erakutsita.

Alfonso Sastre eta Rogelio Botanz. Espaloia, 2005eko maiatzaren 20an.

Bestelakoa da Alfonso Sastrek eman zigun mezua: herrien arteko gerrarik egon behar ez denekoa , ezta klaseen arteko bakerik ere. Mirestekoa, bai Sastrek eta Eva Forest bikote idazleak duten bizitzeko era koherentea. Aspaldi afaldu barik nengoen, utopia aldarrikapen bihurtzen duten komentarioak entzuten. Noiz entzuten dira ba? Kuba eta Venezuelatik ekarri duten baikortasun hori bai, posible da oraindik. Sinistuta nago.

Afari ostean taula gainera. Rogelio Botanzekin atera zen. “Kultura erresistentziako kide batekin” Sastrek dioen moduan. Ez da ulertzekoa jende gehigok mezu hau entzun ez izana. Gerturatu beharko lukete antzokietara, kultura etxeetara, gaztetxeetara, liburuetara, kantura eta poesiara. Ze Sastrek dioen moduan: “bizitzaren kontu hau egun
batean amaitu egiten da, egun bat heldu eta ez gaude gure kalean. Egun batean gure auzoan esango dute: hil da bat. Egun bat da inoiz ezer izan ez bagina moduan”.

Eta Rogeliok gehitu: Musikaren kontu hau egun batean amaitu egiten da. Egun batean dagoeneko ez gaude gure antzokian. Egun batean gure auzoan esango dute itxi egin dutela. Egun bat da, arnasa bizia izan ez bagina moduan.

*2005/05/20-ko testua, bere horretan.

CC: Iritzi bat, eta ez legeaz

Iritzi bat diot, ze zenbat buru… Hau da, iritzi hau ez da inola ere zuk zer egin behar duzuka idatzitakoa.

Aukera bat dira lizentziak, eta aukera interesgarria cc lizentziak bai norbanakoentzat bai enpresa txiki, ertain zein handientzat. Blog honetan agertzen dena inork lau haizetara zabaltzea gura balu aukera luke: lana kopiatu, banatu edota nahieran erabili. Kasu honetan, aitortu-partekatu berdin. Blog sarrera hauetatik dirua irabaziko banu (inposiblea, edozeinek dakienez) eta nire pentsura inork irabazterik nahi ez banu, beste lizentzia aukera batzuk ere banituzke, adibidez: “aitortu, ez komertziala, lan eratorririk gabe”. Baina zein da kontua? ba hizkuntza oso txiki batean jarduteko hautua egin dudala eta hemen agertzen den argazkiren bat, edo testuren bat, edo… inork erabili nahi balu, ba hortxe luke, erabilgai: “eman ta zabal zazu”. Hori dut jardunbide hizkuntzari lotutako bizitza-hautuetan ere eta nahi nuke horrela izaten jarraitzea euskarak duen egoera duen bitartean. Tamalez, bizi naizen artean. Urte honetan bertantxe erabili du erakunde publiko batek azterketa batean blogeko testu bat. Baina erabili nahi balu irabaziak dituen enpresa batek ere erabil ahal izango lituzke. Erabili ditu. Duina da erabiltzea eta duina irabaziak dituenak ere erabiltzea. Zero arazo. Eta Wikipediak ere hartu eta erabiliko balu poza, poz handia emango lidake.

Estutu dagigun torlojua pixka bat: argitaratu dut blog honetan 8 egun lantzen egon naizen artikulu bat. Luzea, paperean dozena erdi orri beharko lituzkeena. Artikulu horretan euskaraz sekula irakurri ez den istorio eder bat dago (dena da uste bat…). Behin idatzita, zabaltzea ere nahi nuke eta saiatu naiz horretan. Bisita asko izan ditu artikuluak eta ikusten dut estatistiketan ez bakarrik artikulu honetara, beste hainbat ere interesatu zaizkiela bloga ezagutu dutenei eta denbora dezente egin dute beste hainbat artikulu irakurtzen ere (berriz diot, dena da ustea). Istorio horrek eragin du zeresana eta hori ikusi du Goienako kazetariren batek. Testua, egindako argazkiak eta 12 minutuko bideoa hartu eta zabaltzen du Goienak ere 48 ordu pasa ostean. Aldizkarian zati handi bat jaso du, eta gehiago nahi duenari ematen dio aukera blogeko lotura eskainiz eta esanez bideoak eta argazki gehiago daudela. Eta erabili du kazetariari interesatzen zaion istorio zatia bere webgunean ere. Ni pozarren, ze idatzi dudana blogean zabaldu du baita Goienak ere. Jakin badakit zenbat klik izango dituen segituan blogak, izan ere, Goienaren eragina blog xume honen aldean ikaragarria da (kendu beroarena honi ere). Zabaltzeaz gustura eta baita euskaraz idazten dugun komunitate txiki honetako bazterreko blog hau ezagutzera eman duelako ere. Bisita asko blogera. Eta beste asko geratuko ziren Goienak argitaratutakoarekin nahikotzat jota. Hau poza! Berez, hau da, legez, ez luke ezta eskatu beharrik ere Goienako kazetariak baimenik. Blogeko edukiak cc-by-sa dira.

Berriz ere beste buelta bat: Blogaria animatu eta topatu du beste istorio polit bat. Atzetik zebilen, eta pare bat asteko lanketa behar izan badu ere polita geratu zaio. Kostata konbentzitu du istorio kontatzailea, eta esan dio blogariari: “laguna zaitudalako eta blog hau gertukoa dudalako animatu naiz elkarrizketa egitera”. Berriz ere eduki multimedia bat eta inork gutxik ezagutzen zuen gertakari bat oinarri duena. Goienak, oraingoan, hain luzea ere ez zen testua eta fusilatu du goitik behera, argazkiak hartu eta erabili, bideo guztia jarri Goienaren euliarekin. Lan osoa hartu eta erabili. Egia esan, hori egin dezake eta egin du. Euskara zuzenketa batzuk ere egin dizkio, beharrezkoak zituelako 😉 Ez zuen baimen beharrik. Asko zabaldu da eta bereziki euskarazko testuetan “eman ta zabal zazu” horretan sinisten dudanez, ez dago batere txarto. Pozik? ba bai eta ez. Aitortu dute nik egin dudala eta bloga ere aipatu da. Hori bai, bisitak Goienan geratu dira bakarrik. Denak. Den-denak. Eta pare bat asteko lanaren emaitza Goienako kazetari bizkorrak eta Goienak berak jaso ditu. Ez da horrenbeste bisita kopuruan katramilatzea, baina aitortza ere badakar klikak. Bai, “eman ta zabal zazu” esaten diozu zeure buruari, baina… Elkarrizketatuari kale egin diodan sentsazioa ere badut. Joko-arauak hala ere, argiak dira: legea, cc-by-sa lizentziapean. Ez du lege-hausterik egin Goienak. Goienak zabaldu du. On egin dio euskarari eta bla bla bla guztia. Pozik bai, baina… Bai, ze demondre! Pozik. Zoratzen ez, baina pozik.

Bat gehiago torlojuari? Hirugarren istorio on bat (esan dut dena dela ustea ;-). Kasu honetan (fikzioa hau ere) argitaratu du istorio on hau Goienak ze istorio kontatzailea oso identifikatua dago tokiko kazetaritzarekin eta ez Facebookekin. Kazetariaren nomina Goienak ordaintzen du. Erakundeen laguntzak, Goienakideen urteroko ekarpenak, Debagoieneko komertzioak, banner erosleak, zerbitzuak, spotak… dira lagungarri kazetaritza profesionala egiteko. Eta, noski, ikus-entzule-irakurleak dira oinarri garrantzitsuena kazetari horrek aurrerakin bat eraman dezan etxera. Bezero kopuru horiei esker da posible nominak ordaintzea. EITB-ko kazetari bizkorrak ikusi du Goiena telebistan eguerdian istorio on hori. Eta EITB taldeak hartu du osorik goiena.eus webgunetik, izan ere, han dena dago cc-by-sa lizentziapean, momentuz. Egia esan, zain-zain egongo ziren ze dozena-erdi ordu baino gutxiago behar izan dituzte istorio hau informatiboetan eta “Biba Zuek!” programan emateko (adibide bat da…). EITB-k zein saioaren ekoizleak egin lezakeen? bai. Aitortu eta partekatu berdin egingo badu bai, behintzat. Hurrengo astean Wikipediak ere hartu du istorioa eta argazkiak, eta txukun-txukun geratu da edonork erabiltzeko moduan lizentzia horri esker.
Eman dute EITBn, Eulia EITBrena. Iragarkiak EITBrenak. Aurkezlearen sarrera, EITBrena; “Biba zuek” saioarena, saioko gidoilariek egindakoa. Eta osteko tertuliarako gaia ere izan da beste dozena bat minuturako. Egia esan, beste batzuetan legetxe, ekoiztetxetik Goienara ere deitu dute istorioaren oinarria den emakumearen telefono eske, ez istorioaz galdezka ze badute eskura. Ez zaio eman telefono zenbakia, emakumeak baimena emango zain daudelako Goienako kazetariak. Poza? ze poz? Bueno, pozen bat ere egon daitekeela ezin ukatu, baina… Ufff. Torlojua estu.

Egile eskubideen lizentzien artean oreka bilatzen dute lizentzia hauek. Sorkuntza lanaren eskubideak arautzeko modu bat dira. Ona. Uste dut gehitu behar diegula lizentzia on hauei torlojua larregi ez estutzea. Hau neure iritzia, ez legea. Zergatik? euskarari komeni ez zaion pausoa emateko tentazioa handia izan daitekeelako, bereziki, enpresa diren hedabideetan (ez nire blogean, bistan da). Beste lizentzia batekin jarduteko eragozpenik ez dute jarriko ez dirulaguntzetan, ez dute izango bazkideek, ez komertzioek, ez bannerrak kontratatzen dituztenek… Betiko copyright-etatik (oso ohituak gaudenak euskal literaturako liburuetan irakurtzera, esaterako) euskal hedabide gehienek darabiltzaten Creative Commmons lizentzietara aldea badago. Bata zein bestea dira egokiak, baina ez denentzat. Wikipediarako, adibidez, batzuk dira bakarrik erabilgarriak eta askok dugu ekimen hau maite. Ez dago inori zer erabili esaka jardun beharrik, baina sortzailea babestea ezin ahaztuzkoa dela uste dut. Eta bai, baita enpresa argitaratzailea ere.

Hortik aurrera, ba cc-by-sa lizentziak egokia dirudi bihurkina apurtzen ez den bitartean. Tortsio indar handiarekin torlojua larregi estutzeak horixe ekar lezake-eta.

Umoreaz ikuspuntu bi

Gosaltzen irakurri nuen Berria paperean Telleria eta Labakari egindako elkarrizketa. Umorea zen gai zentrala. Ematen du gaiak bai. Gauza askotan egongo dira ados elkarrekin, baina nabaritu daitezke diferentziatxo batzuk ere eta interesgarria iruditu zaizkit, oso. Bereziki interesgarria, hitz honekin aipatzen ez den arren, bezeroa erdigunean jartzeaz dihardutenean. Ezin burutik kendu hedabide baten jokaeraz hausnartzeko ere eman didala, izan ere, esan egin behar da umoretik eta hedabide batean ere: ESAN. Baina nola, zeinentzat, goitik behera, behetik gora, parez-pare, zirikatzaile, mitinero, sarrera (harpidetza) ordaindu duen hori kontuan izanda, funtzionatzen duen hori egitea nahikoa den… Hemen entresaka bat, umorearenaz. Hedabideenaz beste baten…:

Antton Telleria: Eta munduak stand-up komedia egiten du eta euskaldunok berriz, bakarrizketak. Iruditzen zait dela nahi gabe azpitalde batean sartzea. Nik stand-up-aren alde egiten du: stand-up-a euskaraz.

“Ze askotan badirudi: “Hau da nik egin nahi dudana eta hau da niri gustatzen zaidana”. Baina ez dezagun ahaztu jendea zu ikustera joan dela, sarrera bat ordaindu duela, ondo pasatu nahi duela, eta zu zerbitzu bat eskaintzeko ere bazaudela.

Nirea oso komediaren zerbitzura egiten dudan hautaketa da.

Niri gustatzen zait umorea norabide guztietan egitea, sinisten dudalako eta gustatzen zaidalako pentsatzea umorea errealitatearen isla bat dela, eta, alde horretatik, umorea behetik gora soilik egin behar dela esaten duen jendea hipokrita xamarra iruditzen zait, ze gu, bizi, norabide guztietan bizi gara. Kontziente naiz horregatik zauri batzuk irekiko ditudala, baina aldi berean irabazten dit beti umorea egin nahi horrek.

Ni jabetzen naiz, eta ez zait gustatzen, erabat norabide batean eta helburu batekin umorea egiten ari zarenean, zure testuak hartzen duela halako mitin puntu bat.

Nik uste dut aitortu beharko litzaiokeela umoregileari umoregile izatearen lizentzia.

Ane Labaka: Nik ulertzen dut umorea arma politiko bat ere badela, eta oholtzan nagoen momentutik nahi dudala, gainera, gauza batzuetan eragin. Orduan bai, umorearen zerbitzura, baina baita umorea beste gauza batzuen zerbitzura ere.

Eta ni saiatzen naiz goitik beherako umore hori ez egiten, ni umorera iristen naizelako atzean hausnarketa batekin, eta ez dudalako sinisten umorea dela umorea bere horretan.

Nik ikusten dut ia ezinezkoa dela umorea umorea egite hutsagatik hori. Eta ez dut esaten umoreak balio duela gizartea eraldatzeko, bakarrik zuk pentsatu duzulako umoregile gisa zein mezu nahi duzun hor kamuflatu; esaten dut bestela ere gizartea ohituta dagoela eta historikoki umore hari batetik gatozela, eta barre egiten diola horri, hain zuzen ere zuk erdi nahi gabe bota duzun mezu horrek funtzionatzen duelako. Eta niretzat da: “zergatik funtzionatzen du gaur egun bizi garen gizartean txiste mota horrek?”.

Nik sentitzen dut sortzaile gisa ezin naizela erdian egon.

Bertsotan ere, zenbateraino den pertsona, pertsonaia, bertsolaria… Defendituko badugu umorea egin daitekeela denari buruz eta adierazpen askatasun hori, nik defenditzen dut, gainera, orduan, kritikarako eta analisirako prest egon behar dugula.

Paperean ikusi ez nuen argazkia. Horrela ezagutu omen zuten elkar.

Elkarrizketa osoa bideo-zatiekin eta guzti ere atera dute Berria.eus-en: https://www.berria.eus/ahomentan2021/09/05/umoreaz-serio.html

Debagoiendar queer asanblada

Barka titularra bihurritzea, sarrerak irakurtzeko idazten dira-eta… 🙂 Euskaltzaindiak beste baldekada bat berba onartu ditu. Batzuk onartu, beste batzuk moldatu, beste batzuk eguneratu… Atentzioa deitu didate hainbatek. Eta horien artean daude:

Asanblada

Zergatik? ba gazteago eta eztakitzerrago nintzen garaian, euskal filologian nenbilela, liluratu gintuelako Sarasolak “Euskara batuaren ajeak” liburuarekin: ” Asanblada. Espainol mozorrotuaren mukuru hau erruz erabiltzen da oraindik, edozein moduz idazten dutenen artean, eta erruz ikusten da hormetan eta, euskaraz ez dakitenen eskutik. Hitzak tradizio ezin urriagoa du, are Frantziako Legebiltzarra izendatzeko. Hortik kanpo ezta arrastorik ere”. 1997. urtea zen… Harrezkero, arrastoa heldu da hormetatik Euskaltzaindiaren hiztegiraino.

Debagoiendar

Zenbat poztu naizen! Orain dela 20 urte ez zen posible. Nago, egin duela hedabideetatik hiztegira, baina ez bakarrik. Politikarien adierazpen askotan dago, elkarteetako ordezkarienetan eta baita kalean. Debagoiendar, debabarrendar, beterritarTxantxiku ere hiztegiratu da, zoologiako sarrera moduan. Pozik irudikatu ditut debagoiendar batzuk, sekula baino debagoiendarragoak diren horiek, eta ez Elorregiko biribilguneagatik bakarrik.
debagoiendar berbaren adibidea Goienako kazetari batek idatzitako albiste batetik hartu dute, 2017ko albiste batetik: https://goiena.eus/debagoiena/1496399830280-bigarren-saria-arizmendi-ikastolako-abesbatzarentzat Arizmendi ikastolakoen adibidetik dator Euskaltzaindiaren hiztegira debagoiendar hitza, beraz.
Goiena komunikazio taldearen izena ere Euskaltzaindiak egindako eguneratze batetik heldu zen. Garaia zen bueltaka zebilen berba eta baita Urbia ere, pentsa! Baina momentu onean heldu zen Euskaltzaindiaren erabakia eta txintxo-txintxo erabakitakoaren zabalkundea egin da. Akademiak lortua du guztion errespetua eta ederra da hori euskaldunondako. Goienak eman du zeresana eta egin du bidea.
Goien sarrera ere egunotan eguneratu dute: “azken eguneraketa 2021-07-09”.
Beharbada, egunotan onartu diren arren zaharruno usaina dutenak ere badaude: nezeser-ek eman dit zer pentsatua, edo peripatetiko berbak. Enterradore berba ere onartu du Euskaltzaindiak sekula baino lan gutxiago duen ofiziorako. Eta ez, zaharruno ez dago onartuta oraindik.

Putakeria

Sarrera berria hiztegian. Eta gogoratu naiz Tokikomeko aldizkari bateko kide batek esan zidanaz berba hori eposta batean erabili nuen haserrealdi batean: “Iban, putakeria eskapatu zaizu teklatutik, eta burutik ateratzeko hitza da sozialki emakumeak gutxiesteko erabilia izan den kontzeptu den heinean”.  Orain hiztegira joan da nire burutik kentzen nenbilenean. Baziren txakurkeria edo jukutria, baina…

Queer, remake, telelaguntza, heteropatriarkal, zaurgarritasun, biral, patera, chef, estelada, inmatrikulatu, jihadismo… bogan daudenak ere ageri dira. Eta bai, baita koronabirus edo deskonfinamendu, deskonfinatu, entzerratu

Biluztu eta eskumalde moduko berbak gorriz markatzen ditu Xuxenek oraindik. Euskaltzainek bizkaieratik datozenekin eskuzabalago jokatu dutela bistan da, Xuxenek ere ez ditu markatuko laster, seguruenik.

Aldaketak-eta Euskaltzaindiaren webguneko lotura honetan:
https://www.euskaltzaindia.eus/euskaltzaindia/komunikazioa/plazaberri/6138-euskaltzaindiaren-hiztegia-eguneratu-da-eta-azken-sei-hilabeteotan-592-forma-berri-jaso-dira

Borroka kazetaritza

Gerra kazetaritzaz-edo eskatu zidaten kolaborazio bat Euskadi Irratitik. Norako eta Amaraunarako; zertarako eta Enbeita eta Urretabizkaiaren tertuliaren sartzeko Nagore Tellerian gonbidapenez. Ezer baino lehen esan dezadan errespetu handia diodala gerra kazetaritzari eta neuk ere miresten dudala langintza hori. Hau esanda, ba zer esan injustuki kontrajartzen zaion kazetaritza lokalaz. Tokikoa… Egia esan, tokikoa ere bada borroka-kazetaritza.

Hiru borroka-zelai aipatuko ditut, behinik behin:

  1. Erakundeak eta alderdi politikoak. Esango du norbaitek tokikoak ez direnek ere badutela borroka-zelai… eta halaxe da. baina… 
  2. Norbera parte den komunitatea da albiste: auzo-elkarte, kultura mugimendu, kirol talde, ekologista talde, enpresa txiki, komertzio… lokalak ez direnek ere borroka-zelai? akaso, baina… 
  3. Dibortzio-bikoteak: “Negazionistak edo ez”; eta, “Euskal Herria Askatu edo lazo urdina”; edo, “eskola publikoa eta ikastola”; edo, “Atez ate edo bosgarrena”; edo…

Hiru taldeak dira iturriak, eta beharrezkoak denak. Informazio asko sortzen dute, gainera. Baita ezkutatzen ere batzuetan. Eta hiru esparruetan (alderdi-politikan, komunitatean eta dibortzio-bikoteetan) bada aldagai bat garrantzitsua eta tokiko kazetariari eragiten diona zuzen-zuzenean: informantea eta notizia dela lehengusina, laguna, auzokoa, ezaguna. Horrek eragiten du berezko presio bat eta zergatik ukatu, baita  autozentsura ere. Borroka-kazetaria da tokikoa: gertuko ingurumariarekin eta norbere buruarekin ditu irabazteko eta galtzeko borrokak eta borrokak. 
Gehitu borroka horri borroka prekarioa dela. Kazetaritza, berez, ez delako munduko ofiziorik estimatuena soldata handiak irabazi nahi dituenarendako. Tokiko kazetaritza ildo beretik. Afiziotik behar du ofizio honek, metro karratu gutxian interesdun testuak sortzeko abilidadea, eta behar du kontatu-nahia. Istorio onak ateratzea, erakargarri egitea, harripean dauden horiek ateratzea, ezkutatu nahi direnen bila jardutea… langintza zirraragarria.

2020/10 erret-dekretuak komunikabideen ekoizpena eta banaketa zerbitzu esentzialen barruan sartu zituen pandemia hasi zenean. Pedro Sanchezek. Ez geunden haren zain beharrezkoak ginela sinisteko, baina beno, sartu gintuzten esentzialen zakuan: albaitariak, supermerkatuak, bankuak, banaketa enpresak, notarioak… Hara! ondo pentsatuta… gu ere bagara notarioak. Zeinek jasoko ditu ba herriko kultura elkarte horrek egiten dituen deialdiak edo udalak antolatutako kontzertuak? Edo zirku-karpa jarri dutela herrian? Imajinatu herri-prentsarik ez dagoela. Urteetan egindakoa galduko genuke jasoko ez balitz. Notarioaren testigantzak segurtasun juridikoa ematen die hitzarmenaren parte-hartzaileei eta bere neutraltasunak egiaren presuntzioa ematen du. Sakontzen jarraituta… neutraltasunetik ez, baina inpartzialtasunetik guk geuk ere egiak bilatzen ditugu kazetaritzatik. Egien bilaketan, notarioen kontrara, kazetariak azkura ere sortu behar du. Baita gertukoenei ere, eta ziurrenik gehiagotan behar luke zirikatzaileago, kazetariago.

Kazetaritzak ezer behar badu edozer baino gehiago da SINESGARRITASUNA, baita parte den hedabideko mantxetak ere, eta horretarako ez dago beti jai guztiak jendetsuak, parte-hartzaileak eta giro ezin hobekoak direla esaten ibiltzerik behin eta berriz. Eta hori lortzeko berezko duena eta ezinbestekoa duena da INPARTZIALTASUNA. Gaiak jarrera horretatik lantzea, istorioak kontatzea, ez-objektibo izanda, baina bai objektibotasunaren bila jardunda, zan ere, objektiboa zein da ba! Besterik da bilaketa horri uko eginda jartzea kameraren edo teklatuaren aurrean. 
Inpartzialtasuna… Gure ikus-entzule-irakurleek ere ez daukatena, portzierto. Eta eskubide osoz, noski. Bezeroak beti du… Hala ere, demasa da gero ezkerrekoagoa denak ezkerreko agerkariak kontsumitzea eta eskumakoago denak eskumarengoak bakarrik. Horrek gizarte hau hausten du gehiago. Urruntzen ditu pertsonak, zatitzen du, ikusezin bihurtu bestea. Sarrionandiari irakurri berri nion asko ez dela liburu baten sarreran: “Norberaren egiak besteenekin osatzen dira; besteen ikuspegiak isilduz eta desitxuratuz ez dago gizarte osasunik”. 

Sinisten dut entzuten dakien kazetariarengan eta  jendeari zer pentsatu behar den esaten ez duen kazetaritza moldean. Testuingurua zorrotz marrazten duen kazetaritza aldarrikatzen dut, iturriek (pluralean) diotena entzuteko patxada hartzen duena. Badaukagu zertan inbertitu.  Eta iritziak? iritziak editorialetan, tertulietan, iritzi zutabegileendako… Enbetita eta Urretabizkaiarendako, kasu. Zuen txanda bikote, horiek ere baditugu-eta beharrezko.

Kolaborazioaren audioa: