Topagunearen kongresua: arrakasta!

Oso pozik bueltatu nintzen etxera. Ondo joan zen kongresua, oinarriak finkatu ditugu, iparrak ere bai. Berba berria ere gure egin dugu, Bagara prozesuan ezagutu genuen hura: oinarriparrak. Ohar ofizialaren haritik goiena.neten  idatzitakoa eta baita kongresuaren aurreko egunean Jasoneri egindako elkarrizketa.

Niretzako gozamena izan zen horrenbeste eragilerekin egotea, mugimendu horren parte sentitzea eta ikustea erronka potoloak ditugula aurrean. Eta oraingoan bateratuago, indartsuago eta jantziago. Zer gehiago eskatu behar dugu ba? Atzoko eguna merezi genuen. Benetako protagonistak argazki honetan, elkarteetako eragileak:

IMG_1040

Eta zorionik beroena Topaguneko lankide guztiei. Bereziki Karmen, Jasone eta Ikerri. Lan handia hartu duzue, baina emaitzak merezi izan du. Batasun handia elkarteon artean eta baita ilusio berria ere. Biba!

Jon Sarasua berbetan: interesgarria

Ezin izan nintzen joan Plateruenera. Eta badakit bideo honetakoak asko badira ere, gehiago emango zuela hango tertuliak. Aggggg. Ze pena! Platerueneko lagunek laburpen-bideoa jarri dute, behintzat. Hemen pegatzen dut eta baita handik ateratakoak ere, idatziz. Eskerrik asko plateruei:

  • Euskara: Euskaldunok munduan oso pareko gutxi dugu. Herri mugimenduetatik eta Estaturik gabe egin izanak are gehiago esaten du gure alde. Ikaragarria da egin duguna. Ikaragarria da 50 urtean egin dena euskararengatik.  Egoerak dituen desafioak ere koska izugarria dira… gure boteila ez dago erdi hutsik edo erdi beteta, boteilak zuloa dauka! Belaunaldi berrietan alarmak pizten hasiak gaude, hala ere. Ez dago ikusi besterik euskara hutsean ikasi dezaketen gazteen jarrera. Gogorra da, oso-oso gogorra. hizkuntzaren atxikimenduarekiko elementu funtsezkoak galtzen ari gara. Egoera gordina da. Gogoetak hasi dira Topagunean-eta…  Nondik egin? Repolitizaziotik, mugimendu sozial berrietatik eta hegemonia guneak antolatzetik etorriko dira emaitzak. Besterik da fedea politikan jartzea, oraingo prozesu politikoak ekarriko dituela instizuzio berri batzuk-eta… Horrek ez digu konponduko arazoa. nire fedea ez da hori eta badaude elementuak analisi horretarako.
  • “Hanka bat lokatzetan ez duena ez da interesgarria”: Esaldia ezker kultura bati egindako keinua da, kritika: Sektore bat ohitu da 68ko ezkerraren moduan jokatzen, beste bat boterean dagoena da, eta gainontzekook erreibindikatzen, protestatzen, eskatzen… ezkerraren ia jarrera bital bihurtu da erreibindikatzea eta eskatzea. Errealitatea da, hala ere, Gauzak eraldatzen sartzean kontraesanen aurrean gaudela. Hankak zikindu egiten dituzu. Plateruena moduko mobida batean, esaterako, mila kontraesan kapitalistetan sartzen zara, merkatuaren morrontzetan, hankak lokatzetan ez sartzeko bide bakarra bizi garen errealitate sozio-ekonomiko honetan da ezer ez egitea.
  • Kooperatibak: gehiena dute lokatzetik kooperatibek. Ni kritiko nago, baina errealitate konplexu eta aberats batean hainbeste da ona… hautua egiten dut onaren alde… kooperatibek sakonean dituen paradigmak balio du: “Gauzen jabe izan daitezela gauzen protagonistak”. Berdin du Gaztetxe bat, industria bat, enpresa bat, ikastola bat edo dena delakoa. Horiek izan daitezela jabe, ez Estatua, ez kapitala, ez administrazioa… ez dadila goragoko inor izan jabe. Hau da autoeraketaren paradigma. Anarkista zaharren amets hura. Nire ibilbidean konstante bat baldin badago euskalgintzarekin batera, edo konstanteago, autoeraketa da, nire leit motiv ideologiko nagusia izan da autoeraketa. Horren bila ibili naiz beti, gauzen protagonistak gauzen jabe izatearen potentzialaren bila ibil naiz beti. Nire intuizioa da XXI. mendeko lehengai ideologiko bat dela eta kontraesanean jartzen du eskuina zein ezkerra. Eta ezkerra gehiago zeren eta despistatuagoa ere badago. Kooperatibak paradigma horretan oinarritzen dira, baina bi arima dituzte: paradigma honi eusten diona eta desarrollismo ohiko batean sartzen dena. Kontraesanean bizi da kooperatibismoa eta interesgarria ere bada kontraesan hori.
  • Politika: Ziklo berri bat hastearena serioa da eta ezinbestekoa. Erabat bat egiten dut prozesu horrekin. Energia berriak aktibatzeko aukera emango du. Herri honetan energia sozialaren poltsa handiak daude. Bat, ikaragarria, ezker abertzalean dago, txapela kendu besterik ezin dut egin. Erakutsi duen energia ikaragarria da 50 urteko jardueran. Bestetik, badago gatazka honek blokeatu duen beste energia bat ez dena behar beste manifestatu eta abertzaletasun umezurtz bat deituko nukeen beste poltsa handi baten dagoena. Horretan gutako asko gaude. Bihotzaren parte bat alde baten daukat nik eta bestea beste batean. Hor energia izugarria dago. Potentziala badago. Horretarako pauso hau beharrezkoa zen eta ongi etorri da. Atzerapausorik gabekoa da konturatu delako ezker abertzalea Estatuak neurria hartu diola eta hortik Estatuaren mesedetan besterik ez duela jokatzen puntu batetik aurrera.
  • Itzultzea bertsotara: Ez dakit agertu nahi dudan… Piska bat galduta nabil… jendeak uste du oso ona naizela. Eta arazo bat da. Espektatiba handi xamarrak egon daitezke nigan… Herdoilduta daramat 10 urte eta bertsogintzak ibilbidea egin du 10 urtean. Asko eskatuko lidake jendeak eta nik ere bai neure buruari. Sufrituko nuke bertso-afari mediokre bat egiten. Suposatzen baita Jon Sarasua itzultzen bada bertso afari hori izango dela kristona eta nik ezin diot listoi horri erantzun. Bestetik, miresmena sentitzen diat hireganako, esatearako -Amets Arzailusi diotso- ez da niri begira egoteko garaia.

Goya sariak twitterretik, ondo egon da

Eta zenbat eta zenbatek jarraitu dugu ordenagailutik, eskuko telefonotik, Twitter (burkada bat mezu), Facebook… eta telebistak ere kriston audientzia izango zuen, baina youtubeko bideoak zenbat ikusiko dira? Zenbatek ikusiko du dagoeneko TVE-k kendu duen bideoa? zenbat leku ezberdinetan egongo da bideo hori? kendu orduko beste leku baten, eta beste baten, eta beste baten… Eta zenbat tuit? zenbat mezu? blog sarrera? Zergatik? ba oso sinplea da: Oraina delako Internet!

Mezu hau jartzen du youtubek Alex de La Iglesiaren diskurtsoa kendu eta segituan:

Copyright-a dela-eta kendu du youtubetik bideo hau TVE-k

Egia da, Internet oraina da. Eta gura duzun lekuan ikusi ahal izango duzu diskurtso hori. Lotura ez dut jarriko hemen ze ordubetera-edo blokeatzen dute… baina lasai, esfortsu handi barik ikusi ahal izango duzu, bilaketa txiki batekin.

Irabazlea Pa Negre. Ikusi beharko dut. Ondoloin.

Art Project: Espabilatu beharko dute Arte Ederren museoan

Zelako ilusioa, bisitatutako museoren bat horrela ikusteko aukera egotea orain ederra da (by powered Google). Eta beste museo batzuk googleren bitartez ikusi eta bertara joateko gogoa pizten da, duda barik.

Hauxe aukera: googleartproject.com

Lazkanoren koadroak horrela ikusiko banitu are konbentzituago joango nintzateke Arte Ederren museora eta sarrera gustura ordaindu.

Ahotsak.com izan da aurtengo Argia saria

Ahotsak.com Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea jasotzeko atariak jaso du Sareko 2011 Argia Saria. Euskal Herriko Ahotsak egitasmoa 2003an lantzen hasi eta 2008an aurkeztu zuten Ahotsak.com webgunea.
Ordutik hona 3.000 hizlari baino gehiagoren ia 25.000 pasarte jaso
dituzte Euskal Herriko 180 herritan eta 5.765 bideo-pasarte ere sareratu
dituzte, libre eta doan, euren webgunean. (Sustatu.com-etik hartua)
10 minutuko bideoa azalpenarekin

Zorionak Badiharduguko langileei, laguntza eman daben Udal guztiei (eta jarraitzen dabenei, zelan ez) Bereziki Gipuzkoako Aldundixari eta KUTXAri. Apustu garbixa egin dabe lan-modu honengatik eta ekipo honengaittik. Eskertzekua, benetan. Eta 3.000 hizlarittik gora… horrek dira benetako artistak! ahotsak.com-eko izarreik eskerrik asko eta ZORIONAK!

Zelako hasierak. Akordau naiz blog honetan idatzi nebala mezutxo bat proiektuana, Koldo Mitxelenan aurkeztu zanekua: kriston proiektua! Eta baitta gure herrixan aurkeztu zanekua be Elgetako ahotsak.

Bronka bota didate gaur Arte Ederren museoan

Argazki hau ateratzeagatik bota didate gaur bronka Arte Ederretako museoan. Aluzinatua geratu naiz. Ez nengoen Lazkanoren kuadro ederrei (benetan ederrak) argazkiak ateratzen (eta hau ere ez uztea…) ezta jendeari ateratzen, ezta bertako poliziari, ez… Ez! Testua interesatu zait eta gura nuen testu hori izatea. Ba demaseko azalpenak eman dizkit bertako zinpeko zaintzaileak. Eta saiatu da logika aplikatzen ere debeku txatxu eta funtsbakoari. Hemen atera dudan argazkia zeuek juzgatzeko.

IMG_0988
Hori bai, telefonoak ahotsa ere grabatzen du eta hori egiteko ez dagoela debekurik… ingurukoak molestatuz testua altuan irakurtzea ontzat, argazkia ateratzea ez… gggggggggrrrrrrrrrrr. Ordua da museoetan agintzen dutenak ere 2011n sartu garela ohartzeko. Hango zaintzaile batek esan didanez Lazkanoren aginduak omen dira, baina museo guztian dago debekatua argazkiak ateratzea. Ez dakit nik…

Kerik ez kontzertuetan; ke makina erosi behar?

Harrituta nago zelan jendeak errespetatu duen legea. Asko eta asko dira atera irtetzen dutenak erretzera.

Eta kontzertuetan? Berez ezingo da erre, baina baditu ez erretzeak bi kalte:

1) atean atzera-aurrera handia egongo da. Kontzertu batera joatea ez da hegazkinean bidaia luze bat egitea. Jendeak erretzeko gogoa izango du eta kanpora aterako da behin eta berriz. Uffff, txarteldegian egon behar denarendako…

2) Ezin atera horrelako argazkiak ze horrela ikusteko jendeak sortzen zuen kea beharrezkoa zen. Ez dakit zer egin beharko dugun… ke makina erosi?
BerriTxarrakElgeta
Argazkia: Aitor Higuerarena. Abenduaren 10ean ateratakoa: Berri Txarrak Espaloia Kafe Antzokian

Aurkezpena: Euskal kulturgintzaren estrategiak

Euskal Kulturaren oinarriez-eta jardun zuten atzo Koldo Mitxelenan. Formatuaz ere berba egin daiteke, baina hori beste baterako. Kasu honetan, eta edukia zelan eman behar den garrantzitsua bada ere, edukiak zuen garrantziarekin geratu nintzen. Zelako eduki sakona dagoen atzo aurkeztu zuten horretan. Taula gainean bost lagunetik lau gertukoak: Iñaki, Nekane, Julen eta Jon. Lorea Agirre ere bazen, baina ez dut tril egin berarekin atzoko aurkezpenera arte. Ezagunak gehienak eta zer esango zuten irrikaz nengoen, entzuteko prest, ikasteko prest. Bostak MU-ko sorguneak ikertegikoak.

Serio egin dute lan eta aurkeztu zuten Aldundiko kultura eta euskara departamentuak enkargatutako txosten bat: “Euskal kulturgintzaren estrategiak”. Azterketa kualitatiboa, subjektiboa eta aberatsa. 127 elkarrizketaturi hitza eskatuta eta 200 orduko transkribapenarekin mamitutako txostena.

Niri gustatu zitzaidan “euskaldun” berbaren pisua mahai-gaineratzea “euskal”, “vasco” eta abarrekoen ondoan. Magisteritzako garai haietan ere nahikoa lan eman zidan euskaldun definizio zorrotzeko horrek. Ikaskideren baten ama euskalduna ez zela eskola orduan esateak ere ekarri zituen buruhausteak. Gustatzen zait hain basikoa dirudien hori entzutea: euskarak egiten gaitu euskaldun.

Berriz entzun nuen Bagaran zein lehenago ere entzuna nuen “merkatua, gizarte zibil autoeratua eta administrazio publikoek” osatzen dutela kulturgintzak bizi duen eremua ere. Eta guztiz ados nago gizarte zibil autoeratuak duen garrantzia azpimarratzean. Gustatzen zait eta bizi dut hori egunerokoan bertan. Bat egiten dut, baita ere, euskal kulturgintzak eskain dezakeen onena gertutasuna, berezkotasuna eta benetakotasuna direla.

Hamasei oinarriren gainean egin zuten berba eta bat edo beste gehitxoago aletu ere bai. Aletzeok izan ziren interesgarrienak entzule honendako. Gero etorri ziren kulturgintza biziberritzeko estrategia batzuk hamabi puntura ekarriak. Gehienekin egiten dut bat. Txostena (papera) ekarri dut etxera eta birpasatuko ditut, gogoz irakurriko dut kultur bizitzaren azterketa kualitatiboan elkarrizketatuetatik atera dena ere. Egon ez zinetenok non irakurri? ez dakit sarean jarri duten. Gustura emango nuke lotura bat eta horrela kanpo-hedapena mimatu. Ez dut topatu.

EuskalKulturgintzaEstrategiak

Kuriositate bat: txostenean internet “I” txikiarekin idazten dute Sorguneakeko lagunek eta bagara batzuk “Internet” idazten dugunak 2010ean 🙂

**Argazkia: Maite Goñi: http://plixi.com/p/62953063

Azokako elkarrizketa on bat eta kontzertu eder bat

Elkarrizketa honek denok harritu gaitu. Lehenengo eta behin kazetaria, Julen Iriondo. Gero errealizatzailea, soinu teknikaria… eta ikusi ditugun denok geratu gara ahozabalik. Horregatik ekarri dut blogera. Eskerrik asko, Oihan.

Oihanek dio:

Eta bigarrenez, azoka honetan komentatzeko kontzertu on bat, ileak tente jartzen dituen horietako, emozionatu ninduena eta Leteren “ni naiz” bertsioneratzera ausartu zirena. EITB-k pasatako bideoko kantu bat, “atsegin ditut”: