ORAINGOAN ANDERLECHT

Oraingoan Anderlecht etorriko da Bilbora. Garai bateko UEFA edo gaur egungo Europe League izenez ezaguna den txapelketaren 1/8ko kanporaketa izango da gaur gauean.

Unibertsitatetik iritsi berri naiz eta belgiarrak jada kalean daude, kantuan eta edalontzia gora eta behera; gargardo itzelak edanez. Ez dakit zein hizkuntzatan abesten zuten, baina ez diet tutik ere ulertu, akaso Vlaemsch delakoan ibiliko ziren.

Athleticen zapiak ere milaka taberneta jarri dituzte, baten batzuek kamiseta jantzita daramate, nabari da gaurkoa berezia izango dela. Bilbon futbol partida berezia (kopa edo europear txapelketa) dagoenean kaleek nabari dute.

Zer gertatuko da? Ez dakit, partidua nahiko parekatuta baitago, hala ere guk taberna zuloren batean ikusteko plana egin dugu.

DONUSTIARRA JATEKO GOGOZ?

Donustiarra bai ongi irakurri duzu, ez dut donostiarra idatzi “Donustiarra”; horixe baita Nestor Rebollok asmaturiko azken jakia.

Donostian asmatutakoa eta krisiari aurre egiteko ideiarekin sortu du, berez donuts baten antzekoa da, baina etxean egindakoa eta 1,20€tan saltzen dena. Zergatik prezio horretan? Donostiako Eguna urtarrilaren (urteko lehen hilabetea) 20an ospatzen delako. Donuts baten antzekoa da, baina gainetik belgiar txokolate zuria dauka, eta honen gainean urdinez osaturiko “U” itxura duen jakia. Alegia, guzti honek Kontxako badiaren itxura izan dezan.

Argi dago burua ederki erabili duela Nestorrek, seguru donostiar askok gosaltzeko Donustiarra jango dutela. Donostiako koloreak, Errealaren koloreak … ez da ez, txantxetako ideia. Jada Donostian, Cachón taberna-jatetxean aurki dezakegu, dastatu dutenek betiko donutsa baina gozoagoa dela diote. Zer asmatuko dute orain Bilbotarrek?

webgune ofiziala | donustiarra |

ESKERRAK BILBOKO UDALETXEARI

Bilblogari  lehiaketan parte hartu nuen, ez nuen irabazteko esperantzik eta ez pentsa irabazi nuenik; baina pozik nago zeren badirudi geroz eta euskal blog gehiago daudela euskal blogosferan.

Eskerrak eman behar dizikiot Bilboko Udaletxeari eta batez ere, Euskara Zinegotziari, bidali didan eskutitzagatik. Ilusio handia egin dit eskutitz bat jasotzeak eta barruan 1GBeko pendrivea aurkitzea; lehiaketan parte hartzeagatik eskertzeko modu bikaina. Kasualitatea izango da, baina duela aste batzuk pendrivea galdu nuen, eta oraingoan opari modura beste bat aurkitu dut Bilboko etxeko postontzian. Eskerrik asko.

TANDEM PROGRAMA

Deustuko Unibertsitateak aterako Tandem
Programa
ren berri izan dut, ez nuen programa honen berririk,
kasualitatez ikusi dut berria; orain azterketen emaitzak ikusteko garaia
dela eta.

Tandem Programa erasmusean etorri den beste
ikasle batekin bere ohiko hizkuntzan hitz egiteko aukera eskeintzen du,
guk gure hizkuntzan hitz egingo dugu ordu erdiz; hau da, Tandem-kidearekin
ordu batez egoteko aukera izango dut eta denboraren erdia bere
hizkuntzean hitz egingo dut eta beste erdia gazteleraz. Hikuntzak
praktikatzeaz gain beste herrietako ohiturak ikasteko aukera paregabea
iruditu zait, nik frantsesa aukeratu dut, (inglesa Bilbon ikasten ari 
bainaiz eta nire maila ez baita batere altua) nik uste hobe probestuko
ditudala aukerak eta gainera duela asko frantsesa ez dutela ikasten, ez
zait gaizki etorriko berriro ere honekin hastea.

Tandem
Programa
ri buruz informazioa bilatuz, beste Unibertsitateetan
erabiltzen dela ikusi dut, nik ez nuen ideiarik ere baina badirudi
Manchester edo ta Bartzelonako Unibertsitateetan duela denbora dexente
aurrera eramaten dela.

Euskal Herriko beste Unibertsitateetan
egiten ahal da horrelakorik? Esperientziarik edo baduzue? Seguru nago
oso aberasgarria izango dela.

GOOGLEk 75€ EMAN DIZKIT

Bai duela egun batzuk betidanik ezagutzen dugun posta (paperezkoa) ireki nuen, Google enpresa handiak eskutitz bat bidali ninduen, beno hobe esanda txeke bat. (zeinen ongi orain Google dohan erabiltzaileei dirua bidaltzen digu).

Txeke honek 75 €*tako balioa dauka, baina Googleren AdWords zerbitzuan soilik erabil dezakegu. Dirudienez,  zerbitzu honek garrantzizko hitzen bidez gure webgunera trafikoa ekartzeko balio du, betiko publizitatea; alegia enpresa nahiz profesionalentzako marketing modu bat. Baina 75 € hauek erabili baino lehenago, Googleri gure kontu korronte edo kreditu txartelaren zenbakia emango diogu (guri buruz zerbait gehiago jakingo du anaia handiak) baita ere, diotenez 10 €tako komisioa (zerbitzuan alta ematea) edo delakoa kobratuko digu; beraz badirudi hasierako 75 €*ek ez direla guztiz dohakoak. Eta amaitzeko, jendeak hitz interesgarrietan erabiliko du diru hau, eta hitz horiek egunero erosten (ordaindu) dituzten enpresek zer egingo dute? Bai diru gehiago ordaindu hitzen balioak gora egingo baitu, geroz eta jende gehiagok erabili edo ta eskatu, geroz eta garestiagoak izango dira, ondorioz anaia handiarentzat diru gehiago; sistema bizi bizi mantenduz.

Zer uste zenuen Googlekoek hala nola bidaliko zutela 75€*ak? Pena eskutitza jada zakarretara bota dudala, baina ilusioa egiten du Googleren eskutitz bat irekitzeak.( batez ere hau paperezkoa denean ):

 

EL SHOW DEL TXISTU

El Show del Txistu horrelako izenarekin aurkeztu dute Bilboko azken erokeria. Ez nuen inoiz horrelakorik ikusi ezta entzun ere, baina benetan dibertigarri nahiz berritzailea dirudien ekimena dugu; Euskal Herrian behintzat horrelakorik ospatzen den lehenaldia dela uste dut.

Zinemarekin loturiko jaialdia dugu, Bilbon ospatuko da, Bilborock aretoan. Baina zer da? Azkar esandako laburmetraien jaialdi bat dugu, jendeak bere laburmetraiak bidal ditzazke – otsailaren 4a arte, baina informazio gehiagorako hobe webgune ofizialean irakurtzea – eta laburmetrai hauekin jaialdi lehiaketa ospatuko da.

Bai egia, betiko jaialdia dirudi baina ez, berezitasuna honetan datza; bertara hurbilduko den pertsona bakoitzari txistu bat utziko zaio eta laburmetraiak jartzen joango dira, lehen 30 segunduetan isiltasuna gorde beharko du ikusleak – txisturik erabili gabe – baina 31. segundutik aurrera ikusleak txistua ikutzeko eskubidea izango du; aretoko gehiengoak txistua ikutu bezain pronto laburmetraia gelditu eta hurrengoa jarriko dute; txistu zaparrada jaso dutenak kanporatuak izanez. Kanporatuak izan ez diren laburmetraien artean epaileek irabazlea aukeratuko dutelarik.

Argi dago esperientzia polita izan daitekeela, eta lehen esan bezala, guztiz berritzailea. Brasilen jada Show do Gongo izenez ezaguna dugu eta behin baino gehiagotan egin dute, Bilbon otsailaren 5ean, ostirala, gaueko 22:30etatik aurrera antolatuko da. Planik ez baduzu behintzat, plan berezia izan daiteke.

GAZTEMANIAK! SALBA DEZAGUN

Hilzorian dago Gaztemaniak! musika-programa. 1994. urtean sortu zuen
Gipuzkoako Foru Aldundiak ekimen hau, “musika joera berriak ezagutzera
emateko, bertako musika taldeak sustatzeko eta kalitatezko musika
gazteei hurbiltzeko asmoz”. Hamasei urteren ondoren, hasiera-hasieratik
helburuak ondo baino hobeto bete dituen programa honen bidez Gipuzkoa
mailan antolatutako kontzertuak bertan behera utzi nahi ditu Aldundiak.
Une honetan, bertako udalekin batera, emanaldiak Donostian, Oñatin,
Zarautzen, Arrasaten eta Hondarribian egiten dira.

Lerro hauen bidez eskatu nahi diegu Aldundiari eta udalei kontzertu
programa hau ez desagerrarazteko, dituzten betebehar publikoak
konplitzeko eta, beraien hitzak erabiliz, “Espainiako zein nazioarte
mailako talde profesionalen proposamen berritzaileak” mantentzeko.
Euskal taldeak ahaztu gabe, hauek beti izan baitute promozio handia eta
toki nabarmena Aldundiko programa honetan.

Gaztemaniak! programaren desagerpenak ordezkaezina litzatekeen tokia
utziko luke Gipuzkoako musika eszenan eta kultura gipuzkoarraren
flotazio-marrari jaurtiriko misil zuzena litzateke. Gaztemaniak!
programak beste musika batzuk daudela erakusten digu, baita beraiekin
harremanetan jartzeko beste modu bat dagoela ere. Ezin da kalkulatu
gazte belaunaldi baten (50.000 ikusletik gora 15 urteetan zehar)
sormenean ekimen honek utzitako arrastoa.

Ekimen honen desagerpenak apenas izango duen ondoriorik Foru
Aldundiaren diru-kutxetan. Erakunde honek, gainera, ez du eragozpenik
ikusten zalantzazko etorkizuna duten Donostia 2016 bezalako proiektuak
diruz laguntzeko eta ez dirudi kontziente denik Gaztemaniak! dela
Kultur Hiriburuaren ideiaren hazia. Desagerpen honen gaurko ogia kultur
dinamismorik gabeko etorkizuneko gosetea bihurtuko da, ñabardura eta
kolore ezberdinen falta areagotuko baitu, ebento handien grispean
itotako etorkizuna, betiko musika eta bere kabuz ekonomikoki
mantentzeko gauza den kulturaren mesederako.
Berriro ere gure belaunaldiari sistemak irabazi dionaren beste adibide
mingarria eta lokala izan zitekeen Gaztemaniak!-en desagerpena, baina
behean sinatzen dugunok ez gaude amore emateko prest. Aldundiaren
proposamen hau defendatu nahi dugu eta arduradun politikoei eskatu nahi
diegu, beharrezkoa balitz, proiektua birplanteatzeko, irtenbideak
bilatzeko eta ez dezatela biderik sinpleenera jo: guraizeak sartu
pisuzko argudiorik bota gabe. Kasu horretan, Aldundiak derrigorrezko
funtzioak utziko lituzke bazterrean: aisialdiaren mainstream
industriaren babesik ez duen kultura babestea eta hedatzea.

http://goragaztemaniak.wordpress.com/

BLU RAY

Egia esan behar baldin badut etxean oraindik DVDak eta DiVX 🙂 erabiltzen ditugu filmak ikusteko; bai ordenagailuan eta baita telebistan ere.

Baina internet bidez, zozketa batean Blue-Ray irakurgailu nahiz grabatzaile bat irabazi dut. Horrela formatu berri honi buruz informazio bilatzen hasi naiz, lehenik eta behin DVDak baino kalitate askoz hobeagoa duela irakurri dut,  baina badirudi kristoren telebista behar dela guzti hau nabaritzeko; alegia gure etxeko telebistan ez genukeen abantailarik nabarituko. Bestalde Blue-Ray formatuak HD-DVD delakoarekin borrokan zebilen baina dirudienez azkenean BR formatuak aurrera egin du. Blue-Ray Sonyk aurrera ateratako formatua dugu, horrela beraien azken kontsolan, PlayStation3, formatu hau erabiltzen dute; baina ez dakit zergatik ez naiz fio. Ez dut esango jada Blue-Ray hilik dagoenik, baina nire zalantzak ditut, bestalde BR formatuan dauden filmak nahiko garestiak dira eta grabatzeko erabiltzen diren BRak ere ez dabiltza batere merke. Ez dakit baina zenbait gauza aldatu beharko lituzkete Espainian eta Euskal Herrian Blue-Rayk aurrera egin dezan.

Zein iritzi duzue zuek? Ezagutzen zenuten BR delakoa?

2009 BUKATZEAR

Lelokeria izango litzateke 2010ean zein gauza egingo ditudan esatea, ez dut gogoko zerrendarik egitea; jende askok egiten du zerrenda baina zertarako? Nik baditut gauza batzuk buruan eta horietako batzuk egiten saiatuko naiz; esaterako kotxeko gida baimena behingoz ateratzea bada eta garaia. Inoiz ez naiz autoeskolan egon eta inoiz ez dut kotxerik gidatu baina nik uste urte honetan jada egin/ikasi beharretariko gauza bat dela, nahi baino gehiago beharra.

2009ari errepasoa eginez, blogean argi ikus ditzazket zenbait gauza, esaterako Sareblogek zortzi@2008 saria irabazi zuen; bai duela urte eta gutti hasitako proiektu da Musikazalekoa; oraindik bizirik darrai eta ilusioz; bertatik pasa dira, Delorean edo ta Sexty Sexers bezalako punta puntako talde euskaldunak.

2009an Kafe Antzokia istear ibili zen; baina euskal komunikabideetan gaia jorratu, eta jendeak maite duen hori defendatu zuen; horrela Bilboko Kafe Antzokia berriro ere irekita jarraitzen du.Batzuentzat lelokeri hutsa, baina nik kriston ilusioz jaso nuen tenplua berriro gure artean izatearena. Oraindik gogoan daukat nola Kaotikoren kontzertu bat Antzokian ikusi beharra nuen eta azkenean Barakaldoko RockStarren ospatu zen, mundiala izan zen kontzertua, baina nolakoa izango litzateke tenpluan?

Krisia ere geroz eta nabariagoa izan da 2009an, baina lasai 2010ean ere gure artean izango du; beraz badirudi egoera ez dela gehiegi aldatuko. Sentitzen dut baina honi buruz ere idatzi beharra nuen.

2009an informatikako ikasketak beste irakasgai batzuekin nahastu nituen, horrela Trabajo Social delako mundua ezagutu nuen, Unibertsitate berdinean metro gutxietara; guztiz ezberdina den jendea. Eskertzen dut, horrelako jendea ezagutu izana, mundua beste begi batzuekin ikusten dute. Hala ere, 2009an informatika munduan amaitu dut, bekario lanetan; 2010an ere horrelaxe jarraituko dut, Unibertsitatean kurtsoa amaitu arte behintzat.

2009an Errealarekin sufritzeko aukera izan dut, hala ere orainaldian gozatzea tokatzen zaigu, bigarren mailako buru baikaude; ea 2010ean lehen mailan amaitzen dugun.

Besterik gabe, ondo amaitu 2009a eta hobe hasi 2010a 🙂

GABONAK DIRELA ETA

Badirudi jada Olentzero Euskal Herriko etxeetatik igarotzeko aukera izan duela, zenbait etxeetan zenbait opari utzi baititu. Batzuk oraindik Santo Tomaseko (ez dut inoiz ulertuko zergatik Bilbon ez duten txistorrarik izango; hala ere, guk gipuzkoar garen moduan, ikasle pixuan bageneukan gure herrietan erositakoa) ajearekin ibiliko dira eta beste batzuk ea zergatik 22ko loteria ez zaien tokatu.

Seguru familia guztiek izango ditugula gure ohiturak, batzuk bere etxean afalduko dute, beste batzuk lehengusu nahiz aitonekin; eta baten batzuek herriz aldatu eta besteen etxeetan egongo dira. Horixe dira gabonak. Nik horrelaxe ikusten ditut behintzat.Opariei ez diet garrantzi handirik ematen, ez dakit edade kontua izango den, edo ta Olentzero nahiz Erregeek ere krisia jasan beharko dutela (nahiz eta, magikoak izan) baina argi daukat gabonak ez direla opariak eskatu edo jasotzea.

Familiarekin egotea, askotan ikusten ez duzunekin egoteko parada eta zu jaio baino lehenagoko komeriak entzun ikastea askoz aberasgarriagoa iruditzen zait. Hala ere, ulertzekoa da 7 urte dituen ume batek kristoren ilusioa izatea Olentzerok ekarri berri dizkion opariak ikusterakoan. Baina pertsona nagusiek? Telebistan zenbat iragakarki jartzen dizkigute? Badakit betiko leloa dela, materialismo hutsa, gizarte honek bla bla bla … Bai erraza da guzti hau esatea, baina gaur behintzat irribarre batekin oheratuko naiz, oso ongi pasa baitut familiartean, mila pasadizio entzun-esan baiditugu eta gainera familia geroz eta handiagoa da. (Zorionak Laia).

Aurten behintzat nik uste gabonetako oparia jaso dudala, badakit erregeak hor daudela baina begiak irekitzeko parada izan dut eta ez ditut beharrekoak ikusten: iphone, mac, argazki kamera, Gariren azken diska edo ta Galeanoren azken liburua zapata azpian izatea; opariak jaso ditut jada.