M. Irazabal: `San Migela, Estrella, Heineken… Hobeto ardoa edan!´

Luxua. Horixe da gaurko dastaketan sumatu dudana. Hamabost bat lagun egon gara Elgetako Ozkarbi Elkartean. Elkarteak erabaki du hainbat kultura ekintza egitea urtean zehar. Hori nahi izan dute bazkideen gehiengoak eta horri forma ematen hasiak dira. Kontzerturen batzuk, Ozkarbi eguna… eta, esaterako, dastaketa hau.

Ez da edozein dastaketa. Norbere herrian profeta izaterik ez ei da, baina txaloka amaitu da gaurko dastaketa. Garagardoa eta gazta zeuden iragarriak, eta gehitu genezake ogi dastaketa ere egin dugula. Ogiak, guztiak artisau erara eginak, integrala, zerealduna, ogi pikantea… Ogi dastaketa bide batez izan denez, goazen fokoa jartzera gazta eta garagardoan.

Azalpenak ematen hasi da dastaketa Baobeer garagardoa egiten duen Mikel Irazabal. Aurkezpen landua, euskara hutsean egina eta ura, aleak, lupulua eta legamia izan dituena osagai printzipal. Hainbat ale erabiltzen ei dira, baina ikasi dugu arroz asko badauka… merketik egindakoa izango dela garagardoa. Garagara, garia, zekalea, artoa, oloa eta arroza erabiltzen dira, hala ere, normalean.

Lupulua da modan dagoen berba. Ez duzue sekula entzun? Ez duzue garagardo zalerik inguruan, orduan. Landare bat da lupulua, Marihuanaren familiakoa, baina bestelako efektuak ematen dituena. Erabiltzen da usaina eta zaporea emateko garagardoari, baina batez ere kontserbaziorako. Garagardoaren ehuneko handiena, %97 inguru, ura da. Ura ere ez edozein… ura ondo hautatu behar ei da. Legamiak ere badu garrantzia, izan ere, mostoa garagardo bihurtzeko beharrezkoa da. Lupulua gerora dator, irakiten jartzen denean botatzen zaio eta lupulua da garagardoari garraztasuna ematen diona.

Azalpenak ondo joan dira, eta momentua heldu da dastaketarako. Mapa bat jarri digute bakoitzari aurrean:

Eta mapa horren ezkerreko aldera ibili gara, gehienbat. “Etxeko” garagardoarekin hasi gara URREJALEI Baobeer garagardoarekin. (Blonda ALE). Ezaguna dugu herrian, eta baita inguruko herrietan ere. Urrejalei garagardoak blonde ale kategoriako urrezko domina jaso zuen Bartzelonan, La Fira del Poblenoun, 300 garagardotik gora egon diren ferian. Horrekin batera jan dugu Igorreko ahuntz gazta. Produkzio txiki bat, ez dagoena askoren eskura.

Geroko gazta, bigarrena, OSSAU IRATY izan da. Bearnoko ardi gazta da. Munduko gaztarik onena moduan izendatua izan dela azaldu digu Mikelek. Ardi manex burugorri, burubeltz eta euskal-bearnoar ardiek ematen duten esnearekin egindako gazta. Eta horrekin, beste garagardo bat: Lucy Diamond Sour BEER. Mugurdi usain eta zaporea demasa. Zerbeza denik ere… sagar-zuku itxura, aparrik ez, burbuilak…

Etxeko beste garagardo bat ondoren. Specialty IPA lehen saria izan den garagardoa. Lehenengo saria jaso zuten Madrileko Brew Competition Althaian. Garagardo potentea, 7 gradu dituena ia-ia. Garratza bere puntuan. Akaso, melokotoi zaporea-edo. Berriz edateko gogoa ematen duen garagardo tipo hori, hainbatek aipatu dutenez. Zerbaitegatik atera du urrea Madrilen.

Garagardo hau laguntzeko, Roquefort gazta eder bat jan dugu, urdina. Lizuna gaztagileek beraiek sortutako bereizgarri bat da.

Laugarrena izan da Kañerotik atera duguna. Barril bereziak dira, barruan bi kapatan moduan dago garagardoa. Baobeerren beste garagardo bat, TUBABU, IPA bikoitza duena eta ez Golden delakoa moduan, bikoitza duela esan bai, baina %18 baino ez duena. San Migela, Estrella, Heineken… izan ditu ahotan adituak. Berak ez ditu edaten dagoeneko, nahiago du horiek baino ardoa edan. Kito.

Kañako honekin behi-gazta bat jan dugu. Usain potentekoa, hala ere. Appenzeller gazta. Appenzeller, Suitzako Appenzell eskualdean ekoizten den gazta mota da, behi esne gordinez egina, trinkatua, ore gogorrekoa eta egosi barik dagoena. Aspaldi-aspaldikoa da. Pentsa, lehenengo aipamen idatzia 1282koa da. Usain arraroak hartu dizkio zenbaitek, baina ez, ez da soberan geratu.

Eta amaitzeko, Sweet Stount. Sweet stout suabetxo bat. Gozo puntua ere hartu diogu aurreko zerbeza hartu ostean. Izenak berak era badioen moduan txokolatea ere tartean. Garagardo nafarra, Barañaingoa. Garagardo beltza, baina ez horregatik aurrekoa baino pisutsuagoa. Kafe gustu handia.

Erakustaldia

Horixe izan da: erakustaldia. Urrezko domina jasotzera joan behar izan du atzerrira, baina etxekook ere zorioneko gara horrelako dastaketa antolatu eta gozatu dugulako herrikoekin. Eskerrik asko Mikel eta Maite. Segi horrelaxe. Hurrengo dastaketa Beer Judge Certification Programa izendapen eta guzti. E, Maite?

Ozkarbi elkarteari dagokionez, uste dut hauxe dela kultura doituaren adibide garbia. Jende asko ez, baina egon garenok pozik eta errepikatzeko gogoz. Ahoz ahokoak egingo du gainontzekoa. Aurrera.

Amaitzeko, garagardo-mapan kokatuta edan ditugun bost garagardoak. Badago zer esploratu! Eta hori artisaua den garagardoa produzitzen den guztiaren zati txiki bat baino ez dela, %1,5 baino ez, hain zuzen!

2deo inauguratuta, prototipoak lantzeko laborategia sektorearen eskura

Albiste hau hainbat hedabidek landu dute. Hemen bilaketa bizkor batekin topatutakoak:

Gehiago ere badira, eta Twitterren iritziak ere eman dituzte hainbatek. Kuriosoa egin zait bakoitzak zer nabarmendu duen ikustea, zein argazki aukeratu, titularra… kazetaritza egiteko moduak, azken baten.

 

Elkarrizketa Oiartzun Irratian kazetaritzaz-edo

Badira elkarrizketa landuak eta ez hain landuak direnak. Kasu honetan, Imanolek eta Alaznek egindakoa lehenengo multzokoa izan da, landua. Oinarria izan du Udaltopen egindako aurkezpena. Oso modu eta giro egokian egindakoa, gainera. Eskerrik asko kontuan hartzeagatik, Martin Kitto. Bide batez, gustatu zait Morauren sintonia duen saio batean parte hartzea 🙂

140 karaktere ere eskatu zizkidaten bukaeran: Oiartzun irratiak egiten dituen elkarrizketa sakon hauetan mamirik topatzea ere badago, batzuetan arraspatu egin beharko da topatu ahal izateko, baina titular bat baino gehiago lortzeko modua izan du irratiak.

Horrela argitaratu du Oiartzun Irratiak:

Iban Arantzabalekin mintzatu gara Goienaren kazetaritza ereduaz

 
 
 
Gaurkoan “Arma Txio Pum” saioan kazetaritza ereduez hitz egin dugu Iban Arantzabalekin. Goienaren kazetaritza eredua eta “beste batzuena” alderatu ditugu.
 
Elkarrizketa Oiartzun Irratiaren webgunean duzue entzungai. Egin klik hemen, eta zuzenean entzuteko edo mp3an jaisteko aukera duzue.
 
Kazetaritzarekin lotuta, hainbat gai aztertu ditugu Ibanekin: Kazetaritzak objektiboa izan behar du? Merezi du objektiboa izateko ahalegina egitea? Nola gauzatzen da hori Goienan? Zer-nola baldintzatzen du Goienaren jarduna finantzazioaren diruaren parte handi bat udalek jartzeak? Alderdi politikoek ez al dute tentaziorik Goienaren edukiak kontrolatzeko?
 
Baina ez pentsa teoriaren lainoetan ibili garenik. Praktikara ere jaitsi gara.
 
Batetik, guasap bidez azken orduko albiste lazgarri baten berri izan dugu, eta… Ausartu al da Iban albistea Goienan argitaratzen?
 
Bestetik, elkarrizketaren bukaeran Ibanek berak jarri dio izenburua elkarrizketari. Eskerrik asko, Iban! Lan bat gutxiago guretzat.
 
Elkarrizketa honen oinarrian Iban Arantzabalek Lasarte-Oriako Udaltop topaguneko jardunaldietan gai honen bueltan egindako aurkezpena dago.
 
Hementxe duzue aurkezpena:
 

 
“Arma Txio Pum” ostiralero 12:00etan ematen dugu Oiartzun Irratian, eta segituan jartzen dugu webgunean mp3an jaisteko eta entzuteko.

Kalitatezko kazetaritzaren ezaugarri batzuk

Ekartzen dut “Red ética” blogeko artikulua irakurri osteko hausnarketa batzuk. Artikulu originalaren izena (eta lotura) da: “Ocho cualidades que definen el periodismo de calidad“. Zortzi ezaugarriok London School of Economics-eko irakasle Charlie Beckettek aipatutakoak dira. Are gehiago laburtuta irakurri daitezke hemen.

Atentzioa deitu dit lehen ezaugarrian bertan dagoen esaldiak: “No importa cuán valiosa sea la “calidad” de su contenido si las personas no lo consumen.” Egia esan, kalitate goreneko edukiak egin genitzake, baina gutxik kontsumitzen baditu… Argitaldari eta bezeroaren arteko arrakala horrekin bizi behar duen enpresak benetan merezi behar du… Baina goazen Beckettek aipatutako ezaugarrietara:

 1) Kalitatea = erabiltzaile esperientzia

Irakurterraza egin behar da kazetaritza. Ehun berbako artikulu bat hobea izan daiteke erabiltzailearendako eduki multimedia interaktibo bat baino. Nahiz eta maitasun handiarekin egina egon  5 parrafako sarrera luze batekin aurkeztuta nekez da esperientzia positiboa lortzea.

 2) Kalitatea = pertsonalizatua eta editatutako edukia

Informazioa bilatu, hautatu, editatu, antolatu eta partekatzea da gakoa. Gutxiago ematea gehiago ematea da askotan. Informazio uholdetik hautatu behar da zer eta zelan.

3) Kalitatea = balio erantsia

Momentuoro gertatzen dira notiziak, orainak du garrantzia. Hala ere, kazetaritzatik eman daitekeen balio erantsia da: testuingurua ematea, analisia egitea eta iritziak plazaratzea. Garrantzitsuak baita: esperientzia, ikerketa eta berritasuna ere. Hauetara heltzeko ohikotasunez egiten ditugun gauzei erreperatu behar, zeintzuk diren behar-beharrezko ikusteko eta zelan utzi lekua berriei.

4) Kalitatea = nabarmentzea

Erabiltzaileek hainbat lekutik jasotzen dute informazioa, gero eta gehiagotik. Beharbada zer nabarmendu da pentsatu behar duguna ondo eta ez dauka zertan jendeak gehien kontsumitzen duen hori izan behar beti.

5) Dibertsitatea, serendipia eta poztasuna

Askotan erabiltzaileak ez daki zer gura duen irakurtzea. Aukera daukagu sorpresak emateko, kontatu irakurleak ez dakien hori. Batzuetan jakitea nahi duela ere ez daki eta kazetaritza onaren esku dago hori. Ustekabeko aurkikuntzak atsegin zaizkio erabiltzaileari.

6) kalitatea = inpaktua

Erredakzioan lanean dihardutenek pertsonetan duten eraginaren jakitun (edo kontzienteago) balira, komunitatean duten balioa hobeto ulertuko lukete.

7) Kaliatea = esperientzia emozionala

Sentsazionalismoa ez dago ondo ikusia ez. Baina hortik eta esperientzia emozionalei muzin egitera… Sentimentuak, identitatea, baloreak… bizi kalitatearen parte dira eta baita hedabideekin erabiltzaileek duten lotura inportante ere. Emozionalki konektatu behar da bezeroarekin, irakurle-entzule-ikuseleekin.

8) kalitatea = notizietatik haratago

Beharbada, notiziak ematera ohituratuegi dagoenak behar luke igurtzi handiagoa komunikatzea lanbide duten beste jende batekin. Esaterako: antzerkilariekin, musikariekin… Esperientzia kulturalek eragiten dute bezeroengan eta ez genuke pista hori galdu behar. Badago zer ikasi eta inoiz ere ez dago sobera (beharrezkoa da) kulturalki jantziagoa izatea erredakzioan lanean dagoena.

 

Desinformazioaren kontrako antidotoa da tokiko kazetaritza

Titular horixe irakurri berri dugu El Pais egunkarian  ateratako artikuluan. Badakizue, etxetik beharrean kanpotik datorrenean… Jar diezaiogun etxeko ikuspuntua. The Expanding News Desert  (pdf-a) azterlanean jasotzen denez Amerikako Estatu Batuetako ezinbesteko zutabe izan da tokiko prentsa. Eta Euskal Herrian? antzerako ikerketarik ezagutzen ez dudan arren badut uste (ez-zientifikoa, klaro) tokiko prentsak gero eta garrantzia handiagoa duela.

Herrialde horietan moduan, Euskal Herrian ere zerbitzu informazio handia ematen dute tokiko hedabideek. Gure orriak eta pantailak gertuko agendaz, udaleko oharrez eta ekimen publiko eta pribatuen ekintzez josiak daude. Informazioa bor-borka. Eta behar bat dago hori familietara eta norbanakoetara heltzeko, izan ere, bezeroek eskatzen eta eskertzen dute lan hori. Zelan litzateke posible, esaterako, Debagoiena komunitatea orain dela 18 urte zaborrak biltzeko bakarrik zela pentsatzea, eta gaur gaurkoz, 18 urte atzera gure buruetan ez zegoen “debagoiendar” berba takean-potean entzutea zinegotzei eta alkateen ahotan? Tokiko kazetaritzak ere egiten du Debagoiena, noski; eta egiten du Euskal Herria ere.

Hedabide lokalak dira udalen jardunaren nondik norakoa dakitenak. Astean bertan egin dugu Debagoienako plataforma irekirako saio bat. Herri bakoitzeko kazetariak hartu du parte bertan eta zerbait ikusi bada da herri horretako informazioa azaleratua dagoela tokiko hedabideak izan badirelako. Nolabaiteko kontrola egiten zaio diru-publikoari, demokrazian sakontzeko balio du tokiko aldizkarigintzak, ahotsa ateratzea nekeza zaien horiei bozgoragailua jartzen diegu… Herriaren nondik norakoaren berri badu profesionalak. Eta bai, badugu bide luzea lantzeko ere, oraindik, zergatik ez aitortu. Hala ere, zeinek dauka ba herriaren pultsua ez bada herri horretan berezitua duen kazetariak?

Gertuko kazetaritza ez da egiten agentzietatik heltzen den ohar zaparradaz. Gure argazkien %95 geuk sinatutakoak dira. Bulego kazetaritza gutxien gertuko hedabideetan dago. Ez dira gaztelerazko eta beste hizkuntza bateko oharrak itzuli eta argitaratzen, normalean. Eskatzen du iturriarengana joan eta kazetaritza zuzena egitea, bertatik bertarakoa. Batzuetan ahotsa grabatuta, beste batzuetan ikus-entzunezkoa eginda, baina bertatik bertarako kazetaritza multimedia. Horrek ere egiten du sinesgarri, horrek egiten du estimatu. Badu kontrako alderik ere kazetariarendako, izan ere, presioa handia da. Aurten bertan hamaika albiste atera barik izan ditugu, hozkailuan, iturriek itxaroteko eskatuta. Inoiz, baita albiste hori beste hedabide batzuetan aterata ikustera heldu arte, gainera! Hari fin horren gainean egiten du dantza gertuko kazetariak: komunitatearendako komunitatearekin, eta, beti ere, kazetaritzak berekin dakarren informazio eskubidea ahaztu barik. Motxila ere bada batzuetan, eta esklusiban albiste batzuk izan arren ez da erraza izaten momentuan atera edo ez erabakitzea. Sarri lantzen da gehiago, kontraste handiagoa egin eta ondoren atera.

Kalitatezko kazetaritzak eskatzen du bizkortasuna bera ere aldagai bat izatea 2018an. Hala ere, eta zure herrikideendako informazioa egiterakoan eskatzen du baita ere publikatu behar den hori ondo lantzea. Sinesgarritasunaren mesede, zalantza izpirik gabe. Kontrastea eta sinesgarritasuna bizkortasunaren kaltetan.

Ez da erraza aukeratutako ofizioa. Negozio ikuspuntutik ere gero eta makurragoa eta gero eta zailtasun handiagoduna. Publizitate diruak handienetara daude bideratuta eta lokalek apal-apal eta batuta baino ezin diezaiekete aurre egin handienei. Bitartean, lizentziatua dagoen jendea behar besteko eta merezitako soldatak jaso barik. Komeni da fokoa enpresetako lankideengan jartzea eta horri aurre egiteko pauso politak eman dira EAE-ko erakundeekin, Aldundi eta Jaurlaritzarekin. Zalantza barik, 2019an aurrerapausoak eman behar dira soldaten gaian ere, ofizioak merezi duelako eta egiten denak balio sozial handia izatez gain gure bezeroen ehuneko handienak beharrezko edo oso beharrezko jotzen duelako egiten dugun lana. Aurrekonturik adostu ez izanak ez digu laguntzen, baina jarraitu beharko dugu markatutako bidean. Hedabideetan xeoxer hobetuko den esperantzan gaude, badira, hala ere, ahaztu ezin ditugun beste hainbat ofiziokide: gidoigileak, produktoretan dabiltzan teknikari eta kazetariak, ikus-entzunezko sektoreko enpresa osoak…

Tokiko enpresen hautua badago doakoari ere lotua, baina ez da horregatik kostatu gabekoa. Telebista eta webguneetan dagoena jasotzen dute bezeroek diru trukerik egon gabe. Seguruenik, gure egitekoa euskararekin lotuta dagoelako ere izan behar du horrela, baina txarto egingo genuke klik bakarrera edo telebista kateko botoi bakarrari zapalduta jasotzen dena balioan jarriko ez bagenu. Jende askoren lana dago hor atzean eta gure bezeroa inozoa ez denez badaki egiten den lanak kostua duela. Gertuko hedabideen mantxeta guztiek dute beste inork eman ezin dezakeen edukia eta gainera euskararendako “irabazia” dagoen esparru bat dela ere esan genezake, euskara lider den esparru bat.

Tokiko hedabideoi dagokigu zintzo jarraitzea lanean, komunitatearen luze-zabalera ondo neurtuta eta ahalik eta komunitate handienari zerbitzua ematea. Sinesgarri, komunitatearekin batera eta komunitatearendako lana eginda, gertutik, desinformazioari mugak jarriz, testuinguruak landuz… KAZETARITZA egitea. Hori baino ez eta hori dena: kazetaritza.

 

“Gerra etxe atarian”, memoria oso garrantzitsua delako

Gertu denboran eta gertu herrian bertan gertatu zelako. Herrikideak diren lagunen esperientziak bertatik bertara. Aipatzekoa Arantxa Arantzeta, 96 urterekin eta zelako buru-argiarekin garai horiek kontatzen. Umeak ziren 1936ko udazkenean Olatza baserriko Luzio Garai, Zabaleta baserriko Ana Mari eta Eugeni Alberdi,  Arantxa Arantzeta, Agarre Goikoa baserriko Jose Mari Arantzabal eta Galarraga baserriko Julian Azkarate.

Zazpi hilabetez egon zen 1936ko frontea geldi Elgeta inguruan. Erdi erdian harrapatu zituen hainbat eta hainbat familia. Orduan ume ziren sei lagunen testigantzekin osatu du erreportajea Larraitz Zeberio lankideak Goienarako. Lan fina.

Ikuspegi historikoa Eibarko historialari eta Intxorta 1937 Kultur Elkarteko Jesus Gutierrezek eskaintzen du, Elgetan memoria historikoarekin lotuta hainbat lan egindako lagunak.

Lankide Larraitz Zeberioren lana Goiena Telebistarako:

 

2deo euskarazko ikus-entzunezkoen sormen laborategia aurkeztuta

Atzo egun garrantzitsua izan zen 2deorako. Nik ere halaxe bizi izan nuen. Uste dut zeregin handia dagoela eta asmatzen saiatzea izango da gure lana. Oraintxetik bertatik dakigu laborategi hau ez dela izango sektoreak dituen arazo guztien konpontzaile, eta espektatibak neurriratuta hasi beharko dugu, hala ere, lagundu nahi lioke 2deok sektoreari esperimentazioaren bidez. Proiektu honen piezarik garrantzitsuena ez da lokala bera izango, baina batzeko leku bat ere behar dugunez, hurrengo martxorako izango dira obrak eginda. Edizio gelak, co-working gunea, aurkezpenak eta formazioa egiteko lekua, ideiak emateko 2deomatoia… 2deoren balioa sektoreko profesionaletan dago. Neurria sektorearen lanak emango du eta sektoreko jendearen arteko elkarlana zein sektorez kanpokoekin bultzatuko den hibridazioa izango dira gakoak.

Bereziki profesionalentzako pentsatutako gunea da, baina ez bakarrik. Unibertsitateetako gazteak (3 unibertsitateek dihardute ikus-entzunezkoak lantzen) eta kontsumituko duten horiek ere izango dira erabilgai. Egongo dira formazioak profesionalendako bai teknikoak eta bai arrakasta kasuen erakusketak, eta egongo dira baita ere herritarrendako zabalik izango diren kurtsoak. 

Nik pozik hartzen dut langintza hau, uste dudalako onura ekarriko duela sektoreko hainbat enpresendako. replica rolex YachtMaster Bereziki 2-10 langile bitarteko dituzten horiendako, izan ere, badakigu tamaina horretako enpresetan zailagoa dela esperimentatzea. Seguruenik enpresa handiaogoekin egindako elkalanak ere emango ditu fruituak. Uste osoa dut enpresa horiekin lanean hasita proiektu anbiziotsuetara ere jarriko garela begira eta hori ere badut gustuko, egia esan. Kalitatezko produktuak izango ditugu ipar, baina ahaztu barik zer kontsumitzen duten gazteenek. Kalitatea ulertzeko modu zabala erabiliko dugu, beraz, dena ez baitago zine-kalitatean egin beharrik, bistan denez. Hori bai, Tabakaleran zinearekin lotutako jakintza handia batzen da (Zinemaldia, filmoteka, ikus-entzunezko arloa, Zine eskola…) eta horrelako auzokideak izatea lagungarri izango da ezbairik gabe. Sinisten dut 2deok emango diola Tabakalerari, eta baita Tabakalerak 2deori ere. Leku ona da Tabakalera eta zuzendari nagusiaren babesa badu proiektuak. 

2deoren egitekoa sektoreak berak markatuko du. Orain arteko pausoak ere sektoreko 80 elkarrizketatik abiatu dira (Amaia Pavon, Oihane Agirre eta Goio Aranak jardun zuten elkarrizketok egiten) eta horri gehitu zaizkio EHU-k gazteei egindako 2500 elkarrizketak. Lau jardunaldi ere egin genituen Orona-ideon eta handik ikasi ditugu atzerriko esperientzia arrakastatsuak. Azkenik, nazioarteko esperientzia jasotzen ere jardun genuen proiektuan. Oraingo langintza, beraz, horren replica rolex jarraipena izango da eta nire lana 2019an amaituko litzateke. Denbora hau hartuko dugu sektorearen erantzuna zein den ikusteko ere eta ia proiektatutakoak zein norantza hartzen duen baloratuko da 2019 amaieran. 

Egunotan hamaika dei jasotzen ari naiz informazio gehiagoren eske. 2018an bertan hasiko gara funtzionatzen nahiz eta  obretan egon 2deo. Egongo dira deialdi publikoak, formazioa, jardunaldiak… hori, dena den, uda ostean izango da, urritik aurrera. 

Hau dena zertarako? Euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena eta kontsumoa handitzen saiatzeko, sormen testuinguru berriak sustatuz, ekoizpen eredu eta formatu berrietan esperimentatuz, eta zabalkunde kanalak biderkatuz, beti ere, sektorea osatzen duten eragileekin elkarlanean eta herritarren partaidetza aktibatuz. 

Ia bide berri honetan sektorearen lagungarri izan daitekeen 2deo, sektorearekin batera lan eginda heldu ahal izango baikara euskarazko kontsumoa handitzera. Eskerrik asko jaso ditudan animo guztiengatik, mezu zaparrada handia jaso dut eta horrek indarra ematen du lanerako. 

Edurne Ormazabal, Markel Olano eta Iban Arantzabal 2deoren aurkezpenean, Tabakaleran.

ahobizi

Hiruzpalau lagunek galdetu didate ia zer den Ahobizi. Euskaraldia.eus webgunean dakar ondo azalduta.

Ahobizi

Euskaraz egingo diezu ulertzen duten guztiei. Edonon, edonoiz eta ulertzen duen edonorekin arituko zara euskaraz. Ezagutzen ez dituzunekin lehen hitza euskaraz egingo duzu, eta ulertzen baldin badute, hortik aurrerakoak ere bai.

Ahobizi izateak ez du euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin zerikusirik, jokaerarekin baizik! Ahal duzun guztietan euskara erabiltzeko prest? Ahobizi zara!

Elgetako Gazte Asanbladako hasierak

Pentsatu dut lerro batzuk idaztea blog honetan. Gaztetu ez naiz egingo, tamalez, baina balioko dit Internetik ez zen garaiak gogoratzeko, pezetetan genbiltzan garai haiek, antzokirik ez genuenak, ez zineklubik, ez urtean zehar kultura ekitaldi iraunkorrik, ez..  barkatu, ez dut hortik jarraituko, zahartzaroa urrun dugu-eta 🙂
Neuretik da idatzia, hiru urtera atera genuen fanzine bat gida moduan hartuta. Orduko arrakastaren gako batzuk ere ausartu naiz jartzera.

Lehen hiru urteak

Joan dira urte pila bat. 1992an sortu genuen EGA, Elgetako Gazte Asanbala. Orduan, oraindik, “Euskararen ajeak” liburua argitaratu gabe zegoela, ze bestela, Gazte Batzarra deituko litzateke Sarasolaren “kulpaz” 🙂
Hiru urte pasa ziren hainbat ekintza egiten. Sonatuak izan ziren ikastolen jaietatik azkena ateratzen zen autobus haiek, esaterako. Elgetakoa beti azkena. Hiru urtean 700 pertsona inguru mugitu ziren autobusotan. Batzuetan bi ere atera genituen Elgetatik. Indarra hartzen, hala ere, 94an hasi zen EGA. Urte horretan, esaterako, aldarrikapena izan zen emakumeen borroka. “Elgetako emakumeak” moduan sinatu zen EGAtik sortutako pankarta.

1994koa izan zen ikastaroen urtea: txalaparta, hankapalo, trikiti ikastaro… eta baita fanzine bat-edo behar genuela hausnatu genuenekoa. Fanzine bat behar lukeenak amaitu zuen GOIBEKOKALE izaten 1995eko apirilaren 1ean. EGAk sortua eta bultzatua. Hamaika laguni eskerrak aurrera atera zena eta onarpen handi eta zabala izan zuena Elgetan. Hilabetekaria oso maitatua izan zen, 2000. urtera arte iraun zuena eta gero Goienari lekukoa pasa. Urte berean berreskuratu genuen Asentzio Eguna. Oso potentea jendez, urte dezentetan. Gogoratuko da norbait Elkoro pilotariaren finala pantaila handian ere ikusi ahal izan zela, pagopean, urteren baten.
1995ean antolatu zuek EGAk lehen kontzertua. Ederra izan zen. Pottoka, Tapia eta Leturia Band eta Bizkar Hezurrak. Frontoian izan zen, Xabier Montoiak esaten duen moduan Euskal Herriko soinurik txarrena duen frontoi horretan. Faltan genuen lokal bat… Erakutsi genuen behar genuela… eta herriak ere ikusi zuen bagenbiltzala… aktibo ginela… 1996ko martxoaren 22an okupatu zen Gaztetxea.

Ardatz batzuk:

Ekintzak eta espazioarekin autokudeaketa: Ekintzak ziren garrantzitsuak, duda barik. Baina lokalak lagundu zigun ekintzok aurrera ateratzen. Espazioa inportantea zen, eta autogestiorako beharrezkoa han barra bat izatea.
Euskara: Egunkariako tonbola, Karrakorrikako tonbola, Korrikako kilometroa erostea, euskararen jaietarako autobusak…
Euskal prentsa irakurtzeko gune bakarra zen herri osoan. Tokikoetatik zeuden: Arraste Press, Elgoibarren, Lau Haizetara, Aretxagazeta, Eta Kitto… Argia astero-astero hartzen zen eta Entzun musika aldizkariaren harpidedun zen Gaztetxea. Napartheid ere bazen, bestelako komikiak, El Tubo, hainbat fanzine…
Herrirako jai egunak: Asentzio eguna izan zen lehenengoa. Euskal dantzak, bolatokia prestatu, herri kirolak, trikitilariak, bertsolariak… zer ez dugu egin Asentsio egunean! Zehatzago: zer ez dute egin herritarrek Asentsio egunean! Geroago etorri zen udazken jaia. Jai egun borobila, tortilla lehiaketa jendetsuekin, erromeriak… Herri proiektu bat osatzen zuten ekintzok.
Hitzaldiak: antimilitarismoa eta intsumisioa gogor zeuden urteak ziren. Tokatzen zitzaien gure tarteko hainbati… Durangaldeko MOC-KEM taldekoak izan genituen lagun hainbat hitzalditan.
Gai tabuak era bai Gaztetxean: HIESA: beste gai bat potente zegoena… Ez dut ahaztuko Jon Salaberriren hitzaldia, esaterako. Lehen aldiz izan ziren kondoiak barra gainean, bistara, edozeinen eskura. Sexuarekin lotutako hainbat hitzaldi antolatu ziren. Gehiturekin antolatutakoak, Amaia Vazquez sexologarekin…
Herriari zabalik: Ez zen EGA bakarrik espazioa erabiltzen zuena. Pentsa, okupatu zen garaian EGIko gazteei eskaini zitzaien EGI akanpadako koordinazio gunea jartzeko; edo Elgetako HB-k ETAren alternatiba demokratikoa bertan aurkeztu zuen.
Lau paretetatik harantzago: herria genuen helburu. Holaxe zabaldu genituen “gosea munduan arazo politikoa da” moduko aldarriak panelen bidez. Txiapasi buruzko hitzaldiak, panel informatiboak, Markos Subkomandantearen parrafo osoak…
Ikus-entzunezkoak: diapositiba emanaldiekin hasi ginen. Josetxo Arantzabalek prestatu zituen berak ateratako euskal musikari buruzko argazkiak eta kantuak. Gero etorri ziren Islandiari buruzkoak, Bi emakume Turkiatik Birmaniara… KUTXAk lagunduta ere egin genituen diapositiba emanaldi jendetsuak. Ez-ohikoa inguruko gaztetxeei begiratuz gero. Zinekluba ere izan genuen aurrerago.
Antzerkia: Bilboko “Transito Teatro” taldeak zabaldu zuen antzerkien zerrenda eta gero etorri ziren Arrasateko “Txatxi” gazte taldea eta beste hainbat.
Ikastaroak askotarikoak izan dira, Gaztetxerik ez zegoenean ere. Gerora jarraitu zuten gehienek, eta berriak gehitu. Esaterako, grafiti ikastaroa eman zigun Elorrixoko Xaldo frafiti taldeak.
Dantzak izan zuen lekua beti: trikitiarekin hasi zena saltsa ikastaro ere bihurtu zen Ane Mendiola oiartzuarrarekin. Ikasi ahal izan zen merengea edo jazz-a dantzatzen ere. Eta Asentzioarako Larrain dantzarekin hasi zenak Iribas-ekin jarraitu zuen.
Umeak: Beti izan dute lekua Gaztetxean. Hasieratik egin dira ekintzak: egun pasak, jolasak, dantzak, abestiak, goxokien boloak… eta gerora umeendako zinea ere izan zen Elgetan lehengo aldiz. Gaztetxeak inbertsio handia egin zuen zine pantaila eta proiektorea erosten. Euskarazko marrazki bizidun DVD-ak ere lortu genituen Eusko Jaurlaritzatik.
Denetik: futbolin txapelketak, partxis, mus… eta irteerak ere bai mendira, eta txitxiburduntziak, eta… ufff. Zenbat gauza.
Musika ere izan da ardatza. Bai eszenari lagun dio dio Gaztetxeak, bai gure gozamen iturri izan da eta diru-sarrera garrantzitsu bihurtu zuen barra. Elgetako Gaztetxetik den-denak joan dira sarrera osoa kobratuta, gutxienez. Baita gehiago ere sarritan sasoi hartan.
1997rako talde hauek pasatu ziren Gaztetxetik: Iskanbila (hau izan zen lehen kontzertua), Non Demontre, Aitzol Mujika, EH Sukarra, Parabellun, Ekon, Beer Mosh, Xabier Montoia, 6nemen9, Eraso!, Noise Am Behin, Ttak, Anophles, Storbais, Parentesis, Luther, Brutal Melody, Brigada Slam, DAntzut, Hardezan… Itxaron zerrenda handia zegoen Elgetako Gaztetxean, 30-40 talde bai, zain zeudenak noiz deituko.
Urteroko ekintza asko: Hasierako urteak dira errepasatutakoak. Baina ekintza gehienek izan zuten urte askoan errepika. Eta berriak etorri ziren ostean. Hiru-hileko programzioa zuten triptikoak ateratzera ere heldu ginen. Justo de la Cuevak emandako moduko hitzaldiak geratu zaizkit gogoan, edo inprentatik pasatako lehen kartel koloreduna Gaztetxeen koordinakundearekin batera egin genuela, AHTaren kontrakoa, edo taulatik botatzea kostatzen zitzaigun Arakajun taldea zein Mal de Ojokoak, Apoaren edertasuna lan ederra, edo Berri Txarrak mutiko zireneko hura… Rogelio Botanz talde guztiarekin, zenbat erromeria… 

Nik horrela gogoratzen ditut hasierako urteak, lehen hamarkada-edo bai, behintzat. Eta dena zen polita eta happy? Bai zera! Baina hori beste post bat da. Guk ere atera genuen kartel bat “Gaztetxearekin zirt edo zart!” egin behar genuela genioena

Nire ustez, arrakastaren gakoak izan ziren:
– Herrira begirako proiektu plurala.
– Proiektu beregain sozio-politikoa. Autokudeatua.
– Irekia ideietan, egiteko moduetan, estiloetan…
– Lagunarte sendoa, talde ona. Bereziki emakumeez osatua.
– Anbiziotsua eta lanerako gogoduna. Ondo pasatzeko beti prest!
– Barrak dirua ematen zuen.
– Kolektiboak inporta zuen.
– Ez zegoen larregi herrian eta ezer gutxi eginda ere bazetorren txaloa.
– Euskalduna eta euskaltzalea.

2018ko martxoaren 17an itxiko ditu ateak. Gazte Asanbladako kideek esan dutenez giltzak emango zaizkio Udalari. Aipatu dituzte arrazoi batzuk ere. Penaz, baina errespetu osoz hartzen dut erabakia eta egia esan ausarta ere iruditzen zait. Proiektuak sortzen eta hiltzen ere jakin behar da. Garai bakoitzak eskatzen du jokatzeko modu bat eta jokatzeko modu hau gaurko gazteek erabakitakoa denez badu balioa. Zoriondu baino ez 1992ko EGA hartatik 2018ra artean lanean ibili diren guztiak.