Objektibotasunaren bila

Marty Baronek objektibotasunaren ideala defendatzen du informazioa zorrotz emateko metodo gisa, aldez aurretik ondoriorik atera gabe eta kazetariak bere lanaren bidez zerbait berria ikasten duen bitartean borrokatu behar dituen aurreiritzien kontzientziarekin. Zuzendari gisa eman zituen azken hilabeteetan -2021ean erretiratu zen, “Post”-en buru zortzi urte baino gehiago izan ondoren-, Twitterren iritzi gehiegi idazten zuten kazetariekin ere liskarren bat izan zuen. Martxo honetan, Baronek eragin handiko iritzi artikulu bat idatzi zuen Post egunkarian: Epaile eta mediku objektiboak nahi ditugu. Zergatik ez kazetariak ere?

Washingtonpost-en mahai gainean jarri zuena izan zen epaile eta mediku objektiboak nahi ditugula eta ia zergatik ez kazetari objektiboak: Artikuluan esaten du medikuak behar ditugula pazientearen diagnostiko zehatza egiten dutenak. Ez dugula nahi bihozkadekin emandako tratamendurik, ezta azaleko judizio eta subjektiboekin egindako azalpenik. Nahi izaten dugu ebaluazio justua izatea, ebidentzia klinikoetan oinarritua, zehatza, zorrotza eta inpartziala. Eldiario.es-ek egindako elkarrizketatik ekarri ditut aipu batzuk blogera eta neure modutan itzuli. Zer pentsatu handia ematen dute, zalantza barik. Eta jotzen dute danbatekoa kazetaritzaren fakultateetan ere erakutsiko diren gaietan, diot nik. Nire ikusteko moduan, kazetariak behar du lan egin objektibotasunaren bila. Gehitzen diot “bila”, ze uste dut topaketa eten bako bat dela. Ez da horrenbeste “izan edo ez izan”; bai, beharbada, “bilatu edo ez bilatu”.

Jabetzaz ere badihardu. Ez dugu ahaztu behar berak lan egin duen hedabidea Jeff Bezosek erosi zuela. Beharbada horregatik, jabetzaren motan baino egiten den lanean oinarritzeko dio. Uste dut, hala ere, ez dela gauza bera irabazi asmorik gabeko estruktura batean egin kazetaritza edo ez, esaterako. Baron-ek proportzio mikroskopikoan kokatzen du irabazi asmorik gabekoen estruktura eta azaltzen du zergatia: “fundazio eta jende aberatsaren eskuetan daude horiek ere”. Jakina da Euskal Herrian ez dela ematen horrelako kasurik, ez euskaraz egiten den kazetaritzan. Estrukturak badu garrantzia, nik uste. Hori bai, Baron-ek esaten duen moduan, “libre eta independente izatea da gakoa”. Teorian, onartzekoa dirudi edozein pertsona, enpresari, politikari, kirolari, irakasle… edo dena delakorendako.

Elkarrizketatik ateratako aipuak:

  • Objektibitatea: Uste dut hitz ona dela. Eta ez dugu inoiz arazorik izan beste lanbide batzuetan erabiltzeko. Ez zaigu nahasia iruditzen epaile edo ikertzaile zientifiko objektiboak behar ditugula esaten dugunean. Hitza kazetaritzari aplikatzen zaionean bakarrik izaten ditugu zalantzak. Hori esanda, ez zait axola norbaitek hitz hoberik badu. Tom Rosenstielek dio “ikuspuntu irekiko ikerketa”¬† deitu beharko geniokeela. Hori da objektibotasuna.
  • Objektibotasuna eta oreka ez dira gauza bera, ez dira baliokideak. Ez da inoiz izan. Gure lanbiderako estandar ona da bakoitzak bere ikuspuntuak, joerak eta aurreiritziak dituela onartzea. Garrantzitsua da hasieratik zein diren onartzea. Eta ez dezagun gure lana egin horiek indartzen saiatuz soilik, baizik eta oso kontuan hartuta iritzi horiek ditugula eta buru irekia izan behar dugula. Gure lanean aurrera egin ahala, egiaztatu behar dugu pertsona garrantzitsu guztiekin hitz egiten dugula, guztiekin. Ebidentzia egokia biltzen dugula eta zer behar dugun kazetaritza egiteko begiratzen ari garela. Litekeena da gauzak hasieratik izango zirela uste genuen bezala ez izatea. Kazetaritza eginez, lehen ez genekizkien gauzak ikasiko ditugula suposatzen da. Lehen ez zenekizkien gauzak ikasten ez badituzu, orduan ez dakit zer esan nahi duzun “kazetaritza egin” esaten denean. Zer da kazetaritza galderen erantzunen bila joatea baino? Eta zure galderak aurretik dituzun ikuspuntuak berresteko ariketa bat besterik ez badira, orduan ez zara benetako kazetaritza lana egiten ari. Gertakarien kontakizun aldrebestua baino ez zara egiten ari.
  • Objektibotasuna eta independentzia gainjarritako kontzeptuak dira, baina ez dira gauza bera. Independenteak izan behar dugu eta ez gara alderdi politiko batekin elkartuta egon behar. Estatu Batuetan, Trump saiatu zen hedabide nagusiak oposizio bezala aurkezten (Steve Bannonek “oposizioko alderdia” deitu zuena bezala aurkezten). Kontuz ibili behar dugu oposizioko alderdi gisa ez kokatzeko. Trumpek esandakoa gezurtatu dezakegu, merezi duenean, noski. Egia esaten ez badu, gezurretan ari bada, esan egin behar dugu. Baina hori gure ikerketa egin dugulako izan behar da, ez Alderdi Demokrataren luzapena garelako edo Trump gustatzen ez zaigulako.
  • Munduan kazetaritza aktibistaren historia luzea dago. Baina hori ez da komunikabide nagusiak garena, ez da izan behar duguna. Egiaren aliatu izan behar dugu. Gertakarien aliatu izan behar dugu. Testuinguruaren aliatuak izan behar dugu. Kazetaritza xehearen aliatu izan behar dugu, gure kazetaritza lanean aurrera egin ahala buru irekia izateko ideiaren aliatu behar dugu.
  • Kazetariek duten presiorik handiena: Hainbeste presio desberdin daude… Jakina, presio finantzario gupidagabeei aurre egiten ari gara. Hedabide askok ez dituzte beren lana behar bezala egiteko behar dituzten baliabideak. Eta hori presio handia da. Baina zenbakiez haratago, arazo nagusia da pertsonek ez dutela gertakari multzo komun bat partekatzen. Horregatik, hedabide nagusien informazioari buruzko susmo sakona dago. Informazio faltsu asko dago, nahita sortzen dena sarri eta deliberatuki faltsua dena. Izan ere, gertakari-multzo komun bat ez partekatzea txarra bada, are okerragoa da faltsua den informazioa helaraztea hartzaileei. Sare sozialek zaildu egiten dute kazetariok gure lana modu inpartzialean egitea inguruaren presioagatik? Hori presio auto-inposatua da. Ez da nahitaez men egin behar diogun zerbait. Horretarako, kazetariek autodiziplina behar dute. Zoritxarrez, kazetari gehiegi ez dira autodiziplinan ari: ez dute ez ardurarik ez moderaziorik sare sozialetako argitalpenetan. Sare sozialetan jarduteak ez digu eragozten ondorioak ateratzea. Ez digu eragozten zer gertatu den jakitea eta jendeari esatea zer gertatu den, zer aurkitu dugun. Baina sare sozialetara inpultsiboki joatea, askotan modu sarkastikoan, ez da baliagarria guretzat. Eta tradizioz izaten saiatu garenaren aurka doa, hau da, adituekin hitz egin ondoren informazio irekia, zehatza eta osoa sistematikoki egiten duten bitartekoen aurka. Dokumentu garrantzitsuak begiratu, ahalik eta informazio gehien bildu, eta, gero, jendeari gertakariei buruz zer ikasi dugun esatea da gakoa. Egia aurkitzea prozesu bat da, ez da berehalakoan egiten segundo eta minutu gutxi batzuetan. Denbora, dedikazioa eta konpromisoa eskatzen du. Eta sare sozialak horren aurka doaz, berehalako erreakzio oldarkorrak sustatzen dituztelako.
  • Hasieran pentsatzen duguna ez da nahitaez egia. Lehen inpresioak ez daude nahitaez ondo oinarrituak. Dakigunak baino ez dakigunak eman behar liguke atentzioa. Galdera gehiago izan behar ditugu erantzunak baino. Jakina, kazetariok ez dugu erantzun guztiekin hasi behar, ez ditugulako. Sare sozialek pertsonak animatu dituzte alferrikakoak diren portaeretan parte hartzera, eta, hain zuzen ere, kazetaritza onenaren printzipioen aurka doaz.
  • Kontuz Twitterren: Kazetariok ez genuke tuiteatu behar? Ondo iruditzen zait tuiteatzea. Nik txiokatu dut, nahiz eta denbora luzez isilik egon naizen. Kazetariek kontuz ibili behar dute txioekin. Zerbait txiokatu aurretik, nik bost aldiz irakurtzen nuen, esan nahi nuena esaten ari nintzela ziurtatzeko, zentzuzko ezein gizakik gaizki ulertu ez zezan, eta neure buruari galdetzeko ea baliagarria zen zerbait esatea eta zer nolako eragina izango zuen nire txioak gure markaren ospean. Prozesu hori kazetari gehienek beren kabuz egin beharko lukete: goizegi al da horri buruz hitz egiteko? Ba al dakit benetan zer dakidan? Nolako eragina izango du nire txioak parte naizen hedabidearentzat? Egokia al da gai horri buruz hitz egitea? Kazetariek autodiziplinan jardun behar dute, kontuz eta neurrian. Zoritxarrez, askok ez dute egiten.
  • TikTok: TikTokeko bideo batetik abiatuta munduari buruz ikas dezakezula uste izatea oso ideia txarra da. Liburuek edo hedabideek gauzak sakon azter ditzakete eta historiaren eta testuinguruaren zentzua ematen dizute. Uste osoa duzu pertsona batzuek denbora asko eman zutela beren gaia ikertzen, badakitela zerbait horri buruz eta esperientzia dutela arlo horretan. Ez dut uste jendeak TikTok edo Instagramen konfiantzarik duenik. Ikusiko ditugu ondorioak.
  • Nola eragin audientziarekin gertaerak jakin nahi ez dituenean edo bere hautagai gogokoena kritikatzen duzulako partziala izatea leporatzen dizunean? Denborarekin frogatu behar duzu independentea zarela, konprometituta zaudela. Gertaeren, egiaren eta testuinguruaren aliatua zarela. Publikoaren zati handi batek benetako independentzia eta objektibotasuna nahi du kazetarien aldetik. Ez du nahi aktibista politikoak izatea bakarrik. Ez du nahi espektro politikoan antagonistak izatea. Egia bilatzen duten kazetariak izatea nahi du. Benetan sinesten dut AEBko publikoaren eta beste hainbat herrialdetako publikoaren segmentu handi bat dagoela gure lana modu zintzoan, bidezkoan eta kartolak zabalik egitea besterik nahi ez duena. Eta onar ditzagun geure ahuleziak.

Agintean dagoena dagoela ere zer pentsatu handia ematen dute puntuok.

Gustatzen zaizkit esaten dituenak. Gustura sentitu naiz irakurri ditudanean eta horregatik ekarri ditut blogera. Pertsonak beraien artean berba egin dezaketen formatuen aldekoago ere agertzen da Bairon eta uste dut hedabideok plaza hori eman behar dugula derrigor. Hori medio tradizionaletan egiten da, baita denbora ematen duten formatuetan ere, esaterako podkastetan. Beti ez, baina iritzi sakonagoak entzuteko bidea dira hedabideak, gure telebistetako eztabaidak, elkarrizketa luzeak, iritzi artikulu landuak… Sare sozialak ez direla erabili behar? Ez dut bat egiten. Hau da, gazte eta ez hain gazteek ere erabiltzen dituzten plazak ezin ditugu ez baleude moduan bizi behar. Bereziki, hizkuntza gutxituan jarduten dugunok hor ere egon behar dugula uste dut. Egon behar gara: Twitter, Youtube, Mastodon, Instagram, TikTok… baina erabaki behar da zelan egon, zerekin egon, noiz egon… “Egunak 24 ordu, halaxe ikasi nuen nik”.¬† Eta egoten hasita, beti ere kazetaritzaren oinarriak diren horiek inoiz ere ahaztu barik. Martin Baronek dioen moduan, urakanez, edo gertuago bizi izan dugun Covid-az ez du inork TikToken informatu gura. Segurtasuna, informazio gardena, kontrastatua eta gertukoa emango duten hedabideak behar ditu jendeak horretarako. Hor dago hedabideen egiteko esentziala. Datuek ere horixe adierazten dute, izan ere, tokiko hedabideen bisitak eta bisita horien denborak asko igo ziren Covid-a gogorren jotzen ari zenean, esaterako. Kontakizun hori 2023ak eskatzen duen moldeetara gerturatu beharko dugu, bideo gehiagorekin, grafikoekin etab. Kontatzeko modua egokitu. Eta horrek eskatzen dio kazetariari molde berriak probatzea, izan ere, lanbide aldakorra da kazetaritza, oso aldakorra bai edizioaren ikuspuntutik eta baita kudeaketa enpresarialarenetik, esentziala den horri eutsita beti ere eta objektibotasunaren bila jardun beharra bazterrean utzi barik. Horixe dugu erronka, eta ez makala!

Oh.:

Marty Baron: “Washington Post”, “Boston Globe” eta “Miami Herald” taldeetako zuzendaria izan da. 2000. urtean “Herald”-en gailurrera iritsi aurretik, “Los Angeles Times” eta “New York Times” egunkarietan ere lan egin zuen. 45 urteko ibilbidean, gehienak editore gisa, baita jabeari edo irakurle-ikusle-entzuleei enbarazu egin izan badie ere. Objektibotasunaren defentsan jardun du zorrotz. El diario.es-ek egin dio elkarrizketa luzea, Maria Ramirezek, hain zuzen. Handik ateratako pasarte hautatuak dira blogera ekarri ditudanak.

https://www.eldiario.es/cultura/marty-baron-exdirector-washington-post-periodistas-no-debemos-partido-oposicion_128_10272218.html

https://www.washingtonpost.com/opinions/2023/03/24/journalism-objectivity-trump-misinformation-marty-baron/

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude