Aste honetan bi aldiz entzun dut berba hau metafora letxe. Zuzendaritza bati lotuta erabili dute eta entzuten dudan aldiro gutxiago gustatzen zait. Metaforarekin zuzendaritzak duen bultzatzeko kapazitatea lotzen da eta bagoiak dira haren atzean. Hau da, lokomotorak tira eta bagoiak joan. Lokomotorak egin eta bagoiak itsu-itsuan atzetik segi. Ez dut gustuko eta ez zaio errealitateari lotzen gehienetan, izan ere bagoiak ez dira pisu hil 2013an.
Lokomotora hitzak haize zaharrak ekartzen dizkit burura, horixe komentatu nion azkenengoz lokomotora aipatu zuen lagunari bileran bertan Elephant lokomotora gogoratzen zidala, 1825eraino eramaten zuela lokomotora hitzak nire burua: pisutsua, geldoa, mugitzen zaila… ikatzarekin zebilena, kargak eramateko erabiltzen zena… Triki-traka “erromantiko” horrekin ez ote dugun lotzen gehienok… Eta kargarekin bai, karga eramatearekin ere bai.
Lokomotora elektrikoekin lotuko nituzke 2013ko zuzendaritzak, izan ere, lokomotorak egiten duena da elektrizitatea mugimenduan eraldatu eta horrela tren osoa mugiarazi bide berean. Buruan dudan zuzendaritza humanoena da eta bagoiak ere halatsu. Pertsonak batera mugiaraztekoak eta ez kargak.
Hori bai bagoiak izan behar dira 2013ra egokituak, erosoagoak, seguruagoak, bizkorragoak, gutxiago kontsumitzen dutenak, ekologikoagoak… Bagoiak ikusten ditut pertsonen, eta beraz, proiektuen batura moduan. Horiek osatzen dute bagoi oso bat, pertsona ezberdinek bere aulki moderno, leiho argitsu eta itxura dotorearekin.
Ez ginateke fin ibiliko lokomotora modernotu eta bagoiak ahaztuta. Egia. Lastertasun handiegirik ez da komeni, baina ez gaude ikatza botatzen ibiltzeko ere. Lokomotora berbari dagokion berezko esanahia bagoiei ere aplikatu beharko genioke, bagoiak lokomotoretu, hainbaten artean bagoia osatu eta latineko lokomotora berbari dagokion esangura gehitu:
- “loko”: latineko “locus” ablatibotik datorrena eta lekuarekin lotzen dena, nik eskualdearekin.
- “Motivus”, mugimendua eragitea esan gura duena.