Asko poztu naiz korporazio berria plazan dantzan ikusita

Ibon Unzetabarrenetxea alkatearendako ez da gutxi ba alkate izatea eta to! Dantzara! Izan zitekeen ezetza ematea, denborarik ez dela egon edo dena delako. Ba ez, zezenari adarretatik ebatu eta plazara, herrikideen aurrera. Eskerrik asko.

Ez da huskeria niretzako. Urte batzuk badira dagoeneko eta ohitura ere bihurtzeko zorian dago. Zorian diot, ze desagertzeko zorian egotea ere ez da nekeza.

Eskuz esku, batuta, urduriago edo ez, barretxoarekin, publikoari errespetuz, ahal den onena emateko gogoz. Bereziki ematen diot inportantzia pertsona-katea osatzeari, zirkulu erdia-edo egin eta herritarrei begira dantzatzeari, eskaintza horri. Herriaren aurrean txapela kentzeari, baina korporazio batu moduan. Etorriko dira desadostasunak beranduago, baina hasi bitez plazan bestelakoak erakutsita.

Dantza-talde ez gutxik, tartean Elgetakoak, baztertua izan dute dantza-molde hau. XX. mendean nahiko desagertua edo gutxitua egon da plazaratzea. Esango nuke, indarra har dezakeela eta hartzen ari dela XXI. mende honetan. Poza ematen du horrek, poz handia. Asteburu honetan leku bitan egin dute soka-dantza: Bergarako San Martzialen eta Elgetako Mendizaleen plazan. Herri gehiagotara zabaltzeko modukoa dela uste dut. Momentu herrikoia eta era berean serioa, solemnea. Publikotik ere horixe bera errespetatzen ikastea dagokigulakoan nago. Ordezkari politikariek bete zuten beraienarekin eta publikotik ere horixe bera errespetatzen ikastea dagokigu. Hurrengo urtean izan gaitezela berriz ikusteko eta gozatzekoak. Eskerrik asko.

Objektibotasunaren bila

Marty Baronek objektibotasunaren ideala defendatzen du informazioa zorrotz emateko metodo gisa, aldez aurretik ondoriorik atera gabe eta kazetariak bere lanaren bidez zerbait berria ikasten duen bitartean borrokatu behar dituen aurreiritzien kontzientziarekin. Zuzendari gisa eman zituen azken hilabeteetan -2021ean erretiratu zen, “Post”-en buru zortzi urte baino gehiago izan ondoren-, Twitterren iritzi gehiegi idazten zuten kazetariekin ere liskarren bat izan zuen. Martxo honetan, Baronek eragin handiko iritzi artikulu bat idatzi zuen Post egunkarian: Epaile eta mediku objektiboak nahi ditugu. Zergatik ez kazetariak ere?

Washingtonpost-en mahai gainean jarri zuena izan zen epaile eta mediku objektiboak nahi ditugula eta ia zergatik ez kazetari objektiboak: Artikuluan esaten du medikuak behar ditugula pazientearen diagnostiko zehatza egiten dutenak. Ez dugula nahi bihozkadekin emandako tratamendurik, ezta azaleko judizio eta subjektiboekin egindako azalpenik. Nahi izaten dugu ebaluazio justua izatea, ebidentzia klinikoetan oinarritua, zehatza, zorrotza eta inpartziala. Eldiario.es-ek egindako elkarrizketatik ekarri ditut aipu batzuk blogera eta neure modutan itzuli. Zer pentsatu handia ematen dute, zalantza barik. Eta jotzen dute danbatekoa kazetaritzaren fakultateetan ere erakutsiko diren gaietan, diot nik. Nire ikusteko moduan, kazetariak behar du lan egin objektibotasunaren bila. Gehitzen diot “bila”, ze uste dut topaketa eten bako bat dela. Ez da horrenbeste “izan edo ez izan”; bai, beharbada, “bilatu edo ez bilatu”.

Jabetzaz ere badihardu. Ez dugu ahaztu behar berak lan egin duen hedabidea Jeff Bezosek erosi zuela. Beharbada horregatik, jabetzaren motan baino egiten den lanean oinarritzeko dio. Uste dut, hala ere, ez dela gauza bera irabazi asmorik gabeko estruktura batean egin kazetaritza edo ez, esaterako. Baron-ek proportzio mikroskopikoan kokatzen du irabazi asmorik gabekoen estruktura eta azaltzen du zergatia: “fundazio eta jende aberatsaren eskuetan daude horiek ere”. Jakina da Euskal Herrian ez dela ematen horrelako kasurik, ez euskaraz egiten den kazetaritzan. Estrukturak badu garrantzia, nik uste. Hori bai, Baron-ek esaten duen moduan, “libre eta independente izatea da gakoa”. Teorian, onartzekoa dirudi edozein pertsona, enpresari, politikari, kirolari, irakasle… edo dena delakorendako.

Elkarrizketatik ateratako aipuak:

  • Objektibitatea: Uste dut hitz ona dela. Eta ez dugu inoiz arazorik izan beste lanbide batzuetan erabiltzeko. Ez zaigu nahasia iruditzen epaile edo ikertzaile zientifiko objektiboak behar ditugula esaten dugunean. Hitza kazetaritzari aplikatzen zaionean bakarrik izaten ditugu zalantzak. Hori esanda, ez zait axola norbaitek hitz hoberik badu. Tom Rosenstielek dio “ikuspuntu irekiko ikerketa”  deitu beharko geniokeela. Hori da objektibotasuna.
  • Objektibotasuna eta oreka ez dira gauza bera, ez dira baliokideak. Ez da inoiz izan. Gure lanbiderako estandar ona da bakoitzak bere ikuspuntuak, joerak eta aurreiritziak dituela onartzea. Garrantzitsua da hasieratik zein diren onartzea. Eta ez dezagun gure lana egin horiek indartzen saiatuz soilik, baizik eta oso kontuan hartuta iritzi horiek ditugula eta buru irekia izan behar dugula. Gure lanean aurrera egin ahala, egiaztatu behar dugu pertsona garrantzitsu guztiekin hitz egiten dugula, guztiekin. Ebidentzia egokia biltzen dugula eta zer behar dugun kazetaritza egiteko begiratzen ari garela. Litekeena da gauzak hasieratik izango zirela uste genuen bezala ez izatea. Kazetaritza eginez, lehen ez genekizkien gauzak ikasiko ditugula suposatzen da. Lehen ez zenekizkien gauzak ikasten ez badituzu, orduan ez dakit zer esan nahi duzun “kazetaritza egin” esaten denean. Zer da kazetaritza galderen erantzunen bila joatea baino? Eta zure galderak aurretik dituzun ikuspuntuak berresteko ariketa bat besterik ez badira, orduan ez zara benetako kazetaritza lana egiten ari. Gertakarien kontakizun aldrebestua baino ez zara egiten ari.
  • Objektibotasuna eta independentzia gainjarritako kontzeptuak dira, baina ez dira gauza bera. Independenteak izan behar dugu eta ez gara alderdi politiko batekin elkartuta egon behar. Estatu Batuetan, Trump saiatu zen hedabide nagusiak oposizio bezala aurkezten (Steve Bannonek “oposizioko alderdia” deitu zuena bezala aurkezten). Kontuz ibili behar dugu oposizioko alderdi gisa ez kokatzeko. Trumpek esandakoa gezurtatu dezakegu, merezi duenean, noski. Egia esaten ez badu, gezurretan ari bada, esan egin behar dugu. Baina hori gure ikerketa egin dugulako izan behar da, ez Alderdi Demokrataren luzapena garelako edo Trump gustatzen ez zaigulako.
  • Munduan kazetaritza aktibistaren historia luzea dago. Baina hori ez da komunikabide nagusiak garena, ez da izan behar duguna. Egiaren aliatu izan behar dugu. Gertakarien aliatu izan behar dugu. Testuinguruaren aliatuak izan behar dugu. Kazetaritza xehearen aliatu izan behar dugu, gure kazetaritza lanean aurrera egin ahala buru irekia izateko ideiaren aliatu behar dugu.
  • Kazetariek duten presiorik handiena: Hainbeste presio desberdin daude… Jakina, presio finantzario gupidagabeei aurre egiten ari gara. Hedabide askok ez dituzte beren lana behar bezala egiteko behar dituzten baliabideak. Eta hori presio handia da. Baina zenbakiez haratago, arazo nagusia da pertsonek ez dutela gertakari multzo komun bat partekatzen. Horregatik, hedabide nagusien informazioari buruzko susmo sakona dago. Informazio faltsu asko dago, nahita sortzen dena sarri eta deliberatuki faltsua dena. Izan ere, gertakari-multzo komun bat ez partekatzea txarra bada, are okerragoa da faltsua den informazioa helaraztea hartzaileei. Sare sozialek zaildu egiten dute kazetariok gure lana modu inpartzialean egitea inguruaren presioagatik? Hori presio auto-inposatua da. Ez da nahitaez men egin behar diogun zerbait. Horretarako, kazetariek autodiziplina behar dute. Zoritxarrez, kazetari gehiegi ez dira autodiziplinan ari: ez dute ez ardurarik ez moderaziorik sare sozialetako argitalpenetan. Sare sozialetan jarduteak ez digu eragozten ondorioak ateratzea. Ez digu eragozten zer gertatu den jakitea eta jendeari esatea zer gertatu den, zer aurkitu dugun. Baina sare sozialetara inpultsiboki joatea, askotan modu sarkastikoan, ez da baliagarria guretzat. Eta tradizioz izaten saiatu garenaren aurka doa, hau da, adituekin hitz egin ondoren informazio irekia, zehatza eta osoa sistematikoki egiten duten bitartekoen aurka. Dokumentu garrantzitsuak begiratu, ahalik eta informazio gehien bildu, eta, gero, jendeari gertakariei buruz zer ikasi dugun esatea da gakoa. Egia aurkitzea prozesu bat da, ez da berehalakoan egiten segundo eta minutu gutxi batzuetan. Denbora, dedikazioa eta konpromisoa eskatzen du. Eta sare sozialak horren aurka doaz, berehalako erreakzio oldarkorrak sustatzen dituztelako.
  • Hasieran pentsatzen duguna ez da nahitaez egia. Lehen inpresioak ez daude nahitaez ondo oinarrituak. Dakigunak baino ez dakigunak eman behar liguke atentzioa. Galdera gehiago izan behar ditugu erantzunak baino. Jakina, kazetariok ez dugu erantzun guztiekin hasi behar, ez ditugulako. Sare sozialek pertsonak animatu dituzte alferrikakoak diren portaeretan parte hartzera, eta, hain zuzen ere, kazetaritza onenaren printzipioen aurka doaz.
  • Kontuz Twitterren: Kazetariok ez genuke tuiteatu behar? Ondo iruditzen zait tuiteatzea. Nik txiokatu dut, nahiz eta denbora luzez isilik egon naizen. Kazetariek kontuz ibili behar dute txioekin. Zerbait txiokatu aurretik, nik bost aldiz irakurtzen nuen, esan nahi nuena esaten ari nintzela ziurtatzeko, zentzuzko ezein gizakik gaizki ulertu ez zezan, eta neure buruari galdetzeko ea baliagarria zen zerbait esatea eta zer nolako eragina izango zuen nire txioak gure markaren ospean. Prozesu hori kazetari gehienek beren kabuz egin beharko lukete: goizegi al da horri buruz hitz egiteko? Ba al dakit benetan zer dakidan? Nolako eragina izango du nire txioak parte naizen hedabidearentzat? Egokia al da gai horri buruz hitz egitea? Kazetariek autodiziplinan jardun behar dute, kontuz eta neurrian. Zoritxarrez, askok ez dute egiten.
  • TikTok: TikTokeko bideo batetik abiatuta munduari buruz ikas dezakezula uste izatea oso ideia txarra da. Liburuek edo hedabideek gauzak sakon azter ditzakete eta historiaren eta testuinguruaren zentzua ematen dizute. Uste osoa duzu pertsona batzuek denbora asko eman zutela beren gaia ikertzen, badakitela zerbait horri buruz eta esperientzia dutela arlo horretan. Ez dut uste jendeak TikTok edo Instagramen konfiantzarik duenik. Ikusiko ditugu ondorioak.
  • Nola eragin audientziarekin gertaerak jakin nahi ez dituenean edo bere hautagai gogokoena kritikatzen duzulako partziala izatea leporatzen dizunean? Denborarekin frogatu behar duzu independentea zarela, konprometituta zaudela. Gertaeren, egiaren eta testuinguruaren aliatua zarela. Publikoaren zati handi batek benetako independentzia eta objektibotasuna nahi du kazetarien aldetik. Ez du nahi aktibista politikoak izatea bakarrik. Ez du nahi espektro politikoan antagonistak izatea. Egia bilatzen duten kazetariak izatea nahi du. Benetan sinesten dut AEBko publikoaren eta beste hainbat herrialdetako publikoaren segmentu handi bat dagoela gure lana modu zintzoan, bidezkoan eta kartolak zabalik egitea besterik nahi ez duena. Eta onar ditzagun geure ahuleziak.

Agintean dagoena dagoela ere zer pentsatu handia ematen dute puntuok.

Gustatzen zaizkit esaten dituenak. Gustura sentitu naiz irakurri ditudanean eta horregatik ekarri ditut blogera. Pertsonak beraien artean berba egin dezaketen formatuen aldekoago ere agertzen da Bairon eta uste dut hedabideok plaza hori eman behar dugula derrigor. Hori medio tradizionaletan egiten da, baita denbora ematen duten formatuetan ere, esaterako podkastetan. Beti ez, baina iritzi sakonagoak entzuteko bidea dira hedabideak, gure telebistetako eztabaidak, elkarrizketa luzeak, iritzi artikulu landuak… Sare sozialak ez direla erabili behar? Ez dut bat egiten. Hau da, gazte eta ez hain gazteek ere erabiltzen dituzten plazak ezin ditugu ez baleude moduan bizi behar. Bereziki, hizkuntza gutxituan jarduten dugunok hor ere egon behar dugula uste dut. Egon behar gara: Twitter, Youtube, Mastodon, Instagram, TikTok… baina erabaki behar da zelan egon, zerekin egon, noiz egon… “Egunak 24 ordu, halaxe ikasi nuen nik”.  Eta egoten hasita, beti ere kazetaritzaren oinarriak diren horiek inoiz ere ahaztu barik. Martin Baronek dioen moduan, urakanez, edo gertuago bizi izan dugun Covid-az ez du inork TikToken informatu gura. Segurtasuna, informazio gardena, kontrastatua eta gertukoa emango duten hedabideak behar ditu jendeak horretarako. Hor dago hedabideen egiteko esentziala. Datuek ere horixe adierazten dute, izan ere, tokiko hedabideen bisitak eta bisita horien denborak asko igo ziren Covid-a gogorren jotzen ari zenean, esaterako. Kontakizun hori 2023ak eskatzen duen moldeetara gerturatu beharko dugu, bideo gehiagorekin, grafikoekin etab. Kontatzeko modua egokitu. Eta horrek eskatzen dio kazetariari molde berriak probatzea, izan ere, lanbide aldakorra da kazetaritza, oso aldakorra bai edizioaren ikuspuntutik eta baita kudeaketa enpresarialarenetik, esentziala den horri eutsita beti ere eta objektibotasunaren bila jardun beharra bazterrean utzi barik. Horixe dugu erronka, eta ez makala!

Oh.:

Marty Baron: “Washington Post”, “Boston Globe” eta “Miami Herald” taldeetako zuzendaria izan da. 2000. urtean “Herald”-en gailurrera iritsi aurretik, “Los Angeles Times” eta “New York Times” egunkarietan ere lan egin zuen. 45 urteko ibilbidean, gehienak editore gisa, baita jabeari edo irakurle-ikusle-entzuleei enbarazu egin izan badie ere. Objektibotasunaren defentsan jardun du zorrotz. El diario.es-ek egin dio elkarrizketa luzea, Maria Ramirezek, hain zuzen. Handik ateratako pasarte hautatuak dira blogera ekarri ditudanak.

https://www.eldiario.es/cultura/marty-baron-exdirector-washington-post-periodistas-no-debemos-partido-oposicion_128_10272218.html

https://www.washingtonpost.com/opinions/2023/03/24/journalism-objectivity-trump-misinformation-marty-baron/

Aurrekaririk gabeko ahalegina hauteskunde gaua zuzenean eta tokian tokitik jarraitzeko

  • 150 lagunetik gora ibiliko dira lanean, domekako hauteskundeen emaitzak herriz herri jasotzeko
  • TOKIKOM Plataformako webguneak eta taldeko telebistak datu iturri ofizialetara konektatuko dira, unean uneko informazio eguneratua eskaintzeko; minutuz minutuko informazio fidagarrirena.
  • Aldizkariek ere edizio eta gehigarri bereziak argitaratuko dituzte astean zehar. Goienan, astelehen goizean emaitza guztiak eta argazkiak bazkide guztiei; baita herrietako zenbait puntutan ere.
  • Zero kilometroko kalitatezko zerbitzua.

TOKIKOM sarea osatzen duten euskarazko toki komunikabideek aurrekaririk gabeko ahalegina egingo dute asteburuan, Udal eta Foru Hauteskundeen emaitzak zuzenean emateko. Toki komunikabideek asteak daramatzate herriz herriko egunerokoan eragin berezia duten hauteskunde hauen jarraipen zorrotza egiten. Goienan, esaterako, lau orduko zuzeneko emisioa egingo da telebistan; goiena.eus momentuoro eguneratuta eta astelehen goizean-goiz egongo da papereko formatuan emaitza guztien laburpena eta hauteskunde egunak emandakoa. Goienan 35 profesional eta hainbat kolaboratzaile izango dira lanean domekan.

Paperean, sarean, irrati eta telebistetan, sare sozialetan; elkarrizketak hautagaiekin, hauteskunde-eztabaida publikoak jendaurrean zein platoetan grabatuak, inkestak, porrak eta bestelako formatu berritzaile eta parte hartzaileak… Tokian tokiko erredakzioetan ahalegin eskergak egiten ari dira egunotan hautagaien proposamenak herriz herri eta auzoz auzo zabaltzeko, modu ulergarri eta hurbilean. Tokikomeko hedabide guztiak bat hartuta lanean.

150 lagunetik gora lanean toki komunikabideetan

Igandeari begira, azken egunotako ahalegin hori biderkatu egingo da. Toki komunikabide askok egun osoko jarraipena egingo dute, lehenengo eta behin bozketak eta parte hartzea nola doazen jakiteko, eta emaitzen zuzeneko informazioa eman ahal izateko gero. Taldeko komunikabide guztiak kontuan hartuta, 150 langiletik gora jardungo dute lanean igandean, herriz herri eta auzoz auzo, hauteskundeetako emaitzen informazioa ahalik eta zehatzen kontatzeko. Irrati eta telebistek programazio berezia eskainiko dute egunean zehar, eta interneteko edizioek zuzeneko datuak emango dituzte, bozken kontaketa ofiziala hasi bezain pronto. Paperezko argitalpenek ere zenbaki bereziak aterako dituzte, batzuek astelehenean bertan, eta beste askok astean zehar. Betiko euskarrien arteko mugak apurtuko dituenik ere ez da faltako: Euskalerria Irratiak , adibidez, zuzeneko telebista saioa eskainiko du Twitch plataformaren bidez.

Kazetaritza lana ez ezik, lan tekniko handia ere eskatzen du ahalegin berezi honek:  2020ko Eusko Legebiltzarreko Hauteskundeetan Alea, Goiena eta UKTn egindako proba pilotu arrakastatsuaren ondoren, igandean, lehen aldiz, TOKIKOM Plataformako 26 webguneak zuzenean konektatuko dira datu iturri ofizialekin, datuak automatikoki ekartzeko zenbaketa aurrera doan neurrian. Horrela, Plataforma darabilten webguneak uneoro eguneratuko dira iturri ofizialen informazioarekin.

Bakoitza bere bulegotik lanean. Argazkian Goienakoa, telebistan marraztuko diren pantaila-grafikoen nolakotasuna adosten.

Bost datu iturri ezberdin

TOKIKOM Plataformaren garapen teknikoa daraman CodeSyntax enpresan 4 lagun dabiltza azken asteotan sistema guztia prestatzen. Erronkarik handiena datu-iturrien aniztasuna da: Udal Hauteskundeetako datuak Espainiako Barne Ministerioak eman behar ditu, eta Foru Hauteskundeetakoak berriz, Foru Aldundiek eta Nafarroako Gobernuak. Bost datu iturri ezberdin dira, bakoitza bere irizpide eta ezaugarri propioekin, eta horrek lan asko ematen du informazioa bateratzeko orduan.

Automatikoki iritsiko den informazio hori, gainera, egoki uztartu behar da tokian tokiko kazetariek unean eskuratu dezaketenarekin, gehi igarotako hauteskundeetakoekin, konparazio historikoak eta abarrak egin ahal izateko. Eta amaitzeko, datu guztiak modu atsegin eta ulergarrian erakutsi behar dira, webgunerako, papererako eta telebistetarako.

Hau dena posible da TOKIKOM osatzen duten komunikabideek euren egitura teknikoa batera eta elkarlanean garatzeko martxan dituzten foro eta lan-taldeei esker. Garapen tekniko konplexuak dira, eta toki komunikabideentzat eskuraezinak lirateke haietako bakoitza bere aldetik egiten saiatuz gero. Ez da erronka erraza, baina ahaleginak merezi du, herriz herriko egunerokoan hainbesteko eragina duten Hauteskundeen informazioa modu arduratsu eta profesionalean eman ahal izateko. Kalitatezko zerbitzua zero kilometrotik.

Hauteskunde kanpainako eztabaidetako bat. Bergarako alkategai bi Goiatz Aranarekin eztabaida saioan. Zerbitzu publikoa euskaraz.

TOKIKOM osatzen duten toki komunikabideen mapa hemen aurki daiteke.
oh.: informazioa Tokikometik jasoa.

Pulitzer sariaren erredakzioa itxita

BuzzFeed News itxi dute. Eta, beharbada, albiste honek erakuts diezaguke zertan den sare-sozial bidezko kazetaritza. Zergatik diot hau? badirelako ahotsak kazetaritza sare sozialetan egin behar litzatekeela diotenak: jendea non albiste-jarioa han. Badut uste sare sozialak erabili behar dituztela medioek, baina ez beraien jardunaren erdigunera eraman. Ez dakit TikTok erabili behar den, esaterako, baina hori izan behar dela hedabide baten egiteko zentrala ez. Ezta gazteak TikToken egonda, ezta zifra oso altuak (ez dakigu neurketaren nolakotasuna…) emanda, ezta modan egonda ere. TiTok erabili bai; TikTokek erabili, ahal den gutxien.

Baliteke BuzzFeed News itxi izanak bide bat erakustea. Ezin esan horrelako itxierek indartzen dutenek hedabideen jardun digitala, ez; baina bide bat erakuts dezaketela badirudi. Negozioaren oinarria egiteko ez dute hain balio handirik sare sozialek. Audientzia berrietara edo ez hain berrietara heltzeko, audientziak lortzeko, marka egiteko, komunikazioa ahalbidetzeko… bale. Ados. Baina sare sozialak ez dira hedabide bat bere horretan. Beharbada, ez ezin delako kazetaritzarik egin, baizik eta ez delako negozio eredu bat hedabide gehienendako.

Edukian bazegoen jendea lanean Buzzfeed News-en, teknologian, administrazioan eta negozioan. 1.200 lagun izatera heldu ziren. Asko dira kalean gaur. Pulitzer sariaren erredakzio irabazlea itxi egingo da, negozioa itxiko da kazetari saridunak izan arren. Kuriosoa da BuzzFeed News-ena, azkenengo irakurri nien enpresa ari zela Inteligentzia Artifizialarekin eduki batzuk egiten, bidaiei buruzko gidak. Pentsatu nahi dut ez dutela hor mehatxu erreal bat ikusi, baina batek daki.

TIME

Ez da sare sozialetan bakarrik jarduten duen hedabide bat. Ezaguna da bere jarduna 100 urtean badelako lanean. Edukian zentratua dago hedabide enpresa, eta negozio ikuspuntuak eraman zuen beraien eduki digitalak kobratzera. Zein da kontua? ba ekainaren 1etik doakoak izango direla TIME aldizkariko edukiak. Baita hemeroteka ere. Harritu nau hemerotekarenak, egia esan. Hemeroteka lotzen da altxorrarekin, eta altxorrak doakotasunarekin ez… Gainera kostu handia izaten du hemeroteka sortu eta mantentzeak… Hor beste adibide bat pista jarraitzekoa: TIME. Irismenaren aldeko apustu garbia. Interesgarria, audientziaren %45 gaztea duelako, bueno, gaztea… Euskal Herrira etorri ziren Jason Gibbins eta Peter Sherlock-ek (hurrenez hurren, BBCko Local News Partnership eta Shared Data Unit sailetako ordezkariak) esan ziguten moduan, gazte parametro berrikoa: 35 urtetik beherakoa. Gazte txartelik ez, baina bai gazte titulua, hedabideek emana.

Goienako testuak makinak irakurtzen ditu! eta zelan irakurri, gainera! Aurrerapen handia

Inteligentzia Artifiziala erabilita lortu dugu goiena.eus-eko testuak irakurtzea. Albisteak, argazki galerietako testua, bideoetako testua… Ahots sintesia aplikatu eta martxan! Martxan dugu goiena.eus-en. Aurrerapen handia egin dugu eta behar beharrezko bidelagunekin egin ere, Orain enpresarekin. Goienan 0km-ko Inteligentzia Artifiziala darabilgu. Euskarak horixe behar du. Txikiegiak gara erraldoiek begira gaitzaten. Hautua izan da: “egin dezagun!”.

Urteak behar izan ditugu gauden lekura heltzeko. Hori bai, egoskorrak gara, laguntza teknologiko ona izan dugu, lankidetza ona. Egin ezazue zeuek proba: goiena.eus klikatu eta barra bat agertuko zaizue goian.

Gizarterako egiten dugu lan

Magnate batzuen asmakizun liluragarria da bai ChatGPT, baina kontuz! Argi izan behar dugu gu garela multinazional horietatik zintzilik gauden txotxongiloak, jostailuak.

Horrek zer esan nahi du, muzin egin behar diogula teknologia horri? Ez. Menperatu behar dugu Inteligentzia Artifizialaren arloa bai edo bai. Tokatuko zaigu berriz ere korronte-kontra igeri egitea. Geure alde, baina igeri! Ekinean harrapa gaitzatela berrikuntzek!

Euskarazko ahots sintesiarekin egin duguna da igeri. Kilometroak egin ditugu. Kilometroak, ez diruaren alde, ez agintekeria lortzeko, ez handikeriagatik. Puntan jartzen gara bizi dugulako gure hizkuntza, bizirik nahi dugulako euskara. Puntan nahi dugulako. Ordu inbertsioa da? Bai. Gure egiteko zuzena da? Ez da inporta. Egin egiten dugu, egunero kazetaritza profesionala egiteaz gain badugu gizarte erantzukizun bat ere eta hizkuntzarekin lotutako garapena badagokigu. Kazetaritzan jarraitu behar dugu galdera humanoak egiten, gertuko kazetaritzan inbertitzen, robotek ez dute-eta hori egiterik. Eta badagokigu Goiena moduko enpresa txikiei IA erabiltzea.

Emango ditugu pausoak, jarraituko dugu euskarazko erremintetan inbertitzen. Ezin dugu Googlek noiz ikusiko gaituen zain egon. Zergatik? Balitekeelako ez begiratzea.

Eta jarraitzen dugu Orai enpresarekin garapenak egiten, makina hobetzen. Lortzen ari gara Debagoieneko berbak, aditzak, esamoldeak… ikastaraztea. Euskalkia erakutsiko diogu estandarraren mesedetan. Eten barik lanean, dabilen harriari ez zaio eta goroldiorik lotzen.

Inteligentzia Artifiziala, antropomorfismorik gabe. Badugu tendentzia bat makina hauek emozioak balituzte moduan ikustera, balekite moduan zer den krudela, tristea, ironia… Baina ez. Aurrean duguna da makina bat, emoziorik ezin izan dezakeena, nahiz eta pertsonon hizkuntzak ondo imitatu. Erabilgai zaigu eta aprobetxa dezagun, baina kazetaritzak humanoago egiten gaituela sinetsita. Behar dugu gertuko kazetariek egindako kazetaritza. Inoiz baino gehiago!

Tokikom jardunaldiek eman dutena: poza eta bateria karga

Ezer baino lehen, bideoa. Minutu pare baten egin lezake ideia egon ez denak; egon denak, gogoratuko ditu hainbat momentu eder.

Getxoko olatuak erakutsi du Tokikomeko hedabideok batuta jarduten dugula. Ez da beti erraza, zilborrak beti duelako eragina, baina beti gainditu zaio norberekeriari gutasuna. Hori, hedabideen eskuzabaltasunak eragiten du eta horrelako jardunaldietan izebergaren punta baino ez da ikusten. Oinarri sendoa du Tokikomek. Batuta dihardugu. Orain, inoiz baino gehiago, batera gara eraginkorrago. Batera nahi dugu itsasoratu eta batera dugu komunikazio talde izateko beharra. Euskarazko 76 toki komunikabidek ospatu genuen Getxon hamargarren urteurrena eta hurrengo batzar orokorrean beste bi gehiago batuko zaizkigu, toki komunikabideok etorkizuna elkarrekin ehundu nahi dugu eta konpromiso horretatik gehiago eta eraginkorragoak izango gara 2023tik aurrera. Bakarrik? ez. Bidelagunak behar-beharrezkoak ditugu. Euskal Herriko hedabide multzoa, Estatu espainiarrekoak, Europakoak… baita Euskal Herriko erakundeak ere, bereziki.

Komunikabideak sareak ehuntzen jardunaldia amaitu da, baina etxeko-lan interesgarriak utzi dizkigu.

Asko ikasi genuen Getxon. Balorazioetan jasotzen ari garen idatzietan ere horixe nabarmentzen da, hau da, edukiak garrantzitsuak eta onak iruditu zitzaizkiela bertaratutako 150 bat laguni. Horri gehitu behar zaizkio streaming-etik jarraitu zuten beste 250 lagun baino gehiago. Mimoz antolatu ditu Tokikomek jardunaldi hauek eta beharrezkoa zen laguntza jaso dugu bai hedabideen bateragunea osatzen duten hedabideetatik zein instituzioetatik. Eskertu baino ezin diogu egin gurekin batera egon izana Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari, Bizkaiko Aldundiari, Gipuzkoako Aldundiari, Getxoko udalari eta baita EITBri ere.

EITB eta Tokikomek hitzarmena berritu zuten. Lan-mahaia ere eratuta dute eta emaitzak ematen ari da.

Lan-jarduna hasi zen egun bat lehenago EITBko egoitzan. Badugu asmoa EITBk eta Tokikomek sinatuta dugun hitzarmena edukiz hornitzeko eta horretan ibili ginen BBCko Jason Gibbins eta Peter Sherlock-en laguntzarekin, LLA Norbetiako toki komunikabideen elkarteko idazkari nagusi Thomas Bruvik-ekin eta Galesko Caerphilly Observereko ordezkariarekin.

Getxon ere izan ziren hasiera ematen jardunaldiari “Demokrazia soziala eta toki kazetaritza” izenpean. Bideo guztiak hizlarika banatuta ere jarri ditu Tokikomek bere webgunean. Ondoren, “Saretzen” proiektuarekin egin dugun lana eta egiteko duguna azaldu zuten Hirukako Iker Rincón eta EITBko Oihane Mateosek.

Kazetaritza eta aisiaren atalean Bea Narbaizak EHUko Ikusiker ikerketa taldearen lana erakutsi zigun eta haren ostean UNAV-eko Avelino Amoedok Digital News Report, edukien kontsumo joera globalen irakurketa bat. Goiza amaitu zuen Karma Peirok, IKTetan espezializatutako kazetaria da bera eta Adimen artifiziala tokiko kazetaritzan landu zuen. Peiroren hitzak izan ziren eguerdiko tertuliako gai komentatuetariko bat. Izango dugu elkarren berri oraindik eta ikastekoa asko denez, ontzat dugu lortutako konfiantza eta gertutasuna.

Europa mailan, notiziekiko konfiantza behera. Ez da horrela tokikoen kasuan. Tokiko albisteen interesa, gainera, goraka doa.

Geratu nintzen Avelino Amoedok esandako hitz batzuekin: Tokiko albisteetan dagoen interesak gora egin du. Eta bai, gure datuekin bat egiten du honek, izan ere, gure webguneetako datuek ez dute etenik goranzkoan. Bide batez, eskerrik asko handia ze egoera zaildu zitzaion astean eta hala ere egon nahi izan zuen gurekin.

Manifestuaren ordua etorri zen ostean eta gure aldarria izan zen gertuko kazetaritzak baduela zeresana, etxe askotara heltzen garela eta gure lana aitor dezaten nahi dugula. Behar dugu Espainiako Gobernuak ere uler dezan egiten dugun lana eta aintzat hartu gaitzan beraien oharrak helarazterakoan. Sinatze ekitaldian Tokikomekin batera izan ziren:

Getxo Olatua terminalean elkartutako sei elkartetako sinatzaileak, atzean 150 lagunetik gora dituztela.

Hurrengo pausoak emateko bilerak izango ditugu hurrengo asteotan eta etorriko dira aldarri berriak ere.

Ospakizuna izan zen Getxokoa eta Pernan Goñik han gertatua ondo laburtu ostean (berarenak dira ilustrazioak) egin genuen festa. Hamaika dira etorkizunerako kazetaritzatik ditugun aldarriak eta arraintxoetan geratu ziren idatzita bertaratutakoen nahiak. X urte izan dira eta hasierako Tokikom hark pauso handiak eman ditu aurrera. Getxokoa, hala ere, beste hasiera bat moduan irudikatzen dugu. Ospatu bai, baina aurrera jarraitzeko. Lagun gehiago gara, arrain txiki gehiago eta arrain handiagoekin elkarlanean. Europan jokatzen dugu lokaltasunetik eta urtea amaitu orduko plan estrategiko berriarekin izango gara inoiz baino zentratuago gure lana egitera: euskara eta kazetaritza. Gozagarri zaigun lana.

Xabier Lapitzen taldeak zuzen-zuzenean egin zuten “En Jake” Getxotik. Eskertuta EITBko lantaldeari aukera emateagatik.

Eskerrik asko, zinez, Getxon gure ondoan izan zintuztegun guztioi eta baita hau aurrera ateratzeko zuen onena jarri duzuen lankideoi ere: Abao komumikazio agentziak koordinatu du ekitaldia, ikus-entzunezkoak, antolaketa… Terminaleko enpresa kudeatzailea da Alaiki. “En Jake” programa ere zuzen-zuzenean egin zen bertatik. Tokikomeko bazkide diren Aiaraldea Faktoriak eskainitako jateko eta edatekoak ere gogoan ditugu eta baita Abao komunikazio agentzia eta Tarimak propio prestatutako ikuskizunarekin. Zer esan musikariez: Erromintxela. Horrelakoetan behar baino gutxiago kasu egiten zaie, baina ondo baino hobeto borobildu zuten jaia.

Bejondeigula! Pozik gaude eta bateria kargatuta atera gara!

Dirulaguntzak jaso ditugu eta jakintza hau guztia denon eskura uztea izan da beste egiteko bat. Tokikomen webgunean dituzue hitzaldi guztiak zatikatuta eta baita egun osoko bideoa ere, hemen:

https://tokikom.eus/jardunaldiak/2023/bideoak/

Getxon izan ziren parte-hartzaileak elkarturik arraintxoetan idatzitako nahiak irakurtzen. Arraintxoen batura. Etorkizuna batera ehuntzen.

TOKIKOMen 10. urteurreneko jardunaldietan izena emateko azken deia

Nazioartekopuntako adituakbatuko dira Getxon, hilaren 24an, TOKIKOMen 10. urteurreneko jardunaldietan

Euskarazko 76 toki komunikabide batzen dituen TOKIKOM taldeak martxoaren 24an ospatuko du bere 10. Urteurrena, Getxoko ‘Olatua’ gurutzontzien terminalean egingo
dituen ‘Komunikabideak etorkizuna ehuntzen’ jardunaldien bidez. Jardunaldiok antolatzeko, TOKIKOMek Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren,
Getxoko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta EiTBren babesa izan du, eta Uribe Kostako Hiruka komunikabidearen laguntza.
10. urteurrena okasio berezia da zalantzarik gabe, eta hori azpimarratzeko, TOKIKOMek komunikazioaren alorreko punta-puntako adituak gonbidatu ditu Getxora,
hala bertakoak nola nazioartekoak.

Euskarazko 76 toki komunikabide batzen dituen TOKIKOM taldeak martxoaren 24an ospatuko du bere 10. Urteurrena, Getxoko ‘Olatua’ gurutz-ontzien terminalean egingo  dituen ‘Komunikabideak etorkizuna ehuntzen’ jardunaldien bidez. Jardunaldiok  antolatzeko, TOKIKOMek Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren,  Getxoko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta EiTBren babesa izan du, eta Uribe Kostako Hiruka komunikabidearen laguntza.

10. urteurrena okasio berezia da zalantzarik gabe, eta hori azpimarratzeko,  TOKIKOMek komunikazioaren alorreko punta-puntako adituak gonbidatu ditu Getxora,  hala bertakoak nola nazioartekoak.

Toki-kazetaritza eta demokrazia soziala: Europako esperientziak 

Komunikazioaren esparrua nazioarteko zein estatu mailako enpresa handiek  kontrolatzen duten testuinguru batean, tokian tokiko komunikabideak funtsezko  eragileak dira demokrazia soziala bermatzeko. Printzipio horretan oinarritua, Europan  zehar abian diren hainbat ekimen ezagutuko ditugu haien sustatzaileen ahotik.

BBC: Local News Partnershipseta Shared Data Unit 

Erresuma Batuko BBC irrati-telebista publikoak lankidetza programa  aitzindaria du martxan: Local News Partnerships delako programaren bidez,  BBCk Erresuma Batuko toki komunikabideetako profesionalak formatu eta  teknikoki ere hornitzen ditu, tokiko medioek zein korporazio publikoak  sortutako edukiak erraz trukatzeko hitzarmen baten baitan. LNP ekimenaren  arduradunak, Jason Gibbins-ek, xehetasun gehiago kontatuko ditu.

Peter Sherlock LNP ekimenaren adarretako baten burua da. Shared Data Unit delakoaren bidez, BBCk eta toki komunikabideek datu-kazetaritza egiteko datu  bilketa eta datu horien tratamendua ere egiten dute elkarlanean. Esperientzia  horren berri ere jasoko dugu Jardunaldietan.

The Caerphilly Observer 

The Caerphilly Observer Hegoaldeko Galeseko toki komunikabidea da, eta bete betean sartuta dago BBCrekiko lankidetza egitasmoetan. Bere sortzaileak,  Richard Gurner-ek, programa horien esperientziaren berri emango digu, toki  komunikabide baten ikuspegitik.

Prentsa kontaktua: Joxe Rojas. jrojas@tokikom.eus. +34 616 11 87 95

Norvegiako toki komunikabideak eta telebista publikoa 

Landslaget for Lokalaviser, edo LLA, Norvegiako toki komunikabideen  elkartea da. Han ere, toki komunikabideek lankidetza esperientzia interesgarria  abiatu dute NRK telebista publiko estatalarekin. Tomas Bruvik LLA elkarteko  Idazkari Nagusia da, eta orain arte bizi izandakoa zein etorkizuneko planen  berri ere emango digu.

SARETZEN egitasmoa: EiTB eta TOKIKOM ere lehen pausuak ematen 

EiTB eta TOKIKOMen artean ere, datu kazetaritza elkarlanean lantzeko lehen  urratsak ematen ari gara, SARETZEN ekimenaren bidez. EiTBko erredaktorea  den Oihane Mateosek eta Uribe Kostako Hiruka Komunikazio Taldeko Iker  Rincón kazetari multimediak azalduko dute zertan den egitasmoa.

Kazetaritza eta aisialdia: datuak eta proposamen berriak 

IKUSIKER:euskal gazteen eduki eta informazio kontsumoa 

Edorta Arana eta Bea Narbaiza EHUko irakasleak eta ikertzaileak dira, eta  IKUSIKER ikerketa taldeko partaideak. Nagusiki, euskal gazteen eduki eta  informazio kontsumo ohiturak, moduak eta joerak aztertzen dituzte. Euren  ikerketen azken emaitzen berri emango digute Getxon.

PRIMERAN, ikus-entzunezko plataforma publikoa 

Hain zuzen ere, gazteen kontsumo ohitura horietara hurbiltzeko asmoz, EiTB  taldea Primeran ikus-entzunezko plataforma garatzen ari da. Unai  Iparragirrek, ETBko zuzendariak, plataforma horren ezaugarrien aurrerapen  txiki bat egingo du.

Kazetaritza eta digitalizazioa. Aukerak eta erronkak 

Digital News Report, albiste eta edukien kontsumo joerak munduan eta Espainian Reuters Institute ezagunak Digital News Report txostena egiten du urtero,  mundu osoko albiste eta eduki kontsumoaren inguruko joerak aztertuz.  Espainiari dagokion partea UNAVek egiten du. Avelino Amoedo @digitalunav Center for Internet Studies and Digital Life zentroko ikertzailea da, eta lehen  eskutik kontatuko digu nazioarteko txosten horrek zer dioen munduko zein  Espainiako eduki eta albiste kontsumo joeren inguruan.

Adimen artifiziala toki komunikabideetan 

Adimen artifiziala eta ChatGPT bezalako tresnak ahotik kendu ezinda gabiltzan  honetan, zer aukera eta zer arrisku dakarte halako tresnek tokiko  kazetaritzarako? Karma Peiró Informazioaren eta Komunikazioaren  Teknologietan espezializatutako kazetaria da, eta aukeren eta erronken  inguruan hitz egingo digu.

Prentsa kontaktua: Joxe Rojas. jrojas@tokikom.eus. +34 616 11 87 95

Toki komunikabideen elkarteen manifestua 

Zati akademikoaz gain, aldarrikapena ere ez da faltako martxoaren 24ko  Jardunaldietan. Hamargarren urteurrena aprobetxatuz, eta azaroan Bartzelonan  hasitako bideari jarraiki, toki komunikabideen beste bost elkarte gonbidatu ditu  TOKIKOMek ekitaldira:

  • Associació Catalana de Premsa Comarcal 
  • Associació de la Premsa Comarcal Valenciana 
  • Associació de Mitjans Digital de la Comunitat Valenciana 
  • Associació de Premsa Forana de Mallorca 
  • Associació de Premsa Local de Menorca 

Sei elkarteek batera, Toki komunikabideen elkarteen manifestua sinatuko dute Getxon.  Manifestuan, alde batetik, toki komunikabideen eta beraien jardueraren garrantzia azpimarratuko dute, eta bestetik eskari zuzena egingo diete Espainiako Estatuko  administrazio publikoari, toki komunikabideen sektorea kontuan hartu dezaten hala  publizitate instituzionalaren nola diru-laguntzen banaketan.

Izen ematea zabalik martxoaren 17ra arte 

Jardunaldiak, esan bezala, martxoaren 24an izango dira, Getxoko ‘Olatua’  gurutzontzien terminalean. Izena emateko epea martxoaren 17ra arte dago zabalik.

Informazio gehiago eta izen emateak: https://tokikom.eus/jardunaldiak

 

Saretzen: EITB eta TOKIKOMen lankidetza sarea

Hau hasi zen Seu d’Urgellen, 2019ko urrian. Congrés Interpirinenc de Mitjans de Proximitat kongresuan. Bertara joan ginen Tokikometik ere. Kongresuaren helburua: Piriniotako gertuko komunikabideen eta bertan lan egiten duten profesionalen elkargunea izatea, esperientziak partekatu eta orainaz zein etorkizunaz hausnartzeko. Eta izan zen giroa hori egiteko. Gu txunditu gintuen aurkezpen batek, tokikoak eta hedabide handia zituena oinarri. Lau aipamen gaur egunera heltzeko:

  1. Seu d’Urgell
  2. Tokikom jardunaldiak Garaian
  3. BBC: Goienan eta EITBn
  4. “Saretzen”.

BBC-k tokikoekin duen elkalana ezagutzen Seu d’Urgellen

Barraclough-ek burua bor-bor jarri zigun. BBCko kazetaria bera, erresuma batuko tokikoekin ari da lanean 1995etik. Datuetan oinarritutako hitzaldia egin zuen, baina deitu zidan atentzioa istorio kopuruak. Datuak bai, baina istorioak ateratzeko “makina” ikusi genuen Alaitz Artolazabal, Oihane Agirre eta hirurok Seu d’Urgellen. CIMP-ek (Congrés Interpirinenc de Mitjans de Proximitat ) antolatu zuen AMIC-ek, 2019ko urrian 

BBCko lagunek, ordurako, 100.000tik gora istorio zituzten aterata datuak elkarrizketatuz. Ordu erdi betea izan zen eta hitzaldiaren ostean elkarrekin izateko aukera izan genuen. Han esango genion sakonago aztertzea nahiko genuela gai hau.

Tokikomeko jardunaldiak 2021 Garaia Parkean

Pandemia betean ekarri genuen Euskal Herrira Matthew Barraclough zuzendaria. BBCko ziberkafe mugikorretako bat ere zuzendu zuen Interneten lehen sasoian (hau beste egun batean kontatzeko:-) Alfabetatze digitala zen ziberkafeen helburua. 2014ko udatik, hala ere, eta han ere jardunaldi batzuk antolatu ostean, sortu zen Local News Partnerships.
Euskal Herrian zukutu genuen Matthew-ren jakintza. Seguruenik kulturala ere bada, eta oso argi dute zerbitzu publikoa dela BBC. Eta dena zuen emateko gizonak, baita BBCren ohiko bezero ez garenoi ere. Ez zuen ezer ezkutatu eta ikusi genuen bazeudela ikastekoetan erremintak, moldeak, loturak, datuak… baina bazegoela bereziki jaso genezakeen kultura bat: zerbitzu publikoa izatearen kultura. “Komunitatea Josten” zuten lelotzat jardunaldiek eta ez, ez zen kasualitatea.

BBC-koak Goienan

Goienan ere izan genuen goiz oso batez eta han elkartu ginen Tokikomeko hainbat enpresa. Ez dut ahaztuko Tokikometik egiten dugun lana azaldu ostean Matthew-k esan zituen lehen hitzak: “Puntako komunikazio talde batzuk egiten dutenaren maila berean zaudete, bat ere ez atzerago”. Umil aurkeztu genien egiten geunden hori, txikiak baikara eta zer esanik ez BBC baten ondoan! Aurkeztu genien inteligentzia artifiziala erabilita egiten genbiltzanak (orduko hartan proiektuak), batera garatzeko nahia, publizitate kanala, erreminta bateratuak… Gomendatu zigun kalitate estandarra zaintzea.
Ikasi genuen balore editorial minimoak onartuta batera lan egiten zutela han: errespetua jendeari, zintzo jokatzea, informazio zehatza ematea, kexei erantzuteko derrigorra eta gardena izatea aipatu zituen gain-gainetik. Gomendatu zizkigun bi kontzeptu zehatz:

  • Ulergarria izatea
  • Inpartzialtasuna.

Inpartzialak izango direla dioten hedabide kolaboratzaileei sinisten die BBCk hasiera-hasieratik. Eta jarraipena egin ere bai. Inpartziala ez den enpresarekin lankidetza eteten ere badakite. Ez dute zentsore lanik egiten eta baldintzak onartu dituela sinatzen duen horrendako konfiantza adierazten dute.

BBC-koak EITBn

Ateak parez pare zabaldu zizkiguten EITBn eta arratsalde luzean egin genuen lan bertan. BBCkoen hotelak, bidaiak eta abarren kargu egin, itzulpen zerbitzua, gela egokiak… EITBk jarri zituen erraztasunak. Eta arduradun mailako hiruzpalau lagun eta Tokikometik beste horrenbeste BBCko ordezkariak entzuten. Argi geratu zen lehenengo gauza izan zen tokiko kazetaritza ondo dagoenean gizarte-demokraziak igartzen duela, hoberako igarri ere. Ez zen izan hasiera txarra. Ni zoratzen. Erresuma Batuan kazetaritza babesten dutela esan zuten eta horretarako ikastaroak ematen zituztela, edukia sortu, informazioa eman, ebentoak antolatu… Proiektuaren muina Newsmedia Association da eta lankidetza horretan 171 enpresa daude. Gehienak paperean ziren, %5 bakarrik telebistan, %12 irratiak eta %12 online hutsezkoak. BBCk berak ditu 165 kazetari enpresetan barreiatuak edukiak sortzen. Hitz egin zuten New hub BBC-ri buruz, BBC Shared Data Unit-i buruz… lehiatzen dute enpresek Erresuma Batuan, baina kolaboratu ere egiten dute. Lankidetza zertan egin adosten dute eta jarraipena egin. “konkretatuz gero ondo, distrakzioak baztertzen dira” zioen. Editorialaz ere jardun zuten. Bigarren egun bat ere egin genuen EITBn. Datu kazetaritzaz gehiago, Pete Sherlock-ekin. Entzundako ideia bat utziko dut hemen: “Ezkutukoa bistaratzea da egitekoetako bat. Edozein gai izan daiteke. Ulergarri eta inpartzial landuz gero albiste askok dute lekua kazetaritzan. Ez dago konpromisorik datuak eta istorioa partekatzeko, baina, hala ere, egiten da. Zergatik egiten den? Istorio hori askoz eraginkorragoa delako horrela jokatuta. Kazetaritzan garrantzitsuena ez da norbere mantxetaren azpian ateratzea istorioa, garrantzitsuena eraginkorra izatea da”.

Gaur posible da SARETZEN: EITB eta Tokikomen arteko elkarlana

Goizeko 07:00etan entzun dut “Saretzen”-ek emandakoaren lehen berria (2022/11/29). EITBk eta Tokikomek adostutako egunean. Iñaki Guridik aipatu du Tokikom eta EITBren elkarlana. eta aipatu ditu txostena, datuak… goizean goiz.Tertulian ere gaiari buruz berbetan. Eman dituzten datuak: Orain 8,3 gehiago gara Hego Euskal Herrian. Batez ere Nafarroan (%19 gehiago. Sarrigurenen garapen handia:10 pertsonatik 13.000 pertsonara) eta Araban (%16ko gorakada; Dulantzin biderkatu da kopurua). Hiriburuak handitzen… Datuak eta datuak eta datuak. Interesgarriak datuak eta interesgarriago istorioak. Egunetan zehar aterako dituzte EITBk, Tokiko guztiek edo Goienak. Goienaren kasuan, 40 orriko monografiko bat ateratzear du PUNTUA aldizkariak Goienakideendako, magazin oso bat telebistan lau erreportajerekin eta demografo baten laguntzaz osatua, sarean ere grafikoak eta abarrak Excel artxiboak elkarrizketatzeak ematen ditu fruituak. Hortik ateratzen dira istorioak eta ezagutu ditugu: irakurketak EHU-ko Marta Luxan soziologoarekin; umerik ez izatea erabaki duten Maier eta Gaizka; Bego bergararra; Agurnek guraso bakarreko familia osatu duela; Nagore udal teknikariak hezkuntzako datuak eman dizkigu; umeak izatearen kostuak atera ditugu orri betean; Jon Merino elektrizista lanerako behar diren pertsonez; Carlos Pereda enplegu arduraduna; Endika Laboral Kutxatik; Josu kontrapuntua jarri eta Migel Altunan matrikulazioen %30 egin dutela gora esanez; Jon, finantza eta giza baliabide arduraduna TTT enpresan; Oier Ekonomisten Euskal Elkargoko kidea; Olatz eta Rosa edadetuenen datuei tiraka; Leire medikua zaharren egoitzan; Saioa hirugarren adineko jarduera fisikoaz; migrazioaren bilakaeraz Nora; Tangertik etorritako Lubna Elgetan; Burgostik etorritako Hector; Ziahan pakistandarra Antzuolan; Bienve Oñatin; Asier EJ-ko berrikuntza sozialaren zuzendaria… Elkarrizketak, erreportajeak, eta istorioak eta istorioak. Lan handia dago atzetik eta istorio politak gure bezeroek gustuko izango dituzten esperantzan.

Oh.: oinarrian badira beste hainbat lan gaurko honetara heltzeko. Horietako bat da EITB eta Tokikomek dugun hitzarmena aspalditik, tokikook batera Euskararen kale erabileraren datuak landu izana, datuen kultura barneratzeko egindako lanak, ikastaro bateratuak etab. Lau puntu azpimarratu izanak besteei ez die garrantzia amiñik kentzen.

Tokikomek 10 urte: ederra izan da

Elkartu gara Euskal Herriko 120 lagun: bokaziodunak (zelan bestela?), kazetaritza langai dugunak, gertuko informazioa interesatzen zaigunak, euskaltzaleak eta konprometituak. Goizeko 07:15ean Imanolen kantu bat entzuten nindoan Arantzazura. Kantu eder horrek zioen “Creer sospechas o negar verdades, es lo que llaman en el mundo ausencia”. Eta buruak “dale”! zurrumurruak sinistea eta egiak ukatzea dela lartxotan gertatzen dena. Zer da ba hedabideok egin dezakegun gauzarik zintzoena? egiaren bila joatea, zurrumurruei Whatsapp taldeetako zurrunbilotik irteten ez uztea, egia ikus-entzule edo irakurleak topatu dezan testuinguruak marraztea, eta erabiltzaileekin batera lantzea edukia, albistea. Kazetaritzak zerbait badu da herri demokratikoago bat eraikitzeko balio duela. Europan arrazoi horrengatik banatzen zaizkie publikoak diren diruak. Sinisten dut, gainera, Euskal Herriko kasuan, euskararentzako estrategikoa den sektore batean egin dugula lan, euskal kazetaritzan.

Sari banaketa hastear. Nafarroako Gobernutik, Eusko Jaurlaritzatik, Gipuzkoako Foru Aldundik eta Bizkaiko Foru Aldunditik ere nahi izan dute egon. 120 lagun hedabideetatik.

XVI. mendeko soneto baten titulua ere bada “Ausencia”, Lope de Vegarena, Imanolek ondo asko ekarria bere kantutegira. Ausentzia: ez egotea; edo, are, ez izatea. Edo urruntzea, edo gabezia, falta… hutsa denbora tartean. Kuriosoa da, baina gaur gertuko kazetaritza lantzen dugun lagunok elkartu gara hutsaren maisuaren aretoan, Oteiza izenekoan, ArantzazuLaben. Batzuetan egunak ematen dizkizu horrelako opariak eta buru-mapak bailitzan elkartzen ditu Oteiza, Imanol, Batuarendako hain garrantzitsua izan zen Arantzazu eta 120 lagun. Gogoratu dut anekdota hau eta kontatu dut goizari amaiera emateko, goizeko lan-jarduna amaitu eta autoa hartu aurretik santutegia ikusten da-eta:

Goizak alai argitu du gaur eta eguerdian eguzkiak goxo zirauen. Denak laguntzen du.

Horma handiari harriduraz begiratuta zera esan omen zion fraide gazteak Oteizari:

– “Las esculturas me gustan, pero, todo ese espacio vacio, no se…”

Orioko artista sutan jarri omen zen eta guztiz haserretuta zera erantzun:

– “Vacio? ¿Cómo que vacio? ¡LLENO DE NADA!”

Ez dugu esango kazetaritzan hutsik dauden orriak betetzen ez ditugunik, batzuetan betelanean ere bai. Hala ere, gehiagotan da zerbitzu informazioarekin, albiste jakingarriekin, istorio humanoekin, eduki gustagarriarekin. Edo hori nahi, behintzat. Maketa zuriari begiratzeak badu ondo egiteko nahitik, ezerezarekin ere betea ikus lezake kazetariak artistatik duenari jarraiki, baina ezin istorio on batekin “zikintzeari” uko egin.

Hedabide sarituen ordezkariak

Kazetaritza ona egiten da Tokikomen batzen diren hedabideetan. Istorio on asko milaka karakteretan. Beharbada, gaur ikusi dugun moduan, Tokikomek ere kazetaritza ona egiteko pausoa emango du. Lan-talde handia dago horri forma ematen, batetik; bestetik, datu kazetaritzari zukua atera dakiokeela argi ikusi dugu gaur. Hori dena elkarlanean. Tokikook gure artean; EITB taldearekin datuen txukunketan. Kalitatez eta elkarlanean. Horren adibideren bat aurten bertan ikusiko dugu. Landuko dugu hedabide bakoitzak bere edukia, datu-oinarri esklusiboetatik eta irakurketa orokorragoen laguntzarekin eta mantxeta bakoitzak asmatuko du erakargarri argitaratzen.

Euskara ardatz, komunikazio taldea eta Premium kideak.
Negozio ikuspegia, Kazetaritza forma berriak eta adimen artifiziala.

Gaitegi zabala izan da gaur: Gorkak UKT-tik ezinbestekoa dela batzea eta Urola kostan egindakoa inspiragarri dela Tokikom bera ere Komunikazio Talde izateko; Egoitzek Pilpileanetik Lauaxetaren aipu eder bat ekarri du eta esan sarea herriz herri lehen ere egin zutela eta orain ere posible dela. Kulturgintzarekin izan beharreko loturaz ere jardun du eta baita Tokikomeko hedabideek duten %61eko irismenaz (Herri ekimeneko euskarazko proiektuez ziharduen); Aritzek, pertenentziaz, eskuko telefonoaren garrantziaz, aplikazioaz… eta batez ere horren guztiaren atzean dagoenaz egin du gogoera; Joxek marraztu du hedabide mapa eta argi ikusi da noraino den posible Tokikomek bere txalupan eramatea hedabideak. Zenbat tresna ondo arraun egiteko! Jonik hartu du hitza Aiurritik eta esan kidetzak zein garrantzia duen. Marka prestigiatzeaz ere jardun du oso konbentzituta; telebistetatik hitz egin du Jon Aldanondok eta zerbitzua handitzeko nahia azaldu du. Ikus-entzunezkoetatik plataformara, aplikaziora… saltoa emateko prest daude Infosaren; Kronikako Iraiak kronikakide izena eta izana nabarmendu ditu eta bertako komertziokin zein kideekin egin duten lana. Aikorreko Gaizkak Tokikomeko babesa sentitzen duela nabarmendu du eta ikus-entzunezkoarekin ere ari direla lanean gaineratu. Bizkaitik ere, Jonek gida liburua aipatu du eta han agertzen dela zelan zabaldu behr den albiste bat, beti ere, edozein mugimendu egiten dela galdera berari erantzuna topatu nahian: “zer irabazten dugu?”; Anbotototik Jone Guenetxeak argi esan du gauza txukunak egin daitezkeela Tokikometik eta ez du arrazoirik falta, ez da alperrik izan Jone bera Tokikomeko presidente.

Alaitz Artolazabal zuzendaria

Alaitz Artolazabal zuzendariak izan du ardura datu-kazetaritza zertan den azaltzeko. Egun dezente eman ditu EITBrekin batera lanean eta gaur gaurkoz badago nondik hasi istorioak ateratzen. Argi azaldu du zein den helburua eta inteligentzia artifizialak zertan lagun dezakeen azalduz amaitu du eguerdira arteko erronda.

Eskerrak hau dena aurkezten eta hitzak banatzen Urko Aristi egin den. Beti da fitxaje seguru horietako bat.

Bistan denez, pozarren Arantzazun. Talde irudiak adierazten du indarra, batasuna, elkartasuna eta elkarrekin gauza asko egiteko ditugula. Daudenak daude Tokikomen nahi dutelako eta egindako galdeketatan adostasun oso handiz daude antzemanda erronkak. Betoz urte oparoak eta harrapa gaitzala gaur gauden bezain indartsu. Asko dugu emateko!

Tokikom taldea, inoiz baino elkartuago, inoiz baino indartsuago.

Maritxu Kajoiren grazia

Gustatzen zait Maritxu Kajoi, hori aurretik. Baina blog-sarrera honetan komunikazioaz jardun gura dut.

Esana daukat, oso digital den munduak erakartzen nauen arren, gustuko dudala, eta paretetan zelo ziztrin batekin itsatsita egoten diren kartelek sortzen didatela erakarmena. Gustatzen zait irakurtzea, ikustea. Ia-ia usaintzea ere bai! Gustatzen zait hizkuntzaren erabileran fijatzea: zer dago elebi, zein handi eta zein txiki, zein euskara hutsez, zein euskalkian, zer letra tipo, zuriuneak badituen edo ez, argazkiak… Ez naiz diseinatzailea, ez dut arte ederrak egin, baina zu, bakoitzak baditu bere afizioak.

Gaur barrez egon naiz. Goizeko kortaua hartzerakoan (ebakia esan beharko nuke Arrasaten?) Meritua, Maritxu Kajoiko egitaraua egin dutenena (eskerrik asko!):

  • Aurten, San Andres auzoko jai batzordea omenduko dogu; 2019an Ziorla omendu ostien enbidixaz dazelako eta Atxabaltakin mugan bizi bihar izatiagatik. Ta bide batez, ein dauen eta eitten dauen lan danagatik.
  • 08:00 Anialixazalien gozagarri, etxafleruek Santa Barbaratik mundure, Arrasate Opinaren eskutik.
  • 10:00etan TAO sistema ulerketako ikastarua, daltonikua bazara aurrez abixau.
  • 18:00etan, Oñatiko lorategixetara txangua, hemen hilda dazen lorak Txantxikuei lapurketara, Titanic-en soinu bandiaz lagunduta.
  • 21:00etan Argindar autokontsumo tailerra, Arbolapetako farolan praktikak, izan ematea zabalik azpiko telefonoan. (Plaza mugatuak).
  • 23:23tan Doke dema leninista, Kondekuako zelaixan, SUDC Gazteakek antolatuta.
  • 03:00etan Santamañako errepresaliatuen aldeko elkarretaratzia, jai batzordeak aske!
  • 08:30ien Tinder Outlet, berandu zabitz, dauena dau; autogestioa.

Falta dira egitarauko ordu batzuk hor, baina ikusgai dituzue maritxukajoi.eus webgunean.

Portzierto, kartela asko gustatu zait. Egileak webean topatu ditut: Miren Barrenetxea Iñarra eta Ane Agirre Uribesalgo

Honek denak eskatzen du lagun-talde bat elkartzea, ohiko lanetatik aparte denbora bat eskaintzea, beste batzuendako eskaintzea eta lan egitea, umorearekin batzea mahai-bueltan, urtero-urtero… herrigintza.

Bertsoan esaten dute: “Herrikoia-“k argi du nondik-norakoa, “herrikoia” kajoitik iturrirakoa, “herrikoia” da jai bat behetik gorakoa… Baina “herrikoia” ez da “laguntza bakoa”.

Segi holaxe, “Herrikoia” izan dadin “herrikoa” beste.