M. Irazabal: `San Migela, Estrella, Heineken… Hobeto ardoa edan!´

Luxua. Horixe da gaurko dastaketan sumatu dudana. Hamabost bat lagun egon gara Elgetako Ozkarbi Elkartean. Elkarteak erabaki du hainbat kultura ekintza egitea urtean zehar. Hori nahi izan dute bazkideen gehiengoak eta horri forma ematen hasiak dira. Kontzerturen batzuk, Ozkarbi eguna… eta, esaterako, dastaketa hau.

Ez da edozein dastaketa. Norbere herrian profeta izaterik ez ei da, baina txaloka amaitu da gaurko dastaketa. Garagardoa eta gazta zeuden iragarriak, eta gehitu genezake ogi dastaketa ere egin dugula. Ogiak, guztiak artisau erara eginak, integrala, zerealduna, ogi pikantea… Ogi dastaketa bide batez izan denez, goazen fokoa jartzera gazta eta garagardoan.

Azalpenak ematen hasi da dastaketa Baobeer garagardoa egiten duen Mikel Irazabal. Aurkezpen landua, euskara hutsean egina eta ura, aleak, lupulua eta legamia izan dituena osagai printzipal. Hainbat ale erabiltzen ei dira, baina ikasi dugu arroz asko badauka… merketik egindakoa izango dela garagardoa. Garagara, garia, zekalea, artoa, oloa eta arroza erabiltzen dira, hala ere, normalean.

Lupulua da modan dagoen berba. Ez duzue sekula entzun? Ez duzue garagardo zalerik inguruan, orduan. Landare bat da lupulua, Marihuanaren familiakoa, baina bestelako efektuak ematen dituena. Erabiltzen da usaina eta zaporea emateko garagardoari, baina batez ere kontserbaziorako. Garagardoaren ehuneko handiena, %97 inguru, ura da. Ura ere ez edozein… ura ondo hautatu behar ei da. Legamiak ere badu garrantzia, izan ere, mostoa garagardo bihurtzeko beharrezkoa da. Lupulua gerora dator, irakiten jartzen denean botatzen zaio eta lupulua da garagardoari garraztasuna ematen diona.

Azalpenak ondo joan dira, eta momentua heldu da dastaketarako. Mapa bat jarri digute bakoitzari aurrean:

Eta mapa horren ezkerreko aldera ibili gara, gehienbat. “Etxeko” garagardoarekin hasi gara URREJALEI Baobeer garagardoarekin. (Blonda ALE). Ezaguna dugu herrian, eta baita inguruko herrietan ere. Urrejalei garagardoak blonde ale kategoriako urrezko domina jaso zuen Bartzelonan, La Fira del Poblenoun, 300 garagardotik gora egon diren ferian. Horrekin batera jan dugu Igorreko ahuntz gazta. Produkzio txiki bat, ez dagoena askoren eskura.

Geroko gazta, bigarrena, OSSAU IRATY izan da. Bearnoko ardi gazta da. Munduko gaztarik onena moduan izendatua izan dela azaldu digu Mikelek. Ardi manex burugorri, burubeltz eta euskal-bearnoar ardiek ematen duten esnearekin egindako gazta. Eta horrekin, beste garagardo bat: Lucy Diamond Sour BEER. Mugurdi usain eta zaporea demasa. Zerbeza denik ere… sagar-zuku itxura, aparrik ez, burbuilak…

Etxeko beste garagardo bat ondoren. Specialty IPA lehen saria izan den garagardoa. Lehenengo saria jaso zuten Madrileko Brew Competition Althaian. Garagardo potentea, 7 gradu dituena ia-ia. Garratza bere puntuan. Akaso, melokotoi zaporea-edo. Berriz edateko gogoa ematen duen garagardo tipo hori, hainbatek aipatu dutenez. Zerbaitegatik atera du urrea Madrilen.

Garagardo hau laguntzeko, Roquefort gazta eder bat jan dugu, urdina. Lizuna gaztagileek beraiek sortutako bereizgarri bat da.

Laugarrena izan da Kañerotik atera duguna. Barril bereziak dira, barruan bi kapatan moduan dago garagardoa. Baobeerren beste garagardo bat, TUBABU, IPA bikoitza duena eta ez Golden delakoa moduan, bikoitza duela esan bai, baina %18 baino ez duena. San Migela, Estrella, Heineken… izan ditu ahotan adituak. Berak ez ditu edaten dagoeneko, nahiago du horiek baino ardoa edan. Kito.

Kañako honekin behi-gazta bat jan dugu. Usain potentekoa, hala ere. Appenzeller gazta. Appenzeller, Suitzako Appenzell eskualdean ekoizten den gazta mota da, behi esne gordinez egina, trinkatua, ore gogorrekoa eta egosi barik dagoena. Aspaldi-aspaldikoa da. Pentsa, lehenengo aipamen idatzia 1282koa da. Usain arraroak hartu dizkio zenbaitek, baina ez, ez da soberan geratu.

Eta amaitzeko, Sweet Stount. Sweet stout suabetxo bat. Gozo puntua ere hartu diogu aurreko zerbeza hartu ostean. Izenak berak era badioen moduan txokolatea ere tartean. Garagardo nafarra, Barañaingoa. Garagardo beltza, baina ez horregatik aurrekoa baino pisutsuagoa. Kafe gustu handia.

Erakustaldia

Horixe izan da: erakustaldia. Urrezko domina jasotzera joan behar izan du atzerrira, baina etxekook ere zorioneko gara horrelako dastaketa antolatu eta gozatu dugulako herrikoekin. Eskerrik asko Mikel eta Maite. Segi horrelaxe. Hurrengo dastaketa Beer Judge Certification Programa izendapen eta guzti. E, Maite?

Ozkarbi elkarteari dagokionez, uste dut hauxe dela kultura doituaren adibide garbia. Jende asko ez, baina egon garenok pozik eta errepikatzeko gogoz. Ahoz ahokoak egingo du gainontzekoa. Aurrera.

Amaitzeko, garagardo-mapan kokatuta edan ditugun bost garagardoak. Badago zer esploratu! Eta hori artisaua den garagardoa produzitzen den guztiaren zati txiki bat baino ez dela, %1,5 baino ez, hain zuzen!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude