Hilzorian dago Gaztemaniak! musika-programa. 1994. urtean sortu zuen
Gipuzkoako Foru Aldundiak ekimen hau, “musika joera berriak ezagutzera
emateko, bertako musika taldeak sustatzeko eta kalitatezko musika
gazteei hurbiltzeko asmoz”. Hamasei urteren ondoren, hasiera-hasieratik
helburuak ondo baino hobeto bete dituen programa honen bidez Gipuzkoa
mailan antolatutako kontzertuak bertan behera utzi nahi ditu Aldundiak.
Une honetan, bertako udalekin batera, emanaldiak Donostian, Oñatin,
Zarautzen, Arrasaten eta Hondarribian egiten dira.
Lerro hauen bidez eskatu nahi diegu Aldundiari eta udalei kontzertu
programa hau ez desagerrarazteko, dituzten betebehar publikoak
konplitzeko eta, beraien hitzak erabiliz, “Espainiako zein nazioarte
mailako talde profesionalen proposamen berritzaileak” mantentzeko.
Euskal taldeak ahaztu gabe, hauek beti izan baitute promozio handia eta
toki nabarmena Aldundiko programa honetan.
Gaztemaniak! programaren desagerpenak ordezkaezina litzatekeen tokia
utziko luke Gipuzkoako musika eszenan eta kultura gipuzkoarraren
flotazio-marrari jaurtiriko misil zuzena litzateke. Gaztemaniak!
programak beste musika batzuk daudela erakusten digu, baita beraiekin
harremanetan jartzeko beste modu bat dagoela ere. Ezin da kalkulatu
gazte belaunaldi baten (50.000 ikusletik gora 15 urteetan zehar)
sormenean ekimen honek utzitako arrastoa.
Ekimen honen desagerpenak apenas izango duen ondoriorik Foru
Aldundiaren diru-kutxetan. Erakunde honek, gainera, ez du eragozpenik
ikusten zalantzazko etorkizuna duten Donostia 2016 bezalako proiektuak
diruz laguntzeko eta ez dirudi kontziente denik Gaztemaniak! dela
Kultur Hiriburuaren ideiaren hazia. Desagerpen honen gaurko ogia kultur
dinamismorik gabeko etorkizuneko gosetea bihurtuko da, ñabardura eta
kolore ezberdinen falta areagotuko baitu, ebento handien grispean
itotako etorkizuna, betiko musika eta bere kabuz ekonomikoki
mantentzeko gauza den kulturaren mesederako.
Berriro ere gure belaunaldiari sistemak irabazi dionaren beste adibide
mingarria eta lokala izan zitekeen Gaztemaniak!-en desagerpena, baina
behean sinatzen dugunok ez gaude amore emateko prest. Aldundiaren
proposamen hau defendatu nahi dugu eta arduradun politikoei eskatu nahi
diegu, beharrezkoa balitz, proiektua birplanteatzeko, irtenbideak
bilatzeko eta ez dezatela biderik sinpleenera jo: guraizeak sartu
pisuzko argudiorik bota gabe. Kasu horretan, Aldundiak derrigorrezko
funtzioak utziko lituzke bazterrean: aisialdiaren mainstream
industriaren babesik ez duen kultura babestea eta hedatzea.